FARCeko disidenteak eta ELN, gerra bete-betean

  • Kolonbia eta Venezuela banatzen dituen mugan, Kolonbiako Arauca estatuan, gerra bortitza piztu da azken hilabeteetan ELNren eta FARCeko disidenteen artean. Baina zer ari da gertatzen? Ideologiaz harago, muga-eremu baten logikatik ulertu behar da gatazka, mugalde estrategikoa izateak eragiten dituen interesak kontuan hartuta.


2022ko otsailaren 09an - 09:51
Azken eguneraketa: 10:52

Dozenaka hildako eragin ditu azken hilabetean ELN eta FARCeko gerrillarien artean piztutako gatazkak. Ofizialki, ELNk urte hasieran ekin zion gudari, Fortul, Tame, Arauquita eta Saravena herrietan 27 pertsona hilik agertu eta gero, ustez paramilitarismoaren eskutik edo “haiekin kolaboratzen duten” FARCeko disidenteen eskutik, dio gerrilla elenoak.

Hori horrela, ELNk gerra deklaratu die zonaldean diharduten FARC ohiko 28. eta 10. fronteko kideei eta ordutik, alde bateko zein besteko hainbat gerrillarik bizitza galdu dute, besteak beste FARCeko 28. fronteko buruzagi Antonio Medinak. FARCeko disidenteek ordea, eskualdeko erakunde sozialek baliatzen duten eraikinari eraso egin diote Saravena herrian –ELNrekin harremana zutelakoan–, hildako bat eta dozena bat zauritu eraginez.

Muga eremua, gudu-zelai estrategikoa.

Interesak medio, historikoki ohikoak izan dira ideologia bereko eragile armatuen arteko hika-mikak eta borrokak, beti ere eremu geografikoaren arabera. Gehienetan ondo moldatu badira ere, ELNren eta FARCen arteko harremanak txarrak izan dira, besteak beste, Choco eta Arauca eskualdeetan, bereziki FARCen armagabetzearen ondotik sortutako taldeekin. ELNko hainbat frontek “paramilitarismoarekin elkarlanean jardutea” eta “narkotrafikoa” leporatzen diete fariano ohiei.

Araucaren kasuan, muga eremua izanik, asko dira bertan dauden interesak; gasolina kontrabandoa, narkotrafikoa, pertsona trafikoa… Muga zeharkatzeko, adibidez, gerrillariek zein paramilitarrek zerga ordainarazten diete handik pasatzen diren pertsona eta merkantzia orori –kokaina barne– eta horrek diru iturri inportantea sortzen du. Ideologia funtsezkoa izanda ere, testuinguru horretan ulertu behar da Araucan egunotan gertatzen ari den gatazka.

ELN eta mugimendu sozialak, jaun eta jabe Araucan   

Azken urteetan eraikitako proiektu sozialek zein borrokek argi erakusten dute Arauca eskualdeko gizarte mugimenduek dituzten indarra eta antolakuntza maila. Garaipenen artean, koka-plantazioak desagerraraztea eta horiek beste landaketa legalekin ordezkatzea izan da.

Gatazka politikotik sortutako gatazka armatuan ordea, ELNko Ekialdeko Gerra Frontea da eskualdean pisu handien duen taldea eta mugimendu sozialekin harreman estuena duena. Bertan dihardu, besteak beste, Domingo Lain Fronteak, erakunde marxistan indar militar handiena daukan frontea. Nabarmendu behar da, ELNren antolakuntza eredua horizontala izanik –FARC-EP historikoaren eredu bertikalarekin alderatuta– fronte bakoitzak autonomia handiagoa duela zuzendaritzarekiko eta horrek ez duela beti jokatu ELNren alde. Esaterako, Domingo Lain fronteak burutu zuen Habanako negoziazioa zapuztu zuen ekintza: Bogotako akademia militarrean 23 hildako eragin zituen ekintza-suizidak. 

Bestalde, Araucako ELNren jardueren artean nagusi dira Caño Limón oliobidearen kontrako sabotajeak –gobernuarentzat estrategikoa dena– eta militarrei zuzendutako erasoak.

FARCeko disidentziak eta narkotrafikoa

Bigarren Marquetalia taldea “Habana osteko” disidentetzat jo daitekeen bezala, Araucako FARCeko 10. frontea “Habana aurreko” disidentetzat har daiteke. Taldeak ez zuen bake negoziazioan parte hartu, eta ordutik bere jarduera armatuarekin jarraitu du –beste hainbat talderekin batera– Gentil Duarteren zuzendaritzapean.

Hernan Dario Velasquez El Paisa FARC-eko gerrillari historikoa.

Biak FARCeko oinordekoak izanda ere, harreman korapilatsua da bi taldeen artean; 2021eko abenduaren 5ean esaterako, muga gatazkatsu horretan, FARCeko 10. fronteak ustez Bigarren Marquetalia taldeko buruzagi Hernan Dario Velasquez El Paisa hil zuen, bi erakundeen arteko desadostasunak zirela-eta. El Paisa FARC-EPko gerrilari historikoa izan zen eta Habanako elkarrizketetan parte hartzeaz gain, 2019tik aurrera Bigarren Marquetaliaren buruzagia izan zen Ivan Marquezekin batera.

28. frontea orain dela lau urte agertutako taldea da. “FARC historikoan” aritutako militante batzuek salatu dutenez, haietariko asko desertoreak izan ziren. Hori horrela, ideologia baino “negozio ilegaletan” ari direla diote zenbat adituk.

Zentzu berean, ELNk “narkotrafikoa sustatzea” leporatu die disidenteei eta bereziki “paramilitarren mesedetan aritzea”. Gauzak horrela, ELN bera zorrotz aritu da FARC ohiko 10. eta 28. fronteen kontra eta guda luzea izango dela aditzera eman du: "Narko terrorista hauek justizia iraultzailearen gogortasun guztiarekin zigortuko ditugu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude