Etxe barneko trapuak

  • Larunbat osteko igandea eta eguzkia kanpoan. Zinema aretora sartzeko ez dator gaizki euria, baina ateratzean sorpresa ederra izan daiteke zeru urdina. Edo agian, ikusi dugun filmaren araberako eguraldia litzateke ideala, kontraste latza baita negarra eta eguzki-izpia. Egon da, halere, umorea landu duen filmik, ikuslegoarengana iristeko imintzioka. Lotura hori lortzea ez da beti erraza izaten, ordea.


2020ko irailaren 21an - 02:36
"Ane" filmaren fotograma

Errekaleor auzoan errodatutako Ane filmaren lehen proiekzioa izan da goizean. David Pérez Sañudok zuzendutako luzemetraia Zuzendari Berriak sailean lehiatzen da, egilearen opera prima izanik. Argumentua AHTren obretan zaintzaile gisa lan egiten duen ama baten eta halako proiektuen aurka borrokan ari den alabaren arteko harremanean eraikitzen da. Auzoan gertatutako istilu batzuen ondoren alaba desagertu dela ohartuko da ama, eta berarengandik bananduta dauden senarrarekin batera hasiko dute alabaren bilaketa, baita honen zergatiak hausnartzeko lana ere.

Filma norbaiten bila dabilela ematen duen kamera mugimenduarekin hasten da, etxe barneko travelling zaindu batekin; emango luke akzio gutxi eta gertakizun geldoak izango dituen obra ikustera goazela, pertsonaia estoikoz beteta. Istorioak, ordea, kontrako norabidea hartuko du segidan, munduarekin haserre dagoen ama baten izaera indartsua azalduz. Esango nuke bi estiloen artean amildegi handi bat sortzen dela, eta filmak ez duela biak lotzen asmatu. Makro eraikuntzen gaia bigarren plano batean gelditzen da, eta elkar ulertzen ez duten ama-alaba harremanerako aitzakia gisa besterik ez du jokatzen; gezurrez eta elkarrekiko mesfidantzaz beteriko harremanak ez du garapen handirik istorioan. Halere, bien arteko liskarren epaiketa ikusleari uzten zaio, eta ñabardura batzuk eskaintzen dira gainera bertan posizionatzeko. Azkenean, ordea, gehiegi aldatu ez izanaren sentsazioarekin gelditzen gara, gaiak eman lezakeenaren egarri.

Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo laburmetraia lehiatzen da Zabaltegi-Tabakalera sailean, banpiroen inguruko film bat egitearen inguruko filma. Palacio Elias Querejeta Zine Eskolan ikasia da, eta esan liteke filma proiektatu den eremu berean sortua izan dela. Fikzioa eta dokumentala nahasten dituen laburrak osaba eta ilobaren arteko proiektua filmatzen du, bien artean banpiroei buruzko filma prestatzen ari diren bitartean. Zuzendariaren lehen lana aurtengo Kimuak sailean aukeratua izan da.

Aitarekin garatzeko proiektu bat egitearen nahitik abiatu zen Palacio hasiera batean; elkarrekin idaztea nahi zuen, baita aita izatea pertsonaia nagusia ere. Honen ezezko ugari jaso ondoren, baldintza bat jarri zion: egingo zuela, baldin eta banpiroen inguruko filma bazen. Horrela joan da garatzen ia urte eta erdi iraun duen errodatzea, eta material askoren artean hautatu behar izan da azken muntaketa. Kuriositate handia sortzen du fikzio eta dokumentalaren mugak lan honetan, ez baitakizu ondo zeintzuk izan diren kamera atzeko aginduak kasu bakoitzean, eta noraino dauden erabakita esaten eta gertatzen direnak. Familian egindako filmak harreman intimoak pantailaratzeak arrarotu egiten du egunerokoa izan daitekeen elkarbizitza, baina horrek konexio ona lortzen du begira dagoenarekin, prozesua erakutsia denez gertatzen ari denaren kontzientzia baitu. Pertsonaiak paisaian kokatzeko moduak eta gertuko planoek ondo ematen dute elkarren ondoan kontatu nahi duena filmatzeko gailu ederrean. Izenburuak banpiroen inguruko filmekiko keinu poetikoa egiten du eta esaldi hutsala da aldi berean.

Juan Cavestanyren Un efecto óptico luzearekin amaitu da eguna. Carmen Machi eta Pepón Nietok antzeztutako komedia fantastikoa da Cavestanyren lana, turista izateak janzten duen paperaz hausnartzen duena. Filmeko protagonistak diren senar-emazteak New Yorkera joango dira bidaian, baina hainbat seinalek ohartaraziko dituzte agian ez daudela egon nahi duten tokian. Inoiz lo egiten ez duen hirian jet lag-ak jota, behin eta berriz aurre egin beharko diote egoera berdintsuei denbora-begizta horretan.

Filmaren erroreez hitz egiten duen filmak atzera behartuko ditu pertsonaiak oporrak hasi eta bukatzera, forman gutxi aldatzen diren elkarrizketa eta ekintzak berak errepikatuz. Errepikapen bakoitzak informazio pixka bat gehiago emango du istorioaren osotasunaz, nahiz eta berebiziko aurkikuntzarik ez proposatu. Bigarren errepikapenetik aurrera luze egingo da filma, ideian funtziona lezakeen baina materian ondo gauzatzen ez den emaitzan. Interpretazioak onak diren arren, hainbatetan gidoi falta, edo esperimentazioari uzten zaion gehiegizko arduragatik, ez du filmaren erritmo egokia aurkitzen. Egilea gidatzen duen zinemaren esentziaren bilaketa hori, zeinak eginbehar duen denboraren manipulazioa, agerikoegi azaltzen du gailua, eta problema ebatzi gisa aurkezten dio zeregin handirik gelditzen ez zaion ikuslegoari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2020
Yulene Olaizola, zinemagilea
"Zinema ez da mezu zehatz edo tesiak lantzeko erreminta"

Esperientzia sentsorialtzat dauka zinema Yulene Olaizola zuzendari mexikarrak: espazio bat deskubritu eta hura arakatzera jotzen du eta gidoiaz haragoko edozein aldaketa jasotzeko zentzumenak adi izaten ditu. Aurtengo Zinemaldian aurkeztu zuen Selva trágica (Oihan... [+]


Euskaldunak indigenizatzen ditu Zinemaldiak?

Palmaresetik eta koronabirusaren albo-kalteetatik harago, iruditzen zait 2020ko honen ondoren momentua iritsi dela Donostiako festibalak nabarmentzen dituen euskarazko lanak kritikoki aztertzeko.


Film dirudun eta ederren erakusleihotik haratago

Zinemaldia igarota izaten da lehiatutako filmen sari-banaketa ekitaldia. Bertan, sail bakoitzari dagokion sariduna aukeratzeaz gain, Sail Ofizialari dagokion palmaresa ere osatzen da: aktorerik onena, gidoirik onena, filmik onena... Batzuetan zalantza sartzen zait ez ote... [+]


'Dasatskisi' film georgiarra garaile Zinemaldiaren sari-banaketa hotzenean

Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren Dasatskisi filma izan da Zinemaldiaren 68. edizioko irabazle nagusia, palmares ofizialeko lau sari eskuratuta. COVID-19ak erabat markatutako edizioa izan da aurtengoa eta Kursaal auditorioko galan ere nabaritu da hori larunbat gauean.


Pertsianak ixten euria ez dadin sartu

Aipatzen genuen asperdura iritsi edo ez, bazdaezpada ere neurriak hartzea onena: bukatu dadila borondatez, eta ez utzikeriaz. Haizeak eta euriak ere ez dute gehiegi lagundu, ia Kursaala bera hegan atera den egun zurrunbilotsu honetan. Agurtu beharko ditugu panel eta alfonbra... [+]


Eguneraketa berriak daude