Arrate Corres. Artisau-pasta ekologiko eta tradizionala

"Tokikotasuna ez da kilometrotan neurtzen, botere harremanetan baizik"

  • Kalitate handieneko pasta egiten du neba Igorrekin batera Andaluzian. Ez da nolanahiko asmoa: artisaua behar du pastak, ekologikoa errotak, tradizionala zerealak. Has eta buru, neba-arrebek zuzentzen dute prozesu osoa, hazitik dendarainokoa. 2014an hasi ziren oinez, eta nahiz makurka eta poliki hasieran, zutik dabiltza orain.

Miel Anjel Elustondo
2020ko otsailaren 23a
Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Arrate Corres Velasco. Gasteiz, 1981

Albaitaritza ikasketak egina, Ekuadorren izan zen urtebetez, nekazarien mugimenduarekin bat eginik, Nekazarien Unibertsitatean. Hantxe ekin zion nekazaritza ez-industrialari aztertzeari, eta egonaldiak erakutsi zion oraingo bidea. Itzuli eta Mugarik Gabeko Albaitaritza GKErekin jardun zuen lanean, elikadura burujabetzan, oroz gain. Agroekologia masterra egin zuen Baezan (Jaén, Espainia) eta, geroago, Spiganegrari lotu zitzaion nebarekin batera. AIKB (Arrate, Igor, Korres, Belasko) Ekoerrota du izen juridikoa, euskararekiko loturari eutsiz. Goren kalitateko pasta egiten dute Andaluzian, eta Euskal Herrira ere heltzen zaigu.

2014an hasi zineten artisau-pasta ekologikoa egiteko bidean.
Paperak egiten! Baina, egiaz, hurrengo urte arte ez zen Italiatik jaso behar genuen prentsa heldu; artisau-pasta egiteko prentsa, esan nahi dut. Bitartean, errota diseinatzen jardun genuen, errota berezia, gari-semolaz egiten baitugu pasta, ez irinez, eta garia ere ez da edozein gari, gari gogorra baizik. Eta gari gogorra klimatologia jakin batean lantzen da, Mediterraneo aldean, dela Iberiar penintsularen hegoaldean, Italia hegoaldean, Afrika iparraldean… nahiz Aragoan ere lantzen den gari gogor hori. Baina Andaluzian hazten da ondoen. Esate baterako, Azkoien inguruan ere saialditxoa egin genuen, ekologikoa ekoizten duen laborari batekin.

Nafarroako Erriberan, beraz.
Bai, baina horko gari gogorraren kalitateak ez gintuen asebete. Aldiz, Andaluzian, Malagako Humilladeron, bertako landare autoktonoa dute gari gogorra. Betidanikoa. Bestalde, nire neba Igor jada Malagan bizi zenez, interesgarriagoa iruditu zitzaigun gure errota ere bertako lurretan eta ekoizleengandik gertu kokatzea.

Errota zeuek diseinatu zenutela esan diguzu.
Bai… Lehen, herri guztiek zuten bere errota, eta han eta hemen baziren irin-fabrikak ere. Baina orain gutxi dira, eta gero eta gutxiago, gainera. Esaterako, gaur egun, EAEn irin-errota bakarra dugu, Kanpezun (Araba), eta Nafarroan ere hiruzpalau gelditzen dira, eta, horietako bat, talde handi baten baitakoa da. Semolari dagokionez, are eta kontzentratuago dago hori: Espainiako Estatuan zazpi semola-fabrika daude, instalazio handi eta modernoak dira, eta hori ez da, berez, txarra, baina esku gutxitan kontzentratuta daude, eta hori bai, arazoa da.

Fabrika handiak dira nagusi.
Bai. Gu, esate baterako, ez gara txiki-txikiak, aski ekoizten dugu, baina gu ez gara iritsiko, geure bizitza osoan, haiek astebetean egiten duten semola kopurua ekoiztera! Jakina, guk askoz ere semola osoagoa egiten dugu, artisau erara, eta lurrari lotutakoa. Ekologikoa egitea ez da nahikoa, gure ustez. Tokikoa behar du. Orain boladan dago zera hori, “0 km”, baina beste bat da koska: tokikotasuna ez da kilometrotan neurtzen, botere harremanetan baizik.

Hara, bestea!
Gure inguruan botere handiko enpresa edo entitate batek hartuko balu gure semola, “0 km” esan ahal izango luke, baina zein botere harreman sortu da tarte horretan? Edo guk lurrarekin batere kontakturik izango ez bagenu, batek daki nondik hartuko bagenu zereala… zein botere harreman gertatuko litzateke bitartean? 0 km-tik harago joan behar da, botere harremana da garrantzizkoa. Guk, adibidez, kontsumitzaileak ditugu Andaluzian, Valentzian, Madrilen, Euskal Herrian… Tokiko denda askorekin lan egiten dugu, eta gure arteko botere harremana horizontala da, ez dugu bata bestea estutzen. Greba orokorra izan da duela gutxi, eta harira datorrela uste dut: bizi baldintza duinak behar ditugu toki guztietan, eta guztientzat. Katebegi guztien artean zaindu behar dira botere harremanak, kate motz bat lortzeko.

Zeuen esku duzue pasta egiteko prozesu osoa.
Bai, esaterako, lehengo hilean erein genuen zereala, eta neure buruari esan nion: “Oraintxe hasi da hurrengo urteko pasta sortzen!”. Guk ez dugu lurrik, baina Maximo eta Juan Rodriguez anaiekin ari gara lanean hasieratik. Ortuariak lantzen dituzte batik bat, baina haien errotazioetan sartzen da gure zereala. Oso lur onak dituzte, kalitate handiko ekoizpenak eskaintzen dizkigute, gertuko harremana… eta haiek ere badakite ereiten hasi orduko saldua dutela uzta. Bi aldeoi interesatzen zaigu harremana.

Banaketa eta salmenta ere zeuen lanaren bizkar da.
Hasieran gauzak modu batera etorriko direla uste duzu, baina bideak berak erakusten dizu. Asko ikasi dugu. Niri dagokidanez, kooperaziotik nentorren, garapenerako hezkuntza lanetatik, gobernuz kanpoko erakundeetatik, landa dinamizaziotik… eta, nolabait esatearren, banaketa demonizatuta genuen. Horretan hasi ginenean, berriz, jabetu nintzen botere harremana dela gakoa. Alegia, jabetu ginen ezin genuela dena geuk egin, bidaideak behar genituela, baita gure ekoizpenen banaketan ere. Botere harremanik ez bada, berdintasunezkoak baldin badira, ondo da. Soilik herrian saltzea litzateke egokiena, baina bizi beharra dago, eta horretarako, han eta hemen zabaldu eta banatu beharra dago gure ekoizpena. Elkarlanean jardun beste biderik ez dago.

Argazkia: Zaldi Ero

Zer diozu kontsumitzaileaz?
Kontsumitzaileak kontziente izan behar duela esaten da, eta egia da, baina aldaketa ez da hortik soilik etorriko. Hainbat kontsumo elkarte daude, ekoizleekin lotura dute, konpromiso indartsua ere bai, abanguardia dira, baina abanguardia horrek bakarrik ez digu bizigarritasunik ematen, ez dio gure sektoreari bizigarritasunik eskaintzen. Kontsumo elkarteetan ere bistakoa da joera: gai edo ekoizpen ekologikoen kontsumoak sekulako gorakada izaten du lehenengo urteetan, baina handik laster gelditu egiten da kontsumo hori. Elikagaien eraldaketan lanean ari garen sektoreari erantzuteko, kontsumo kontzientea behar da, baina guk geure ekintza onuragarria dela baldin badakigu, zergatik ez gureganatu kontsumitzaile guztiak? Hazi egin nahi dugu, hazi, baina egungo ikuspegi hegemonikotik aparte. Hazi, eredu agroekologiko guztia, ongizate eta aberastasun hori, gizartean zabaldu ahal izateko. Hazi, baina harrapari jardun gabe.

Albaitari zara. Neba, berriz, ingeniari. Laborari lanean buru-belarri ari zarete Humilladeron (Malaga, Espainia).
Gaztetan, neba ingeniaritza ikasketak egiten hasi zen. Ez zuen aurrera egin, ordea. Gero, krisia etorri zenean, lan eskasia eta hau eta hura, berriro heldu zien ingeniaritza ikasketei, eta bukatu egin zituen. Nik albaitaritza ikasi nuen. Ekuadorren urtebeteko egonaldia egin nuen, hango nekazaritza munduan, elikadura burujabetzaz ohartu nintzen, agroekologian sakondu nuen gero… Bestalde, arabarra naiz, eta zerealari begira bizi nintzen. Ikusten nuen zereala bazegoela, baina ez zegoela soroko zerealetik produktu jangarri batera heltzeko modurik. Errotarik ez zegoela ere konturatu nintzen. Aldi berean, neba ikasketa amaierako proiektua egin beharrean zen, eta pastari begira jarri ginen.

Zergatik pastari, hain zuzen?
Italian bizi izan naiz, etxean jatun onak gara, pasta kontsumitzen genuen, ekologikoa, baina jabetzen ginen industriala zela, “bio” zigilua zuen, baina industriaren logikari segitzen zion pastak, ez zitzaigun ideologikoki gustatzen, ezta gastronomikoki ere! Eta semola aztertzen eta proiektua garatzen hasi ginen neba eta biok. Semolaren industria guztiz kontzentratua dagoenez, inork ez zigun berririk eman nahi, harik eta iringileekin harremanetan jarri ginen arte. Horrela, kontaktua egin ahal izan genuen Lleidan (Herrialde Katalanak) Agramunt herriko Roca Fariners irin-fabrikarekin. Gure mundu hau oso maskulinizatua da, baina emakumezkoa zen hango nagusia! Etxeko ateak ireki zizkigun! Gero, Valladoliden (Espainia) beste iringile batekin kontaktatu genuen. Jubilatua zen, baina bazuen eskarmentua. Gure errota abiarazi baino lehen hil zen iringile hura! Nebak diseinatutako sistema ikusi eta ulertu zuen, eta egingarria zela esan zigun. Eta abiatu ginen! Hasieran, ez genuen batere asmatu… asmatu genuen arte! Bost urte honetan asko ikasi dugu, asko dugu ikasteko oraindik, baina aurrera egin dugu, eta pozik gaude. Gaur egun, kalitatezko ekoizpena lortu dugu. Itsusia da neuk esatea, baina harro gaude egiten dugun ekoizpenaz, kalitatezkoa da.

Hasieran ez zenutela batere asmatu esan duzu.
Hondamendi hutsa izan zen. Gogorra izan da, lan asko, ate itxi asko ere bai bidean… Elikadura ez dago batere baloratua, kontsumitzaileak ez du ikusten ekoizpen baten atzean dagoen lana. Bestalde, elikagai industrializatuak diruz lagunduta daude, eta prezio txikian heltzen dira dendara. Eta jendeak prezioak konparatzen ditu, baina konparaketa hori ez da justua. Artisau-pasta ez da garestia. Bai, zigilu handi batena baino garestiagoa da, baina zer dago zigilu handi horren atzean? Kiloko pakete horiek ikusi eta… horien prezioa baino gehiago pagatzen dugu guk garia! Eta pasta egiteak bi eraldaketa ditu: errotako lana da bata, pasta bera egitea da bestea!

Zeuk egin duzu galdera: “Zer dago zigilu handi horien atzean?”.
Esplotazioa. Pertsonen esplotazioa, edo naturarena. Ez da besterik. Merkatu hegemonikoak zigilu ekologikoan jarri du begia, eta kontuz! Gaur egun, niretzat, ekologikoa izatea oinarrizkoa da, dekretuz bete beharko litzateke, baina harago jo behar dugu. Azken aldian, ekoizle ekologikoek lan ikaragarria egin dute. Orain, berriz, bertan sartu da industria, eta aurreko langile haien lana zapuzteko arriskua dago, eta ez da justua.

Zer eman dizu joan deneko dozena erdi urte honetan egin duzuen bideak?
Gauza asko! Oso jende interesgarria ezagutu dugu, ateak ireki dizkiguna, laguntzeko prest izan dena beti. Jende hori. Lana beste modu batera egiten ere ikasi dugu. Lana da, nekea, estresa, baina bestelakoa. Izerdia ere bestelakoa da, nahiz benetako izerdia den. Nork esan behar zidan niri duela urte batzuk, hogeita bost kiloko zakuak hartuta ibiliko nintzela! Horrela daukat bizkarra ere!… Bide honetan, pertsonak gauzak zergatik egiten dituzten ikasi dut. Askotan oso erraza da juzkua, auzoa juzkatzea. Hasi eta buka norberak sortu behar duenean, besteren lana preziatzen ikasten duzu.

Nola bizi duzu oraingo momentua zeuen lanean?
Ez da momentu txarra. Alderantziz, esango nuke. Ikusten dugu egin dugun lan eta esfortzuak emaitza ematen ari direla, nahiz eta ziurgabetasun garaia ere bizi dugun. Saltoki txikiak dira gure salmenta puntuak, eta krisia bizi dute. Hor dira saltoki handiak, Amazon eta gisako plataforma digitalak… baina kontsumitzaileak ere saltoki txikian jarri beharko luke konfiantza. Bestalde, elikagai ekologikoetan ari garela, Europa jarri ohi dugu eredu, baina Frantziara joan eta ez dago saltoki txikirik, eta gure jarduera ereduarentzat ezinbestekoak dira! Baina dena kontzentratuta dago! Hori horrela, gu bezalako ekoizleek ez dugu hor tokirik, ez laborari txikiek, ez abeltzain txikiek, ez inork! Ondo ari gara, baina beti beldurrez: ziurgabetasuna! Nominarik ez.

Hileroko soldatarik ez…
Ez, bada! Askotan esan izan dugu lagun batek eta biok: “Garai batean, gure nomina txikia zen. Baina hortxe zegoen hilero! Zer edo zer zen! Orain ez dakigu noiz eta zenbat jasoko dugun!”. Ziurgabetasun horrekin bizitzea ez da erraza. Hargatik esan izan dut artisau-pasta ekologikoa egiten hastea erabaki genuenean inkontziente hutsak izan ginela. Pertsonalki, hobeto bizi gara: eredu agroekologikoaren barruan bizi garenez, badakigu bizitza jarri behar dugula erdian. Hala ere, urte hauetan ezin izan dugu hori bete, hamaika lan lehenetsi ditugu, gure bizitzaren aurretik.

Autoesplotazioa.
Bai, eta hori ere gogoeta-gai izan beharko litzateke. Gizarte prekarizatuaren ondorio da hori. Gure elikagaien kasuan, prezioa merkatu beste erremediorik ez duzu, baina noraino merkatu? Eta duintasuna? Elikagai ekologikoak luxuzkoak direla esaten dute batzuek. Aditzen da hori ere. Kontzientzia duten taldeetan aditzen da: “Justua izan behar da, eta demokratikoa”. Eta neure buruari galdetzen diot: “Zer da ‘demokratikoa’? Nik, laborari naizen honek, neure burua autoesplotatzea zuri prezioa merkatzeko?”. Kontsumo justua aldarrikatzen dugu, baina ez dugu lortzen egoera zaurgarrian den gizarte sektorea gureganatzea. Zer edo zer gaizki egiten ari gara. Demokratizazioa ez da, bakarrik, elikagai baten prezioan neurtzen. Prezioaren gorabeherak laborari askoren autoesplotazioa ekar dezake, edota proiektu asko desagertzea. Bost urte dira hasi ginenetik, eta hainbat jende hasi zen gure garai berean… Bost urte eta gero, bidean gelditu dira gehienak. Zortea izan dugu, gure senideek sostengua eman digutelako.

Eta zer diozu Andaluziaren gainean?
Sekulako potentzialitatea duen lurraldea dela. Gauza negatibo asko entzuten dira Andaluziari buruz, baina hango dinamika sozialak ikaragarriak dira. Subbética Ecológica izeneko elkarte bateko kide gara, ekoizpenen banaketa da asmoa, baina bertako jendearen dinamika ikusteko ere balio izan digu haiekin lotzeak. Euskal Herrikoa ez bezalakoa da egoera Andaluzian, prekarioagoa da, eta horrek gauza asko egiteko prestutasuna eman die bertakoei. Egin behar dela? Bada, egiten da! Beldur gutxiago dute ezertarako, eta, egia da, galtzekorik ez duzunean, errazago duzu egin behar duzuna egitea. Marinaleda da adibide.

Hara, Marinaleda!
Ikonoa da Marinaleda, baina hango dinamika bera gauzatu dute beste hainbat tokitan, batere zabaldu ez bada ere, eta, are, dinamika hori ezkutatu nahi izan bada ere. Botereak ez du nahi horrelako dinamikarik lau bazterretara zabaltzea… Emakume batekin hizketan, kontatu zidan nola lursail bat okupatu zuten, nola egunero haurrak hartu eta hamabi urtez joan izan ziren sailak okupatzera. “hamabi urtez!”, harrituta, nik. Eta berak: “Ez genuen ezer eta! Zer egin behar genuen, okupatu ez besterik?”.

“Galtzekorik ez”, esan duzu arestian…
Bai, bada. Maximok [Rodriguez] kontatzen du 13-14 urterekin Nafarroara etortzen zirela lanera gurasoekin, zainzurietara. Nafarroatik Frantziara jotzen zuten, hango soroetara, beti lanean. Eta beti lanean, jornalero, eta beti pobre. Egoera horretan, justiziazkoa da lurra okupatzea… Maximok hori kontatzen duenean, neure baitan pentsatzen dut: “Zer ari nintzen ni 14 urte nituenean?”. Garai hartatik hona egoerak onera egin du, baina egiturazko arazo handiak ditu oraindik Andaluziak, eta Madril zentrismoak min handia egiten die, min handia. Hedabideek, berriz, hara eta hona mugiarazten dute jendea. Oso zanpatua dago Andaluzia, oso-oso zanpatua...

Argazkia: Zaldi Ero

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Agroekologia  |  Andaluzia

Agroekologia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude