ARGIA.eus

2021eko apirilaren 22a

Bata bestearen barruan sartzen diren filmak

  • Atzo aipatzen genuen Zinemaldiaren gaindosiak derrigorrez dakartzala berarekin zenbait sintoma. Haien artean, nagusiena, errealitatea fikzioarekin nahastearena, edo sinestesia bat non pantailaz kanpoko eta barruko mugak ezabatzen diren. Gaur, ordea, filmak berak izan dira kontzeptu horrekin jolastu dutenak, errodatzetik haratagoko mundu batez kontziente agertu direnak eta gidoi sinestesikoak eratu dituztenak. Ikusi behar horrek datorren astean medikuak egiten digun diagnostikoan aldeko edo kontrako papera jokatuko duen; zinezalearentzat, halere, ebatzi beharreko problema matematiko tentagarria da.

Ainhoa Gutiérrez del Pozo
2020ko irailaren 24a

Errusian eginiko Chupacabra filma Grigory Kolomytseven lehen lan luzea da. Bertan etorkizunari beldur dion haur baten istorioa ageri da, ingurukoarekin frustrazio handi batean bizi dena. Aitak ez du ikusi ere egin nahi, amak umezurztegi batera eraman nahi du, eta bere maitasun platonikoa herriko gazte harroxkoenarekin ari da ateratzen. Tartean txakur bakarti bat ezagutuko du, zeina banpiro-ahuntz pertsonaia mitologikoa dela erabakiko duen, berekin fida daitekeen lagun bakarra. Haurra kontziente da Chupacabraren hozkadak biktima erasotzaile bihur dezakeela. Proiektua Ikusmira Berriak programan garatu zen 2018. urtean zehar.

Haurtzarorako itzulera da filma, hirietan arriskutsuegiak gerta daitezkeen jolasetan gauzatzen dena. Sarri filmetan onartzen ditugu gure egunerokoan gaindituko gintuzketen eszenatokiak; pantailak filtro bat, gauzak goxatzeko edo edertzeko modu bat emango balu bezala. Haur hauek heriotzatik gertu daude behin baino gehiagotan, eta hori da egunerokotasunean bizitzearen parte. Inguruak den bezala onartzen ez duela ikusita, protagonistak irmotu egingo ditu bere jokaera basatiak, eta Chupacabra piztia mitologikoa bilakatzea erabakiko du. Pertsonaiak nahiko sakonak dira, eta elkarren artean sortzen duten gizartea marraztua gelditzen da filmean, horrek asko laguntzen du kontakizuna eraikitzeko orduan. Kontu mitologikoaren gauzatzeak zabalik uzten du atea gertatutakoak sentitzeko, egia eta gezurraren artekoa ahalbidetuz.

Laida Lertxundiren azken laburra da Autoficción. Bertan Lertxundik inguruan dituen emakumeak filmatzen ditu amatasuna, abortua, hausturak eta antsietatearen inguruan mintzo diren bitartean. Ispilu dituen edo izan ditzakeen emakume hauen hitzetan eraikitzen du artistak berea izan daitekeen identitatea, bide posibleak edo haiekin bat datozen ekintzak. Sotiltasunez eginiko lanak norberaren bide hautuez galdetzera garamatza, eta erritmo azkarrean igarotzen da. Zuzendariak bere burua ere filmatzen du, fikzioa den ala ez den galdera irekita utziz.

Fauna filmak absurdoa denaren umorea dirdiran jartzen du. Nicolás Peredak zuzendutako luzea da, eta Mexiko iparraldeko mehatze-herrixka batean du kokalekua. Bertan, gurasoak bisitatzera joaten diren anaia-arrebak ageri dira, azken urteetan elkar ikusi ez dutenak. Familiaren artean dagoen distantzia fisiko eta emozionalak errealitate paraleloak irudikatzera eramango ditu denak, ohikotasunetik urrunduz pertsonaia bakoitza.

Lanak erritmo geldoan aurkezten ditu gertakizunak, ikuslea deseroso jarriz. Gizarte kode zuzenak betetzen ez dituzten harreman traketsek pazientzia galtzera daramate begira dagoena, era berean, zentzugabea denarekin barrez. Kontakizunaren barnean beste kontakizuna sortzen denean, ihes egiteko bide gisa hartuko da: herri berean eta pertsonaia berberekin sortutako istorio hunkigarriagoa irudikatuko da. Anaia desagertu baten bila ari den detektibea izango da, arreba gaixotasun batetik ateratzen ari den emakumea, eta ama tabernako abeslaria. Paper ezberdinetan jokatzen diren pertsonaiek onirikotasuna dakarkiote errutinari, eta bi istorioak amaitu gabe gelditzen dira. Anaia irakurtzen ari den liburuxka aurkitu beharko bukaera jakiteko...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zinemaldia 2020

Zinemaldia 2020 kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude