Uztailean, Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa abiatzea errefusatu zuen Bordeleko errektoretzak, eta horrek murgiltze ereduaren etorkizuna kolokan jarri zuen. Orduz geroztik, herritarrek, hautetsiek eta euskalgintzak protesta ugari egin dute euskarazko irakaskuntza onar dadin Baste Quieta ikastetxean, baita ondorengo eskarietan ere. Urriaren 15ean, Bordeleko Akademia errektoreak iragarri du Baste Quieta ikastetxeko esperimentazioa onartuko dutela eta ondorengoak ez dituztela oztopatuko.
Urriaren 15eko arratsaldean pozik ziren eskola publikoan euskarazko irakaskuntza defendatu duten eragileak. Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) biltzar nagusian eman zuen albistea Bordeleko Akademiako errektoreak. Baste Quieta ikastetxeko 3 eta 5 urte arteko haurrek euskarazko murgiltze ereduan aritzeko aukera izango dute. Noiz hasiko diren ez dute erabaki oraindik. Alabaina, errektoreak adierazi zuen esperimentazioa nola ezarri, baldintzak aztertu behar zirela. EEPko lehendakari den Antton Kurutxarrik iragarri zuen Frantziako Hezkuntzarekin hitzartu dutela 2020 eta 2021 urteetako murgiltze esperimentazio eskari guztiak aztertuko zituztela.
Kurutxarriren ustez, Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketaren arrazoi nagusia batera aritzea izan da, erakunde eta kolore askotako hautetsiak eta herritarrak batera jardutea.
Azken protesta jendetsua urriaren 10ekoa izan zen, Baionako kaleetan egindako giza katea. Aldarri berberek beste kale batzuk ere hartu zituzten eta protestak izan ziren Bretainian, Alsazian, Korsikan, Flandrian, Arpitanian, Katalunian eta Okzitanian. Urriaren 15eko berri ona jaso baino lehen, hala adierazi zion ARGIAri Ikas-Bi elkarteko Céline Etxebarnek: “Guretzat saretzeak oso garrantzitsuak dira, justuki Korsikan ere ari dira murgiltze sistema jarri nahian, eta badakigu Bretainian ere nahiko luketela”. Dena den, egoerak oso ezberdinak direla argitu du.
Frantziako ikastetxe publikoetan legez debekatuta dago euskara hutsean irakastea, aldiz, eskola publiko elebidunak martxan dira 1983az geroztik. Gaur egun 100 ikastetxe inguru daude eredu horretan, ikastetxe guztien erdia edo. Dena den, duela hamabi urtetatik hainbat eskolatan euskara hutsean ikasteko ate bat zabaldu da: euskarazko murgiltze eredua. Guraso elebidunen elkarteak dira Ikas-Bi eta Biga Bai, eta murgiltze eredu horren defentsan ari dira, beste hainbat mugimendurekin batera: “Onura handiak ikusten dizkiogu murgiltze esperimentazioari”. Hala azaldu du Biga Bai elkarteko Marie-Andrée Ouretek. Bat dator horretan Etxebarne: “Konturatu ginen eredu elebidunean euskaraz mintzatzen hastea asko kostatzen zitzaiela, eta ama eskoletan euskarazko murgiltze ereduak hori errazten du”.
Baina zer da murgiltze eredua? Murgiltze esperimentazioak 2008an abiatu zituzten. Garai horretan, Frantziako Gobernuak lege bat atera zuen esperimentazio moduan, denbora batez klaseak beste hizkuntza batean ematea ahalbidetuz. Lege hori baliatuz, euskarazko murgiltze eredua abiatu zuten Donibane Garazin eta Azkainen, 3 eta 5 urte bitarteko haurrekin. Etxebarnek azaldu duenez, murgiltze eredua inplementatu ahal izateko hezkuntza komunitate guztiaren onespena beharrezkoa da: “Denen adostasuna behar da, talde pedagogikoarena, gurasoena, irakasleena, herriko etxearena…”. Horrez gain, “akademiak eta inspekzioak” ere baimena eman behar dutela gaineratu du: “Lan handia eskatzen du, bereziki guraso elkarteena”. Lan horren emaitza da une honetan hemeretzi ikastetxetan euskarazko murgiltze eredua izatea. Uztailean berriz, atzera bota zuten eredu hori legez kontrakoa dela argudiatuta.
Baina zergatik? Alde batetik, 2019an lege bat atera zuten ama eskolak derrigorrezko egiten dituena, orain arte 6 urtera arte ez zen derrigorrezkoa eskolaratzea. Bestetik, frantses konstituzioaren arabera, “derrigorrezko hezkuntzan” beharrezkoa da frantsesa bermatzea. “Legezko arrazoi bat eman dute, baina zuzena ez dena”, hala azaldu du Ouretek. Izan ere, legezkoa zen eredu bati jarraiki aritu dira orain arte murgiltze ereduan eta errefusari asmo politikoak ikusi dizkiote Etxebarnek eta Ouretek. Hala ere, ez ditu ezustean harrapatu Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoari emandako ezezkoak: “Irisarriko eta Ainhoako eskolak izan dira murgiltze eredura gehitzen azkenak, eta hauei ere lehenengo ezezkoa eman zieten, baina borroka luzearen ostean lortu zuten murgiltze eredua ezartzea, beraz, aitzin keinu batzuk baziren”.
Murgiltze ereduarekin oso pozik daude irakasle eta gurasoak, izan ere, onura handiak ikusten dizkiote. “Ikasleen maila neurtzeko galdeketak egin dizkiete irakaskuntza osoan, eta emaitzak hobeak izan dira oro har murgiltze ereduan eta eredu elebidunean ari direnen artean. Frantses hizkuntzaren azterketan ere emaitza hobeak lortu dituzte bi eredu horietako haurrek”. Ouretek hiru haur ditu eta azkena murgiltze ereduan aritu da: “Zinez diferentzia ikusi dut, anitz laguntzen du eta biziki fite ari dira lehen urtetik. Ikusten da euskararekin aiseago moldatzen direla murgiltze ereduan”. Izan ere, eredu elebidunean klaseen erdiak euskaraz eginagatik, jolas ordua, jangela eta gainerako ordu libreetan frantsesez aritzen direla nabarmendu dute: “Murgiltze ereduan irakasle bakarra izaten dute eta harekin uneoro egiten dute euskaraz”.
Murgiltze eredu horrek beste behar batzuk ere sortu dituelakoan daude, tartean, irakasle euskaldunen beharra. Azken urteetan irakasle eskasia handia zegoela diote biek, eta oztopo handia zela euskal irakaskuntzan aurrerapausoak egiteko. Alabaina, eta Euskararen Erakunde Publikoaren lanaren bitartez, euskaraz irakatsiko duten irakasleen formakuntza bultzatu da azken urteetan eta horren fruituak noiz ikusiko zain zeuden. Esperotako fruitu horiek, aldiz, ez dira iritsi. Hamabost irakasle euskaldunek lortu dute irakasle postua, eta horietatik hamaika frantses irakaskuntzara bidali dituzte: “Erabaki dute ez dela euskaraz irakasteko irakasle gehiago behar, bai ordea frantses irakasleak”. Hala azaldu du Ouretek, eta gaineratu du euskarazko geletan 30 haur inguru daudela eta hori ez dela ikasteko modu egokia. Gainera, murgiltze ereduan dauden ikastetxe batzuek, euskarazko irakasle falta dela-eta, murgiltze eredua bi urtez soilik egiten dutela dio, eta hiru urtera pasatzeko nahia erakutsi arren, irakaslerik ez dietela eskaini salatu du. Bat dator horretan Etxebarne: “Euskarazko irakasleak ordezkatzeko ere zailtasun handiak daude, eta frantses irakasleek ordezkatzen dituzte”.
Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.
Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]
UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte... [+]
IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.
Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]
Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]
Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.
Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal.
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]
Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]