Munduari bira eman ziotenei bira

  • Vicente L. Rafael historia irakaslea da AEBetako Seattleko Washington Unibertsitatean. Elkanoren Mundu Birari buruz Euskal Herrian ekoitzi eta diruz lagundutako filmak piztu duen eztabaidaz idatzi du Filipinetako Rappler hedabidean. Espainiako inperioaren krudelkeriak ezkutatu eta zoritxarreko estereotipo arrazista kolonialak birzirkulatzen dituen filma dela dio. Euskaratuta osorik irakurgai jarraian.


2020ko urtarrilaren 12an

Orain dela gutxi hasi da Disney bere animaziozko film klasikoetan oharrak txertatzen, onartuz estereotipo mingarriak eta antzezpen arrazistak dituztela. Elkano eta Magallaesen “lehen” Mundu Bira ospatzeko animaziozko film espainiarrak Filipinetan eragin duen eztabaida ekarri dit burura.

Filma zentsuratzeko eskatu dute batzuek. Beste batzuek, bereziki idazle espainiar eta filipinar batzuek, uste dute filmak ez duela kalterik egiten. Nazionalista filipinarren sumina lekuz kanpo dago. Ados naiz horrekin. 1521ean ez zegoen Filipinarik, eta Lapulapu [Filipinetako heroi nazionala, Magallaes ustez hil izanagatik] ez zen patriota bat, alboko tribuko buruzagiarekin –Humabon– borrokan zen buruzagi bat besterik. Kontua da Humabon Magellaesen aliatu egin zela. Lapulapu ez zen ezta [Magallaes hil zuten] Mactango borrokan egon ere, ez zuen arrazoi nazionalistengatik borroka egin, lokalengatik baizik.

Baina filmaren apologistek azpimarratu dute marrazki bizidunak besterik ez direla, abenturazko pelikula xalo bat, formatuak eskatuta protagonistak heroi ala doilor rolean jarrita. Rudyard Kipling-en umeentzako liburuekin oroitu naiz, Gunga Din edota Oihaneko liburua kasu: arrazistak, jakina, baina dibertimendu maleziagabea finean. Filmak Magallaes eta Elkano pertsona alai gisa aurkezten dizkigu, agian lehiakorrak, baina funtsean munduan barrena doazen tipo onak, turisten antzera. Ez dira benetan kolonizatzaileak, soilik “espezieen salerosleak”. Jatorrizko herrietako emakumeek erakarpen naturala sentituko dute gizon europar zuri polit eta adeitsu hauengatik. Emakume hauen paper nagusia filmari ohiko amu erromantikoa ematea da.

Mundua menderatzeko asmoz Espainia garatzen ari zen proiektu inperialaren parte izan zen Magallaes eta Elkanoren espedizioa

Colon ez zela kolonizatzaile eta esklabista bat esatea bezala da, Espainiako Erregeari mesede bat egiten ari zitzaion pertsona bat baizik.  Harrigarria bada ere, Espainiako proiektu inperiala ez ulertzea da. Azken batean, Magallaesen 1519-1521 espedizioak denboran bat egin zuen azteken aurkako Hernan Cortesen gerrarekin eta ondorengo Mexikoko kolonizazioarekin. Horren aurretik, judu eta musulman guztiak bortizki kanporatu zituen Reconquista izan zen, ondoren Kanariar Irlen kolonizazioa eta jarraian Puerto Rico, Kuba, eta Panamakoak –1513an Ozeano Barea ikusi zuen lehen europar bilakatu zen Vasco Nuñez de Balboa–. Horri gehitu beharko genioke egun Europako mendebaldea osatzen duten Frantziako, Italiako edota Herbehereetako parte handiak Espainiako Inperioaren kontrolpean zeudela.

Garrantzitsua da ondokoa argi adieraztea: Ozeano Barearen kolonizazio espainiarraren hasiera izan zen Magallaesen espedizioa, haren ondoren beste hainbat saiakera etorri ziren irletan kolonia iraunkorrak ezartzeko; prozesua bururaino eraman zuen Miguel Lopez Legazpik 1565ean Cebun lurreratu zenean. Garai bertsuan espainiarrak Peruko konkista amaitzen ari ziren (1532-33an hasitakoa 1570ko hamarkadara arte luzatu zen).

Beste era batera esanda, mundua menderatzeko asmoz Espainia garatzen ari zen proiektu inperialaren parte zen Magallaes eta Elkanoren espedizioa. Zeregin horretan portugaldarrekin lehia zuzenean ari ziren. Portugesek Mendebaldeko Afrikaren kostaldean ezarri zituzten koloniak aurrena, gero Indiako Ozeanoan barrena, eta gero Malaka, Taiwan, Japonia eta Espezien Irletaraino (harik eta XVI mendean bi koroak aldi baterako elkartu ziren arte). Hori ez bada proiektu koloniala, orduan nik ez dakit zer den. (Ikus, J.H. Elliot-en Imperial Spain, 1469-1716 edo Henry Kamen-en Empire: How Spain Became a World Power, 1492-1763 liburuak, beste hainbat iturriren artean).

Animaziozko filma espainiarren heroismo eta ausardiaren ospakizun kaltegabe gisa azaltzeak gatazka eragin du, baina ez da ezohiko ezer historialari espainiarrentzat. Izan ere, Indietako Agiritegi Nagusiko artxibozainek oraindik orain lehenengo kolonizatzaile espainiarrei “ozeanoko kixoteak” deitzen diete, Espainiako historia inperiala nazionalizatzen eta erromantizatzen jarraituz. Inperioa, oraindik ere, bizitzeko modu bat da Espainiaren zati handi batentzat, nahiz eta bere jabetza inperial gehienak (ez guztiak ez) deseginak diren. Hala ere, Disneyk bezala, espainiar zinemagileek ere une batez gelditu eta agian onartu behar lukete alderdikeriaz berridatzi dutela inperioaren krudelkeriak ezkutatu eta zoritxarreko estereotipo arrazista kolonialak birzirkulatzen dituen istorioa. Hori, jakina, ez da inoiz ere gertatuko, Mexikori iraganeko ekintzengatik Espainiako Erregeak inoiz barkamena eskatuko ez dion bezalaxe.

Honatx iradokizuna: Agian, banatzaileek (zinemagileek beharrean) Disneyren ereduari jarraituz, ondorengoa gehi diezaiokete filmari: “Oharra: hemen deskribatutako gertakariak egia historikoaren distortsio sistematikoak dira. Estereotipo arrazistak dituzte, eta litekeena da filipinarrak irainduta sentitzea, inperiorekiko nostalgia espainiarra elikatzen duen bitartean; nostalgia horrek saihestu egiten ditu, sistematikoki, okupazio inperialaren pean jatorrizko herriei eragindako ondorio bortitzak”.


ASTEKARIA
2020ko urtarrilaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude