Plataformek onartu egin dituzte Frantziako ikus-entzunezko agintaritzaren baldintzak

  • Netflix, Amazon, Disney Plus eta Apple TV Plusek akordio luze bat sinatu zuten ostegunean Frantziako ikus-entzunezko agintaritzarekin (CSA), euren urteko diru-sarreren %20 Frantziako edukietan inbertitzeko. CSAk espero du inbertsioa 250 milioi € eta 300 milioi € artean egotea urteko batez beste. Inbertsio horren %80 plataformetarako ikus-entzunezkoetan inbertituko da zuzenean (hau da, han estreinatzen diren telesail, film eta dokumentalak) eta gainontzeko %20a zinema-aretoetan estreinatuko diren filmetarako izango da

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko abenduaren 13an - 10:21
Azken eguneraketa: 11:28

Akordioak publiko egin ditu CSAk, Ikus-Entzunezkoaren Kontseilu Nagusiak. Gardentasuna iristen da plataforma bakoitzarekin sinatutakoa argitaratzera. Hona adibidez, Netflix-ek sinatutakoa, Herbehereetan egoitza duen enpresa dela argi geratzen da, baina hala ere, Frantziarako betebeharrak onartzen ditu. Netflix eta besteek onartu dituzten arauen artean, auditoria bitartez irabazien kalkulua egingo dela, eta hortik eratorriko dela inbertsioaren kopurua.

Kopuru zehatzik ez da aipatzen beraz dokumentuetan, bakarrik kalkuluak nola egingo diren, baina Le Mondek uste du 250 milioi € eta 300 milioi € artean egon litekeela inbertsio totala, eta gehiena Netflix-ek jar dezakeela, 200 milioi inguru.

Oraingoz sinatzaileak dira Netflix  Amazon, Disney Plus eta Apple TV Plus, baina CSAk dio beste bost plataforma ere gehituko direla akordiora urtea amaitu baino lehen.

Inbertsioaren banaketa izango da 80/20 plataformetako eduki propioaren, eta zinema-aretoetarako ekoizpenen artean. Aretoetako %20 hori, ondoren, streaming plataformak izango du bere edukietan besteek baino lehen, baina hala ere, banaketa lehioen menpe egongo da kontua (hainbat hilabete esklusiban aretoetan, gero beste hainbat...). 

Abenduko akordio hauek dira ekainean onartu zen SMAD dekretuaren ondorioa. Eta SMAD dekretua da Frantziak legeztatu duena, Europak AVMS zuzentaraua aplikatuz. Izatez, Europako lehen estatua izan da Frantzia hau zehazten. AVMS-ren helburua zera da, gai honi dagokionez: streaming zerbitzuen ekoizpenaren parte bat Europan egin dadila, inbertsioa eta ekonomia bertan zirkulatzen jartzeko. Frantziako SMAD dekretuak horixe zehazten du, Frantziako ekoizpena bultzatu behar dela (frantsesez, gainulertzen da, ez beste hizkuntzetan).

Espainiako Estatua ere ikus-entzunezko lege bat onartzekotan da, baina aitzakia jarri du Gobernuak, inbertsioaren %6 hizkuntza ko-ofizialentzat izango zela adostu ondoren, hori ezin zaiela egoitza beste herrialde batzuetan duten erakundeei ezarri. CSAk Netflix eta besteekin sinatutakoa Frantzian demostratzen du Espainiako Gobernuak dioena ez dela egia.

SMAD dekretuaren beste ondorio bat da, behintzat uztaileko irakurketa batzuetan agertu zena, esplotazio eskubideena. Ondo ulertu badugu Varietyk orduan argitaratu zuena, Netflix-ek Frantzian ekoitzi duena (adibidez, Lupin telesaila), bere eskubideen menpekoa da betiko, orain arteko baldintzetan bederez. Aldiz, SMAD dekretuarekin, Frantziako ekoiztetxe batekin egiten badu telesail berririk Netflix-ek, eskubide esplotazio lehioa 36 hilabetera murriztuko da: 3 urte, eta ondoren, ekoiztetxe frantziar originalak izango du lanaren jabetza. Hau da, ez bakarrik sustatzen da Frantziako ekoizpena, baizik eta ekoizpen horren ustiapena lokala dela ziurtatzen da 3 urteren buruan, ez Herbereheetan edo Estatu Batuetan egoitza izan dezakeen Netflix delakoaren eskuetan.

Hau da, ilustrazioko adibidearekin azaltzeko: Lupin telesaila Frantziako Gaumont ekoiztetxearekin egin du Netflix-ek, eta oso ondo, pozik egongo dira Gaumont-ekoak. Baina SMAD dekretuaren arabera, ez hori bakarrik, telesailak arrakasta izan eta aurrera jotzekotan, haren ustiapen eskubideak Gaumont-ek lotuta izango ditu 36 hilabeteren buruan ere, ez Netflix-en esku.

Hala ere, 36 hilabeteko leiho honen aipurik ez dugu aurkitu aste honetan CSAk zabaldutako informazioan (akaso egongo da, geuk ez dugu aurkitu).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikus-entzunezkoak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-02 | Sustatu
Wikiflex: Wikipediaren filmoteka, streaming modura

Wikiflex da Wikipediako Netflix moduko bat. Entziklopedia libre globalaren multimedia atalean, Wikimedia Commons-en, hainbat ikus-entzunezko material daude, eskubidez libre izatera pasatu diren film asko barne. Programatzaile batek, Magnus Manke alemanak, horien... [+]


2024-01-23 | Leire Artola Arin
Zine emanaldien %1 baino gutxiago izan da euskaraz 2023an

Jatorriz euskaraz diren soilik lau film estreinatu dituzte Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan; gaztelerazkoak 564 izan dira. Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak neurriak hartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako... [+]


Eguneraketa berriak daude