Lurrikara geopolitiko bat astintzen ari da Ekialde Hurbileko mapa. Anabasaren erdian, Abdullah Öcalanen bakerako azken deiak mahai gainean jarri du eskualdeko gatazka armatu zaharrena. Ez, aurrekariek ez diote bide ematen itxaropenari, eta historiaren trena inoiz baino azkarrago doala dirudi. Bertan, milioika kurduk tokia eskatzen dute.
Suitzako bailara bat izan zitekeen. Udaberriak eztanda egin berri, elurra zegoen oraindik mendi gailurretan, eta lore sorta batek estaltzen zituen magalak. Paraje idiliko hura, baina, Kurdistango erdigune geografikoan zegoen, Turkiako eta Irakeko mugek talka egiten duten tokian. PKK-k zortzi soldadu turkiar entregatzeko asmoa zeukan; bere esku zeuden azken gerra-presoak ziren. 2013 udaberrian gertatu zen.
Soldaduak etxera onik bueltatu eta astebetera, Newroz urte berri kurduaren egunean, PKK-ko buruzagi Abdullah Öcalanen gutun bat irakurri zen Qandil mendietan: “Aro berri baten hasiera da gaurkoa. Borroka armatuaren aldia amaitzen ari da, eta atea irekitzen zaio politika demokratikoari”, zioen. Askok emantzat jo zuten Ankararen eta iparreko kurduen arteko bakea inoiz baino gertuago zegoela. Gerrillaren gotorlekuan zeuden kurduak, aldiz, ez zetozen bat.
“Zaharrak berri”, bota zidaten, besteak beste, bi seme gerrillan zituen gizon batek, kazetari kurdu batek eta prozesu hartan bete-betean ari zen ordezkari politiko batek. Azken honek bere izena ez emateko eskatu zidan orduan. Desegokia zatekeen bake-eragile batek prozesuan ez sinistea. Baina hala zen. Bakerako leiho hori bi urte beranduago itxi zuen Turkiak, paper gainean adostutako inongo pausurik eman gabe. Ez zen harritzekoa, iraganeko antzeko prozesu orok porrot egin baitzuten.
2009 urrian, esaterako, gerlari talde batek Irak eta Turkia arteko muga zeharkatu zuen, oinez, uniformez, armarik gabe eta beren zain zeuden dozenaka milaka lagunen aurrean. Itzela izan zen. Argazki hori ederki gordeta dago iparreko kurduen memoria kolektiboan. Handik bi hilabetera, Turkiak atxiloketa arbitrarioez eta errepresioz zapuztu zuen itxaropena. Ilusioa berriz lurperatu zenekoa; huraxe kronikaren izenburua orri hauetan kontatu genuenean.
Denboran atzerago ere joan gintezke, baina beti egingo genuke murru berarekin topo: gerrillak deitutako alde bakarreko su-etenek, desmobilizazioek, gerra-presoen askapenek… kurduek bake bidean egindako keinu orok ez du erantzunik jasotzen Ankaratik. Aukerarik sendoena zein ote? 1993koa, zalantzarik gabe. Orduko presidente turkiar Turgut Özalek bere jatorri kurdua aitortu ez ezik, PKKrekin elkarrizketa prozesu itxaropentsu bat jarri zuen abian. Baina Özal hilda agertu zen bere bulegoan. “Bihotzekoak jota”, esan zuen bertsio ofizialak; “pozoituta”, etxekoek.
Bakerako azkeneko leihoa iragan otsailean zabaldu berri da. “Kurdistango Langileen Alderdia desegin beharko litzateke. Deialdi hau egin eta erantzukizun historikoa nire gain hartzen dut”. Abdullah Öcalanen hitzak ziren, berriro ere. Gutuna prentsaurreko batean irakurri zuten Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiko (DEM) kideek, eta sare sozialen bidez zabaldu zen. Turkiako kurduen alderdi aurrerakoia dugu DEM. Bere bitartekaritza –Öcalan eta PKK-ko buruzagitza artean– ezinbestekoa da bakeranzko urrats oro eman ahal izateko.
1999tik preso dagoen buruzagi kurduak aho bete hortz utzi zituen hainbat kurdu eta ez kurdu. PKK desegin? Zeren truk? “Marko demokratiko baten barruan” baino ezin zela gertatu zioen preso kurdu ospetsuenak. Nahasmena zen nagusi.
DEMeko iturriek ARGIAri baieztatu legez, PKK-ko buruzagiekin kontrastatu zen idatzia argitaratu aurretik. Halaber, “diskrezioari eustea” erabaki dute. “Xehetasunak Turkiako Estatuarekin eta alderdi politikoekin eztabaidatuko dira mahai batean”, gaineratu dute DEMetik. Hiru hilabeteko epea eman diote elkarrizketa prozesuari. Ankara eta kurduen arteko sua betirako itzaltzea dute helburu. Urte gehiegi daramatza piztuta.
Öcalanek 1984an bideratu zuen PKK taldea ekintza armaturantz. 75 urte dituen presoak espetxean bete ditu azken 25ak. Siriako erbestealdian urteak taldearen buruan eman ondoren, Turkiako agente bereziek 1999an atxilotu zuten Kenian, Greziako enbaxadatik Nairobiko aireportura zihoala. Operazio hartan CIA eta Mossad-eko agenteek ere parte hartu zutelakoan daude aditu asko.
Hasiera batean, heriotza zigorra ezarri zitzaion Öcalani, “traizio” eta “terrorismo” karguekin. Sententzia, alabaina, biziarteko kartzela-zigorrarekin ordezkatu zioten. Imrali izeneko irla batean betetzen ari da, Marmara itsasoan. Esan liteke buruzagi kurdua isolamendu estuan betetzen ari dela bere kondena: urte ugari pasa dira bere abokatuekin bildu zen azken alditik, eta apenas jaso du bestelako bisitarik. Azkenak, hain zuzen, DEM alderdikideenak izan dira.
Mundu osoan 40 milioi kurdu inguru daude, Irak, Iran, Sirian eta Turkiako mugek banatuta. Horietatik erdia Ankararen kontrolpean bizi da. Turkiak errepresioz erantzun ohi die kurduen oinarrizko eskakizunei, hala nola nortasun kurduaren aitortzari, adierazpen-askatasunari eta beste berme demokratiko batzuei.
“Öcalanen azken gutuna 1993ko bake ekimenaren jarraipena da, Özal presidentearekin batera bultzaturikoa, alegia”, adierazi dio ARGIAri, Kurdistango mendietatik eta telefonoz, PKK-ko bozeramaile Zagros Hiwak. Bere hitzetan, Öcalan da, “edozein bake-ekimenetan”, negoziatzaile nagusia. “44 hilabete daramatza erabateko isolamenduan, eta basakeri horri amaiera eman behar zaio. Nelson Mandelak zioenez, bakea ezin da espetxetik gauzatu, eta preso dagoen pertsona batek ezin du lortu”, azpimarratu du Hiwak. Gerlariaren aburuz, “bakea lortzeko Ankararen azken aukera” izan daiteke honako hau.
“Hasiera batean, txeke zuri bat dirudi. Ez dakigu zer eskatzen duten desegitearen truke, beraz, espekulatu baino ezin dugu egin”. Dünya Başol turkiar analista politikoaren hitzak dira. ARGIAri emandako elkarrizketan, adituak ez du aurreikusten inongo autonomia estatusik kurduentzat. “Hizkuntza-eskubideak aitortzea, kultura-programak udaletxe kurduetan sartzea, mugimendu zibilen kontrako errepresioa amaitzea eta preso politikoak askatzea. Esango nuke hauexek direla Estatuak egin ditzakeen keinu nagusiak”, uste du Başolek. Hauek betetzekotan, Turkiako kurduek bizi izandako “unerik onenarekin” alderatu du analistak.
“Hein handi batean, 1960ko Turkiara itzuliko ginateke. Kurduek adierazpen-askatasun handiagoa zuten orduan, eta tentsioa askoz txikiagoa zen. 1971ko estatu-kolpeak amaiera bortitza eman zion egoerari, eta ez da hobetu ordutik”, damu da Başol.
Espekulazioaren larre zabalean, Turkiako presidente Recep Tayip Erdoganek bultzatu nahi duen konstituzio erreforma ere aipatu berri da. Erdogan 2003an iritsi zen boterera, lehen ministroaren karguan. 2014an presidente bilakatu zen, eta bere boterea sendotu zuen 2017an egindako konstituzio erreformaren bidez. 2028ko hauteskundeetan berriz lehiatu ahal izateko, beste konstituzio doikuntza bat ezinbestekoa du Erdoganek. Alderdi kurduaren bozkak beharko lituzke horretarako. Honela, babes parlamentarioa oraindik sekretua den bakerako bide-orrian egon liteke. Jakina da, nolanahi, azkoz puntu gehiago ere egon badirela, Turkiatik haratago zabaltzen direnak ere tartean. Ez dezagun ahaztu lau estaturen mugek banatuta bizi direla kurduak. Paradoxa bada ere, populazio txikiena duen eskualdea, Siriakoa, hain zuzen, aktore nagusi bilakatu da azken hamarkadan.
Bere 26 urteko bakardadean, Abdullah Öcalanek idazteko denbora asko izan du espetxean. Berebiziko norabide aldaketa eman dio buruzagi presoak hastapenetan Estatu kurdu bat helburu nagusi zuen erakunde marxistari. “Konfederalismo demokratikoa” izeneko proiektua du ardatz orain: ez du Ekialde Hurbileko mapa eraldatu nahi, bai, ordea, gobernu dinamikak. Boterearen “atomizazioa” gauzatzearren, komuna dute bertako kurduek ezinbesteko organoa. Ez da kasualitatea konfederalismo demokratikoa anarkismoarekin maiz alderatu izana. Antza, Murray Bookchin pentsalari amerikarrarekin izandako korrespondentziak eragin handia izan omen du Öcalanen pentsamoldean. Zirkulu anarkistetan hainbat hamarkada eman ostean, estatubatuarrak deszentralizazioa abiapuntu duen proiektu berria garatu zuen. Öcalanek hura egokitu eta paper gainean jarri zuen. Praktikara Siria ipar ekialdean eraman dute, 2012tik.
Egitasmoa Siria ipar ekialdeko kurduen jatorriko eskualdetik –Rojava izenez ezaguna dena– egungo Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomora zabaldu dute. Siriako %30 hartzen du eta bost milioi lagun bizi dira bertan, arabiarrak, armeniarrak eta asiriarrak tartean, kurduekin batera. Espero bezala, Turkiak ez du begi onez ikusi mugaz gaindiko ideologiaren zabalpena. Siriako kurduen milizia armatua den Siriako Indar Demokratikoak (SDF) PKKren adarra direla argudiatuz, Ankarak hainbat lurralde okupatu ditu talde islamistei babesa emanez azken urteotan, eta ehunka milaka kurdu desplazatu ditu.
Zigortzeko joera hau ez da berria. Assad dinastiaren 50 urteko agintaldian zehar, Siriako kurduen garbiketa etnikoa burutzeko hamaika saiakera egin ziren. “Gerriko arabiarra” deitu zioten ehunka milaka kurdu Siriako mapatik desagerrarazteko egitasmo basatiari. 2011n, siriar hiritartasunik ez zuten milioi erdi bat kurdu zeudela kalkulatzen da. Ipar ekialdean autogobernua eraikitzen hasi zirela, Erdoganek Assadtarren proiektu gaitzesgarria baino ez zuen berreskuratu.
Baina Ekialde Hurbileko azken aldaketek deus ez dela betirako gogorarazi digute. Öcalanen iragarpena argitaratu eta bi astera, akordio historiko baten berri izan dugu. Siriako presidente Ahmed al-Sharak eta SDFko komandante Mazloum Abdik Damaskon eszenifikatu dute herrialdea bateratu dezakeen bilkura. Su-etena dago biek adostutako zortzi puntuen artean, baita segurtasuna bermatzen duten beste eskaera batzuk ere, hots, SDFren integrazioa Siriako Armadan, edota desplazatu kurduen etxera bueltatzeko eskubidea. Harridura handiena sortu duena, baina, Siriako instituzioekin bat egiteko kurduen konpromisoa dugu. Autogobernuari uko egingo al diote? Konfederalismo demokratikoa amaitutzat eman dezakegu, beraz? Oraingoan ere, eragile nagusiengana jo dugu erantzun bila.
Batasun Demokratikoaren Alderdia (PYD) da nagusi Siriako ipar-ekialdean. Haren presidentetzako kide Salih Muslimekin hitz egin du ARGIAk. “Autogobernua galtzea baino, esango nuke Siriako Estatuan bazkideak garela bere administrazioan edota konstituzioan, ekonomian, egunekoko bizitzan… alderdi guztietan”, diosku kurduen iraultzaren aurpegi ezaguna den Muslimek. Akordioak herri honen “hiritartasuna eta konstituzio eskubideak” onartu arren, ez du adierazten ea kultura eta hizkuntza babestuko diren. Herrialdeak Siriako Arabiar Errepublika mantentzen du izen ofiziala oraindik, eta honek panarabismoaren itzala hauspotzen du askorentzat. Kurduak ere badira Sirian, baita arabiarrak ez diren beste hainbat herri ere.
“Alde horretan ere ez da ezer aldatuko. 2012tik eraiki dugun hezkuntza sisteman kurdueraren presentzia bermatuko dugu, haurtzaindegitik unibertsitateraino”, baieztatu du buruzagiak. Beste aldaera batzuk, alabaina, ez daude bere herriaren esku. “Ez dakigu AEBetako tropek gure lurraldean jarraituko duten. Estatu Islamikoaren (EI) kontrako misiopean bertaratu ziren, eta beraiek baino ez dakite lana bukatutzat eman dezaketen ala ez. Edonola, guk EIren kontrako operazioak burutzen jarraitzen dugu”.
Estatubatuarrena ez da, inondik ere, inkognita bakarra. Akordioa sinatu arren, etengabeak dira kurduen kontrako eraso jihadistak, haietako asko Damaskoko gobernu berriarekin bat egin duten taldeen eskutik. Muslimek dio “ilegaltzat” hartuko direla honako hauek, eta haien kontra borrokatzeko “estrategia amankomunari” eutsiko zaiola.
Buruzagiak honela laburbildu du prozesua: “Orain elkarrekin esertzeko parada dugu, edozein aldaketa egin aurretik dena xehetasunez eta denboraz eztabaidatzeko”. Agendan dauden zortzi puntuak betetzeko urtebeteko epea adostu dute alde biek. Modu xumean bada ere, Ankarak ontzat eman du AEBen bultzada izan duen Siriako akordioa.
Itxaropena edota hondamendia iragartzen duten gertakizun historikoak abiadura bizian kateatzen ari dira berriki. Analistek nekez eusten diote albisteen sekuentziari, eta hau ulertu orduko paradigma alda daiteke, erraz. Edota kazetariok bidalitako erreportajea zaharkitu, paperera iritsi baino lehen. Momentuz, bat datoz nazioarteko adituak: Siriako itunak lotura zuzena du Turkiako bake prozesuarekin.
Ankarak babesturiko talde aliatuek Damasko mendean hartu ostean, Turkia Ekialde Hurbileko potentzia nagusi bilakatu da. Hala bada, zein interes eduki dezake Erdoganek kurduei ezer eskaintzeko?
PKKren mendiko gotorlekutik, Zagros Hiwak zalantzan jarri nahi du Turkiaren ustezko indarra. “Turkiaren politiken ondorioz, hondamendia da nagusi Sirian. Estatu Islamikoa eta Al Qaedarekin lotura duten hamaika talde daude, eta hori ezegonkortasun iturri hutsa da. Anabasa erraz zabaldu daiteke Turkiara. Eta ez dezagun ahaztu milioika siriar errefuxiatu daudela oraindik Ankararen ardurapean”, diosku Hiwak, Turkia “siriar putzuan” ito litekeela gaineratu aurretik.
Washingtongo Kurdistango Bake Institutuko ikertzaile Kamal Chomanik antzeko irakurketa egiten du. “Turkia, 2015ean baino indar militar handiagoa izan arren, biziki ahulago dago arlo ekonomiko nahiz sozialean. Bestalde, esango nuke Siriako presidente berria Saudi Arabiarantz gerturatuko dela, eta ez Turkiarantz. Al Sharak lotura estuak ditu Riadekin, eta jakina da saudiek interes handiak dauzkatela Sirian, baita diru asko ere hauek lortu ahal izateko”, azaldu dio Chomanik ARGIAri.
Adituaren ustez, Ekialde Hurbila “azkar eta etengabe birsortzen ari denean” iritsi da PKKren elkarrizketarako gonbita. Eskualdeko ohiko ardatzak eraldatu heinean, kurduen auzia «Turkiak baztertu ezin dezakeen nazioarteko gai” bihurtu dela dio Chomanik.
“Bai Öcalan bai Turkiako Estatua jabetu dira eskualdeko aldaketei batera erantzun behar dietela. Hori da, hain justu, Turkiak aurrera egiteko duen modu bakarra. Inork irabazi ezin dezakeen gerra dugu beste aukera, alde biei etengabeko sufrimendua ekarriko diena”, uste du Chomanik. Talde armatuaren “estrategia berri” batez ere mintzo da. “Horretarako baldintzak eta bermeak izatekotan, PKK armak uzteko prest dago borroka politikoari eusteko. Özal-en 1993ko ekimena arrakastatsua izan balitz, gerrillak pauso hura orduan emango zukeen”.
Öcalanen azken agerraldia dela eta, “sentimendu kontrajarriak” aitortu ditu aditu kurduak. Aurrekariek pesimismorantz bultzatzen dutela dio; zaharrak-berri direlako sentsazioa “ia gaindiezina” egiten zaiola. “Nolanahi, nola etsi bakea lortzeko aukera berri baten aurrean?”, bota du. Baliteke milioika kurduk horretarako eskubiderik ere ez izatea une honetan.
SDF kurduek gidatutako koalizioak eta Siriako Gobernuak su-etena adostu dute. SDFk Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabala kontrolatzen du egun, eta hitzarmenak jaso duenez, gobernuaren esku geratuko da orain.
Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.
Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du... [+]
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]