"Behar ditugu pelikula handi, epiko eta sublimeak ere"

  • Paganoak ezkutuan bizi dira Iratiko basoan, kristauengandik ihesi. Baina azken hauek besteen laguntza beharko dute. Odolezko itun batek elkartuko ditu bi herriak, eta misterioa gailenduko da gero, belizismo, sinesmen eta kondaira guztien artean. Otsailaren 24an helduko da zinemetara Irati pelikula preziatua. Paul Urkijok zuzendu eta Edurne Azkaratek interpretatu du Irati.

Paul Urkijo: "Ekoizleek esan didate gazteleraz edo ingelesez egiteko. (...) Baina ez dauka zentzurik obra hau euskaraz ez den beste hizkuntza batean egiteak. Elezahar hauek oso errotuta daude euskararekin". (Argazkia: Dani Blanco)

Badator estreinaldia. Urduri?
Paul Urkijo: Bai, pixka bat. Estresatuta ere bai, lan asko daukagu-eta azken egun hauetan. Baina gogotsu, guztiaren gainetik.
Edurne Azkarate: Luze egiten da, dena esatera. Baina entretenituta gaude, bai.
P.U.: Nahi baino beranduago estreinatuko dugu ekoiztetxeak hala aginduta, pelikula handiagoek ez ziezaguten itzal handirik egin. Beste jaialdi batzuk ere egon dira tartean, eta orain artean ondo joan dela esan dezakegu, jendeari gustatzen ari zaiolako.

Ikusteko behintzat ederra da. Paisaiak mundialak dira.
P.U.: Euskal Herri osoan dago grabatuta pelikula. Karrantzako eta Eltziegoko kobazuloetan, Iratiko oihanean noski, Huescara ere joan gara Nafarroako Erresuma zenaren lurretara, eta Oñatiko Harrikrutzen ere izan gara, besteak beste. Errodajea konplikatua izaten da halako lekuetan, leizeetan-eta.

Erdi Aroan kokatutako pelikulak ez dira ohikoenak. Nola kokatzen da norbere burua iragan hain urrunean?
E.A.: Euskararen egokitzapenak erakarri eta murgildu nau gehien. Gorka Lazkanok sekulako lana egin du hizkuntzaren alorrean; hori izan zen nire heldulekua eta imajinazioa piztu zidana.

Paul Urkijo: "Euskal mitologiaren historiari omenaldia egiteko ahalegina da pelikula hau"

Informazioa ere bildu beharko zenuten, garaian kokatzeko.
E.A.: Bai, nire kasuan, gidoiaz gain, erabili ditut bestelako errekurtsoak; liburuak, esaterako...
P.U.: Informatu gara, Aranzadirekin hitz egin genuen, eta saiatu gara txertatzen fantasiazko pelikula baten sinesgarritasuna lortzeko adinako informazio jasoa.

Lizentzia pila bat hartu ditugu ere, noski. Hartu behar genituen. Izaki mitologikoak dauden unetik, non dago errealitatea? Saiatu gara, hori bai, errespetu eta maitasun guztiarekin zaintzen aurrez liburuetan jasota zegoena.

Dani Blanco / ARGIA

Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Irati komikia izan duzue abiapuntu.
P.U.: Erreferentzia eta oinarria izan da, baina komikiak berez beste tonu bat dauka. Nerabeen abenturazko komikia da, fantasiazkoa. Orduan, elementu horiek gure pelikulara ekarri behar izan ditugu.

Nola?
P.U.: Pelikula hau nahi dugu izatea euskal mitologiaren historiari omenaldia egiteko ahalegina. Gehien interesatzen zaidana, euskal mitologiatik, Mari pertsonaia da. Amalurraren pertsonifikazio gorena da, eta antropologikoki ere, garai indoeuroparra baino lehenago zegoen erlijio matriarkal baten arrastoa. Oso pertsonaia boteretsua da, eta nire ustez, komikian esaterako, ez zeukan nagusitasuna. Nik bai eman nahi nion gehiago, eta horregatik da puntu zentrala-edo. Iratiren bitartez murgiltzen gara Amalurrean.

Edurne, gidoia eduki arren, eraiki egin beharko zenuen pertsonaia. Mitologiaz ari gara. Ze puntura arte sentitu zara aske?
E.A.: Dena neukan eginda, eta aldi berean sentitzen nintzen aske. Aurretik neukan informazioari, pelikulako sail bakoitzak bereak gehitu zizkion, eta finean, bakoitzak berea irudikatzen du eta ni elikatzen naiz guzti horretatik. Nire lana izan zen lurrera ekartzea pertsonaia. Irakurri eta jasotako guztitik, lurrean iltzatzen nintzen. Errodajera iristean hartzen dira helduleku lurtarragoak, batez ere, testuak emandako informaziotik, janzkeratik edota eszenatik oro har. Janzkerak asko esaten du pertsonalitatea eraikitzerako orduan.

Edurne Azkarate: "Denok geneukan zerbait berezia egiten ari ginenaren sentsazioa, eta hori asko kutsatzen da. Jende guztia ari denean alde, gauza ederrak irteten dira"

Iratiren bidez helduko gara Mari ezagutzera. Jakin-min handia dago hura ezagutzeko. Nolabait ere bada erreferentzia puntua, ezta?
P.U: Amalurrak hori dauka: ama dela eta zaintzen gaituela, baina gero batzuetan izugarria izan daiteke, eta bat-batean dena suntsitu. Zirrara hori ezagutu nahi du Iratik.
E.A.: Oso polita izan zen. Denbora gutxi egin nuen lan Itziar Ituñorekin –berak egiten du Mari–. Maila pertsonalean erronka zen, eta pertsonaiarentzat ere bai. Patuaren zentzuan jarrita, garrantzitsua zen Iratirentzat. Marirekin aurrez aurre harremantzea bada berarentzat nolabaiteko amaiera bat, guztia gainditzen duen unea. Ulermen handiago batera sarbidea eman ahal dion kobazulo bat-edo, helmuga bat. Ikusiko du gertatu zaizkion gauza guztiekin baduela zerikusia.
P.U.: Inflexio puntu bat, azkenean.
E.A.: Bai, puntu hori non batzen den bai hasiera eta bai amaiera. Dena dagoen zulo beltza. Eta hori eta gero, zer dago? Ba ez dakit. Pertsonaiaren jomuga altuena da.

Amalurra arriskuan ageri zaigu pelikulan, eta VIII. mendea da. Gaur egungo arazoa ere bada.
P.U.: Etengabeko dualismo bat irudikatzen da pelikulan: kristautasuna eta paganismoa; gizakia eta natura; Eneko eta Irati... Eta nola bata iritsi den bestea jatera. Erlijio handiek, azkenean, irentsi egiten dituzte sinesmen txiki, berezi, koloretsu edo beraien begietan itsusi diren guztiak. Beraz bai, egin daiteke isla egungo globalizazioarekin eta ekologiarekin. Enpresa handiek txikiak irensten dituzten moduan. Sorkuntza arloan ere ikusten dugu: handiek jan edota deformatu egiten dituzte txikiak. Star Wars da adibide; dena jan du. Bere terrenoan sartu du guztia. Eta ekologiarekin ere gertatzen da pixka bat berdina, nola diruarekin zapuzten dugun guztia. Pelikulak ere badu hizketagai pertseberantzia. Euskal mitologian bada esaldi bat: “Izena duen guztia bada”. Izaki horien guztien izenak esaten jarraitzen badugu, istorioak kontatzen jarraitzen badugu, jarraituko dute existitzen.

Dani Blanco / ARGIA

Egon da pertseberantzia euskal mitologian, baina zenbateraino?
P.U.: Nik beti diot, ni neu naizela kate oso luze baten zati bat gehiago. Mitologiaren inguruko liburu asko irakurri nituen txikitan. Aintzina-aintzinako sinesmenak dira finean, eta mantendu dira elefante handiak etorri diren arren. Euskarak bere baitan jaso ditu guzti horiek. Barandiaranek jaso zituen idatziak, argitaletxe askok lan handia egin dute kontakizun bihurtzeko, eta Su Ta Gar taldearen Mari abestia ere bada adibide. Nik hori jaso dut, eta beste forma bat eman diot, naturalki, atera zaidan gisan.
E.A.: Pertsonaia mitologikoak normalki erabili izan dira jakintza batek iraun dezan eta irakaspenak zabaltzeko, munduari azalpen bat luzatzeko. Iratiren pertsonaia ez da agian mitologia klasikokoa, baina bai hartzen du parte jakintza eta irakaspen horren narratiban. Paulek dioen moduan, uste dut iruditeri zabalari beste irudi bat eman diezaiokegula pelikula honen bitartez.

Euskararen egokitzapena aipatu duzu lehen, Edurne. Hunkitu zaitu.
E.A.: Bai, erabat. Gehien hunkitu nauena aktore guztiak konpromisoa hartzen ikustea da. Uste dut euskaldun guztiok badaukagula gure filologo txikia barruan, badaukagula gai hauei buruzko jakin mina. Nik asko gozatu dut, eta bateratasuna lortu dugula uste dut; garrantzitsua da pelikula sinesgarri egiteko.
P.U.: Lehen esandako dualismoa ere badago hemen. Hizkuntzaren erabileran bi mundu bereizten dira, bi forma. Paganoek errimekin hitz egiten dute asko, eta latinezko hitzak sartzen dituzte besteek esaterako. Hori ere bada pertsonaiak eraikitzeko erreminta.
E.A.: Ez dakit zuk esan zenidan, Paul. Ez nengoen ohartua: elizgizonek euskaraz kantatzen dute hasieran eta istorioak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago latinez. Mundiala da. Departamentu guztiak murgildu gara hemen, eta oso friki jarri. Nahi duenak pixka bat ikertu honen inguruan, topatuko du zer aztertu.

Apustua izan da euskararena.
P.U.: Bai Errementarin eta bai Iratin gertatu zait ekoizleen partetik entzutea ea zergatik ez dugun pelikula gazteleraz edo ingelesez egiten. Errentagarriagoa izango litzatekeela, gehiago bidaiatuko genukeela, eta sona handiagoko aktoreak lortu ere bai: Patxi errementaria egiteko agian Javier Bardem izango genukeela eta ez dakit zer gehiago. Baina ez dauka zentzurik obra hau euskara ez den beste hizkuntza batean egiteak. Elezahar hauek oso errotuta daude euskararekin, izen eta esamoldeetan ez ezik, baita izaki mitologikoen ulerkeran ere. Euskaraz pertseberatu dira kondaira hauek.

Euskaraz izan behar duela, beraz.
P.U.:
Hori alde batetik, eta bestetik, euskarari kutsu zahar edo aitzinako hori ere eman nahi nion, publikoa gehiago murgiltzeko erreminta narratibo gisa. Euskaldunontzako, noski, zerbait exotikoa izan behar zuen.

Paul Urkijo: "Ez dauka zentzurik obra hau euskara ez den beste hizkuntza batean egiteak. Elezahar hauek oso errotuta daude gure hizkuntzarekin"

Oso etxekoa da pelikula, sentsazio hori ematen du aktoreak-eta ikusita.
P.U.: Berezkoa da hori, egoeragatik sortzen zaigu Euskal Herrian. Oso industria ona daukagu, jende oso langilea eta oso ona bere lanean. Plazer handia izan da jende honekin lan egitea.
E.A.: Ilusio handia egon da. Denok geneukan zerbait berezia egiten ari ginenaren sentsazioa, eta hori pila bat kutsatzen da. Jende guztia ari denean alde, gauza ederrak egiten dira. Pelikula eta ideia honi merezi duen lekua eman nahi dion jendearekin lan egiten duzunean nabaritzen da emaitza.

Festibaletan nabarmendu zarete eta ikusmina egon badago. Proiekzio handia espero da, ezta?
P.U.: Pantaila handirako pentsatuta dagoen pelikula da. Nire asmoa beti izan da ahalik eta epikoena izatea.
E.A.: Agian herri honek ere behar ditu halako pelikulak. Landu behar du eskubidea gauza handiak egiteko, epiko eta sublimeak, baina askotan euskaraz gauza handiak egite hori handikeriarekin nahasi izan da, baita zigortu ere. Nik uste dut oso garrantzitsua dela euskaldunentzat halako ekoizpenak egitea. Bide batez, aitortza bat: Paul bezain zoro dagoen jendea badaukagu halako proiektuetan sartzen dena. Erreferentzia handiak falta zaizkigu, urruti eta handi amesteko aitzakiak.
P.U.: Aurkezpen batean esan nuen, eta beti esan ohi dut, "herri txikia" garela. Asisko Urmenetak errieta egin zidan: ez garela herri txikia eta harro egon behar dugula, gure arbasoek mantendu dutelako kultura eta hizkuntza hau. Horregatik, "balio handiko herri handia" garela zioen berak.

Euskal zinema industriaz hitz egin dezagun. Tantaka agertu ohi dira filmak, hala esan ohi da. Zer diozue?
E.A.: Proiektuak aurkezten dira, baina oso mugatuak dira exekuzioan. Nik uste dut are gehiago elikatu behar dela euskarazko zinemagintza.
P.U.: Egia da Eusko Jaurlaritzatik babesten dela era batean, zertxobait bermatzen da baina beti da gutxi. Nik uste dut euskal zinema industria geroz eta osasuntsuago dagoela, eta aurrera goaz, baina mantso. Kontua da, Espainiako Estatuan ere arazoak daudela aretoetara heltzeko, atzerrikoek betetzen dituzte-eta emanaldiak. Daukagun arazorik handiena hori da: gure aretoetan beti daude gureak ez diren pelikulak. Aterabide handirik gabe geratzen gara.
E.A.: Handiak txikia jaten du, hemen ere.
P.U.: Bai, baina jarraituko dugu borrokan. Espero dugu Irati pelikulak bultzatuko duela jende gehiago euskarazko pelikulak egitera, eta geroz eta gehiago egotea.

Baduzu proiekturik eskuartean, Paul?
P.U.: Bai, beti. Baina bai, esan dezaket baietz, eskuartean ofizialki badaukadala zerbait.

Ildo bereko zerbait?
P.U.: Euskal mitologia, jakina. Gehien gustatzen zaidana horixe da.

[Hona hemen Irati filmeko hainbat fotograma:]

 


ASTEKARIA
2023ko otsailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema industria
2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


2023-07-10 | Ilargi Manzanares
65 urtetik gorakoak zinema-aretoetara astean behin 2 euroren truke joan ahalko dira

Espainiako Gobernuak asteartean jarriko du martxan neurria. 65 urtetik gorako pertsonak aretoetara bueltatzea sustatu nahi da, haiek direlako pandemia ostean zinemara joateko ohitura berriro hartzea gehien kostatzen ari zaienak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


Eguneraketa berriak daude