"Bagenekien armak utzi ostean ere borrokan jarraitu beharko genuela"

  • FARCen historiako hirugarren komandante-burua izan zen, eta FARC alderdiko lehen presidentea da. Juan Manuel Santosen gobernuarekin hastapenetan ziren bake elkarrizketak gidaritza hartu zuenean. Aldi berean koordinatu zituen borroka armatuko eta bake-negoziazioko estrategiak, eta bost urteren buruan mende erdiko gerra amaitzea lortu zuten Estatuarekin bake akordioa sinatuz. Geroztik Amerikako gerrilla handiena zenak armak utzita darrai borrokan. Gaur bake prozesuaren egoera ez da samurra: Ivan Duquek hauteskundeak irabazi eta akordioak aldatu nahi dituen eskuin gotorra itzuli da boterera. Konpromiso asko daude bete gabe eta FARCen hainbat buruzagi ezagunek ezkutatzea erabaki dute atxilotuko dituzten beldur. Ziurgabetasun horrek barne zatiketa hotsa  ere ekarri du FARCera. Denetan larriena, nolanahi ere, “gerrillari ohien hilketak dira” Timochenkorentzat. “Ia 90 erail dituzte”. Eta hala ere baikor mintzo da buruzagia, barre txikia egiten du sarri. Noranahi doala ere eupadak, animoak, eta egiten ari direnagatik maitasuna sumatzen duela dio, apurka-apurka Kolonbia aldatuko dutenaren konbentzimendu osoz.

Argazkia: Jon Artano Izeta
Argazkia: Jon Artano Izeta

Bi urte joan dira. Eta sinatu zenuten akordiotik gutxi bete du Estatuak. Nazioarteko ordezkariek zer esaten dizuete?
Esan baino egin egiten dute. Berebiziko garrantzia du beren lanak. Nazio Batuen Erakundeak, adibidez, konpromisoa erakutsi du. Adi-adi daude. Segurtasun batzordearen erabakietan nabarmen geratu da: Kolonbian beren misioa luzatzea erabaki dute. Gobernuak ezin dio, nahita ere, ezinikusiarena egin horri, eta uribismoko sektore erradikalenei galga jarri diete akordioak txiki-txiki egin ez ditzaten.

Prozesu hau lortu genuen faktore asko batu zirelako, baina bi elementu erabakigarri izan ziren: jarduneko agintari militarren inplikazioa, berekin adostu genuen nola egin behin betiko su-etena eta armen uztea; eta nazioartearen ekarpena. Hasiera-hasieratik, negoziazioa isilpean generaman garaietan, Kuba eta Norvegia hor aritu ziren laguntzen. Gero babes handiagoa etorri zen, ez ahaztu AEBek ere izan zutela ordezkari bat Habanara aldiro joan-etorrian.

Akordioan sinatutakoa erdizka ari da betetzen estatua, onenean. Nola lortuko duzue horri buelta ematea hauteskundeetan hain emaitza kaxkarrak lortuta eta legezko joko-eremu politikoan hasiberriak izaki?
Hara, gu ez gara inozoak, eta Habanan ere ez ginen inozoak izan. Bagenekien han adostutakoa bete zezaten lortzea oso zaila izango zela. Bagenekien borrokan jarraitu beharko genuela. Eta horretan ari gara. Baina akordioaren bi puntu garrantzitsuenei eutsi egin diegu. Eta kosta ahala kosta eutsiko diegu parte-hartze politikoari eta gure segurtasun juridikoari. Batzuk esan eta esan ari ziren (Ivan) Duquek presidentetza lortzen baldin bazuen kendu egingo zigula akordioan jasotako legebiltzarkide ordezkaritza. Bada guk lortu egin dugu legebiltzarkide horiek beren eserlekuak hartzea. Gerrillari ohion segurtasun juridikoa da beste giltzarria. Eta horri ere eusten ari gara, bateko eta besteko erasoak geratuz. Bi alderdi horiei eskerrak etorriko da akordioaren gainontzeko puntuen betetzea.

Segurtasun juridikoari eustea lortu duzuela diozu. Ivan Marquez eta berarekin batera ezkutatzea erabaki duten beste dozena bat buruzagiek ez dute segurtasun juridiko hori sumatzen.
Hori da beren pertzepzioa, bai. Besteok ordea hemen gaude, tinko, borrokan. Beldurrik ba ote dugun? Jakina! Uribismoa etengabe ari da sabotajean, eta Santrich-i egin diotena, hain zuzen ere, gu beldurtzeko prestatutako maniobra bat da. Tira, gure kamarada batzuk beldurtu egin dira. Beldurra errespetatu beharra dago, zer egingo diogu ba? Baina ezkutatzea erabakitzen duenak bidea libre uzten die akordioa txikitu nahi dutenei. Hainbeste ahalegini esker irabazitakoa arriskuan jarriz.

Argazkia: Aimé Comin

Jesus Santrich FARCen zuzendaritzako kideari bake akordioa izenpetu ostean egindako narkotrafiko delitu bat egozten dio AEBetako epaile batek, eta preso sartu dute Kolonbiako justiziak bere estradizioaz erabaki bitartean. Salaketa muntaia bat dela diozue. Gisa horretako beste amarrurik sumatu al duzue?
Bai. Ez dut inoiz kontatu baina… Armadako buruzagi baten audioak lortu genituen, DEArekin (AEBetako Drogen Aurkako Agentzia) elkar hartuta ari zen Pablo Catatumbo eta beste burkide batzuen aurkako tranpa prestatzen. Garaiz ohartu eta fiskaltzan salaketa jarri genuen.

Zatiketa arriskurik ba al du FARCek?
Beti izan gara talde batua, eta elkartuta jarraitu nahi dugu.

Ivan Marquez-ez fido al zara? Laguna al duzu?
Aspaldidanik ezagutzen dut, gerrilla borrokara batzea erabaki zuenetik, 1982 inguruan. Aldi batez elkarrekin egin genuen lan, eta esan daiteke izan dugula adiskidetasun bat. Negoziazio mahaian gure ordezkaritzaren buru izan zen eta mahaian ez zuen erabaki bakar bat hartu talde osoarekin aurrez eztabaidatu eta adostu gabe.

Orain ordea kongresuan daudenekiko eta, zuk bezala, aktibismo politiko publikoa egiten duzuenekiko distantzia hartu du ezkutatzea erabakita. Ez al duzu uste talde osoaren norabidean eragiteko norgehiagoka bat sortu daitekeenik? Zeure ordez beste norbait jartzeko asmoa izan dezakeenik?
Urte asko daramat FARCeko idazkaritzan eta mota horretako ideiak ez zaizkit buruan sartzen. Neuk ere egiten diot galdera neure buruari: Ivan Marquez zertan ari da? Bere kezka adierazia zuen, baina niri ez zidan abisurik eman alde egin aurretik, ezta zuzendaritzari ere.

Luzaroan izango al zara FARCen buruzagi?
Jendeak nahi duen bitartean. Gerrillan sartu berria nintzela eman zidan lehen aginpidea: bananadi bat garbitzeko sei laguneko taldearen buru jarri ninduten. Gazte-gaztea nintzen. Ordutik ikasi dut esandakoa egiten, gustuko izan ez arren. Ni erizain jarri ninduten, gogoz kontra. Norbaiti injekzio bat jartzea sufrikarioa da niretzat, baina eutsi egin nion beste aukera bat zabaldu zidaten arte. Eta buruzagitzan eutsiko diot taldearen borondatea hori den heinean.

Zer moduz doakizue kongresuan?
Kostata baina ari gara espazio berriak irekitzen, eta hori da garrantzitsuena. Bakearen aldekook metatuz gero 48 legebiltzarkide inguru ditugu kongresuan (FARCekoak hamar dira, 280 guztira). Hori kontuan hartzeko moduko indarra da.

Ivan Duquek nahi al du bake prozesua sustraitzea?
Presidenteak entzun gaitzan behar dugu. Bilera eskatu diogu eta gaur arte ez gaitu hartu, baina itxaropena dut konbentzitu egingo dugula.

Juan Manuel Santos entzutean zer datorkizu gogora?
Bakearen alde apustu egin zuen. Zeharo beldurtuta, hori bai. Santos agintari klaseko kide petoa da, eta prozesu hau ez genuen martxan jartzerik izango agintari klase horrek nahi izan ez balu. Konbentzitu egin genituen; eta konbentzitu egin gintuzten. Elkarlan oso luzea izan zen, eta Santosek beti izan zuen buru gainean uribismoak jarritako Damoklesen ezpata. Mahai bueltan geundenean, beren ezezkoak arrazoitzeko, hamaika aldiz esan ziguten: “Ezin dugu hori onartu; uribismoak jota jo eta txikitu egin gaitzake”. Ez daukat ahazteko: negoziazioaren hondarrean Santos presidentearen deia jaso nuen Habanan, gauez, oso berandu. Parte-hartze politikoari uko egin geniezaion eskatu zidan, behintzat 2018ko hauteskundeetan lehiatik kanpo gera gintezen nahi zuen. Hori marra gorria zela erantzun nion. Hain borroka luzearen ostean nola utziko ditugu ba armak eta politikan ez garela arituko esan? Nola ba, geure izatearen muina izaki politika?

Timochenko FARCeko hainbat kiderekin.

Ba al duzu hartu-emanik orain Santosekin?
Komunean ditugun ezagunen bidez dakit bere berri. Badakit Harvarden (AEB) dagoela irakasletzan, eta prozesuaren defentsan diharduela ingurune akademiko horietan.

Zergatik ez ditu Estatuak okupatu zeuek lehen kontrolpean zenituzten eskualdeak?
Galdera ona duzu hori haiei egiteko! Ezgauza da Estatua eta borondate politikorik ez du izan. Pentsa nezake agintariek ez zutela espero akordioa lortuko genuenik; lortu genuenean ez zeudelako prest. Egin kontu: landa eremuaren erreforma da akordioko lehen puntua, bada ia urtebete eman genuen atal hori eztabaidatzen. Eta bete dadin terratenienteen tradizioa hautsi beharra dago, indar boteretsu askoren aurka jo behar da: lur-jabeak, eta sarritan berekin nahastuta dauden narkotrafikatzaileak, eta horiekin lotura duten eskualdeetako agintari politikoak.

Narkotrafikoa nola amai daiteke?
Lehendabizi hipokrisia alde batera utzita. Ahobizarrik gabe hitz egin behar genuke horretaz, gai korapilatsua delako. Oinarrian, gainera, eskaera dago eta nazioarteak ere badu, beraz, zeregina. Gauza bat argi dago: errepresioaz ez dute narkotrafikoa kenduko.

Gobernua eta ELN gerrillaren arteko elkarrizketak hil-hurren dirudi, zer uste duzu gertatuko dela?
Guk ahalegin handia egin genuen ELNk bere prozesua abiatu zezan, gurearen uharan. Gurea aurrerantz zihoan eta berena abiatu ere ez zen egiten, eta bagenekien hori arazoa izango zela. Eta hala izan da. Ez zuten abagunea baliatu , eta Santosekin eta Duquerekin askoz gaitzagoa izango da, prozesuari heldu nahi ez dion agintari klasearen ordezkari direlako. Haiek nahi dutena da errendizioa, negoziazio politikoaren atea ireki ere egin gabe. Guri atea ez digute parez pare ireki, baina zirrikitu bat behintzat topatu dugu jokoan sartzeko eta aurrerantzean geuri dagokigu hori baliatzea.

Nola aldatu zaitu berriz aita izango zarela jakiteak?
Kar, kar, kar. Duela 33 urte neskato bat izan nuen, baina gerran. Bi hilabete zituenean ezagutu nuen eta gero noizbehinka baino ez nuen ikusi, harik eta hamaika urte zituenean deserriratzea tokatu zitzaion arte. Garai hartan buruzagion senideak bahitzen hasi ziren, presio modura, eta eskertua nago Espainiak alaba onartu zuelako. Beraz, jabetuko zarenez, ezin izan nuen aitatasuna ezagutu. Ez jaiotza, ez nola hazten den… Eta orain Jhoannarekin (bikotekidea) zain-zain nago. Oso hunkibera naiz eta kezka handia dut: aita ona izan nahi nuke, bikotekideari behar duen guztian lagunduz, zereginik funtsezkoena berari baitagokio.  

Te metiste a soldao

Timochenko 40 urtez gerran ibili ostean heriotzatik gertuen bake garaiotan izan da, osasun arazoengatik, hiru une historikotan.

"Lehendabizikoa 2015ean, Habanan: bake elkarrizketekiko batzar orokorra egiten ari ginela, bileraren erdian, hilda geratu nintzen. Eta ‘hilda’ egon omen nintzen 40 minutu inguru. Elektroshockak eman zizkidaten eta medikuek ere ez dakite oso ondo nola baina atera nintzen hartatik, ohe baten gainean lau egun izoztuta bezala eman eta gero. Neure onera etortzen hasi ahala bilerara itzuli behar izan nuen besteek ez baitzuten ni gabe jarraitzerik nahi izan”. 2017an, armen uztea burutu eta egun gutxira, izan zuen bigarren larrialdia. “Istripu zerebrobaskularra. Gorputz erdia paralizatu zitzaidan“. Hirugarrena aurten izan du, martxoan. FARC alderdiaren presidentegaia zen hauteskundeetako estreinaldian, eta hautagaitza erretiratu behar izan zuen:  “Bihotzeko ebakuntza egin zidaten arteriak itxi samar nituelako baina berehala jarri behar izan nuen berriz martxan. Hiruzpalau pakete erretzen nituen eguneko, geroztik erabat utzi diot“.

Muturreko osasun arazo horiek izan dituenean, taldearekiko konpromisoa laxatu eta norbere ongizateari lehentasuna ematea pentsatu ote duen galdetu diogu. “Hori ez zen publiko egin baina alderdia sortzeko batzarrean barne borrokak-eta sumatu nituen eta nik ez nuen hor sartu nahi. Zuzendaritzako 111 kideak biltzekoak ginen baina 110 bildu ziren; ni Habanara joan nintzen medikutara. Eta esan nien: ‘Ez nazazue presidente izendatu, beste norbait jarri ezazue eta utzidazue hiru bat hilabete neure onera etor nadin. Orduan jarriko naiz alderdiaren esanetara, zernahitarako’. Biharamunean deitu zidaten presidente izendatu nindutela esanaz! Akabo nik buruan neuzkan atsedenaldiak-eta, kar, kar, kar…“ (Kantuan hasi da) ‘Te metiste a soldao y ahora tienes que aprender...'


Kanal honetatik interesatuko zaizu: FARC
FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


2022-05-29 | Xuban Zubiria
Alberto Pinzón eta Alexander Ugalde
"Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea"

Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen... [+]


2022-02-09 | Ibai Trebiño
FARCeko disidenteak eta ELN, gerra bete-betean

Kolonbia eta Venezuela banatzen dituen mugan, Kolonbiako Arauca estatuan, gerra bortitza piztu da azken hilabeteetan ELNren eta FARCeko disidenteen artean. Baina zer ari da gertatzen? Ideologiaz harago, muga-eremu baten logikatik ulertu behar da gatazka, mugalde estrategikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude