Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

  • Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


2024ko abenduaren 24an - 11:30
Editore kurduak protestan Dijarbakirreko ferian. dubaR.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Debekatutako lanen artean daude, esate baterako, Mustafa Barzani Irakeko agintari kurdu historikoari buruzko liburuak edota Ismail Besikci soziologoarenak. Yewkurd Editore Kurduen Elkarteko kide Jihat Rojhulat-ek debekuak kritikatu ditu Rudaw hedabide kurduari egindako adierazpenetan, eta bere esanetan, “1990eko hamarkadan ere ez ziren hainbeste liburu batera debekatu; errekorren Guinness Liburuaren eremukoa da hau”.

Rojhulatek dioenez, debekuok ez dira legezkoak, Turkiako Prentsa Legearen 3. artikuluak argi dioelako ezin direla liburuak edo aldizkariak frogarik gabe debekatu. Avesta argitaletxea izan da eragin handienetakoa jasan duena, denbora laburrean haren hamalau liburu debekatu baitituzte.

Avestako ordezkari Songul Keskin hala mintzatu da debekuen gainean: “Liburuetako bat, esate baterako, kurduen mitologiaz ari da, baina kurduak ez ditu aipatu ere egiten, eta gainera, ez zen lehenbiziko edizioa debekatu, hirugarrena baino. Orain, editoreek sei hilabete dituzte liburuak moldatzeko. Etxeetan egindako sarekadetan ikusten dituzte liburuak eta gero datoz debekuak”.

Abendu hasieran Turkiako Poliziak Diyarbakir-eko lurraldean egiten ari zen azoka batean bahitu zituen hainbat liburu, horien artean Dildarê Serkeftinê (Afrineko erresistentziaren egunkaria), zeinak kontatzen duen Siriako Afrin probintzian gerra zibilak izandako gorabeherak.


Kurdistan kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Rohilat Afrin, YPJ-ko komandantea
"Guda hau, batez ere, emakumeen aurkakoa da"

2026ko otsailaren 20
Seigarren eguna Rojavan
Jinwar, emakume askeen herria

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.