ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 09a
Oscar García Jurado, ekonomialaria

"Hautsi egin behar dugu haien 'normaltasun berria'"

  • Ekonomian doktorea eta Andaluziako ekonomia sozial eraldatzailean aktibista da Oscar García Jurado. Komunikatzaile ona, argi mintzo da koronabirusa baliatuta botere kapitalistak egin nahi duen iruzurraz eta horren aurrean bizitza burujabetza lantzeko ekonomia sozial eraldatzailetik egin beharreko bideaz. Olatukoop sareak on-line mahai-ingurua antolatu zuen Langileen Egunaren bezperan, Burujabetzak postcovid19 garaian izenburupean (hemen osorik ikusgai). Itzulita eta laburtuta ekarri dugu orri hauetara andaluziarrak bertan egin zuen hitzartzea. Ondorengo lerroak, beraz, García Juradok esanak dira.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2020ko ekainaren 07a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.Argazkia: Dani Blanco.

Boterea "kudeaketaren errelatoa" inposatzen saiatzen ari da, eta dio: "Ongi geunden, birusa etorri zen, eta gaizki jarri ginen. Birusa akabatzen dugunean, berriz ongi egongo gara. Koronabirusak alteratu ditu errekuperazio ekonomikorako joerak, eta horregatik birusa bilakatu da egungo krisiaren kausa nagusi". Eta enpresa handien aldeko txoke planak erakusten dituzte, egoera honi buelta emateko estrategikoak direla esanaz. Horrela, dirua txertatzen dute, bankuek enpresei prestamotan emateko, autonomoetatik hasi eta multinazionaletara. Hori iruzur berri bat baizik ez da.

"Pandemia koartada perfektua izan daiteke, beste behin onartu dezagun baliabide kolektiboak interes enpresarialetara bideratzea. Horrela, egoera honen arduraduna den enpresa handietako ekonomia kapitalista, biktima bihurtzen dute. Beste iruzur baten aurrean egon gaitezke"

Amador Fernández Savaterrek esana duen moduan, "hau kudeaketa estrategia bat da. Kudeaketaren ideia da gertatzen dena erregulatzea, normaltasunera itzultzeko". Hortik dator "normaltasun berria"ren ideia. Baina ahal dugun guztia egin behar dugu, mahai gainean errelato kritiko bat, eraldaketarako errelato bat jartzeko. Santiago López Petitek artikulu batean planteatu zituen bi galdera itzeletatik abiatuko naiz: "Zenbat hildako behar dira alarma egoera deitzeko? Ez al dira nahiko, FAOren (Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundea) arabera iaz gosez hil ziren 5 milioi umeak?". Hori da haien normaltasuna.

Ekonomia kapitalistaren krisia pandemiaren aurretik bazegoen. Agian pandemiak haizea eman nahi dio kapitalismo agonizatzaile horri, zeinak garamatzan amildegi sozialera eta kolapso ekologikora. Une jakin batzuetan pandemia koartada perfektua izan daiteke, beste behin onartu dezagun baliabide kolektiboak interes enpresarialetara bideratzea. Horrela, egoera honen arduraduna den enpresa handietako ekonomia kapitalista, biktima bihurtzen dute. Beste iruzur baten aurrean egon gaitezke.

Ez gaitezen nahasi: oraingo neoliberalismoak inoiz ez du ekarri estatu gutxiago, neoliberalismoa beti izan da estatua kapitalaren mesedetan berbideratzea. Une honetan badirudi estatua erabat erabiliko dela ekonomia kapitalistari eusteko, horrek dakarren jasanezintasun sozial eta ekologikoaren bizkar. Esaten ari zaizkigu, prestatu egiten gaituzte, eta Andaluzian jada ikusten ari gara, milaka eta milioika pertsona botatzeko modukoak garela. Alternatibak planteatzen ez baditugu, estatua erabiliko dute, neoliberalismo hori indartu eta gure ondasun komunak eta publikoak merkantilizatzen jarraitzeko. Kontu pixka bat gehiago izango dute osasunarekin, baina pribatizatzeko eta merkantilizatzeko estrategiekin jarraituko dute. Jarraituko dute espekulazio finantzieroa hedatzeko estrategiarekin, jarraituko dute estraktibismoarekin eta militarismoarekin; eta jarraituko dute kapitalismo digital hori mangerarekin milaka milioiz blaitzen, zeina den kontrolik ezaren eta defizitaren iturri. Joseba Gabilondok hau guztia oso paragrafo latz batean biltzen du: "Koronabirusa ondorio logikoa, argia eta zuzena da, ordena ekonomiko eta sozial batena, izena duena kapitalismo neoliberal eta heteropatriarkala. Koronabirusa, aspalditik etortzen ikusia dugun serie baten azken kapitulu moduan agertu zaigu: mundu globalizatu baten apokalipsi ekologikoa da".

"Aukera paregabea dugu bizitzaren zaintza eta jasangarritasuna agenda politiko eta ekonomikoaren bihotzean jartzeko. Gai izango ote gara?"

Argi esan behar da: koronabirusa modu geldiezinean datorkigun desastre ekologikoaren entsegu bat da. Edo ez. Carmen Castro Garcíak dioen moduan, aukera paregabea dugu "pertsonak lehenbizi" diskurtsoari zentzua emateko, eta bizitzaren zaintza eta jasangarritasuna agenda politiko eta ekonomikoaren bihotzean jartzeko. Gai izango ote gara aukera baliatzeko?

Aukera baliatzeko gakoak

Nik uste dut aukera baliatzeko ihes egin behar diogula kudeaketaren ideiari eta eraldaketa izan behar dugula helburu. Fernández Savaterren hitzetan, galdera eta erantzun sorta berriak azaleratu behar ditugu, pentsatzeko eta ekiteko modu berriak, logika berriak arazoak beste marko batetik pentsatu eta egiteko. Eraldatzeak salbuespenean egotea esan nahi du, egoera bizitzen aritzea, ez uztea besterik gabe kudeatu zaitzaten. Bizi, presente egon, ez izan ikusle soil edo kontsumitzaile soil edo besteren erabakien biktima. Baizik sentitu, pentsatu eta sortu gertatzen denetik aurrera. Balioa eman, partekatu, horiekin mundua eta bizia egin.

Hortxe, ekonomia kapitalistaren pitzaduretan, badira elementuak bestelako errealitate, mundu eta bizi baterako. Horien artean daude bokazio eraldatzaile eta subertsiboa duten ekonomia sozialak. Ojala gai garen mugimendua hedatzeko. Ekonomia kapitalista dirua egitearen helburuak gidatzen du, irabazien helburuak. Beste ekonomia bat behar dugu, beste zentzu eta logika batzuek gidatuko dutena, bizitza hobetzeko balioko duena. Ekonomia kapitalistaren logika hori, metatze primitiboa, lana sexuaren arabera bereiztea (patriarkatua), edo lana lurraldearen arabera bereiztea (lurraldeen burujabetza ekonomikoaren antitesia), konfrontatu egin behar da birbanaketaren logikarekin, feminismoekin eta lurraldeetako burujabetza ekonomikoekin.
Logika aldatzea beharrezkoa da, metatzetik banaketara. Nola egingo dugu hori? Zeren, agerikoa denez, ekonomia kapitalista ez du birusak hilko, ezta neoliberalismoa ere. Logika aldarazteko, dagoeneko martxan dauden praktika sozial eraldatzaileak bultzatu behar ditugu. Eta ekonomia kapitalista ordezkatzen joatea posible egingo duten egiturak sortzen joan beharko dugu.

"Erreforma fiskalak ezarri behar dira: beharrezko bada, maila batetik gora duenari, sobera duenari kendu egin behar zaio. Txorakeria gehiegi egiten da diru gehiegirekin. Diruak kontrol soziala behar du".
Baina, zer da ekonomia kapitalista?
"Koronabirusarekin oso argi ikusi dugu ekonomia kapitalistarentzako pertsonak giza baliabide hutsak direla. Pertsonak hil direnean ezin izan ditugu agurtu, distantzia zaindu behar genuelako, eta biharamunean lanera joan behar genuen"

Ekonomia kapitalista gai da pertsonak, natura eta dirua erabiltzeko eta kudeatzeko. Koronabirusarekin oso argi ikusi dugu ekonomia kapitalistarentzako pertsonak giza baliabide hutsak direla. Maite ditugun pertsonak hil direnean ezin izan ditugu agurtu, distantzia zaindu behar genuelako, eta biharamunean lanera joan behar genuen eta metroan sartu. Hau da, bizitzarako oinarrizkoak diren kultur eremuetarako debekua zegoen, eta biharamunean, giza baliabide bihurtzen ginenean, ate denak irekita zeuden. Edozerk balio du giza baliabideen txartela jartzeko bada. Pertsonen merkantilizazioaren ondorioz, COVID osteko ekonomia kapitalistak esango digu milioika pertsona botatzeko modukoak garela. Baina nik uste dut pertsona horietako bakoitza aukera bat dela ekonomia sozial eraldatzailearentzako, eta ekonomia sozial eraldatzailea aukera bat dela ekonomia kapitalistak botatzeko modukotzat duen pertsona horietako bakoitzarentzako. Horretarako, pertsonak giza baliabide moduan hartzeari utzi behar diogu, eta desalarizaziorantz jo behar dugu.

"Ez pertsonak eta ez natura ez gara salgaiak. Bizitza ez da merkantzia bat"

Era berean, ekonomia kapitalistak natura merkantzia huts bat bailitzan ulertzen du: "baliabide naturalak" dira berarentzat. Baina egunetik egunera argiago dugu birusaren kausa, eta etorriko diren hurrengo pandemien kausa, ekonomia kapitalista eta naturarekin harremanak izateko bere modua dela. Horregatik, naturarekin beste harreman bat ezarri behar dugu, bera desmerkantilizatuz. Ez pertsonak eta ez natura ez gara salgaiak. Bizitza ez da merkantzia bat.

Diruaz egiten duten erabilera ikusita, kontrol sozial oroz kanpo, desmonetarizaziorantz jo behar dugu, edo diruaren kontrol sozialerantz. Burujabetza monetarioaz hitz egin behar dugu, zeren sisteman mangeraz blaitzen ari diren milaka milioi euroak, arma jaurtikorrak izango dira inbertsio funtsen eskuetan, ondasun komunen jabe egiteko. Beraz, diruaren beste erabilera bat egin behar dugu.

"Ezingo gara gutxieneko errenta batera iritsi, ez badu balio soberan duenari kentzeko. Zeren orain aberastasun gutxiago egongo bada, eta gutxieneko errentak jarriko badira, esan nahi du diru edo zor horren lekualdatze bat egongo dela, eta azkenean betikook ordainduko dugula"

Koronabirusak esaten digu errekonbertsio horretarako, beste ekonomia batean aurrera egiteko, lanaren eta aberastasunaren birbanaketa indartsu bat behar dela. Aberastasuna aurrebanatuko duten politikak behar ditugu batetik, alegia, ekonomia sozial solidarioa eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzea; eta birbanatzeko politikak behar ditugu bestetik, erreforma fiskal indartsu bat ezarriz. Aberastasuna birbanatzeko balioko duen oinarrizko errenta bat behar dugu: soberan duenari kentzeko gai dena. Ezingo gara gutxieneko errenta batera iritsi, ez badu balio soberan duenari kentzeko. Zeren orain aberastasun gutxiago egongo bada, eta gutxieneko errentak jarriko badira, esan nahi du diru edo zor horren lekualdatze bat egongo dela, eta azkenean betikook ordainduko dugula, ez baditugu birbanaketarako politika indartsuak ezartzen. Erreforma fiskalak ezarri behar dira: beharrezko bada, maila batetik gora duenari, sobera duenari kendu egin behar zaio. Txorakeria gehiegi egiten da diru gehiegirekin. Diruak kontrol soziala behar du.

Beraz, aldatu behar dugu ekonomia kapitalistak pertsonak, natura eta dirua erabiltzeko, kudeatzeko, jabetzeko duen modua. Eta kontzeptuak ere aldatu behar ditugu: lanaren kontzeptua, balioarena, eta jabetzarena.

"COVID osteko ekonomia kapitalistak esango digu milioika pertsona botatzeko modukoak garela. Baina nik uste dut pertsona horietako bakoitza aukera bat dela ekonomia sozial eraldatzailearentzako, eta ekonomia sozial eraldatzailea aukera bat dela ekonomia kapitalistak botatzeko modukotzat duen pertsona horietako bakoitzarentzako".
Zer dira lana, balioa, jabetza?
"Krisi honetan ikusi da lan gisa soldatapekoa soilik hartzea zer den: gezur handi bat"

Krisi honetan ikusi da lan gisa soldatapekoa soilik hartzea, hau da, lana kapitala pilatzeko funtzionatzen duena soilik izatea, zer den: gezur handi bat. Krisiak erakutsi du zaintza lanak, borondatezko lanak, soldatarik gabeko beste lan askok atera dutela bizia aurrera krisi honek iraun bitartean. Emakumeen lanak beti eutsi die bizitzari eta krisialdiei, beraz, aldatu behar dugu lanaz ulertzen duguna. Soldatapeko lana zati bat baizik ez da, mota bat, lana askoz gehiago da. Uste dut akatsa dela lan produktiboaren kontzeptua soldatapeko lanera mugatzearekin tematuta jarraitzea. Horrek ez die laguntzen ez emakumeei, ez gizonei, ez langile klaseari. Lana beste era batera ulertzera pasa behar dugu.

Ekonomia sozial eraldatzailearen helburu nagusietakoa lanaren burujabetza lortzea da. Hemen hartu dut Koopfabrikako [ekonomia sozialeko hainbat eragilek elkarlanean antolatzen duten programa da, talde bakoitzak bere proiektua garatuz ekintzailetasun sozialean trebatzeko] lantalde baten definizioa. Taldea Amaia Alvear, Mirene Begiristain, Eneko Etxezarreta eta Jon Morandeirak osatua da. Hauek diote lanaren burujabetza, jarraitu behar dugun ipar hori, pertsona guztiok lan duin baterako dugun eskubidea bermatzea dela, elkarlanean eta balio eraldatzailetan oinarrituta. Ekoizpen baliabideen jabe diren kolektiboek ekoizpen-harreman ez kapitalisten bidez egin beharrekoa. Ekoizpen harreman hauek erabakiak hartzerakoan prozesu demokratikoetan oinarritu behar dira, banaketa sistema bidezkoa izan behar dute, eta bateragarri izan behar dira egungo eta etorkizuneko bizitzaren eta inguruaren jasangarritasunarekin. Posible da lan mota horretarantz bidea egitea baina noski, horrantz jotzeko kritika gogorra egin beharko diogu soldatapeko lan dependienteari, zeina inposatu zaigun soldatapeko lan produktibo mota bakar gisa.

"Balioaren kontzeptua ere aldatu behar dugu. Ekonomia kapitalistak trukerako balio bat duen hori ekoizten du. Beharrezkoa da erabileraren balioa erdigunean jartzea"

Balioaren kontzeptua ere aldatu behar dugu. Ekonomia kapitalistak trukerako balio bat duen hori ekoizten du. Krisiak erakutsi du hori zenbaterainoko basakeria den. Txertoek trukerako balio txikiagoa dute gizonen isurketarako botikek baino. Beharrezkoa da, beraz, erabileraren balioa erdigunean jartzea, behar duen pertsona horrek dirua izan edo ez. Ekonomia kapitalistak balioa eta prezioa nahasten ditu eta zekenkeri oso interesatuaz egiten du hori. Ekonomia zeken honek truke-balioari jarraitzen dio, horrela, diru gehiago jasotzen du kapitala metatzeko funtzionalago denak eta ez, jendearen bizitza hobetzeko erabilgarriago denak. Krisi garaietan bistaratzen da zein injustua den mekanismo hau. Ekonomia kapitalistak merezi ez duena saritzen du. Ikusten dugu ezinbestekoak diren lanek, bizitzarako benetan balio izugarria dutenek, ia ez dutela truke kapitalistarako baliorik: zaintza, garbiketa, nekazaritza, garraioa, oinarrizko komertzioa, osasuna... denak dira ekonomia kapitalistak gutxiegi ordainduak eta gehien bat emakumeek eginak. Hori aldatu behar dugu. Birusa, egun heriotzaren sinonimo dena, baliagarri izan dadila bizitzarako ekonomia bultzatzeko.

Jabetzaren ideia ere aldatu behar dugu. Gaur egun, uste dut jendearen gehiengoak argi duela jabego pribatua ez dela eraginkorra osasuna bezalako gaietan. Baina ez da eraginkorra gainerako jarduera ekonomiko gehienetan ere. Ekoizpen eta bizitza baliabideen jabego pribatuak kapitalaren pilaketari soilik egiten dio mesede. Ez jendearen beharrak asetzeari.

Oscar García Jurado Olatukoopek antolatutako mahai-inguruan internetez zuzenean hitzaldia ematen.
"Hautsi egin behar dugu haien etorkizuna"
"Kapitala pilatzearen helburua ordezkatu behar du bizitzari eustearen eta berau aberastearen helburuak"

Hautsi egin behar dugu haien "normaltasun berria". Gai izan behar dugu beste politika ekonomiko eraldatzaile bat sustatzeko. Tokian tokikotik hasita, ekonomia sozial eraldatzailetik, burujabetzak eraikiz. Oinarrian, beharrezkoa da helburua aldatzea: kapitala pilatzearen helburua ordezkatu behar du bizitzari eustearen eta berau aberastearen helburuak. Horrek eskatzen du ekonomia kapitalista bukatzea, birusarekin edo birusik gabe. Ekonomia sozial eraldatzaileak praktikatik aurre egin behar dio botere kapitalistari. Erantzun sortzailea eman behar dio gauzak birbanatuz. 

"Uste dut helburua bizitza burujabea dela"

Uste dut helburua bizitza burujabea dela. Hau da, interdependentzia, egodependentzia, hauskortasuna onartzen duen bizitza. Baina ez soldatapeko lan dependentearen sakrifizioa. Trukerik egingo ez duen bizitza izan behar du, hau da, bizi-denbora diruaren truke aldatuko ez duena, besteren helburuetarako bitarteko edo erreminta izango ez dena. Bizitzeko modu berri horretan, bizitza ez da pilaketa kapitalistaren menpe jarriko, erabilera balioa ez da truke-balioaren menpe egongo, zaintza lan produktiboak ez dira soldatapeko lan dependienteen menpe geldituko... bizitzeko bestelako modu horiek ekarriko lukete ekonomia sozial eraldatzailea izatea faxismo posmodernoaren eta merkatu arrazakeriaren alternatiba.

Egia da animoz baxu gaudela, egia da egoera ez dela oso aldekoa, baina ezin dugu inoiz itxaropenik galdu. Ezin dugu inoiz ahaztu ezinezkoa den bakarra borrokatzen ez dena, bilatzen ez dena dela.

"Aurrera egiteko landu ditzakegun birbanaketa hori, ardura hori, batasun hori, erakutsi zizkiguten boterearen ustez hain gaizki hitz egiten duten horiek, gaizki ahoskatzen duten horiek, Andaluziako jornalariek. Agian horregatik erasotzen ditu botereak"

Nik ez dakit ekonomia sozial subertsiboaren garaia iritsi den, baina kontua ez da ea garaia iritsi denetz, baizik, bera lortzera joan nahi dugun. Neoliberalismoak, boterearen pilaketak, distantziak eta diziplina sozialak, honaino ekarri gaituzte: birus batek askatutako krisi sistemikora. Honen aurrean, aurrera egin dezakegu boterearen, kapitalaren, lanen banaketan. Edo aurrera egin genezake ardura kolektibo eta indibidualetan, diziplinarik gabeko betekizunetan. Aurrera egin dezakegu distantziak txikitzen dituen kooperazioan, batasunerantz. Aurrera egiteko landu ditzakegun birbanaketa hori, ardura hori, batasun hori, erakutsi zizkiguten boterearen ustez hain gaizki hitz egiten duten horiek, gaizki ahoskatzen duten horiek, Andaluziako jornalariek. Kolonizatuak izan ziren herrietako milaka biztanle horiek bezala gaizki ahoskatzen dut nik, bukatu behar izan zutelako kolonizatzaileak inposatutako hizkuntzan eta ekonomian adierazten. Hain gaizki hitz egiten duten horiek erakutsi zizkiguten balio horiek eta oso garrantzitsua da bizi ditzagula birbanaketa, ardura, batasuna. Agian horregatik erasotzen ditu botereak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Covid-19ren biharamunari so kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko ekainaren 07a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude