"Erabat kontzienteki idatzi dut gorputzaren inguruan eta gorputzetik"

  • Blas de Otero-Bilbo Uria Nazioarteko XII. Poesia Lehiaketako sari nagusia irabazi zuen iaz Eva Perez-Pons Andradek (Lemoa, 1996). Lanaren argitarapena sariaren parte izanik, ekainean ikusi du argia Zaharkitze Programatua (Erein, 2020) izendatu duen poesia bildumak. Zaurgarritasunak zeharkatzen du lemoaztar gaztearen lehen argitalpena, berau baitu gai zentral eta poesien arteko lotura, nahiz eta esplizituki ageri ez.

"Hasierako intentzioa ez zen zaurgarritasuna lantzea, inondik inora. Baina Ereinekoek aurkezpenean liburua zeri buruz doan azaltzeko eskatu zidatenean, zaurgarritasuna izan zen burura etorri zitzaidan lehen gauza”.

Saria eta lehen argitalpena besapean eman zara ezagutzera poesiaren eremuan. Nola bizi izan duzu lehiaketa irabaztea?

Agian materialista geratuko da esatera noana, baina saria irabazi nuela jakinarazi zidatenean diru kopuruan erreparatu nuen. Momentu hartan prekario nebilen, telefonista gisa lanean, eta alokairua ordaintzeko ozta-ozta ematen zidan. Hala bada, pozik jazo nuen berria. Gero, Erein argitaletxetik liburua argitaratu behar zela-eta deitu zidatenean, bertigo apur bat sentitu nuen. Aurkezpenetan nahiko txarto pasa dut, antsietateaz bizi izan ditut, baina joan naiz horretara ere ohitzen. Uste dut nahiko handi geratu zaidala, baina bestalde iruditzen zait liburuak harrera nahiko ona izan duela, eta zentzu horretan pozik nago.

Berariaz lehiaketarako sortutako liburua da? Ala sorburua beste bat du?

2016a izango zen idazten hasi nintzenean, neuretzako. Lehiaketa deialdia ikusi nuenean etxetik joan eta master bat egin nahi nuen, beraz aurkeztea erabaki nuen.

Zerk eraman zintuen poesia idaztera?

Guztiaren hasiera krisi existentzial bat izan zen. Nintzen edo egin ninduten hori guztia jarri nuen zalantzan: hezkuntza, sexualitatea, erlijioa, familia, harremantzeko nituen moduak… Dena. Haustura bat egin nahi izan nuen horrekin guztiarekin, baina hein batean hori masen kontra joatea ere bazen… Nire burua nahiko bakarrik ikusi nuen. Egoera horretan sentitzen nuena deskribatzeko modu bat nahi nuen bilatu eta poesiaren bitartez aurkitu nuen horretarako bidea.

Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?

Luzea eta motela izan da. Oso momentu zehatzetan idatzi dut. Ez da tristura edo depresioa erromantizatzeagatik, baina oso txarto nengoen zenbait momentuk eskatzen zidaten barruan nuen hori ateratzea, hitzak jarri eta zer gertatzen zitzaidan ulertu ahal izateko. Lasaitasun egoerak ere aprobetxatu ditut idazteko, baita erorikoen osteko goraldiak ere. Prozesua ez da batere konstantea izan; aste berean idazten nituen hiru edo lau poesia, eta gero lau hilabetez egon nintekeen ezer idazteko beharrik gabe.

Zaharkitze programatua du izenburua lanak. Nondik datorkio titulua?

Gailu elektronikoak fabrikatzerakoan, fabrikatzaileak xedatzen du zein izango den beren bizitza erabilgarria eta horren arabera heltzen da momentu bat non gailuok apurtzen diren edo geratzen diren funtzioetako asko bete ezinik… Bada egungo jendartean gertatzen denaren metafora modukoa egin nahi izan dut tituluarekin. Eskema zurrun batzuetara egokitzen ez bazara edo ez badituzu harremantzeko edota pentsatzeko modu oso zehatz batzuk, ez badaukazu mentalitate oso produktibista, umorea beste modu batera ulertzen baduzu… Guzti horrek amaitzen du eragin zuzena izaten osasun mentalean eta horren adierazle printzipala gorputza da. Planto egiten du. Liburuak jasotzen du egoera kritiko horietan nola erreakzionatzen duen gorputzak.

Ez da irakurketa xamurra. Bortizkeria eta zaurgarritasuna gordin ageri dira.

Hasierako intentzioa ez zen zaurgarritasuna lantzea, inondik inora. Baina Ereinekoek aurkezpenean liburua zeri buruz doan azaltzeko eskatu zidatenean, lana gainetik irakurri eta zaurgarritasuna izan zen burura etorri zitzaidan lehen gauza. Nahiz eta hitz hori liburuan inon ageri ez, gura nuke irakurleak hori atzematea eta zaurgarritasunaren irakurketa positiboa egitea, denok dugun berezko ezaugarri bezala hautematea. Zaurgarritasuna baita ondokoen berdin egiten gaituena, eta geure buruak zaurgarri edo ahul onartzeak besteekiko beharra adierazten baitu.

Judith Butlerrek dio zaurgarritasunaren irakurketa positibo horrek egituratzen dituela borrokak-eta, azken finean erresistentzia zaurgarritasun horren mobilizazioa baita. Erresistentzian zu bakarrik baldin bazaude ideologikoki kontra egin dezakezu agian, baina era berean ari zara indibidualismoa elikatzen. Eta niri hori gertatu zitzaidan: sortu nuen ni erradikal bat, nire arazo eta abarrekin. Gure buruak ez akabatzeko eta zeozer produktiboa edo erreala egiteko beharrezkoa da gure buruak zaurgarri eta ahul onartzea.

Bortizkeriaren aurrean altxamendurik ere aurkituko du irakurleak.

Liburua idatzi nuenean nengoen bezala egoteko arrazoietako bat zera zen, ez zitzaidala gustatzen nola zegoen antolatuta mundua, eta beraz, besteren artean, aldarrikapen puntu bat ere baneukan barruan. Batez ere heterosexualitateak eta patriarkatuak dakartenari dagokionez, gehien zeharkatu nauten bi aspektu baitira, prekarietatearekin batera. Modu zuzenean azaleratu gura izan ditut horiek.

Bortxa, zaurgarritasuna, aldarria zein plazera, haragiztaturik ageri dira. Irudipena dut gorputza ere mintzo dela poesietan. Gorputzetik idatzitako lana da?

Badirudi gorputzaren inguruan hitz egiteko gorputza deskribatu behar dela, baina gorputzaren inguruan hitz egiteko edo hausnartzeko, gorputzak berak hitz egitea oso interesgarria delakoan nago. Gorputz praktiken bidez, pentsatzen eta hausnartzen ditugunen bitartez, gorputza nola dagoen jakin baitaiteke.

Lan honen abiapuntua aipatutako krisi existentziala izan zen, eraman ninduena depresiora, halako immobilismo batetara, eta gorputza nigandik kanpoko zeozer bailitzan sentitzen nuen. Hori horrela, erabat kontzienteki idatzi dut gorputzaren inguruan eta gorputzetik.

Poesia, Ingeniari begiradatik
“Ez zait asko gustatzen ingeniaria naizela esatea, ez baitut batere gozatu ikasketa prozesuaz. Esan ohi dut bizitza honetan nire akatsetako bat izan dela ingeniaritza batean sartzea, eta beste akats bat izan dela lehen astean ikasketak utzi ez izana. Edozelan ere, kuriosoa egiten zitzaidanik bazen: jendarteko zenbait aspektu azaltzeko, irakasten zizkiguten teoria asko nola estrapolatzen ziren ikustea. Zenbaki bitarren kasuan, adibidez, soilik 1-ak eta 0-ak egotea parekatzen zen jendartean soilik bi genero egotearekin. Hausnarrerako ematen zidan. Teoriei zentzua ikusten nien neutro gisa etiketatuta dauden teknologiaren eta zientziaren esparruan, eta zentzua ikusten nion neutraltasun hori jendartean lurreratzeari, gauza batzuk normalizatzeko eta horrelakoak direla esateko helburuarekin. Liburuaren titulua eta zenbait termino bai daude oso lotuta ingeniaritzarekin, bi mundu horien arteko hibridazioa eginez”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-15 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude