Frantziako zinemagintza eta bere bortxaketaren kultura iraultzen dabil Adèle Haenel

  • Iazko azaroan eman zuen Adèle Haenel aktoreak hamazazpi urte lehenago Christophe Ruggia errealizadorean partetik errepikaturiko eraso sexisten berri. Kasu pertsonalaz haratago, bortxaketaren kultura xeheki disekatu zuen, Frantziako zinemagintza zein jendartea azkarki inarrosiz. Otsailaren 28an, bigarren lurrikara eragin du, berriz ere gaia plazaren erdira eramanez: errealizadore hoberenaren Cesar saria Roman Polanskiri ematen zitzaiola jakitean, “lotsa!” oihukatu eta sarien banaketa gelatik atera zen.

Ukiezina dirudien Frantziako zinemagintzaren mundua inarrosten dabil 31 urteko Adèle Haenel aktore frantsesa. Heteropatriarkatua eta bere bortxaketa kulturari gerra deklaratu dio eta geldiezina daukagu, ezerk ez duelako izutzen. Azken ostikoa Cesar sarien banaketaren baitan eman zuen, otsailaren 28an, errealizadore hoberenaren prezioa J´accuse filmaren egile den Roman Polanskiri ematen zela jakin zenean: zutitu eta “Lotsa! Lotsa!” oihukatuz alde egin zuen gelatik. Orduz geroztik, zinemagintzako bata eta bestea, guztiak dabiltza Haenelen erreakzioari dagokionez posizionatzen, in fine bortxaketa kulturaren arazoa azaleratzen. Ostikoak min egin duen seinale. Bortxaketak leporatzen dizkiete hamabi emakumek Polanskiri, baina epaitu behar lukeen AEBetako Justiziatik urrun lasai darama bizia Frantzian, Suitzako Justiziak estradizio eskaera 2010ean errefusaturik –are gehiago, 2017an errealizadorearen kontrako bortxaketa salaketei segidarik ez ematea erabaki zuen Suitzako Justiziak–.

Inarrosaldia liseritzeko eguna hartu eta iritzi artikulua publikatu zuen Virginie Despentes idazleak: “Adèle zutitu eta lekutzen da. Otsailaren 28ko arrats horretan ez dugu gauza handirik ikasi frantses zinemaren industria ederraz; haatik, ikasi dugu nola janzten den gaueko soinekoa: gerrari moduan. Takoi-luzeekin nola ibiltzen garen: eraikin guztia suntsituko bagenu bezala. Nola aitzinatzen garen: bizkarra zut, lepo-gibela haserreagatik gogortuta eta sorbaldak zabal-zabal. 45 urteetako zeremonietako irudirik ederrena: Adèle Haenel eskailerak jaisten ari eraikinetik ateratzeko, txalotzen zaituztela. Bai, orain badakigu nolakoa den lekuak husten eta “joan pikutara!” erraten dizuna”. Polanski saritzea “biktima guztien aurpegira tu egitea” litzatekeela azaldu zion New York Times-i, sariketa aitzinetako egunetan egindako elkarrizketa batean.
Haenel bera dugu erasoak jasandakoen artean, hor ere filma errealizadore bat izaki erasotzailea: Christophe Ruggia egile ezkertiar frantsesa, artistak 12 eta 15 urte artean zituela behin eta berriz eraso egin ziona. Isiltasuna hautsi eta pairatutakoa publikoki salatu zuen iazko azaroaren 4ean Mediapart komunikabide independenteari eskainitako ordu bateko elkarrizketan. Ondoan zuen Marine Turchi kazetaria, zazpi hilabetez kasu horri buruzko ikerketa eramaten aritutakoa –hainbat froga eskuratu zituen eta 30 testigantza bildu, Ruggiarena ere eskatu zuen baina ezetza jaso zuen–.

Zinemaz gain, jendartea irauli

Begirada eta bisaia krispaturik, hamazazpi urtez isilik gordetakoa kanporatzeak dakarren itolarria begibistakoa du elkarrizketa osoan zehar. Baina indartsu eta ahaldunduta ageri da, Despentesen hitzak lapurtuz, bizkarra zut, lepo-gibela haserreagatik gogortuta eta sorbaldak zabal-zabal. –Gerrari–.  “Hamazazpi urte pasa dira, mundua ere aldatu da eta horrentzat naiz orain mintzo. Behar dut mintzatu, #MeToo-ren baitan mintzatu diren emakume guztientzako, haiei esker zaidalako perspektiba aldatu. Zerbait ekarri nahi nuke nik ere, espazio publikora eraman nahi dut hitza, hitzaz gain emakumeon bizitzez ari garelako”. Bere egoera sozioekonomikoaz kontziente, –“dudan erosotasun materiala, lanaren segurtasuna eta estatus soziala”– duen arduraz jabeturik dela dio: “Ez naiz biktimen gehiengoa dagoen prekaritatean, haiei zuzentzen naiz hitza hartuz: ez zaudete bakarrik”.
Bortxaketa kulturaren hamaika aurpegien eta elkarren arteko loturen disekzioa; “borreroak bideratu alienazioa”; biktima isiltasunean sarrarazten duen mekanismoa eta hitza askatzera heldu arteko prozesua; justizia patriarkalaren errealitatea eta justizia feministaren aldarria; kulturaren bidez bideratu iruditegi sexista eta bortitza, eta abar, lekukotasun pertsonal bat baino askoz gehiago da Haenelen testingantza. 


Gaia plazaren erdian egonaraztea ahalbidetu duen elkarrizketa 750.000 aldiz begiratua izan da. Salaketa ez jartzeko hautuak ere zer-errana sortu zuen, Nicole Belloubet Frantziako  Justizia Ministroa, Christophe Castaner Barne Ministroa eta  Marlène Chiappa Berdintasunaren Estatu Idazkaria posizionatu arteraino. Horra hor elkarrizketan emandako arrazoia: “Ez dut inoiz Justiziarengana jotzeko asmorik ukan, emakumeengan bideraturiko bortizkeria sistemikoa dugulako justizia sistemaren baitan. Justizian sinesten dut baina jendarte osoari erantzun behar dionean! Ikusten dugunean emakumeok zein heinetaraino mespretxatzen gaituen: hamar bortxaketatik bakarra da zigortua! Baina beste bederatziak zer?! Beste bizi guzti horiek zer? Bere burua zalantzan jarri behar du Justiziak; egin dezakeela sinesten dut, baina absolutuki egin behar du. Zenbat emakume xehatzen ditu Justiziak? Demagun, salaketa hartzeko unean begirada emakumean jartzen denean, bera delako hobenduna: Nola jantzia da? Zer edan du? Zer egin du? Zer erran du? Nahikoa da!”. Azkenean, ideiaz aldatu eta auzitegira jotzeko erabakiaren berri eman zuten artistaren abokatuek, agiri bidez. Bizipen pertsonala politiko eta sistemiko kokatu duen gisara, Frantziako zinemagintzaren ispilu gisa kokatu du bere kasua. Zinemaren munduak Polanski saritu izanak bortxaketa kulturari buruz dagoen omertà eta onarpena islatzen du. Bortxatzailearen sariketa-eza zentsurarekin alderatzen duenari ondokoa erantzuten dio Haenelek: «Ikusezinkeria da Frantziako zineman dugun benetako zentsura. Oraingoz, kontaketa gehienak ikuspegi androzentriko, xuri eta heterosexualean oinarriturikoak ditugu”. 

Emakumezkoen begiradaren beharra

Azkenean, ikuspegi kontua da: zein begiradetatik ekoiztuak diren filmeak. Laura Mulveyk Visual Pleasure and Narrative Cinema liburuan aipatzen duen male gaze edo “gizonezkoen begirada”-n dago zinemagintza –Frantziakoa baina orokorki, mundu guztikoa–: “Ikuslearen begirada kamararen begiradarekin identifikatzen da eta kamara bera pertsonai nagusiaren bitartekaria da, azken hau beti delarik emakumea objektu gisa kokatuz plazera hartzen duen gizonezkoa”, Iris Brey unibertsitariaren definizioari segi. Filmetan emakumerik ez egoteak ala daudenean hitzik gabe izateak edota gehiegizkoan sexualizaturik izateak ere dira bortxaketa kulturaren osagai.


Aterabide gisa, female gaze edo emakumezkoen begirada aldarrikatzen du: paradigma eta iruditegi aldaketa, “inkontziente patriarkaletik kontzientziazio feminista baterako saltoa”, hots, plazer hartzea baina emakume gorputzaren objektibizaziorik gabekoa. Male gaze horren froga dugu Polanski saritu izana. Baina gaualdiaz geldituko den irudia Haenelena, –“emakume gorputza mugimenduan”– dela dio Breyk: “Mundua aldatzen duten kontakizun berriak sortzen dabiltza gorputz horiek. Maleruski, Polanski sarituz, Haenelen kontakizuna ikusezin bilakarazten saiatzen dira. Ez dugu ahantzi behar kontakizunen arteko guduka batean garela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema industria
2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


2023-07-10 | Ilargi Manzanares
65 urtetik gorakoak zinema-aretoetara astean behin 2 euroren truke joan ahalko dira

Espainiako Gobernuak asteartean jarriko du martxan neurria. 65 urtetik gorako pertsonak aretoetara bueltatzea sustatu nahi da, haiek direlako pandemia ostean zinemara joateko ohitura berriro hartzea gehien kostatzen ari zaienak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


Eguneraketa berriak daude