Bizitzan aitzina egin ahala, burugogorrenak ere lezio pare bat ikasiko du neke handirik gabe. Bata, denboraren joan-etorria aldakorra dela oso. Haurtzaroko erritmo motela gaztetan azkartzen hasi eta, bat-batean, berrogei urteren bueltan, sekulako abiadura hartzen du, guztiok ikaratu eta zorabiatzeko modukoa. Adiskide batek argi esan zidan lehengo egunean, kafetxo bat hartzen ari ginela:
– Ikaraturik nago denborak hartu duen martxarekin. Hau ziztu bizian doa, hobe denbora behar bezala aprobetxatzen badugu.
Hori entzun eta Anjel Lertxundiri kendutako esaldi bat gogoratu nuen: “Bizitza zukutu, limoi bat zukutzen den bezala”. Hortxe dago, zuzen eta zehatz laburbilduta, betidanik dakiguna: egunean egunekoa bizi behar dela, atzera eta aurrera begiratu gabe. Carpe diem. Kontua da teoria jakiteak ez duela deus bermatzen, dakiguna ikastea oso zaila izaten baita.
Gatozen adinak oparitzen digun beste ikasbidearekin: heldutasunak ez duela jakinduria handitzen. Hemezortzi urtetan argi izaten dugu dena. Munduko arazoak, are gehiago gure mundutxokoak, ti-ta konponduko genituzke. Berrogeita hamar urtetan, berriz, egia berdadero-en zerrenda murriztu eta zalantza bizitzaren bidaide bihurtzen da. Niri gero eta gehiagotan gertatzen zait: irrati edo telebistako eztabaida baten lekuko izanik, hasieran hizlari baten iritzia entzun eta “guztiz ados” pentsatuko dut. Kontua da ondorengoak kontrakoa esan, eta harekin ere konforme askotan.
Hori batere normala ez zelakoan, kezkatzen hasia nintzen. Duela gutxi, ordea, lasaitu ederra hartu zuen liburu bati esker: Victoria Campsen Elogio de la duda (Zalantzari gorazarre), hain zuzen. Hona hemen filosofo katalanaren tesia laburbildurik: gizon-emakumeak mugatuak gara, gutxi dakigu. Beraz, zalantza oso kontu naturala da. Are gehiago: kontuz ibili den-dena argi eta garbi dutenekin.
Begi-bistakoa da: politikari eta kazetari gutxik irakurri dute liburua. Bestela, agian, mundu honetakoak direla erakutsiko ligukete, noizean behin bada ere. Irratietan tertuliak ematen hasi ziren garaikoa da hurrengo pasadizoa. Iñaki Gabilondok egun haietan pil-pilean zegoen gai bati buruz galdetu dio Joaquin Estefania kazetariari. Eta hark honela erantzun donostiarrari: “Ideiarik ere ez dut galdetu didazun gaiaz”. Geroztik horrelakorik entzun al duzue kazetari edo politikarien ahotik?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.