Gose greban hil diren musikari turkiarren ondarea

  • Grup Yorum musika talde turkiarreko kideei "erakunde terroristako" kide izatea egotzi zieten. Epaiketa justua eskatzeko eta Turkiako Gobernuak musika taldearen aurka hartutako neurriak salatzeko baraualdia hasi zuten hainbat kidek. "Bizitza izeneko borrokan eman genuen izena, bide ilun honen amaieran gaude; eguzkia irteten ikusi dugu", abesten zuten jendez mukuru izaten ziren kontzertuetan. Taldeko bi kidek ikusi dute bide ilun horren amaiera, 300 egunen bueltako gose greba eta gero.

Ibrahim Gökçek bere kide izandako Helin Böleken hiletan.
Ibrahim Gökçek bere kide izandako Helin Böleken hiletan.

Unibertsitateko lau lagunek sortu zuten Grup Yorum taldea, 1985ean. Latinoamerikako kantagintza berriak limurtuta, Turkiako musika folklorikoa rock modernoarekin nahasteari ekin zioten. Ezohiko taldea izan da, ingelesezko Wikipedian irakur daitekeenez, 35 urtean 60 kide inguru pasa dira taldetik, 23 estudioko album kaleratu dituzte eta oso jazarriak izan dira. Urteotan 400dik gora atxiloketa eta epaiketa izan dituzte.

Ukabilak eta garaipen keinuak nonahi, jende andana bildu izan dute kontzertuetan. Orkestra itxura du musika taldeak; 30 musikari inguruk osatua, agertokia zein plaza, biak bete izan ditu nonahi. Kontzertuen kronikek jaso izan dituzte Turkiako oposizioko aldarriak botatzen zituztela zaleek askotan abestien arteko atsedenetan, Herriaren Askapenerako Alderdi-Fronte Iraultzaileko DHKP-Cren aldekoak ere bai.

2012an orain arteko kontzerturik jendetsuena eman zuten, milioi bat pertsona batuz. Çav Bella (Bella Ciao turkieraz) abestiarekin iritsi zen une gorena, bi milioi esku altxatuz zerura, agertoki gainean zeuden dozenaka musikarien erritmora mugituz.

 

Turkiar eta kurdu ezkertiarren erreferente kultural garrantzitsua bilakatu direla irakur daiteke Pressenza nazioarteko prentsa agentziaren artikulu batean. Rock eta folk erritmoak nahasturik, kapitalismoaren, inperialismoaren eta Turkiako Gobernuaren aurka abesten dute, beren politikak klasistak eta baztertzaileak direla defendatuz.

Musikaz aparte, kulturako beste zenbait adar ere landu dituzte. Tavir izeneko arte aldizkaria kaleratzen dute; kultura, literatura eta musika lantzen dituzte bertan. Eta zentro kultural bat ere sortu dute, Istanbulgo Okmeydani auzoan: İdil Kültür Merkezi.

Gobernuak maiz debekatu ditu bere kontzertuak, diskoak bahitu edota sarekadak egin beren kulturgunean; 2016an musika taldeko ekintza kultural guztiak debekatu zituzten, eta taldea legez kanpo utzi. "Erakunde terroristaren parte izatea" egotzi zieten taldekideei, eta kide asko pasa da Turkiako Poliziaren eskuetatik. 2018an 300.000 lira turkiar (40.000 euro inguru) eskaini zituen Poliziak, zenbait taldekide atxilotzen laguntzen zuenarentzat; beraietako bat izan zen gose greba egin duen Ibrahim Gökçek, 2019an atxilotu zutena.

Askok torturak salatu dituzte. 2012an, kasu, Selma Altin abeslari nagusiari eta Ezgi Dilan Balci biolin-jotzaileari tinpanoa eta besoa apurtu zizkieten, hurrenez hurren, atxilotuta zeuden bitartean. Gose greba egin zuten taldekideek ere salatu zituzten; Bölek eta Gökçek beren gogoz kontra ospitaleratu zituzten. Beren egoera salatu zuten eragileen artean, Ankarako eta Turkiako medikuen erakundeek, “giza duintasunaren aurkakoa eta tortura” salatu zituzten.

Gose greban epaiketa justu eske

2019ko ekainean hasi zuten gose greba Helin Bölek eta Ibrahim Gökçek musikariek. Kartzelan ziren biak, Herriaren Askapenerako Alderdi-Fronte Iraultzaileko (DHKP-C) izatea egotzita. Frontea erakunde terroristatzat du Turkiako Gobernuak; eta beraz, terrorista izatea egozten zien gose greban hil diren bi musikariei zein taldeko beste lauri. Hirugarren preso bat ere batu zen gose grebara, Mustafa Koçak; berari ere fronteko kidea izatea leporatu zioten.

Helin Bölek gose greban.

Bizia galtzen lehena Helin Bölek izan zen. 288 egunez gose greba egin eta gero, apirilaren 3an zendu zen, 28 urterekin. Taldeko abeslaria zen, eta bera izan zen gose greba hasi zuen lehena Estatuaren presioak, beren kontzertuen debekuak eta beren zentro kulturaletako sarekadak amaitzeko presio egin asmoz. Iazko azaroan, gose greban aurrera zihoala, kartzelatik atera zuten, baina kalean jarraitu zuen protestarekin. 2002tik Turkian gose greban hildako lehen pertsona bilakatu da Helin Bölek. Orduko hartan hildakoa DHKP-C taldeko parte izatea egotzita espetxeratutako Melek Birsen Hover presoa izan zen; segurtasun handiko kartzeletako egoera salatzeko egin zuen gose greba.

Musikariei greban batu zitzaien Mustafa Koçak, 28 urtekoa hau ere, apirilaren 24an hil zen Esmirnako segurtasun handiko kartzelan, 297 egun gose greban eman ondoren. Bere kasuan, DHKP-Cko kide izateaz gain, 2015ean fronteak hildako fiskal baten heriotzan zerikusia izatea leporatu zioten. Bizi osorako kartzela zigorra zuen bizkar gainean, baina berak errugabetasuna aldarrikatu zuen beti: fiskalaren hilketan parte hartu izanaren autoinkulpazioa hamabi eguneko torturaturapean zela sinatu zuela salatu zuen.

Ibrahim Gökçek musikaria izan zen gose greban gehien iraun zuena; 323 egun. Kartzelatik irtendakoan, aurtengo otsailean, grebarekin jarraitu zuen. Martxoan bi musikariak atxilotu zituzten berriz ere, baina lau egunera aske utzi zituzten. Maiatzaren 7an hil zen, gose greba utzi eta bi egunera.

brahim Gökçek gose greban.

Dena den, gose greba egin dutenak ez dira musika taldeko preso bakarrak. Ali Araci, Bergün Varan, Emel Yesilirmak eta Sultan Gökçek oraindik kartzelan daude; azken hori gose greban hil zen Ibrahim Gökçeken alarguna da, baina ezin izan zuen Gökçek agurtu, ez ziotelako hiletara joaten utzi.

Ikusteko dago nola amaituko den guztia, beste bi preso politiko ere gose greban baitaude egun. Grup Yorumeko taldekideak ez diren arren, hildako musikarien aldarri bera dute Ebru Timtik eta Aytaç Ünsal abokatuek. Erreportaje hau ixteko egunean 147 eta 116 egun daramatzate gose greban (maiatzaren 28an), hurrenez hurren, epaiketa justu baten alde. Bitartean, Grup Yurum musika taldeak, protestan hildako kideen harira, nazioartean gaiak izan duen oihartzuna estimatuz ondorengoa adierazi du sare sozialetan: “Erresistentzia politikoki arrakastatsua izan da eta mundu osoak izan du honen berri. Kontzertu bat emateko eskaria egin dugu, eta erantzuna baiezkoa izatea espero dugu”.

Azken agurrak

Apirilaren 4an jendetzak hartu zuen Istanbulgo Küçük Armutlu auzoa. “Zure izena lur honetan geratuko da betirako, udaberriko haizeak mugituko duen gure bandera izango zara”, abesten zuten. Böleki azken agurra emateko bildu ziren han. Poliziak bide guztiak moztu bazituen ere, inguruetan jendea bildu zen Grup Yorum taldeko abestiak abestuz eta poliziaren blokeoaren aurkako aldarriak botaz.

Jendetza guzti horren artean ikus daiteke Gökçek taldekidea ere, hil aurretik, gurpil aulkian eserita atera zioten argazkian, bere lagun eta taldekidearen argazkia eskuan. Besteen aldean, Gökçeken gorputza zena baino are meharrago ikusten zen. Bere taldekidea izan zen gose greba hasi zuen lehena, baita bizia galtzen ere.

Helim Böleken senideak eta lagunak bere gorpua eramaten.

Ehorzketa horretan poliziak jende ugari atxilotu zuen, Helin Böleken senitartekoak, abokatuak eta bi autoen gidariak barne. Abeslariaren gorpua zegoen gunera hurbildu nahian zebiltzan manifestariak geldiarazi zituen poliziak, eta manifestarien eserialdiaren aurrean, kargatu eta hainbat atxilotu zituen.

Böleken hiletan atera zizkioten bere biziko azkenengotariko argazkiak Gökçeki. Publikoki hurrengo aldiz agertu zenean berea zen ehorzketa, maiatzaren 8an. Hurrengo egunera arte ezin izan zuten lurperatu, ordea, poliziak bere gorpua bahitu baitzuen.
Kayseriko probintziakoa jaiotzez, Istanbulgo etxe baten eman zioten azken agurra bere jaioterrira eraman eta han ehortzi aurretik. Polizia presentzia handia zegoen eraikin kanpoan, bere kidearen ehorzketan bezala, hurbildu ziren manifestariak geldiaraztera. Kasu honetan, ordea, okerrera egin zuen egoerak, eta poliziak gas negar-eragilea jaurti zuen eraikinera, bertako zenbait atxilotu eta gorputza bahitzearekin batera. Atxilotuen artean zeuden Gökçeken familiako kideak eta Grup Yorumeko taldekideak. Poliziak hilotza bahitu eta Kayseriko probintziara eraman zuen, eta hurrengo egunean eman zioten azken agurra, bere jaioterrian lurperatzearekin batera.

Handik egun gutxira, maiatzaren 13an, Böleken hilotzaren inguruan zortzi lagunek osatutako taldea batu zen; Gökçeken hiletan atxilotutakoak ziren. Botila eskuan, beren bi taldekideen omenez egin zuten topa, eta beren memoria ez ezabatzeko hautua egin zuten:  “Beraiek argiztatutako bidea jarraituko dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turkia
Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Erdoganek garaipena lortu du Turkian, hauteskundeetako bigarren itzulian

Botoen %52,1ekin irabazi du Erdoganek, eta aurkariak, Kemal Kiliçdarogluk %49,7eskuratu du. Emaitzak ezagutu ondoren, nazioarteko buruzagiek Erdogan zoriondu dute.


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean

Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.


2023-05-15 | Leire Artola Arin
Hauteskundeak
Erdoganek bigarren itzulia gainditu beharko du presidentetzan jarraitzeko

Bozken %99 zenbatuta, egungo presidente Erdogan nagusitu da lehen itzulian, botoen %49,4 lortuta. Gertu geratu da Kemal Kiliçdarogluk oposizioko burua, %45arekin. Inork ez duenez gehiengo absolutua lortu, bigarren itzulia egin beharko dute maiatzaren 28an.


Eguneraketa berriak daude