8 uste faltsu haurrei eta konfinamenduari buruz

  • Azkenaldian, haurtzaroa eta koronabirusari buruzko hainbat zalantza, iritzi, aurreiritzi, amen-omen eta uste oker zabaldu dira, eta horietako asko beldurraren ondorio dira. Haurtzaroaren profesionalak garen aldetik, eta ideia faltsu horiek hainbat modutan eragiten dutenez, konfinamendu-aste hauetan gehien errepikatu diren ideia horietako batzuk argitzeko erantzukizuna dugu.

Ilustrazioa: Maitane Gartziandia
Ilustrazioa: Maitane Gartziandia

Lehenik, argi utzi nahi dugu gure asmoa ez dela orain arte agintariek ezarritako legeak eta gomendioak zalantzan jartzea, baizik eta lasaitasunera, hausnarketara eta ezagutzak trukatzera gonbidatzea, ahal bada, praktika indibidual eta kolektiboak hobetzeko.

1) Koronabirusa oso arriskutsua da haurrentzat.
Faltsua: koronabirus bidezko infekzioak oso frekuentzia txikia du adingabeengan eta osasuntsu dauden 40 urtetik beherako helduengan arazoak sortzeko.

Sortu den beldur giro soziala dela eta, azken asteetan, familia ugari larritu da seme-alaben osasunagatik. Munduko osasun-agintari guztiak ados daude koronabirus bidezko infekzioak larritasun- eta heriotza-arrisku oso txikia duela oinarrizko gaixotasun kronikorik ez duten pertsonengan, eta are txikiagoa haur eta jaioberriengan. COVID-19, nahiz eta kasu izugarriak gertatu diren, oro har, ez da arriskutsua haurrentzat.

2) Haurrak transmisio bektoreak dira, helduek baino gaitasun handiagoa dute birusa kutsarazteko.
Faltsua: edozein adinetako edozein pertsonak kutsa dezake birusa, baldin eta eramailea bada edo gaixotasuna badu.

Ez dago ebidentzia enpirikorik esateko adingabeek beste edozein adin-taldek baino kutsatzeko gaitasun handiagoa dutela. Komunitate zientifikoan ere zalantzak dituzte eskolak ixtea, berez, eraginkorra izango ote den. Horregatik, Europako herrialde guztiek ez dituzte ikastetxe guztiak itxi. Telelana handitzea oinarri duten euste neurriak askoz eraginkorragoak direla dirudi.

Haurrak kutsakorragoak diren ideiak aurreiritzi batean du funtsa: ez direla geldirik egoten, dena ukitzen dutela, helduen aginduei ez dietela jaramonik egiten eta kontrolatzeko zailagoak direla, adibidez, uhalaz lotutako zakurrak baino. Hala ere, esperientziak erakusten digu, behar bezala lagunduta, haurrak pertsona enpatikoak eta arrazoizkoak direla eta elkarlanean aritzea gustuko dutela. Gainera, egoera askotara egokitzeko gai dira, gertatzen dena argi eta garbi azaltzen badiegu, haien iritziak, iradokizunak eta emozioak entzuten baditugu (eta, zergatik ez, haien kexa eta frustrazio posibleak ere bai) eta konponbideetan parte hartzeko aukera ematen badiegu.

Argazkia: Dani Blanco

3) Kurba geldiarazteko, irtenbide bakarra haurrak erabat konfinatzea da, beste herrialde batzuetan egiten duten bezala.
Faltsua: Europako herrialde guztiek ez dituzte konfinamendu neurri zorrotzak ezarri.

Frantzia, Belgika, Suitza, Austria eta Erresuma Batua, besteak beste, Munduko Osasun Erakundearen gomendioak jarraitzen ari dira, eta aukera ematen dute haurrak modu ordenatuan ateratzeko etxetik gertu gurasoekin buelta bat ematera.

Azken egun hauetan, Italiak ere bat egin du eta, Psikologoen Elkargoak eta hezitzaileen eta familien elkarteek eskatuta, baimendu du haurrak guraso bakar batek lagunduta paseatzera ateratzea etxetik gertu, segurtasun-tartea mantenduz. Alemanian, zeinaren administrazioa oso deszentralizatuta dagoen, lander gehienetako testuetan adierazi dute jolasak berebiziko premia duela haurrentzat, eta gomendatzen dute egunero eremu komunetan jolastea, betiere lagun berberekin eta arau jakin batzuei jarraituz. Suitzan hurbil dauden eskolakide edo lagunekin irten eta elkar daitezke, beti berberak. Frantzian familiak paseatzera atera daitezke, etxetik kilometro batera gehienez.

4) Positibo eman duten gurasoak seme-alabengandik banandu behar dira, ezin dira haien zaintzaz arduratu. Amek ez diete bularra eman behar.
Gezurra: gaixotasuna kutsatzen da lehenbiziko sintomak eragin baino egun batzuk lehenago, baita sintomarik sortzen ez duenean ere. Familiako norbait kutsatuta badago, pentsatzekoa da etxe berean bizi diren guztiak hala egongo direla.

Zaintzaileak, COVID-19ak kutsatuta ere, ondo badaude (ohikoena gazteen eta aurretik gaixotasunik ez dutenen kasuetan), beren egoerak ahalbidetzen dizkien jarduerak egin ditzakete. Kasu horietan, ez du zentzurik bata bestearengandik isolatzeak, eta etxebizitza barruan maskara erabiltzeak ez dirudi eraginkorra denik.

Gaixotasuna ez da amaren esnearen bidez transmititzen. Amek bularra eman dezakete. Pentsatzekoa da, katarroa eragiten duten antzeko beste gaixotasun batzuetan gertatu bezala, infekzioa pasa duen amak birusaren aurkako antigorputzak (defentsak) sortuko dituela eta defentsa horiek ama-esnetik ere pasako direla edoskitzailea babestuz.

Edozein zereginen aurretik eta ondoren eskuak garbitzea, bereziki etxe kanpotik badator, modurik onena da kutsatzeko arriskuak ekiditeko. Ez dezagun alferrikako larritasunik gehitu haur konfinatuei, gurasoengandik bananduz edo gurasoen begirada maskaratuaren eraginpean jarriz, maskarak beti eta egoera guztietan erabiltzeak ez duelako inolako eraginkortasunik erakutsi.

5) Garen bezalakoak izanik, are gehiago konfinatu behar dugu, bestela gainerako herrialdeetan baino hildako gehiago izango dugu.
Gezurra: Espainiakoa ez da hildako gehien dituen estatua, ez kopuru absolutuetan, ezta 100.000 biztanleko ere, eta ez gaude munduko gainerako herrialdeak baino pandemiaren fase aurreratuago batean.

Eremu bakoitzeko hilkortasuna ezaugarri demografikoen, biztanleriaren osasunaren eta bere osasun-sistemaren erantzuteko gaitasunaren araberakoa da. Adineko jendearen eta lehendik gaixotasun kroniko eta desorekatuak (biriketakoak, bihotzekoak, giltzurrunetakoak, diabetesekoak, minbizi aktibokoak, immunitate-defizitekoak) dituzten herritarren ehunekoaren araberakoa izango da herrialde eta eskualde bakoitzeko heriotza-tasa. Gogora dezagun gaixotasunak adin talde horiekin ez duela errukirik, eta aldiz gazteak, haurrak eta, oro har, aldez aurretik osasuntsu dauden pertsonak kaltegabe uzten dituela.

Bestalde, Espainiako Estatuko herritarrok ez ditugu legeak gutxiago errespetatzen, eta ez gara europarrak baino arduragabeagoak ere. Herrialde bakoitza konfinamendua egokituz joan da epidemiaren fase bakoitzean adituek aholkatutako datuen arabera. Frantziako legediak, hasiera-hasieratik, haurren ezaugarri bereziak kontuan izan zituen, baita oreka lortzeko aire zabalean egoteko eta mugitzeko beharra ere. Gure konfinamendu arauak askoz zorrotzagoak dira haurrentzat, beste herrialde batzuetakoak baino. Horiek malgutzea lagungarria litzateke, seme-alaben osasuna sendotzeko ez ezik, baita parte-hartzea, haurren zaintza kolektiboa eta erantzukizuna praktikatzeko ere.

Argazkia: Dani Blanco

6) Haurtzaroan konfinamenduak ez du ondoriorik. Haurrak helduak baino hobeto moldatzen edozein egoeratara.
Faltsua: konfinamenduaren ondorioekiko haurrak helduak baino ahulagoak dira, hainbat arrazoirengatik.

Haurrak hazteko fasean daudenez, ingurune naturala behar dute beren garapena osatzeko, gure espezieko izaki guztiek egin duten bezalaxe. Aire freskoa, argi naturala, mugimendua eta jolasa, lurra, ura eta landaretza behar dituzte. Osasuntsu hazteko, kalkulatzen da egunero hiru edo lau orduz, gutxienez, jolas espontaneoa egin behar dela aire zabalean. Pandemiagatik konfinatuta gauden egoera berezi honetan ere, MOEk gomendatzen du, gutxienez, egunean ordubeteko jarduera fisikoa egitea aire zabalean. Askori, bere etxearen tamainak ez dio ia ezta mugitzen ere uzten.

Bestalde, bizirauteko behar duten gurasoekiko lotura emozionalak, gurasoen emozioak biziki bizitzera eta horien ondorioak sufritzera eramaten ditu. Dagoeneko ofizialki aitortu da Espainiako Estatuan, konfinamendua hasi zenetik, haurren aurkako tratu txarren kasuak oso kopuru kezkagarrian ugaritu direla. Genero-indarkeriaz ahaztu gabe, horrek ere haurrengan eragin zuzena baitu. Munta honetako krisi bat bizi dugun lehen aldia den arren, haurren konfinamenduari eta haren ondorioei buruzko aurretiko ikerketak dauzkagu: gerrak, haur errefuxiatuak, hikikomoriak eta abar. Ikerketa horiek egungo egoerara estrapolatzeko moduko zantzuak eskaintzen dizkigute. Konfinamenduak badu ondorio kaltegarririk haurren osasunean, ongizatean eta garapen fisiko eta psikikoan.

7) Etxean, haurrak seguruago daude. Gurasoak dira umeak ondo egoteko erantzule bakarrak.
Faltsua: Ingurumen Psikologian 40 urtez egindako ikerketek erakusten dutenez, haurrak hobeto garatzen dira aire zabalean, maila guztietan: fisikoa, emozionala, soziala, sortzailea eta intelektuala.

Frogatuta dago espazio itxietan istripu gehiago izaten dutela, eta mugitzeko askatasun txikiagoari gehitu behar zaio gehiegizko kontzentrazioagatik eragindako arreta-nekea, umorean eta portaeran eragin kaltegarriak dituena.

Gainera, okerra da umeak gurasoen kontu pribatua direla pentsatzea. Ez dira familiaren jabetza, ez direlako objektuak, eskubideak dituzten subjektuak baizik. Behar bereziak dituzten herritarren kategoria berezia da haurrena, nazioarteko legeek araututakoa. Beste kolektibo batzuk baino ahulagoak dira, esan dugun bezala, hazteko garaian daudelako. Eta komunitatearen parte dira, beren berezko ezaugarriekin. Afrikako esaera zaharrak dioen bezala: seme-alaba hazteko tribua behar da. Hala izan da gure espeziearen sorreratik. Antropologo batzuek diotenez, haurren (beste espezie batzuk aldiz ez dira erabat heldugabe jaiotzen) zaintzaren antolaketa kolektiboa da gizaki eta zibilizatu egin gaituena.

Badakigu haurren bizipenek eta gabeziek ondorio garrantzitsuak dituztela haien bizitza osoan. Demokrazia bermatzeko, haur guztiek eskubide eta betebehar berberak izan behar dituzte. Baina gaur egungo egoeran, guztiek ez dute eguzkia, aire zabala, berdeguneak, naturan bat-bateko jolasa edo familia lasai eta sosegatu batean egoteko aukera bera, eta faktore horiek ezinbestekoak dira garapen osasungarrirako.

8) Orain garrantzitsuena eskolako lanak egitea eta ikasturtea "ez galtzea" da.
Faltsua: ikasketak eta emaitza akademikoak haurren etorkizunerako funtsezkoak diren arren, egoera kritiko honetan, ez dira garrantzitsuena.

Gutxienez ikasturtearen heren bat aldatu izanak estatu osoko ia zortzi milioi ikasleri eragiten dienez, irtenbideak kolektiboak baino ezin dira izan. Familietan, funtsezkoena da kide guztien osasun fisikoa eta mentala zaintzea, haurrek itxialdiko bizipenak askotariko eratan adierazteko (marrazkiak, ipuinak, musika...) eta lantzeko aukera emanez. Elkarrekiko komunikazioa, konexioa eta gozamen kolektiboa sustatzea guztiontzat da onuragarria. Eta haurrei espazio bat utzi, beren interesak landu ditzaten.

Zientzietako, letretako eta arteetako jeinu handi asko etxean giltzapetuta izan ziren gaixotasunagatik. Horri esker, eskolako egunerokotasunetik pixka bat atera ahal izan ziren, aurrerago beren bokazio eta lanbide bihurtuko zen pasio bat deskubritu eta garatzeko. Orain garrantzitsuena da bizipen traumatiko hori integratu ahal izatea beren bizitzetan, maila handiagoan edo txikiagoan. Integratu eta hortik irakaspen positiboak atera.

* Artikulu hau lehen aldiz El Pais egunkarian argitaratu zuten gaztelaniaz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude