Gauza gordinak beharrezko dira batzuetan

  • Egunero bizpahiru aldiz zinemara joatea gauza ohikoa balitz bezala dabiltza batetik bestera poltsa beltz eta maskara zuridun uniformeak, pantaila barneko mundua ia kanpokoarekin bateratzeraino. Batek bere etxekideari telebista pizteko eskatzen dion bezala oihukatu dute, gaur areto batean, argiak itzaltzeko mesedez, filma hasia zela. Eta argia itzali da.


2020ko irailaren 23an - 22:22

Horizontes Latinos sailean proiektatu da Sol Berruezo argentinarraren Mamá, mamá, mamá filma. Zuzendari gaztearen lehen luzemetraiak ikuslegoa hunkitu du, eta txalo artean irten da ekipo osoa filmaren ingurukoak kontatzera. Helduen mundua koadroz kanpo dagoen unibertso femenino eferbeszentea erretratatzen du lanak, haurtzarotik nerabezarorako pauso horietan.

Filma istripu batek abiarazten du: Cleoren ahizpa itota agertuko da piszinan. Ama eta izeba jokoz kanpo utziko ditu gertaerak, eta Cleo eta lengusinen artean kudeatu beharko dituzte horrek sortutako emozioak, nahiz bestela datozkien aldaketak. Helduek filtratzen dituzten azalpen deskafeinatuetatik urruti, gauzak ikusten dituzten bezala azalduko dizkiote elkarri; filma haurren heldutasunaz eta helduen umetasunaz ari da. Errealitatea eta fantasiaren dikotomia hautsita, gertatzen den guztia aztertu eta baloratu egingo dute neskatoek, eta behar beste neurri hartu. Norberaren bizipenekin konektatzea lortzen duen filma, aktoreekiko tamainako distantzia gordetzen duena haietako bat bihurtu ahal izateko tarte batez. Erritmo oneko filma da, zeina horren desiorako tentazioa sentitu aurretik bukatzen den. Ederra, eta gehiagorako gogoz uzten zaituena.

Non dago Mikel? filmaren proiekzio eta aurkezpenak ere harrera beroa izan du. Zinemira sailean ikusi den Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas "Pitu" zuzendarien lanak Mikel Zabalzaren erailketaren artxiboan eta memorian arakatzen du, izenburutzat duen galderara hurbildu nahian. 35 urte atzerako gertakariak argitu gabe dirau egun, ez baitu bertsio ofizialak sinesgarria den argudiorik eman. Zutik txalotu du ikuslegoak zuzendarien lana, baita Mikelen familiaren eta ingurukoen duintasuna ere.

Filmak egunez egun doan estruktura sortzen du, artxiboko irudiak sailkatu eta gertatutakoak kronologikoki ulertzeko. Aldi berean, Ion Arretxe zenak Mikelekin atxilotua izan zeneko torturen aitortza esplizitua egiten du, hausnarketak ere nahasiz, egindakoen kontzientzia osoz. Eta zer nolako eragina duen. Errealitate txute bat, pantailatik datorrena; memoria freskatzeko eta lurreratzeko. Itziarren semearen deseraiketan, bat-batean ñabardura interesgarriak sortzen dira. Filmaren hirugarren hanka Zabalzaren ilobek osatzen dute, zeinak gertakariez baino, emozioez ari diren. Hauen hitzetan uler daiteke memoria historikoa eta memoria familiarraren transmisioaren argi-ilunak; gazteen ustetan, bertsio ofiziala galdu egingo da, baina egia ez. Elkarrizketa eta artxiboan oinarritzen den filmak gordinean kontatzen ditu gertatukoak, akaso, gai honek hala behar baitu aitortzarik jaso ezean.

Zabaltegi-Tabakalera saileko Dustin laburra eta Ping Jing luzearekin amaitu da eguna. Lehena Naïla Guigueten lana da, festa baten une ezberdinak erretratazen dituen ekoizpen frantsesa. Transexualitatearen eta plazeraren inguruko obra, zeinak lagun talde baten festaren jarraipena egiten duen. Gauak aurrera joan ahala histeria kolektiboa malenkonia gozo bihurtuko da, eta euforia samurtasun-irrika. Filmak techno musikaren erritmo bera aurkezten du, gaupasa baten sentipenez aukeratuz plano eta iraupenak. Iradokitako istorio guztiak airean gelditzen dira filma bukatzerako, argazki baten sentsazioa utziz gorputzean. Handik aurrera pantailatik atera gara. Eraikitzen dena gertutik ezagutzearen inpresioa ematen duen pieza gozoa.

Ping Jing film txinatarra pasa da ondoren. Song Fang zuzendariak betiko bikotekidearekin hautsi berri duen emakume bat du protagonista, zeina, era berean, zinegilea den. Lagun bati kontatzean, eta besteak hartzen duen jarrera ez-gaia ikustean, krisia bakarka pasatzea erabakiko du, ondokoen ahuldadea sostengatzen berearekin egiten duen bezala. Bizitzako pasarte horiek duten atenporalitatean aurkezten da filma, erritmo motelean, pertsonaia estoiko baten emozio ezaz. Kamera, alta, sarritan urrunegi dago gertatzen zaionarekin loturarik sortzeko, eta astuna egiten da amaierarako. Plano orokor horiek protagonistak munduarekiko eraikitzen duen distantzia emozionalaren lekuko badira ere, kontzeptualagoa gertatzen da asmoa, materiala baino. Agian faltako luke uneren batean, klimax gisa, eztanda modukoren bat, edo gauzak gordinean ekartzeko gaitasuna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2020
Yulene Olaizola, zinemagilea
"Zinema ez da mezu zehatz edo tesiak lantzeko erreminta"

Esperientzia sentsorialtzat dauka zinema Yulene Olaizola zuzendari mexikarrak: espazio bat deskubritu eta hura arakatzera jotzen du eta gidoiaz haragoko edozein aldaketa jasotzeko zentzumenak adi izaten ditu. Aurtengo Zinemaldian aurkeztu zuen Selva trágica (Oihan... [+]


Euskaldunak indigenizatzen ditu Zinemaldiak?

Palmaresetik eta koronabirusaren albo-kalteetatik harago, iruditzen zait 2020ko honen ondoren momentua iritsi dela Donostiako festibalak nabarmentzen dituen euskarazko lanak kritikoki aztertzeko.


Film dirudun eta ederren erakusleihotik haratago

Zinemaldia igarota izaten da lehiatutako filmen sari-banaketa ekitaldia. Bertan, sail bakoitzari dagokion sariduna aukeratzeaz gain, Sail Ofizialari dagokion palmaresa ere osatzen da: aktorerik onena, gidoirik onena, filmik onena... Batzuetan zalantza sartzen zait ez ote... [+]


'Dasatskisi' film georgiarra garaile Zinemaldiaren sari-banaketa hotzenean

Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren Dasatskisi filma izan da Zinemaldiaren 68. edizioko irabazle nagusia, palmares ofizialeko lau sari eskuratuta. COVID-19ak erabat markatutako edizioa izan da aurtengoa eta Kursaal auditorioko galan ere nabaritu da hori larunbat gauean.


Pertsianak ixten euria ez dadin sartu

Aipatzen genuen asperdura iritsi edo ez, bazdaezpada ere neurriak hartzea onena: bukatu dadila borondatez, eta ez utzikeriaz. Haizeak eta euriak ere ez dute gehiegi lagundu, ia Kursaala bera hegan atera den egun zurrunbilotsu honetan. Agurtu beharko ditugu panel eta alfonbra... [+]


Eguneraketa berriak daude