Jean-Louis Davant: “Ezin uka euskarak leku guti zuela Enbata-n, beste euskal alderdietan bezala”

  • 1960an Aljeriako gerlatik sartzerakoan kausitu zituen Jean-Louis Davantek Embata aldizkari politikoaren lehen aleak Ürrüstoi-Larrabileko (Zuberoa) sortetxean. Bere biziaren bidea azkarki markatuko zuen irakurketa. Hizki bakarra aldatu eta Embata Enbata izatera pasa zen urte berean, ildo editorialaren mami politiko eta abertzalea finkatuz eta aldarrikatuz. Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasuna ereinen eta sustatuko zuen izen bereko mugimendua sortu zen 1963an. Sei hamarkada hauetan Enbata-n idazten ari da mugimenduaren sortzaileetarikoa izan zen zuberotar euskaltzalea.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Enbata aldizkariak 60 urte bete ditu aurten. Nola oroitzen duzu komunikabide honen sortzea?

Enbata politikoa aitzin hor zegoen Embata euskal ikasleen elkartea, 1953an Bordelen sortua, lehendakari zuela Michel Burucoa Arboti eta Baionako medikugaia eta kide zinez ezaguna Ximun Haran baionar botikarigaia, esku pilotari handia. Urtero udako oporretan, kideek euskal udalerri bateko bizi ekonomikoa ikertzen zuten astebetez. Izen bereko aldizkari bat ateratzen zuten tarteka. 1960ko uztailaren 23an ikasle ohi zenbait bildu ziren Ezpeletan eta erabaki zuten euskal politikara pasatzea aldizkariaren bitartez. Zenbaki berezi bat idatzi eta hedatu zuten Arbotin, Eskualzaleen Biltzarra kultura mugimenduaren bilkura publikoan. Abertzale gazte horiek ere mugimenduan ziren eta etsidurak hartuak zituen bide apolitikoaren antzua ikusiz –botere publikoei bidali euskararen aldeko eskari guztiak seko zakarrontzira joaten ziren–. Horregatik erabaki zuten euskal politika bati ate bat irekitzea. Hastapen horretan ez nuen parte hartu, Aljerian soldadu bainengoen 1958ko irailetik. 1960ko abenduan itzuli nintzenean aurkitu nituen Embata politikoaren lehenbiziko zenbakiak Larrabileko sortetxean, pozik naski. Eguberri irian, ikasleen buruek Embata-ren politizazioari muzin eginik, abertzaleek izena aldatu zioten ortografia berriaren arabera, “m” letraren ordez “n” jarriz. Laster taldean sartu nintzen.

Zer girotan sortu zen?

Egoera nahasia zegoen, batetik bortitza, bestetik ilusioz aberatsa. Hegoaldean Franco gora zegoen, baina nork asma zezakeen beste hamabost urtez iraunen zuenik? ETA agertu berria zen. Europaren xedea aipu zen, harekin Espainiaren demokratizatzea eta euskal autonomiaren itzulera. Iparraldean, Aljeriako gatazka iduriz baketzera zihoan, baina baldintza gogorretan, laster autodeterminazioaren aurkakoak putsch baten egitera saiatuko ziren eta. Hemen ere frantses nazionalismoa sekula bezain indartsu zen de Gaulleri esker. Nekazari mundua laborantza industrialean sartzen hasia zen eta bide horretan laguntzen zuen gaullismoak. Jendartea kontsumoaren dastatzen ari zen eta garatu ahal izateko bakea nahi zuen. Ekonomiaren aurrerakada ikusiz, antza denez Enbata ez zen unerik onenean sortu, iduri zukeen iniziatiba zinez idealista zela. Halere sakonean oinarri sozial bat bazuen: etxaldeetan premu ez zirenek hiri arrotzetako bidea hartzen zuten, lana bilatu beharrean. Enbata-n bigarren mailako aitzindariak izango ginenek ordea desterruari uko eginez, aberrian egotea erabaki genuen.

Enbata mugimendua aitzin sortu zenuten komunikabidea.

Ideiak zabaldu behar genituen eta horretarako behar zen tresna bagenuen: Embata. Ez zait iduri hastapenetan mugimendu baten sortzerik aipatu genuenik. Lehenbiziko Aberri Eguna –pribatua– ospatu genuen Itsasun 1962ko Bazko astelehenez. Hitzaldi bana egin genuen Haranek, Jakes Abeberryk eta nik. Eztabaidan agertu zen mugimendu baten xedea eta 1963ko Aberri Egun fundatzailea prestatzen pasa genuen urtea.

Nola ikusiak zineten?

Giroa ez genuen batere aldekoa. Iritzi publikoa frantseszalea eta jaunen menekoa zen. Gizartean aurrera egiteko euskara bazter utzi behar zen, hoberenean etxe zokoan, ez zelarik erabat arbuiatzen. Ekonomian ere konformismoa zen nagusi. Gure xedeek arrakasta guti zuten, sinesgogor zen jendea. Etsaiak ere bagenituen, zenbait bortitzak –ez hainbat adineko pertsonak, hauek euskaldungoari naturalki atxikiak baitzeuden, baina bai gu baino belaunaldi erdi bat gehiago zeukatenak, “gerra de Gaullerekin egin” zutenak–. Batzuetan zuzenki oldartu zitzaizkigun, biltzar publikoak oztopatuz edo autoetako gurpilak zilatuz. Herio mehatxurik ere zebilen. Ni neuk lau gutun ukan nituen, gaztelaniaz eta beste batzuk ahoz Iparraldetik. “Enbata zikinak” ginen, de Gaullek “la Madone” eta “Notre-Dame la France” deitzen zuen Ama Birjina bezalakoaren aurkako blasfematzaileak.

Bozgoragailu kulturala berriz EuskaI Idazkaritza zenuten, Enbata-ren egoitzan zuena bulegoa.

Iparraldeko abertzale batzuek sortu genuen Hegoaldetik aterpetzera etorri berriak ziren lagun batzuekin –Benito del Valle, Irigarai, Madariaga, Txillardegi, Xabier Elosegi...–. Euskal kulturaren aldeko iniziatiba guztien zerbitzuko jarri genuen. Eraman lanaz ez naiz xeheki oroitzen, baina gogoan atxiki ditut urrats nabarien batzuk. Frankistek 1937an fusilatu zuten bizkaitar poeta gaztearen oroimenean, Lauaxeta saria sortu genuen kazetarien alde. Enbata-ko aretoan bi sorrera handi aterpetu zituen elkarteak: euskara batuarena eta Iparraldeko lehen ikastolarena.

Euskara batuarena nola iragan zen?

Nahiz batzuek ez duten entzun gura, euskara baturako lehen urratsak Baionan egin ziren, Enbata-k Euskal Idazkaritzari prestatzen zion areto horretan. 1963-64ko ikasturtean, zortzi lagun astero bildu ginen Txillardegiren inguruan. Berak iniziatiba hartu eta lanik gehiena egin zuen. Taldearen osatzeko bi oinarri hautatu zituen: euskal alderdiak eta elizgizon batzuk –Vaticano II kontzilioak ireki bidetik liturgiaren euskalduntzen ari zirenak–. Alderdien izenean, EAJko bi (Monzon eta Solaun), ETAko bi (Eneko Irigarai eta Txillardegi) eta Enbata-ko bat (ni neu) ginen. Elizgizonak hiru lapurtar nahiko gazte ziren (Pierre Andiazabal, Jean Hiriart-Urruty eta Roger Idiart). Tarteka, beste bakar batzuek ere parte hartu zuten, bereziki Gernikako Balduino Bilbao aterpetu gazteak. 1964ko abuztuan idazle eta irakasleen bilkura ireki bat egin genuen proposamenen ikertzeko, Pierre Lafitte euskaltzaina gidari harturik. Lafittek Euskaltzaindira eraman zuen dosierra eta 1968ko udan, Arantzazun, Koldo Mitxelenari esker, Euskaltzaindiak beretu zuen.

Iparraldeko lehen ikastolaren sehaska ere dugu.

Euskal Idazkaritzaren babesean ireki zen, lehendakari zuela Argitxu Noblia Enbata-ko kidea eta idazkari Xan Hiriart euskaltzale suharra. Irakaslea, Iparraldeko lehen andereñoa, Libe Goñi gipuzkoarra. Gero Arangoitzera joan zen ikastola hori.

Aberria eta euskara, eskuz-esku.

Aberria euskalduna zela argi eta garbi genuen, gure praktika ez beti egonarren araberakoa. Badakigu Enbata Euskaltzaleen Biltzarraren hegalpetik jaio zela, txita oilo kolokaren arroltzetik bezala, ama horren bide apolitikoak ez zuelakoan euskararen geroa segurtatzen. Orain euskara-aberria binomio hori  hain klar ote da –bereziki eskuin ala ezkerreko politikari abertzale batzuen artean–? Euskara barik ez da euskaldunik, ezta Euskal Herririk. Euskara gabe zertarako autonomia? Zertarako independentzia? Espainia txiki baten eraikitzeko handiaren alboan? Besteak baino aberatsago izateko? Hori ote dugu bizitzako ideala? Ideal humanista? Gainera, kristaua edota sozialista? Hainbeste bizitza horretarako emanez? Ez dut uste merezi lukeen.

Zein toki zuen euskarak Enbata mugimenduan eta aldizkarian?

Aldizkarian euskarak leku guti zuen; Ekin barneko buletina osoki frantsesez zen, halaber formakuntzarako lehen hiru kaierak (laugarrena bi hizkuntzetan zen). Bilkurak euskaraz egiten genituen Zuberoako eta Hazparne aldeko taldeetan, Donibane Lohizune aldekoak ez dakit eta Baiona aldean pentsu dut frantsesez. Bulegoko eta administrazio kontseiluko bilkurak baita biltzar nagusiak ere frantsesez: betikoa, batzuek euskara menderatzen ez duten ber, denak erdaraz. Ezin uka euskarak leku guti zuela, euskal alderdi guzietan bezala. ETAren inguruan indar gehiago egin zuten, bereziki militanteen alfabetatzeko.

Auziak, zentsurak… ezaguna zinezten Parisko bulegoetan.

Hastean Frantziako Estatuak hein bat lasai utzi gintuen. Giroa gogortzen hasi zen Etxaluz aferarekin (1965ean Kristiane Etxaluz atxilotu zuen Guardia Zibilak Dantxariako mugan). Gero zigorrak handituz etorri ziren manifestaldi batzuen karietara. Neronek auzi luzeak jasan nituen 1972ko otsailaren 22tik goiti, Baionan iheslarien aldeko manifestaldi bat animaturik. Aberri Eguna ere gure zirikatzeko aukera ona zitzaion Paueko prefetari. Lehenik toki pribatuan ospatzen genuen Itsasun, Bazko astelehenez eta folklore susmagarri baina jasangarri mailan uzten ziguten. Baina Hegoaldean bezala Bazko egunez karrikara eraman genuenean debekatu ziguten eta pataskak gertatu ziren, buruzagiak auzitara jaulki gintuzten. Isunak gero eta handiagoak ziren, gure tinkatzeko eta mugimenduaren xurgatzeko. Baina ez ginen gelditzen. 1973an ezin sinetsizko auzi andana jasan genuen, aldizkarian agerturiko artikulu batzuen saritzat.

1974an Frantziak mugimendua debekatzen duenean, zer gertatzen da aldizkariarekin?

1974ko urtarrilean, Baionako katedralean, abertzale berriek iheslarien aldeko laugarren gose greba egin zuten, Enbata espresuki kanpoan utziz. Estatuaren erantzuna gisa berekoa izan zen: Enbata fuera! Alta gure mugimendua zinez ahuldua zegoen. Baina estatuarentzat dena Enbata zen. Iheslariei ekartzen genien laguntza zuen gehienik ikusmiran. Aldizkaria gure indar nagusia zenez, guk uste genuen hori zuela ikusmiran eta agertzea eten genuen. Abokatuen bitartez jakin genuen legeak osoki mugimendutik at uzten zuela aldizkaria. Beraz urteburuan berriz agertzen hasi ginen.   

60 urte eta gero zer bilan egiten duzu?

Batzuetan ari naiz mugimenduari aldizkariaren izena ematea ez ote zen bien kaltetan izan, baita mugimendu zabalaren ordez alderdi zentralizatu baten gisan zorrozki antolatzea ez ote zen akats izan ere. Denborak erantzun digu: Enbata-k alderdi bezala huts egin zuela dirudi, baina mugimendu zabal bezala bere helburua bete du nire ustez, Iparraldean abertzaletasun antolatuari bidea irekiz. Euskal arazoa ezin baztertutako gisa landatu zuen Iparraldean, Frantziako Estatuari buruz, iritzi publikoan eta munduaren aurrean. Iniziatiba franko sortu du kulturan, beste zenbait babestu. Ekonomian ere eskua sartu du, kooperatibismoan, autogestioaren ideala zabalduz, tokiko aurrezkia sustatuz eta hortik enplegu berrien sortzeko politika bati atea irekiz. Baina Hegoaldean dena ez baitzen ETA, halaber Iparraldean dena ez da Enbata, etsaiek hala uste izan arren. Enbata-ren ingurutik mugimendu andana sortu zen, batzuk hein batean adiskideak, besteak ez. Nekez erran daiteke zein den Enbata-ren partea eta zein besteena. Abertzale mugimendua zabaldu da eta dibertsifikatu. Denen arteko elkarlanaren fruituak dira aurrera egin diren urrats ugariak.

Euskaraz idazten duzu Enbata-n eta euskalgintzan zabiltza. Nola hartu zenuen Amets Arzallusek 2013an egindako kritika, euskarari aldizkariak zuzendu leku eskasaz?

Ametsek ez du ametsik egin, ez du gezurrik erran eta egia irentsi behar dugu garratza izanik ere. Azalpen bat hartzen du halere Enbata-ren hizkuntzarekiko joerak. Aldizkaria garatu zuten BAM Baiona-Angelu-Miarritzeko “hiritar deseuskaldundu batzuek”, des Basques débasquisés Pierre Charrittonen hitzetan. 30 bat urtetako plaza gizonak ziren, nortasun handikoak, ordukoz gizartean ongi errotuak eta lekutan zeuden giderren hartzeko. Gu aldiz euskaldun petoak, gazteagoak ginen, ez hain latinizatuak, uzkurragoak, gizartean ez oraino kokatuak, Euskal Herri barnean bizi... beraz bidea maiz etsai genuen. Haiek naturalki gaina zuten eta beti ukan dute. Denbora berean argudio hau ere nagusi egon da: aberriaren deia euskaldun ez direnei ere helarazi behar zaiela. Egia da gainera Enbata euskaldunon ahotsa dugula Euskal Herritik kanpora. Azken denboretan euskarak toki gehiago hartu du Enbata-n, nahiz ez aski. Orokorki euskarak ez du behar lukeen tokirik euskal politikan, ez Iparraldean, ez Hegoaldean. Etsenplu txarra politikarien aldetik dugu, ahalegin eskasa, koherentzia guti. Haatik besteen hutsek ezin dituzte gureak estali.

Zer ekartzen dizu Enbata-n idazteak eta zer ekartzen diozu herriari, munduari eta irakurlegoari?

Besteei zer ekartzen diedan ez dakit. Niri haatik asko dakarkit. Irudi baten bitartez azalduko dizut, irudi hau egiazkoa da, nire begietan errotua baitago. Larrabileko gain apal honetarik, Biarnoko mugan, Euskal Herriko lehen mendixkaren hegal batetik, begien bistan ditut Lapurdiko, bi Nafarroetako eta Zuberoako bortu ederrak, eta haien atzetik, hegoak ufatzen duen gauez, zeru mugan aislatzen zaizkit hainbat uharte bezala, Iruñeko, Hendaia-Donostiako eta BAMeko hiru leinuruak. Idaztean eremu horretako bizitzan parte hartu nahi dut ene heinean aktiboki. Denbora berean, ahal bezain ongi zahartzean laguntza fierra ematen dit. Ahal dudano aurrera joango naiz horretan. Noizbait, agian laster, horietan agertzeari uko egin beharko diot. Baina berdin idazten jarraituko dudala iduri zait, erran bezala indarrik dukedano.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herria
Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


2025-06-25 | Onintza Enbeita
Oihana Bartra. Bertsolaria
“Bertsolaritzan ere badago aurrerapenaren kontra dagoen korronte erreakzionarioa”

Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.


Mizgin Ronak
“Turkierak hautsi zuen nire pertsona”

Egungo kurduerazko idazle esanguratsuenetakoa da Mizgin Ronak. Zortzi liburu ditu idatzita, bost eleberri eta hiru olerki liburu. 16 urte zituenean ihesera jo zuen, eta urte eta erdiren ondoren haren jaioterrian atxilotu zuten, Diyarbakirren. 1992an, 18 urte besterik ez zituela,... [+]


Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


2025-06-25 | Alex Larragoiti
Solaria, haren engainuak, eta beharrezko laguntzaileak

Desinformazioak eta pentsamendu likidoak den-dena hartzen duten garaiak bizi ditugu; garai aproposak beren benetako izatearen disimuluaren arituentzat. Garai aproposak jendea engainatzeko eta Kodizia Jainkosa gurtzen jarraitzeko; jazartzen gaituen Solariaren garaia omen... [+]


EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an

EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.


2025-06-25 | Hala Bedi
Gasteizko lorezainek grebarako eskubidea aldarrikatu dute hiriko hainbat iturri berdez tindatuz

ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude