Duela mende erdi, 1970eko abenduan, Burgosko Auziak sekulako indarra eman zion Euskal Herriaren alde eta Francoren diktaduraren kontra ETAk piztutako borrokari. Europako agenda politikoan sartu zuen euskal auzia, tartean uztailaren 28an 93 urterekin hil den Gisèle Halimi abokatuaren lanari esker. Aitzindaria izan da defenditzen Magrebeko askapen gerran eroritakoak, kolonialistek torturatuak, abortua egindako emakume kriminalizatuak…
Iñaki Egañak Gara-n gogora ekarri du nola Miguel Castells abokatuak deituta azaldu zen Burgosen 1970eko abendu ilun hartan Gisèle Halimi, han militarrek epaitu behar zituzten ETAko militante gazteen auzian. Giza Eskubideen Frantziako Ligaren behatzaile lanak egingo zituen Halimik, legelari europar batentzako hain osagai bitxi bezain eskandalagarriz betetako epaiketan, zeinaren amaieran jujatutako hamasei gazteen artean banatuko baitzituzten sei heriotza-zigor –nazioarteko presioak ezabatzea lortuko zituenak– eta urte luzeetarako kartzelaldizko kondenak.
Miguel Castellsek ARGIAn kontatu zuen Halimiri zein bitxia egiten zitzaizkion Espainiako justiziaren manera zaharkituak: “Burgosko auzira etorri zenean, algaraka hasten zen Gisèle Halimi abokatu frantsesa ‘con la venia, Señor presidente’ entzuten zuenean, Felipe II.aren garaian bageunde bezala ari ginela zioen”. Baina broma gutxi Burgosen justizia militarra ezarri behar zutenekin. Epaituetako batek, Xabier Larenak, kontatua du epai-mahaiaren burua zen Ordovás zalditeriako koronelak bere pena ahots ozenez haizatzen zuela zaldietako bat gaixorik zeukalako. Hurbil zeukan Halimik aurre egin omen zion: “Zure eskuetan dago sei pertsonari bizia kentzea eta zure zaldiez zaude kezkatan!”.
Burgosen ikusi eta ikasitakoekin idatziko zuen Halimik Le Procès de Burgos, frantsesez Gallimardek argitaratuko zuena eta espainolez Venezuelako Monte Avila argitaletxeak. Jean-Paul Sartrek egin zion Europako ezkerrean sona handia edukiko zuen hitzaurrea; Armiarma webean irakur daiteke Markos Zapiainek itzulirik. Gisèle Halimiren kronika xehean bilduta geratu zen nola amaitu zen auzia, epaile militarrak presoei azken hitza esatea ukatuta, Mario Onandiak “Gora Euskadi Askatuta!” oihu egin eta auzipetuak hasi zirela Eusko Gudariak kantatzen: “Zutitu eta ukabila jasorik hasi dira askatasunari kantari. Panikoa auzitegian! Epaileek beren ezpatak atera dituzte, guardiek beren pistolak…” Epaiketa amaituta berehala, poliziak atxilotu eta Espainiatik kanpo eman zuen behatzailea.
Euskaldun ekintzaileen abokatuek bazekiten nori eskatzen zioten laguntza. Gisèle Halimi Europan ezaguna zen 1960an defenditu zuenetik Djamila Boupacha 22 urteko militante aljeriarra, soldadu frantsesek Aljerren atxilotu, bortxatu eta torturatu ostean heriotza zigorra arriskatzen zuena. Halimik Boupacharen sostengu taldera bildu zituen Jean Paul Sartre, Simone de Beauvoir eta puntako beste hainbat intelektual. Ez zuen lortu epaiketa irabaztea; heriotza zigorra ezarri zioten gazteari baina presidentearen indultoz salbatu eta Evianeko akordioen ostean aterako zen espetxetik. Kasuaz Halimik idatzitako liburuaren azala Pablo Picassok marraztu zuen, Djamilari egindako erretratuarekin.
Aljerretik Afrique-Asie kazetak oroitarazi duenez, De Beauvoir eta Halimiren lanak metropoliko jendeen begien bistan utzi zuen Frantziak zein era basatian jokatzen zuen Aljerian, tortura eta hilketak naharo erabiliz eta horien arrasto guztiak ezkutaraziz. “Ez ziren nekatzen lanean. Justiziaren kateko arduradun bakoitzari idatzi zioten, militarretatik hasita De Gaulle jeneraleraino, denak bisitatu zituzten banan-banan, nahiz eta hauek gogo txarrez errezibitu. Eta lortu zuten epaituaren aldeko gutunak idaztea humanista handiek, idazleek, akademikoek, medikuek, baita frantsesek Aljerian torturatu eta asesinatutako Maurice Audin matematika irakaslearen alargunak ere, edo De Bollardière jeneralak, Aljeriako paratxutisten komandante izanik torturaren erabileragatik protesta egiteko dimisioa emana zuenak”.
Tortura, abortua, bortxaketa
Zeiza Gisèle Elise Taïeb 1927an sortu zen Tunisen –orduan kolonia frantsesa zen– eta oso txikitatik harreman latzak izan zituen aita bereberrarekin eta ama juduarekin, biak ere txit tradizionalistak, Laranjondoaren esnea autobiografian kontatua duenez. Neska izateagatik diskriminatua, etxeko lanak egin eta anaien neskame izatera derrigortzen zuten, mutikoei nahi zutena egiten utziaz. Oldarkorra atera zitzaien, ordea, neskatoa: 11 urterekin gose greba egin zuen ere anaiek bezala ikasketak egin ahal izatea lortzeko. 16 urterekin familien artean adostutako gizon batekin ezkonarazi nahi zuten arren, neskatoak lortu zuen horri uko egin eta Frantziara joatea zuzenbide ikasketak egitera. 1949an itzuliko zen Tunisera, abokatu titulua sakelean eta militante bilakatua.
Borroka antikolonialean ari ziren militanteen defentsaz gain –bere lanagatik atxilotu zuten paraxutistek, Aljeriatik kanporatu...– 1960ko hamarkadatik feminismoan asko inplikatua zen Gisèle Halimi, sarritan Simone de Beauvoirrekin elkarlanean. 1972an bulegoan laguntza eske azaldu zitzaizkion Mari-Claire Chevalier 16 urteko neska eta bere ama, langile komunista: alaba epaitu behar zuten abortatzeagatik eta ama hari lagundu izanagatik. Halimik Bobignyko Auzia erabili nahi izan zuen ama-alaben defenditzeko bezainbeste abortuaren despenalizazioan jurisprudentzia sortzeko. Hizlari bikaina, emakumeen zanpaketa klase borrokarekin lotuz bazterrak inarrosi zituen. Azken hitzartzean esan zion epaimahaiari: “Beti klase bera aurkitzen dugu zigortua, emakume txiro eta ekonomikoki bezala sozialki zaurgarriena. Hogei urte daramatzat abokatutzan, jaun-andereok, eta gauza bera galdetzen dut beti. Ez dut inoiz defenditu behar izan estatuaren goi-funtzionario baten emazterik, edo mediku famatu baten edo enpresaburu batenik, ezta horien maitalerik ere. Non dago, beraz, arazoa, auzitegi honetan ala beste nonbait? Beti zigortzen dituzue berdinak!”.
Torturaz adina kezkatu zen betidanik bortxaketaz. Eta 1978an egokitu zitzaion Aix-en-Provencen bortxaketa delitua dela defenditzeko aukera. Mediterraneoko itsas bazterrean kanpin egiten zuten bi neska gazte belgikar bortxatuak zituzten hiru gizonek lau urte lehenago. Ez zen goxoki pasatu auzia, abokatuak eta akusatzaileek atarian zain zeuzkaten hainbat jende irainka eta bultzaka hartu zituztenak. “Bortxatzaileek argudiatu zuten –kontatu zuen abokatuak– bi neskek onartua zela. Eta lesbianak zirenez, bazirudien haien onerako eta dena izan behar zuela, ‘horrela ikasiko dute’!”. Baina auzia irabazi zuten eta bi urte beranduago Frantziako Estatuak legez ezarri zuen delitutzat bortxaketa.
Frakaso handi batek ematen zion pena Halimiri zahartuta ere, 2005ko elkarrizketa batean aitortu zuenez: Vilmorin hazi konpainia auzitara eraman zuen emazte ingeniari baten izenean, bere diploma eta curriculum berdintsuekin enpresak erabaki zuelako lehentasuna ematea gizon bati. Apelazio guztiak eginda ere, auzia galdu zuten.
Bernedoko hezitzaileen aurkako salaketa publikoak zabaldu dira azken asteetan, besteak beste, nerabeak dutxa mistoak izatera "behartzeagatik". Hezitzaileek gezurtatu egin dute halakorik zein gazteekiko tratu okerrik, eta gaitzetsi dute "mezu transfoboak zabaltzeko... [+]
Danimarkaren menpe segitzen duen Groenlandiako biztanleriaren %88 da inuita, eta beraien hizkuntzan eta kulturan aitzina egite hutsa dute eguneroko desafio. Zuriek kolonizatu zituzten eta gaur egun egoerak bere horretan segitzen du: zurien begietatik bideratuta dagoen... [+]
Urriaren 31tik azaroaren 2ra Baterajotzea izango da Zaldibarren, Euskal Herriko Gazte Feministek antolatuta. Egitaraua aurkeztu dute, eta izen ematea ireki.
Jatorra, alaia eta positiboa da Sara Mirones (Bilbo, 1997). Pandemian mastozitosia izeneko gaixotasun arraro bat diagnostikatu zioten. Ordutik, Maratón de Lunares kanpaina abiatu du gaixotasuna ikusarazteko, gizartea kontzientziatzeko eta ikerketarako dirua biltzeko... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak... [+]
Vicentek 76 urte ditu eta azken mende laurdena Kanaria uharteetan darama, Maspalomas herrian, 50 urteko bizialdian ezkutatu duen izatea haizatzen: homosexuala da. Ezbehar baten eraginez, Donostiara itzularaziko dute, eta zahar etxe batean sartuko. Atzera ere, armairuko ateak... [+]
Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».
Jaizkibel konpainia berdinzaleak ekintza berezia egin du Hondarribiko alardearen egun honetan. Gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako planteamendu batzuk jar ditzala eskatuz.
Euskal Herriko LGTBI komunitateko hamar pertsonak armairutik nola atera ziren kontatzen dute, baita euren orientazio sexualak eta genero identitateak euren bizitzan zer-nolako eragina izan zuten ere.
Ondokoak dira protagonistak: Beñat Olea komikigilea, Aitzole Araneta... [+]
Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]
Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]
Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko.