ARGIA.eus

2020ko urriaren 29a

1977: Egarri egunak Zinemaldian

  • Irailaren 18tik 26ra bitartean egingo da Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 68. edizioa, eta koronabirusak erabat markatuta etorriko da. Baina azken urteetan barrura begira ere jarri da Zinemaldia: Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera bere artxiboa ikertzen hasi eta memoria kolektibotik ezabatuta geratu diren edizioak agertzen hasi dira. 1977koa, adibidez. Berriki Gasteizko Artium museoan inauguratu den erakusketa batek Frankismo-osteko lehen festibala nolakoa izan zen irudikatzen laguntzen du: aurreko jaialdi ereduarekin apurketa erradikala bilatu zuten orduko antolatzaileek eta Zinemaldia pelikula iraultzaile baten saio jarraitua bihurtu zen zenbait urtez. 

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2020ko irailaren 20a
1977ko edizioaren apustu erradikalenetako bat
1977ko edizioaren apustu erradikalenetako bat "Auzoak eta herriak" saila izan zen, Zinemaldia deszentralizatu eta langile auzoetaraino eraman baitzuen. Ordura arte ez bezalako jendea hasi zen agertzen Zinemaldiko publikoan (argazkia: Zinemaldiko aldizkaria).

Baliteke aurtengoa izatea Donostiako Zinemaldiak aspaldian izan duen ediziorik bereziena, COVID-19aren aurrean hartu beharreko segurtasun neurriek erabat baldintzatuta hasiko baita festibala: antolakuntzak artaziak sartu behar izan ditu programazioan eta iazko edizioarekin alderatuta 159 emanaldi gutxiago izango dira 2020an –%23ko jaitsiera–, pelikula gutxiago programatuko dituzte –2019arekin konparatuta minus 65, %31ko murrizketa– eta oro har birusak markatutako edizioa izango da, aretoetan ere jende kopurua asko kontrolatuko baita, Kursaalean gehienez 600 lagun sartuz, denak derrigorrez maskara jantzita, emanaldien arteko desinfekzioak, zenbakidun sarrerak positiboen jarraipena errazago egin ahal izateko, publikorik ez izarrak alfonbra gorritik pasatzen direnean... José Luis Rebordinosek zuzentzen duen taldeak uztailean baztertu zuen Zinemaldia bertan behera uztea, baina baita aurtengoa ohiko edizioa izatea ere. Ez dago baldintzarik orain arte ezagutu dugun zine jaialdia egiteko, pantaila handiak ezin dio bizkarra eman inguruko klimari. Kalea maskarada distopikoa baldin bada, zine proiekzioak horren ispilu izango dira.

Baina egoerak beldurrezko pelikuletarako osagaiak eskaintzen baditu ere, badirudi Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak zirrikitu bat ireki nahi izan dutela gidoi katastrofistan, festibalaren iraganari begira jarriz. Irailaren hasieran EHUren Udako Ikastaroa antolatu zuten, Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak izenburupean; eta hil honen 9an inauguratu da Gasteizko Artium museoan –zeina murrizketen eta kaleratzeen erruz lan-gatazka handi samarrean murgilduta dagoen– Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko erakusketa. Azken honen izenburuak 1977ko Zinemaldiko aldizkarian agertutako esaldi bati egiten dio erreferentzia, izan ere, duela 43 urte, kalean birusen ordez ukabil itsutuak, gas potoak, zer eskatzen du herriak, haustura ala erreforma eztabaidak bolbora bezala zebiltzanean, Donostiako Zinemaldiak ere utzi egin zuen ordura arte Francoren erregimen faxistaren hegalpean egindako bidea, bide berri eta ezohikoak hartuz.

Pablo La Parra ikerlari eta zine eskolako irakaslea izan da aipatutako bi egitasmoen bultzatzaile nagusia eta, bere gidaritzapean, Zinemaldiaren artxibotik berreskuratu dira ahaztu samar geratu diren historiak, pentsarazten dutenak irailean Gipuzkoako hiriburuak zinemarekin izaten duen zita iritsi zela beste zerbait izatera, orain ezagutzen duguna ez bezalako zerbait, herritarren parte hartze handiagoa zeukana, garaiko eztabaida politiko eta sozialen pultsua hartu zuena, hiriko auzoekin eta inguruetako herriekin konexio handiagoak bilatu zituena eta, noski, deserosoagoa bihurtu zena orduko botere politiko eta ekonomikoentzat. Atzera begirako ariketa kritiko horrek garrantzia izan dezake orain, kultura pandemiaren albo-kalteen zerrendaren goialdean agertzen ari denean, sektoreak etorkizunari beldurrez begiratzen dion unean. Beharbada Kristin Ross historialariak 219. Larrun aldizkarian planteatutakoa berreskuratzeko unea da Zinemaldiarentzat ere: zer iragani begiratu, nolako etorkizuna imajinatzeko. Eta alde horretatik ez dago zalantzarik, 1977ko edizioak bestelako etorkizun batzuen posibilitateak erakusten ditu hemendik aurrera antolatuko diren Zinemaldientzat.

Festibal frankistatik herriaren Zinemaldira

Donostiako Zinemaldia 1953. urtean sortu zen, alegia, gaur egungo Europako zine-jaialdi garrantzitsuenen hamarkada berean –Venezia, Cannes, Berlin, Locarno–. Ez da kasualitatea: Gerra Hotz betean, zine jaialdi bat “diplomazia kulturaleko aparatu konplexua zen”, dio La Parrak Artiumeko erakusketari testuingurua emanez idatzi duen artikuluan. Adibidez, filmak estatu bakoitzeko enbaxadek edo zinema institutu ofizialek aukeratzen zituzten; eta festibalak, nolabait, zinemaren “Joko Olinpiko” modura pentsatzen ziren. Donostiako festibalak, gainera, Francoren erregimen faxistarentzat nazioarteko onespena bilatzeko tresna izan nahi zuen. Esan liteke produktu arrakastatsua izan zela, sortu eta lau urtera FIAPFek (Nazioarteko Film Ekoizleen Elkarteen Federazioa) goi mailako kategoria eman baitzion.

1976ko Zinemaldiak ozta-ozta lortu zuen amaitzea, klima politiko eta sozial beroaren erdian. Festibalaren azken edizio frankista izan zela esan liteke

Gero, hurrengo hamarkadaren amaieran, iceberg geopolitiko hori apurka kraskatuko zuten 68ko maiatzak eta haren ostean hasitako borroka-zikloak, Europako zine-jaialdietan ere arrasto sakonak utziz –irakurri Cannes, Berlin eta Veneziako festibalen eraldaketari buruzko koadroa erreportaje honetan–. Donostiako festibalak, ordea, erregimen frankistaren atzaparretan jarraitu zuen Miguel de Echarriren gidaritzapean, baita seinale guztiek aldaketaren beharra erakusten zutenean ere.

1975: Suediako Zinematografia Institutuaren zuzendari Harry Scheinek telegrama bidez Donostiako festibalari iragarri dio pelikula suediar guztiak erretiratuko dituztela urte hartako ediziotik, Garmendia eta Otaegi ETA politiko-militarreko kideen aurkako heriotza-zigorrengatik. De Echarrik erabakia irentsi beharko du, baina erantzungo dio onartezina dela “herri honetako barne-arazoetan” muturra sartzea.

1976: irailaren 8an Guardia Zibilak Josu Zabala tiroz hilko du Hondarribian. Krimenari erantzunez sutan jarriko da Euskal Herri erdia. Garrak Donostian. Hastear den festibala bertan behera uzteko eskatzen dute, baina de Echarrik berean jarraituko du. Eta gertatuko dena gertatuko da: Luchino Viscontiren L’Innocente filmarekin hasiko da jaialdia edo, nondik begiratzen zaion, minutu batzuk lehenago Victoria Eugenia antzokiaren atarian poliziak egingo du inaugurazio ekitaldia, zakur gosetien hortzak estuturik, ezker-eskuin borra-kolpeka, tiroka, manifestariak eta zinemara zihoazen agintariak bereizi gabe. Egoeraz nazka-nazka eginda dauden gazte militanteak nonahi agertzen dira, baita festibalaren nazioarteko epaimahaia afaltzen ari den jatetxean ere, dena hankaz gora botaz. Eta errematerako, greba orokorra Zabalaren doluz. Herriak ez du barkatuko, hiri osoa poliziaz josita; disimulatu nahi du festibalak, esan nahi du hemen ez dela ezer pasatzen, eta lortuko du nola edo hala urte hartako edizioa bukatzea, baina dena aldatu nahi dutenen bultzada hainbesterainokoa da, urte hura amaitzerako Donostiako festibalaren kudeaketa eskuz aldatuko dela: Madrilgo Informazio eta Turismo Ministerioak euskal administrazioen esku utziko du.

Antxon Ezeiza 1977ko Zinemaldian itzuli zen erbestetik beste zenbait zinegile bezala. Goiko argazkian, 'Mina, viento de libertad' filmaren emanaldi osteko solasaldian agertzen da –urte bat lehenago irudi hori ezinezkoa litzateke– (argazkia: Maite Berradre).

1977: aldaketa sakonak Zinemaldiaren antolakuntza-batzordean, non agertuko diren, industriako eta administrazio publikoetako kideez gain, herri mugimenduetako ordezkariak, artisten elkarteetakoak, zineklubetakoak eta, batez ere, auzo elkarteetakoak. Aldaketak: euskara agertzen hasiko da Zinemaldiko karteletan eta aldizkarietan, gaztelaniak hegemoniko izaten jarraituko badu ere. Aldaketa gehiago: erbesteratutako zinegileak Donostiara itzultzen hasiko dira –Luis Buñuel, Antxon Ezeiza, Luis Alcoriza–, eta ohorez hartuko ditu jaialdi berrituak. Aldaketak, noski, programazioan, egarri egunak direlako, egarri egunak Zinemaldian, urtetan diktadurak lapurtutako askatasunak berreskuratu nahi dira, denak batera, pantailan erakutsiz Venezuelako torturak Aljeria kolonizatua Euskal Herriko salbuespen egoera Federico García Lorca Juan Paredes Manot Txiki-ren azken hitzak Eusko Gudariak gara Euskadi askatzeko; eta argiak pizten direnean ere, dena da diferente: “Bazirudien Zinemaldiko edozein bilkurak posizio-hartze borrokalarietara zeramala”, esplikatu du La Parrak.

Bernardo Bertolucci Intxaurrondon? "Auzoak eta herriak" izeneko sailari esker, Zinemaldia deszentralizatu eta langile-auzoetara iritsi zen

Bor-bor horretan, “Auzoak eta herriak” saila ere sortuko da, ikerlariaren arabera “festibal demokratiko berriaren ekimen erradikalenetako bat”. Auzo elkarteek bultzatu dute eta Zinemaldia deszentralizatzen lagunduko du, pelikulen proiekzioak langile klaseko auzoetara eramanez, baita Euskal Herri osoko herrietara ere. Moketa gorria, areto noblea eta soineko elegantea besterik ezagutzen ez duen festibalak, urte batetik bestera Intxaurrondo auzora eramango ditu Bernardo Bertolucci zuzendaria eta Laura Betti aktorea Novecento aurkeztera. Zinemaldiak gainezka egin du, ez da kabitzen pelikulak ikusten ziren ohiko lekuetan, publikoz bete-beteta daude Don Boscon antolatutako emanaldiak; gainezka egin du, beste ezeren gainetik, kontzeptualki. La Parrak azaldu du, urte hartara arte proiekzioek inoiz ez zutela publikoaren solasaldirik aurreikusten, zineklubetatik zetozen antolakuntza-batzordeko kide berriek ekarri zutela praktika hori, eta “Auzoak eta herriak” sailaren eskutik, lortu zutela Zinemaldira ekartzea eraldaketa betean bizi zen gizartearen ahots-polifonia.

Argazki honen erdialdean Laura Betti aktorea ikus daiteke, Bernardo Bertolucci zuzendariaren 'Novecento' Intxaurrondo auzoan proiektatu ondoren (argazkia: Zinemaldiko aldizkaria).

Iraultza eta kontrairaultza

Dibertsitate hori ez da tranpa gisa ulertzen bestelako mundua nahi dutenak indartsu dabiltzanean, ikusi bestela 1977ko edizio apurtzailearen ondoren Zinemaldiaren hurrengo urteetan zer nolako gaiek hartuko duten protagonismoa, hamarkadari forma eman zioten langile borrokatik, nazio askapenetik eta antifrankismotik harago: 1978an emakumeek egindako zinemari eskainitako sail independentea bultzatu zuen Donostiako Emakumeen Asanbladak –besteak beste, Věra Chytilová, Cecilia Bartolomé, Vivian Ostrovsky, Larisa Shepitko edo Agnès Varda ekarri zituzten Donostiara–; 1979an berriz, poliziak Errenterian Francis trabestia tiroz hil eta gutxira, eta zenbaitek “euskal Stonewall” gisa deskribatu dituzten protesten ondoren, Zinemaldiko “Auzoak eta herriak” sailak Euskal Herriko Gay Aske Mugimendua (EHGAM) gonbidatu zuen LGTB kolektiboaren borrokarekin lotutako filmak aukeratu eta aurkeztera, sortzen ari zen subjektu politiko berri bati publiko zabal baten aurrean agertzeko posibilitatea eskainiz. Edozerk zirudien posible, Francoren erregimenak nazioartean puntuak irabazteko sortu zen festibala azpikoz gora zegoen.

80ko hamarkadan PSOEren Espainiako Gobernuaren eskutik etorri zen Zinemaldiko "kontrairaultza", Diego Galánen zuzendaritzapean

Esan liteke 1980an hasi zela festibal gorri horren aurkako kontrairaultza, FIAPFek –gogoratu: frankismoan Donostiako jaialdia goraino aupatu zuen erakundeak– Zinemaldiari kategoria nagusia kendu zionean, segur aski zigor gisa, sortzen ari zen jaialdi mota ez zelako errentagarria AEBetako estudio handientzat. Lehenagotik sumatzen ziren ildo berriaren aurkako ekintzak ordea: 77an bertan, United Artists ekoiztetxeak ez zuen baimenik eman Pier Paolo Pasoliniren Salò o le 120 giornate di Sodoma Donostian proiektatzeko zuzendari italiarrari eskainitako atzera-begirakoan. AEBetako major-aren aurkako manifestua sinatu zuten zinemaren eta kulturaren munduko hainbat figurak –besteak beste Jean-Paul Sartrek–, susmatzen zutelako film horren proiekzioa ez baimentzearen atzean zine-industria handiaren haserrea zegoela, Donostiako zita ezkerrerantz politizatzen ari zelako.

Pablo La Parra ikerlari eta Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea ari da gidatzen "Zinemaldia 70" proiektua (argazkia: Dani Blanco).

Noiz amaitu zen erabat espiritu berritzaile hura? La Parrak esan duenez, festibalaren historia berraztertzen ari den “Zinemaldia 70” proiektua lantzen ari den hipotesia da Diego Galán zuzendari karguan jarri zutenean hasi zela gauzatzen Donostiako zitaren “normaltasun berria” –gaur egungo hitzekin esateko–. Felipe González buru zuen Espainiako Gobernuarekin eta, zehazki, Zinematografia zuzendari orokorra zen Pilar Mirórekin ongi konektatuta, “ordenara itzulera” izan zen Galánen agintaldia. Misioa argi zegoen: berriz ere FIAPFen kategoria gorena lortzea. Eta horren prezioa izan zen 77tik aurrerako eraldaketa askorekin rewind botoia sakatzea: “Auzoak eta herriak” saila desagerrarazi zuten, baita beste berrikuntza erradikal asko urardotu ere. 1985ean berreskuratu zuen bost urte lehenago galdutako kategoria. Geroztik Zinemaldia aldatu da, noski, baina inoiz ez hainbeste, hain azkar, hain sakonki.

77ko espiritu hartatik zerbaitek iraun ote duen galdetuta, La Parrak dio bere ustez “marka batzuk” geratu direla: zinegileekin hitz egiteko aukera ematen duten foroak badira oraindik Donostian eta Zinemaldiaren berezitasunetako bat da publikoak ere ikus ditzakeela estreinaldiak –beste jaialdi batzuetan prentsarentzat eta industriako kideentzat erreserbatuta dago pribilegio hori–. Zuzendari berriekiko interesa ere 1970eko hamarkadaren bigarren erdian garatu zen eta, beste gradu batean bada ere, 77tik aurrera sorturiko sail berrien zapore bat badauka oraindik Zabaltegi-Tabakalera sekzioak. Iraganeko dokumentuek sorpresak ere gordetzen dituzte: iazko edizioan berritasun gisa iragarri zuten Zinemaldiak haurtzaindegi zerbitzua eskainiko zuela, umeen zaintza beren kargu duten pertsonek –gehienetan emakumeek– festibala errazago jarraitu ahal izateko. “Berrikuntza gisa iragarri zen, baina ez: Donostiako Emakumeen Asanbladak zerbitzu hori antolatua zuen 70etan”, azaldu du. Ongi irakurtzen asmatuz gero, artxibo bat etorkizunez kargaturiko arma izan daiteke.

Cannes, Venezia eta Berlin 1968tik aurrera; Donostia ia hamarkada bat geroago

1968ko maiatza, Cannes: urte hartako zine jaialdia hasi eta hiru egunera, hilaren 13an, ikasleek festibala hartuko dute. Manifestazioek bultzatuta proiekzio asko bertan behera geratuko dira eta zinegileek ere beren ekarpena egin nahi izango diote borrokari. Hainbat zuzendarik –Jean-Luc Godard, Roman Polanski, Fançois Truffaut edo Louis Malle, besteak beste– jaialdia bertan behera uzteko eskatuko dute atxilotutako ikasle eta langileekin elkartasunez. Giroa nahasita dabil Frantziako Estatuko zeluloidearen munduan bestela ere, André Malraux Kultura ministroak Zinemateka frantseseko zuzendari Henri Langlois kargutik kendu du eta erabakiak animoak berotu ditu.

Giro zalapartatsu horren erdian jaialdiak aurrera segi nahi du, baina antolatzaileen erabakiaren kontra Louis Mallek, Monica Vittik eta Roman Polanskik epaimahaia utziko dute eta beste zuzendari batzuek –Alain Resnais, Carlos Saura eta Milos Formanek, besteak beste– euren pelikulak aterako dituzte lehiaketatik. Maiatzaren 19an, azkenik, jaialdia bertan behera geratuko da. Ez hori bakarrik: edizio hartako istiluen fruitua da 1969tik Cannesen antolatzen den Zuzendarien Hamabostaldia, festibal ofizialaren paraleloan sortua eta hasieratik edozein zentsura edo presio politikoren aurka zegoela adierazi zuena.

Frantzipar horrek Europako beste zine jaialdietan ere joko du hurrengo urteetan. Adibidez, Veneziako Mostrak 1969tik 1972ra bitartean ez du saririk banatuko eta autokritika prozesu sakona abiatuko du. Italiako zinegileek boikotatu egin zuten jaialdia 1972an eta 73an, zinema italiarraren jardunaldiak antolatuz, oso jendetsuak publiko aldetik eta oso erradikalak politikoki. Protestarako arrazoiak ez ziren falta. Nagusienetako bat, 1968tik behin eta berriz errepikatua, zera zen: Mostrak ez zituela barne-estatutuak aldatu Benito Mussoliniren erregimen faxista betean sortu zen garaitik. Giro erdi-iraultzailean, 1973an aldatu zituzten azkenik, eta horri esker, Veneziako festibala –baita Arte Biurtekoa ere–, beste modu batera pentsatzeko ateak zabaldu ziren, objektu artistikoen salerosketarako baino, une hartako egoera politikoari erantzuten saiatzeko –Txileko estatu-kolpea, Soviet Batasuneko disidenteak...–.

Berlinaleren kasuan, 1970. urtea izango da inflexio-puntua. Michael Verhoevenen OK pelikula lehiaketatik kanpo uztearen alde egingo du epaimahai ofizialak, filma oso kritikoa zelako AEBetako armadarekin eta Vietnamen egin zuten esku-hartzearekin. Zentsuraren aurkako protestak berehala hasiko dira, jaialdia bertan behera geratzeraino. Eta Cannesen edo Venezian bezala, festibala planteamendu zinematografiko eta politiko arriskatuagoen bidez birpentsatzeko prozesua hasiko da, zeinean pisu handia izango duten 1963tik Berlinen filmak programatzen ari zen Zinemateka Alemaniarraren Lagunak taldeak: kolektibo horrek 70eko krisiaren ondoren Berlinaleko lehiaketa ofizialaren paraleloan funtzionatuko duen ekimena jarriko du abian: Forum.

Aurrekari horiek ikusita, La Parrak uste du Donostiako Zinemaldian 1977an gertatutakoa “desplazatutako 68 bat” balitz bezala ulertu behar dela. Beste gauza asko bezala, Europako haize berriak berandu iritsi ziren hona, Francoren erregimenak atzerapen-mekanismo gisa funtzionatu zuen eztabaida politiko eta kulturalentzat. Beharbada berandu ibiltzearen kontzientzia horrek lagun dezake ulertzen zergatik ekin zioten Zinemaldia eraldatu nahi izan zutenek urte haietan hainbesteko grinarekin, atzerriko bisitariak harritzeraino, baita orain, artxiboa hitz egiten hasi denean, garai hura bizi izan ez zuten pertsonak ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Zinemaldia 2020 kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2020ko irailaren 20a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude