Lurrikarak

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Notizia zen: non jazo dira 1980tik hona Frantziako lurrikara garrantzitsuenak. Egin baitu dardara, orain gutxi, Ardèche inguruak. Richter eskalan 5’1 gradu. Zaurituak, kalte materialak, zentral nuklear baten gelditzea. Panika orokorra. Pixkanaka, itzuli dira ur erradiaktiboak bere bidera. Baina 1980tik hona Richter eskalan 5 gradutik gora Frantzian erregistratu den bederatzigarren lurrikara izan da, seigarren handiena. Handi-handiena, guztietan, Sant Esteve del Monestir udalerrian gertatu zena, Ekialdeko Pirinioak departamenduan, Ipar Katalunian alegia: 1996ko otsailaren 18an, 5’6 gradu. Gertukoena, geografikoki eta sentimentalki, Hazparne inguruan jaso zen, 4’7 gradu, 1984ko otsailaren 25ean. 600dik gora omen dira urtero. 10-15 sentitzen. Horiek 1980tik hona Frantzia metropolitarreko lurrikara garrantzitsuenak.


Kurioski, 1980tik. Zutabe hauek sinatzen dituena jaio zen urtetik. 1988ko uda, 9’2 gradu, gurasoak banandu berri, herri zaharretik herri berrira egin genuen, amarekin, gero elkartzeko, denbora batera, berriz aitarekin; bigarren aldiz jaiotzea bezalakoa, sekula aski eskertzen jakingo ez dudan jaiotza berri bat –auskalo bestela zer izango zen nitaz–. 2006ko iraila, 8’8 gradu, betiko bikotekidearekin, bizitza komunari, denboran atzera abiatutakoari, zentzu berri bat eman genion, herrialde zaharretik herrialde berrira egin genuen; orain naizen gisakoa bilakatu nau esperientzia horrek –ados, ez da beste munduko ezer ere–, ondu nau, eman dit heldutasuna, bizitza bizitzen hasteko bultzada beharrezkoa. 2019ko azaroa, 6’7 gradu, etxera buelta egin nuen, herrialde berritik herrialde zaharrera, herri berrira, are herri berriago batera; momentuz bakarrik –atzera begiratu, eta ez dit inork jarraitu–, momentuz ordezko, momentuz proba gisa. Inolako sismografo ofizialek jaso ez dituen lurrikarak. Erreplikak espero dira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude