"Borrokan hilko naiz, eta ez gerra zikinak balaz josita"

  • Bost urtez Habanako bake negoziazioetan Kolonbiako gerrillaren ordezkari izan ondoren, Jesus Santrich (Toluviejo, 1966) FARC-EP-Bigarren Marquetalia gerrilla berrien komandantea da, baita bake prozesuaren porrotaren isla ere.

    Akordioa sinatu ondoren, Santrich urtebete baino gehiago egon zen kartzelan narkotrafikoa egotzita. Kolonbiako hainbat erakunde politikok eta sozialek "muntaia eskandalagarritzat" jo zuten prozesu judiziala. Azken helburua gerrillari eta parlamentari ohia AEBetara estraditatzea zen. Askatu ondoren, bizitza politikoa garatzeko "berme eskasak” zituela dio Santrichek eta horregatik Kolonbia ekialdeko mendietara jo zuen babes bila, Ivan Marquez eta El Paisa bezalako komandante garrantzitsu batzuekin batera, gerrilla borroka fase berri bat berrantolatzeko.

    Jesus Santrich dagoen lekuraino heltzea lortu du ARGIAk Kolonbiako gerrilla berriaren zuzendaritzako kidearekin hitz egiteko.

Argazkia: Ibai Trebiño
Argazkia: Ibai Trebiño

FARCek berriz armak hartuko ditu. Bakearen ametsarenak egin du Kolonbian?
Nik Kolonbian bakea lortzeko aukeran sinesten dut oraindik ere, eta kolektibo farianoak ere bai. Hori lortzeko ari gara borrokan.
Sustrai historikoak dituen ikuskera da. Justizia soziala ardatz hartuta, adiskidetze nazionala lortzeko konfiantza osoa dugu FARC-EP-Bigarren Marquetalian. Bakea eskubide gorena da, eta, hori konkistatu ezean, ezinezkoa izango da pertsonen gainerako oinarrizko eskubideak erabat bermatzea.

Habanako Akordioak interesgarria zirudien. Areago, gerrillaren beraren gustukoa zen. Zer gertatu da?
Zehaztapena behar du. Habanako Akordioa, jatorrizkoa, bi ordezkaritzen artean negoziatu zuten, eta ez batek bakarrik. Hau da, Ivan Marquezek gidatutako bake ordezkaritzak eraldaketa politiko, ekonomiko eta sozialetan arreta jarri zuen kolonbiarren bizimodua hobetzeko. Horren adibidea da Nekazal Erreforma Integrala. Baina guztiz bestelakoa izan zen gatazkaren amaierari buruzko negoziazioa. Hirugarren puntuak jaso zuen “behin betiko aldebiko su-etena”, hau da, alde batetik, gobernuaren eta FARC-EPren arteko armagabetze prozesua, eta, bestetik, FARC-EP bizitza zibilera itzultzea.

"Armak emateko FARCen konpromisoa lotu zuenean, ordutik aurrera harroa eta intrantsigentea izan zen gobernuaren jarrera”

Alderdi horiek modu integralean eta aldi berean konpondu behar ziren, baina hirugarren puntu horretarako Batzorde Teknikoa sortu zuten, Kolonbiako armadako goi mailako militarrek eta FARCen ordezkari Carlos Antonio Lozadak osatuta.

Orduan armak uzteari buruzko puntua elkarrizketen testuinguru orokorretik atera zen eta modu konpartimentatuan maneiatu zuten, erabateko sekretismoarekin, trukeak eta iritziak eragotziz eta beste arloetan adosten ari ginen kontuekiko loturak hautsiz. Jatorrizko ordezkaritzan geundenok ez genuen aukerarik izan militarren eta gobernuaren ordezkaritzaren eta Lozada jaunaren taldearen artean gertatzen ari zena aztertzeko; haiek nahi izan zutena sinatu zuten, kontu horretan negoziatzeko aukerarik gabe geratu ginen. Armak emateko FARCen konpromisoa lotu zuenean, ordutik aurrera harroa eta intrantsigentea izan zen gobernuaren jarrera.

Zehazki, zer aldaketa izan du Habanan lortutako akordioak, azkenean Bogotan lortutakoarekin alderatuta?
Oso nekeza litzateke aldaketak eta urraketak xehatzen hastea. Egunero estatuak aldebakartasunez, adostutakoa aldatzen edo urratzen baitu, lehen bezalaxe gaur egun ere bai.

Pare bat kasu jarriko dizut. Funtsezkoena eta garrantzitsuena: bizitzeko eskubidea. Ez da bermatu. Ezkutaezinak dira lider sozialen edo bergizarteratu diren ehunka lagunen hilketak azken hiru urteetan. Bakerako Jurisdikzio Bereziaren arloan adostutakoari egin zaizkion aldaketak ere aipa ditzakegu, hasieratik etsaiaren zuzenbide penala inposatu zuten esparru horretan.

Tamalez, oro har, akordioaren inplementazioari dagokionez, gobernuak ez du sinatutakoa bete arlo askotan. Horren ondorioz, segurtasun juridikorik eza, segurtasun pertsonalik eza, segurtasun sozio-ekonomikorik eza eta krisi sakona sortu dira, eta, traizioaren bitartez, Bake Akordioa amildegitik behera bota du. Kolonbiako Gobernuak printzipio unibertsalak zapaldu ditu, hala nola Pacta Sunt Servanda [itunak behartzen du] eta fede onarena.

Juan Manuel Santos eta Raul Castro orduko Kolonbiako eta Kubako presidenteak eta Rodrigo Londoño "Timochenko" Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako (FARC) buruzagi nagusia izandakoa. 2015eko irailaren 23an, Habanan (Kuba), bake akordioei buruzko bilera baten ostean. Argazkia: G. Images

Akordioak sinatzeak eta haien inplementazioak haustura handia eragin du FARC-EPko komandante nagusietako batzuen artean, Ivan Marquez edo Timochenko, esaterako.
Gerrillako borrokalariek ez zuten parte hartu armak entregatzeko erabakian, ez baitzitzaien inoiz galdetu, ezta FARC-EPren Hamargarren Konferentzian ere. Konferentzia hura arrapastaka eman zuten amaitutzat akordioaren sakoneko arazoak eztabaidatu gabe.

Horretan Timochenkok erantzukizun handia dauka, baita Idazkaritzako eta Estatu Nagusi Zentraleko kideen zati batek ere, salbuespen bakan batzuk tarteko. Horiek, zoritxarrez, ez zuten FARC gidatzeko gaitasunik izan, ez gerra egoeran ezta bakerako ere.

“Gerrillako borrokalariek ez zuten parte hartu armak entregatzeko erabakian, ez baitzitzaien inoiz galdetu”

Urtarrilean Rodrigo Londoño Timochenko hiltzen saiatu zaretela egotzi dizuete Kolonbiako polizia-iturriek eta FARC alderdiko iturri ofizialek.
Batzuetan pentsatzen dut adierazpen batzuk presaka egiten direla, stablishmentaren kontra ez egiteko gogoak presionatuta. Neurri batean ezjakintasunaren emaitza dira. Hori da ustezko atentatuaren gainean dudan irizpidea; FARC-EP–Bigarren Marquetaliatik ez dago inolako asmorik La Rosako [FARC, Fuerza Alternativa Revolucionaria del Común alderdiaz ari da] edo beste edozein  alderdi politikoren buruzagi edo militanteen aurka fisikoki eta moralki atentatuak egiteko. Hori eztabaidaezina da. Desadostasun ideologikoak izanez gero, maila ideologikoan jorratu behar ditugu eta ez bestela.

Bestalde, Timochenko hiltzen saiatzea leporatu dieten bi lagun horien kasua ikertzea mereziko luke. Zenbait inkoherentzia dago. Biak hil dituzte, eta argi dago ez direla inongo konfrontaziotan hil, bertsio ofizialak dioen bezala, baizik eta torturatu eta hil egin dituztela garai eta leku ezberdinetan.

Hitz egin dezagun 2018ko apirileko zure atxiloketaz. Nolakoa izan zen?
Aurreikus zitekeen zerbait zen. Washingtonen interes eta kapritxoen menpe dagoen prozesu baten erdian gaudela jakitun izanik. Egia esan, ez ninduten harritu nire kontrako salaketek, ezta estraditatzeko eta politikoki eta moralki suntsitzeko asmoak ere. Are gehiago, FARCen barruan ohartarazi eta publikoki salatu nuen egoera hori, Habanan negoziatzen ari ginela, baita gero Kolonbian, akordioa inplementatzen hasi zenean ere.

Mesfidantza gorabehera, itundutakoa aurrera ateratzeko borrokan jarraitu nuen, baita, testigantza faltsuetan oinarrituta eta nire aurkako gerra mediatiko baten erdian atxilotu nindutenean ere. Ez zen eta ez da inoiz frogarik izango, nik horrelako gauzetan ez dudalako sekulan parte hartu.

Nolakoa izan zen espetxeko garaia?
Gobernuaren aldetik, isolamendua eta etsaitasuna. Nire jarrera beti erresistentziazkoa izan zen, zintzotasunez azken ondorioetaraino joatea, iparramerikarrek eta kolonbiar lekaioek nahi zutena egin ez zezaten. Lankideen eta lagunen baldintzarik gabeko elkartasuna izan zen giltzarria nire askatasuna lortzeko.

2019ko maiatzaren 30ean Jesus Santrich espetxetik irten zen eta harrera egin zioten FARC aldediko Bogotako egoitzan. Polemika piztu zen Espainiako eta Kolonbiako hedabideetan berarekin batera agertutako pertsona baten kamisetan ETAren anagrama eramateagatik. Argazkia: El Tiempo

Behin espetxetik aterata, ihes egitea erabaki zenuen. Kongresuko Ganberako kide zaren aldetik, bizitza politikoan eskubide osoz parte hartzeko bermerik ez zenuen ikusten?
Ez zen bermerik eta horregatik hartu dut erabakia, ez ihes egiteko, baizik eta klandestinitatean erresistentzian aritzeko, non nire herrialdearen etorkizunaren alde borroka dezakedan jazarpen judiziala eta eguneroko heriotza-mehatxuak gainean izan gabe. Hemen arriskuak daude, baina izatekotan ere borrokan hilko naiz, eta ez gupidagabeki balaz josita, armarik gabe, Kolonbiako kasta boteretsuek bultzatzen duten gerra zikinean.

2019ko abuztuan, zuk eta FARCeko beste komandante ohi batzuek armak berriz hartzeko erabakia iragarri zenuten. Bake prozesuaren porrota baieztatuta al dago?
Bake prozesuaren porrota estatuaren gaiztakeriaren ondorioa da. Inplementazioaren krisiak berretsi du. Egunerokoan agerikoa da, agintari komunitarioen eta borrokalari ohien hilketak kasu. Ez genuen bakea sinatu handik hiru urtera 700 lider sozial eta gure 200 bat gerrillari baino gehiago hil ditzaten.

Estatuak ez du bere betebeharrik garrantzitsuena bete: bere herritarren bizitza bermatzea.

"Ez genuen bakea sinatu handik hiru urtera 700 lider sozial eta gure 200 bat gerrillari baino gehiago hil ditzaten"

FARC-EP-Bigarren Marquetalia erakundearen sorrerako agirian deigarria da "oligarkiaren aurkako gerrara" deitu izana, helburu militarren aurkako gerrari lehentasuna kenduz. Zergatik irizpide hori?
Habanako Bake Akordioari Kolonbiako Estatuak egindako traizioari erantzuteko hartu ditugu berriz armak. Gatazkaren arrazoi historikoek bere horretan darraitela salatu dugu, horiek baitira benetako bakea lortzeko gainditu behar diren baldintzak. Agerian utzi nahi dugu matxinada ez dela porrot egin duen edo garaitu duten bandera bat. Manuel Marulanda eta Bolivarren legatuarekin aurrera jarraitzeko indarra du, behetik eta behekoekin lan eginez. Beraz, plan estrategikoa, funtsean, Kolonbia Berriaren aldeko Kanpaina Bolivariarra bera da, baina badira aldaera batzuk,  gerra inposatzen dutenei non jo behar diegun definitzeko orduan selektiboagoak eta zuzenagoak izateko. Hor zehaztu dugu helburua ez dela ez soldadua, ez polizia, ez ofiziala, ezta ofizialordea ere. Baina, kasu, erantsi diogu "herri-interesei errespetua adierazteko" irizpidea. Kontua ez da orain estatuko aparatu armatuei errepresio organo gisa nahi dutena egiteko bidea libre uztea. Defentsarako ekintza oro zilegi da.

Helburua oligarkia dela diogunean, oligarkia baztertzaile, ustel, mafioso eta bortitz horri begira esaten dugu, zeinak uste baitu herrialdeari etorkizuneko ateak trabatzen jarrai dezakeela.

Modalitate operatibo berri bat ezarriko dugu, batez ere erasoei erantzungo diona. Erabaki baten ondorio da: ez dugu jarraituko klase bereko anai-arreben artean elkar hiltzen. Oligarkiak ez ditu inoiz bere seme-alabak bidaltzen gerran bularra jartzera. Biktimak pobreen artean geratzen dira. Horra gure deia, baita herri mina duten segurtasun indarretako kideei ere: elkarrekin ibil gaitezen haien aldarrikapen eta zorionaren alde.

Argazkia: Ibai Trebiño

M-19ko gerrillak 1970 eta 1980ko hamarkadetan egin zuenaren moduko matxinada armatua?
Iruditzen zait matxinadarako gure planteamendua ez dela aldatu; bere funtsa eta izana herri mobilizazioa eta eraldaketarako gaitasuna dira oraindik. Zehatz-mehatz esan dugu gertatzen ari dena ez dela gure kapritxo baten ondorio. Politika neoliberalak, ustelkeria eta gerra sustatzen dituen erregimenak bi bideren aurrean jarri gaitu: elkarrizketa politikoaren bitartez prozesu konstituziogile ireki bati ekin ala aldaketa horiek, lehenago edo geroago, inkonformismoaren eztandak konkistatuko ditu matxinadaren bitartez.

Azaldu zertan datzan erakunde berriaren jardun politiko-militarra.
Altxamendu armatuari eustea erregimena basati eta bortitz aritzearen ondorio da. Horrek defentsarako eta matxinada armaturako eskubide legitimoak geure gain hartzera behartzen gaitu. Horregatik, gure armada, milizia eta alderdiaren egiturak klandestinitatean berreraikitzeko prozesuak estrategia bat behar du, indarra hedatu behar dugu, operazio eta taktikak zehaztu... Horren funtsa borroka moduen konbinazioaren taktika da, gerrilla mugikorren bidezko gerra eta herriaren altxamenduaren kontzepzio matxinoa, bakea justizia sozialarekin batera inposatzeko edo hitzartzeko asmoz.

Horrekin batera, uste osoa dugu bitartekoak dauzkagula irtenbide itundua bilatzen jarraitzeko; bazterkeria, miseria eta desberdintasun izugarriak gaindituko dituen prozesu eratzaile irekia bultzatzeko, estatuaren demokratizaziorantz.

“Garai honetan estrategiaren helburuak herri-mugimenduaren batasuna izan behar du, bakea justizia sozialarekin, demokraziarekin eta subiranotasunarekin konkistatzeko”

Deigarria da Askapen Nazionalerako Armadara, Kolonbiako eta Amerikako talde armaturik zaharrenera, hurbiltzeko saiakera. Zer nolako aliantzak planteatzen dituzue ELNrekin?
Gure batasun-ikuspegia da. Ez da kontu taktikoa, estrategikoa baizik, sakonekoa, funtsezkoa. Hori gabe ez dugu posible ikusten botere alternatibaren eraikuntzan aurrera egitea. Ez da soilik arlo militarreko kontu bat, nagusiki afera politikoa da. Kontzientziak esnatzeko borroka garai honetan estrategiaren helburuak herri-mugimenduaren batasuna izan behar du, bakea justizia sozialarekin, demokraziarekin eta subiranotasunarekin konkistatzeko. Horretarako masak aktibatu behar ditugu, era guztietako bide matxinatuen bidez, armen monopolioa eta estatuaren boterea lehiatzeko.

Zer iritzi duzu azken gertakari politikoez, bereziki Kolonbiako Lanuzte Nazionalaren barruan izan diren mobilizazio handiez?
Mobilizazioei dagokienez, Ekuadorko indigenen protesta masiboak aurrekari izan ziren. Txilen antzeko zerbait gertatu zen, neurri neoliberalen aurkako altxamendu herrikoi jendetsua hasi zen.

Kolonbiaren kasuan, kalera atera den jendeak Habanako Akordioa betetzea eskatu du, herri mugimenduaren aurkako sarraskiak bertan behera utz ditzatela, ordezkapen akordioak bete ditzatela –laborantza bidegabeak– eta  indigenekin eta ikasleekin hartutako konpromisoak bete ditzatela. Akordio zaharrak dira, baina sekula gauzatzen ez diren promesen bitartez egindakoak.

Agerikoa da eltze-jotzeek eta sare sozialek protesta hauetan pisua izan dutela. eta horrekin sintonian jarri behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: FARC
FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


2022-05-29 | Xuban Zubiria
Alberto Pinzón eta Alexander Ugalde
"Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea"

Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen... [+]


2022-02-09 | Ibai Trebiño
FARCeko disidenteak eta ELN, gerra bete-betean

Kolonbia eta Venezuela banatzen dituen mugan, Kolonbiako Arauca estatuan, gerra bortitza piztu da azken hilabeteetan ELNren eta FARCeko disidenteen artean. Baina zer ari da gertatzen? Ideologiaz harago, muga-eremu baten logikatik ulertu behar da gatazka, mugalde estrategikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude