Pertsianak ixten euria ez dadin sartu

  • Aipatzen genuen asperdura iritsi edo ez, bazdaezpada ere neurriak hartzea onena: bukatu dadila borondatez, eta ez utzikeriaz. Haizeak eta euriak ere ez dute gehiegi lagundu, ia Kursaala bera hegan atera den egun zurrunbilotsu honetan. Agurtu beharko ditugu panel eta alfonbra gorriak datorren urtera arte. Covidaren segurtasun-neurriak azkenengoz entzun ditudadean, agurtu egin ditut isilean. Agian ez ditugu berriro entzungo ohar horiek zinemaldian. Agian.


2020ko irailaren 26an - 19:13

Imanol Rayo iruindarraren bigarren lana dugu Hil kanpaiak, eta Zuzendari berriak sailean aurkeztu da genero beltzeko luzemetraia. Baserri bateko lurretan garezur bat azaltzeak inguruko denak aztoratuko ditu; hurrengo egunean nagusia hilda azalduko da, eta hezurrak desagertuta. Ondoren etorriko den erailketa segidak iraganeko amorruak egun duten tokia berretsiko dute. Miren Gorrotxategi Azkunek idatzitako 33 ezkil obran oinarritutako filma da, landa eremuko elementuekin Cluedo jolas modukoa egiten duena.

Euskal familia tradizionalaren parte dira elkarri hitz egiten ez dioten anaia bi eta baserriagatik liskarrak. Filma honek denboran aurrera eta atzera egiten duen heinean eraikitzen ditugu aurretik gertatutakoak, baita horiek oraindik duten pisua. Elkarrizketa gutxirekin egindako kontakizunak lotu beharreko pieza gisa funtzionatzen du, eta norbera jartzen du, horrela, igarlearen paperean. Behin eta berriro azpimarratuko duten bezala, etxeko nagusiaren "potro falta"-ri egotziko dizkiote gertakari gehienak, euskal patriarkaren antzik ez duela bizitza osoan damutuko zaion aitaren ezegonkortasuna lehen planoan jarriz. Anaien arteko botere jokoan eta herriaren presiopean testuinguratzen den obrak tradizioaren hiperbolea eta justizia eta mendekuaren arteko aldean hausnartuko du. Zenbait kasutan gertatuko direnak aurreikusteko gai izan arren, tentsio onez eusten dio lanak lehen unetik eztanda egiten duen bukaerara arte.

Zuzendariak honen inguruan zer dioen jakiteko gogoz gelditu naiz. Le sel des larmes lana Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatu da, eta Philippe Garrelek zuzendu du. Zuri-beltzean egindako filmak gizon baten maitasun harremanak ditu hari, eta aitarekiko lotura. Azken honen ametsari segika Pariseko artisautza eta arte ederren unibertsitate ezagun batera joango da ikastera, horrek bizitza sentimentalean ekartzen dizkion aldaketak nabarmen.

Denboraren nozioaren erabilera librea da, onerako eta txarrerako, filma berezi egiten duena. Zuri-beltzezko eta filmikoan eginiko irudiek garai bateko kutsua ematen diote argumentuari; eszenatokiek, mugikorrek eta beste zenbait elementuk, ordea, gaur egungoa. Gizonezko protegonistak hiru emakumerekin dituen harreman sexu-afektiboek ere iraganeko kutsua dutela iradoki lezake horrek, eta horrek gaur egungoa eragina duela ondorioztatu. Alabaina, premisa hori ez da argia, eta problematikoegia litzateke defendatua izateko. Zuzendariak emakumeak sufriarazten dituen Don Juan arrakastatsua erakusten du, berekin maiteminduta dagoen pertsona bakarra aita izanki. Bikotekideekin egindako hutsen ardura hartzearekiko koldar, gizonen arteko aliantza sendoak erakusten ditu filmak, eta emakumeekiko errespetu falta. Giza jokaeren inguruko hausnarketa izan nahi duenak mesfidantza handia sortzen du pertsonaiak eratzerako orduan, emakume ahul, tuntun eta dependenteak vs. gizonezko indartsu, ameslari eta ausartak azalduak baitira. Honen inguruko kritika izan nahiko balu ere, edozein aitzakiarekin azaltzen dituen emakume gorputz biluzien erabilerak ez du bere partetik, bestelako jarrerarik azaltzen. Filmaren erdialdean sortzen duen eta zerikusirik ez duen eszena arrazista merkeak ere ez du istorioan laguntzen. Gatzezko malkoez ari den Garrelen lanak apatia sortzen du, eta emakumeen sufrimendua pantailaratzeak gizonezkoengan sor dezakeen morboa dakarkit gogora.

Uraz eta gatzaz ari da, hain zuzen ere, Telmo Esnalen Urtzen lana, Zinemaldiko Greenpeace erakundearen Lurra saria jaso duena. Konfinamenduan berreskuratutako lana du Esnalek, UR, el gigante del mar izeneko Pablo Azkueren lanean oinarritutakoa. Bertan, Patricio Guzmánen eran, kontzeptu batekin loturak egiten ditu elkarrekiko harremana sortzen doazen foku ezberdinetan.

Esnalen konfinamenduaren egunerokoaren pasarte batzuk dira proiektuaren hanka bat, zeinetan esloveniera ikasten, dantzan edo telefonoz hizketan ikusten dugun. Bestetik, Iraia Eliasek errezitatutako UR liburuaren pasarteak ageri dira Euskal Herriko itsaso, putzu eta bestelako irudi ederren artean. Azkenik, aldaketa klimatikoaren, Covid-19aren eta etorkizunaren inguruko ponentzia eta elkarrizketak ageri dira, aurreko bi zutabeei zentzua ematen saiatzen direnak. Lana collage bezala aurkezten zuen sinopsiak, eta badu zatika osotasun bat bilatzearen zera hori, egia esan. Norberaren intimitatea erakustea ez da izan euskal zineman ohikoa, eta gaiak kontzeptualki lotzeko saiakera ere ez da generorik erabiliena. Gainera, lehen aldia da, Zinemaldi honetan, Covid-19a koadro barnean ikusten dudana; konfinamendua sormenerako hain emankorra izan zen beste alorretan (musikan, bertsolaritzan, marrazkigintzan...) zineman ere agertuko zai geunden, eta etorriko dira agian gehiago ere, baina hau izan da niretzako lehen aldia. Obra ausarta, arazo batzuk izan arren positiboa dela gure gertuko zinema pentsatzen jarraitzeko. Urtebete dugu horretarako, baliatu!

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2020
Yulene Olaizola, zinemagilea
"Zinema ez da mezu zehatz edo tesiak lantzeko erreminta"

Esperientzia sentsorialtzat dauka zinema Yulene Olaizola zuzendari mexikarrak: espazio bat deskubritu eta hura arakatzera jotzen du eta gidoiaz haragoko edozein aldaketa jasotzeko zentzumenak adi izaten ditu. Aurtengo Zinemaldian aurkeztu zuen Selva trágica (Oihan... [+]


Euskaldunak indigenizatzen ditu Zinemaldiak?

Palmaresetik eta koronabirusaren albo-kalteetatik harago, iruditzen zait 2020ko honen ondoren momentua iritsi dela Donostiako festibalak nabarmentzen dituen euskarazko lanak kritikoki aztertzeko.


Film dirudun eta ederren erakusleihotik haratago

Zinemaldia igarota izaten da lehiatutako filmen sari-banaketa ekitaldia. Bertan, sail bakoitzari dagokion sariduna aukeratzeaz gain, Sail Ofizialari dagokion palmaresa ere osatzen da: aktorerik onena, gidoirik onena, filmik onena... Batzuetan zalantza sartzen zait ez ote... [+]


'Dasatskisi' film georgiarra garaile Zinemaldiaren sari-banaketa hotzenean

Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren Dasatskisi filma izan da Zinemaldiaren 68. edizioko irabazle nagusia, palmares ofizialeko lau sari eskuratuta. COVID-19ak erabat markatutako edizioa izan da aurtengoa eta Kursaal auditorioko galan ere nabaritu da hori larunbat gauean.


Osasuna burgesen asmakizuna da

Zinemaldia azken txanpan sartzeak ez gaitu oharkabean hartu. Berrikuntzak segituan dakar monotonia, eta filmen maratoia hasteak emozio gehiago zekarren amaitzeak baino. Azken saioetan txaloak ahulago sumatu ditut, motelagoak, euforia bukatuta; ez dakit ondo esku-ahurretako... [+]


Eguneraketa berriak daude