Kubak osasun publiko eredugarria esportatzen du COVID-19 garaiotan

  • COVID-19 krisia hasiz geroztik Kubak 179 mediku, 399 erizain eta hamabost teknikariz osatutako hamabost brigada barreiatu ditu munduan zehar, Latino Amerika, Karibe eta baita Europako herrialdeen eskariz ere –tartean Italia, Andorra eta Frantzia bera Martinikarako...–. AEBek ezarritako blokeo ikaragarriaren erdian, Kubarentzako tresna geopolitiko garrantzitsua dira brigadok, iraultza sozialistaren balioen erakusgarri izateaz gain.

Henry Reeve brigada. Mediku eta erizain talde bat apirilaren hasieran Habanatik Italiarantz abiatzerakoan, Piamonteko eskualdeak Kubako gobernuari egindako eskariari erantzunez. (Argazkia: Ariel Ley Royero).
Henry Reeve brigada. Mediku eta erizain talde bat apirilaren hasieran Habanatik Italiarantz abiatzerakoan, Piamonteko eskualdeak Kubako gobernuari egindako eskariari erantzunez. (Argazkia: Ariel Ley Royero).

Apirilaren 12an Italiako Turingo aireportuan lur hartu zuen 21 mediku, hamasei erizain eta koordinatzaile logistiko batez osatutako brigada kubatarrak. Italian COVID-19aren kontrako borrokara Kubatik iritsitako bigarren taldea zen: horra Europa aberatseko osasun sistema ustez moderno bat pandemiari aurre egin ezinik eta bizi-maila askoz txiroagoko herrialde bateko profesionalak laguntzera etorriak…

Frantziak ere Hexagonorako ez baina Martinikarako onartu zuen beste brigada bat. Apiril hasierako egunik gogorrenetan Espainiak ere gustura onartuko zituen pare bat baino gehiago –tartean Valentziako erkidegoak horietara jo nahi zuelako–, ez balitz NATOren eta AEBen errepresalien beldur izan.

Kubako Gobernuak ofizialki aitortu duenez, bere osasun langileak COVID-19aren kontrako elkarlan operazioetan ari dira mundu osoko 40 herrialde baino gehiagotan. Espresuki koronabirusaren kontrako borrokara joandakoak dira terapia intentsiboetan, birologian, epidemiologian eta farmakologian berezitutako profesionalak –Italiara joandakoen artean, medikuntza orokorreko 23 doktore, hiruna pneumologo, ZIUko espezialista, infekziologo eta larrialdietako langile, gehi hamabost erizain (zazpi  intentsibista) eta logistikako arduradun bat–. Kubak 11 milioi biztanleren artean 95.000 mediku baino gehiago dauzka, 1.000 biztanleko 9 –AEBek 2,6 baino ez dauzkate–, gehi 85.000 erizain. Osasun zerbitzuetako langileek orotara 492.000 pertsonako multzo handia osatzen dute.

COVID-19aren krisia hasi aurretik, Kubako Osasungintzako Elkarlanerako Unitate Zentralak 28.729 langile zeuzkan mundu osoko eta kolore guztietako 59 herrialdetan sakabanatuta: Saudi Arabia, Aljeria, Cabo Verde, Qatar, Kenya, Mongolia, Niger, Hego Afrika, Turkia, Uruguai, Venezuela, Vietnam, Zimbabwe… 2015-2018an 50.000 langiletik gora (erdiak medikuak) zeuzkan bidalita 69 herrialdetara. Geroztik neoliberalek Latino Amerikan hartu duten indarrarekin, etxera itzuli behar izan dute Brasilen (8.471), Ekuadorren (382) eta Bolivian (725) lanean ari zirenak, hauetako gobernuek elkartasun operazioak etenda.

Le Vent Se Leve aldizkarian Antoine Bourdonek kontatu duenez, 1959an Fidel Castroren gidaritzapean iraultzaileek agintea hartu zutenetik Kubak osasun sistemaren garapena ipini zuen lehentasunen artean hezkuntzarekin batera, munduan erreferentzia izan nahian, sistema berriak gizakiaren garapena lehenesten zuela erakusteko eta, horrekin batera, “diplomazia mediku” oso bat garatzeko.

Hasiera gozoa ez zuten izan, ordea:  mediku eta medikuntza irakasle askok ihes egin zuten iraultzaren garaian. Ernesto ‘Che’ Guevararen –medikua bera ere– garaietan garun ihesi masibo hari adabakia jartzea izango zen, beraz, lehenbiziko beharra. Hasteko, iraultzaileek osasun sistema osoa nazionalizatu zuten, botika eta tratamenduen prezioa jaisteari ekin eta azkenerako, Kubako konstituzioan ezarri osasun zerbitzuak doakoak izatea.

Osasun sistema kubatarra bi oinarriren gainean antolatu da: prebentzioa eta hurbiltasuna. Horiek lekuko poliklinika sarean mamitu dira, zeintzuetan ospitaleko tratamendutik harago, eritasunak klinikara iritsi aurretik detektatu eta mugatzeko lana ere egiten baita. 1984an “oinarrizko osasun taldeak” artikulatu ziren uharte osorako, mediku bat eta erizain batez osatuak: ekipo horietako bakoitzak 2004an 120-150 herritarren osasuna zaintzen zuen.

Elkartasuna bai, softpower ere bai

Kubako osasun sistemak aurre egin behar izan zion 1989ko krisi handiari, urte hartan Sobiet Batasuna eta bere bloke ekonomikoa hondoratu zirenean. Solaskide komertzial gehienak galduta eta ondoren, AEBetako agintariek uhartea ito nahian 1992an Cuba Democracy Act legearekin blokeoa gaineratuta, Periodo Especial delako aro latza zeharkatu behar izan zuten herritarrek, klase guztietako murrizketak nozituz. COVID-19agatiko itxialdia ezagutu duen europarrak berak nekez pentsatu ditzakeen bezalako zailtasun eta gabeziak sufritu zituzten kubatarrek urte haietan. Hura gainditzeko ahaleginean, egoera ekonomikoa pittin bat kontrolatu bezain laster ekin zion Kubak botiken ekoizpen nazionala bermatzeari –yankiek kontrolatutako farmazia konpainien zepoari ihes egiteko–. Ildo horren emaitza dira bioteknologiazko proiektu kubatarrak ere, hainbat tratamendu berri sortzera eraman dituena. Tartean, COVID-19aren kontra esperimentatzen ari diren Interferon Alfa ezaguna.

Atzerriko beste gizarteei estutasunetan medikuz eta erizainez laguntzeko estrategiari ere oso goiz heldu zion Kubak, lehenbiziko misioa 1962an Aljeria independizatu berrira bidalita. Geroztik, gehienik hondamendien ondorio humanoak artatzen zentratu da Kubaren atzerriko laguntza, mediku diplomazia tresna geopolitikotzat erabiltzeaz gain laguntza horren ordainekin uharteko osasun sistema pagatzen laguntzeko.

Kubak atzerriko laguntza honi softpower –harreman internazionaletan hardpower diren armak edo ekonomiarekin konpetitu ezin dutenez– atera dion zukua hainbat ikerlarik aztertua dute, hala nola Patrick Howlett-Martinek “Kubaren nazioarteko elkarlan medikua: ordaina izan duen eskuzabaltasuna” liburuan.  Softpower horren erakusgarria izan zen 2014an Ebola krisi bati aurre egiteko Mendebaldeko Afrikara Kubak bidalitako doktore eta erizain ekipo sendoaren lanak jaso zuen mundu mailako txaloa, orduan Barack Obamaren Atzerri Ministro zen John Kerryrena tartean.

Diplomaziazko tresnaz gain diru-sarrera iturri ere bada nazioarteko elkarlan hau. Iturri batzuen arabera, Kubako ogasun publikoari urtean 11.000 milioi dolar ekartzera iritsi zen, askoz zalaparta handiagoa eraginez turismoak ekartzen zizkionak baino gehiago. Hori 2018a baino lehenago zen, hortik aurrera hasi baitziren ilaran Brasil, Ekuador eta Bolivia kanporatzen laguntzaile kubatarrak –ultra-eskuindarren obsesioetako bat–.

Atzerrira doazen osasun langile bakoitzaren ordain gisa Kubak herrialde bakoitzari ezartzen dion tarifa da lanpostu horri pagatzen zaiona lekuan bertan. Diru kopuru horiek ez dute edukitzen batere antzarik Kuban mediku batek edo erizainak kobratzen dituztenekin: mediku espezialista batek 2018an 1.460 peso kobratzen zuen hilean (50 dolar, trukean), eta 2019az geroztik 1.850 peso, erizain espezialista batek 1.220 peso. Die Welt-ek iturri ofizialetatik jaso duenez, atzerrira bidalitako langile bakoitzari Kubak ordaintzen dio zerbitzuen hartzaileka pagatu dionaren %20 eta %30 artean, gainerako Estatuak hartzen du bere gain. Alde horretatik, esan liteke nazioarteko lan banaketan Kubak bere merkatutxoa aurkitu duela ere larrialdietarako zerbitzu medikuak eskainiz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude