Bi film bi urtean. Telmo Esnal zine zuzendari zarauztarrak bi lan erabat ezberdin estreinatu ditu denbora gutxian: Dantza (2018) eta Agur Etxebeste! (2019), azken hau Asier Altunarekin batera. Horien gauzatze prozesuaz, zine zuzendariaren bizi erritmoaz eta euskal zinemagintzaren egoera konplexuaz aritu gara hizketan.
Barrez dio: “Hamalau urte barru estreinatuko da nire hurrengo pelikula”. Aurten arte zazpi urtetik behin egin izan ditu eta orain, bi jarraian eginda, kalkuluen arabera behintzat, hamalau urtez langabezian egotea tokatzen zaiola dio. Aurrekari horiek baina, hautsi asmo ditu. Dena den, azken urteok gogorrak izan direla eta “lehertuta” amaitu duela diosku. Burua arintze aldera astebetez bidaiatzen izan da, deskantsatu eta ideia berriei ekiteko.
Noiz hartzen ditu oporrak zine zuzendari batek?
Ohiko zine zuzendari batek ez ditu inoiz oporrak izaten, izatekotan ere, langabezian egongo da. Proiektu batean zabiltza edo ez zabiltza, ez dago besterik. Orain, ia hilabetez Argentinan izango gara Gari Otamendi –Dantza-ko dantzaria– eta biok, filma hango euskal etxeetan aurkezten. Bueltatu eta berehala Sardiniara joan behar dut hango festibal batera, Dantzarekin hau ere. Baina beno, bitartean burua lantzen jarraituko dut, dagoeneko baditut-eta etorkizunerako hainbat ideia.
Bi pelikula egin dituzu azken bi urteotan. Oxigenoa beharko du zure garunak.
Lehertuta amaitu dut. Atsedena behar dut orain, erotzekoak izan baitira azken bi urte hauek. Dantza amaitu baino lehen Agur Etxebeste! prestatzen ari ginen. Astea Euskal Herrian pasatzen nuen [Asier] Altunarekin gidoia prestatzen, eta aldi berean burua Madrilen nuen, asteburuetan hara joaten bainintzen beste pelikularen soinuari azken ukituak ematera. Pentsa: definitiboki igande batez Madrilen amaitu genuen Dantza, eta astelehenean hasi ginen Agur Etxebeste!-ren grabaketekin.
"Zineman laguntzaile gisa hasi nintzenean, lan dezente egiten ziren euskaraz, baina gero murriztu egin zituzten Eusko Jaurlaritzaren Kulturako diru-laguntzak, Guggenheim finantzatzeko"
14 urteren ondoren, bueltan da Altuna-Esnal bikotea. Zertara dator orain, filmaren bigarren zatia?
Lehen filmak izandako arrakastaren ondoren bigarrena egiteko eskatu ziguten epe motzean, baina orduan ez Altunak ez nik, ez genuen horretarako intentziorik, norberak beste proiektu batzuk zituen buruan. Hamar urteren ondoren deitu egin ziguten berriz eta, egia esan, pozez eta umorez hartu genuen; opari bat zen guretzat. Izan ere, polita izan da berriz taldea elkartzea.
Ez da normalena hamarkada baten ondoren film baten bigarren zatia egitea. Baina aukera polita izan zitekeela-eta, Altuna eta biok elkartu eta lehen unetik argi geneukan nondik hasi. Patrizio [Ramon Agirre] alkate izango zen, eta zer-nolako alkate gainera: diru xahutzaile handietako bat. Gürtel kasua puri-purian zegoen orduan, eta hura ere sartzea erabaki genuen.
Zer oroitzapen duzu zure lehen film luzea izan zen Aupa Etxebeste! hartatik?
Denbora luze batean euskarazko lanik gabe egon ondoren, belaunaldi askorentzat euskarazko lehen filma izan zen. Sariak jaso genituen Donostiako Zinemaldian, eta jende asko mugitu zen –Handia-ren ondoren, euskarazko pelikularik ikusiena da–. Hainbat urte lehenago, ni zinema munduan laguntzaile gisa hasi nintzenean, lan dezente egiten ziren euskaraz, baina gero murriztu egin zituzten Eusko Jaurlaritzaren Kulturako diru-laguntzak, Guggenheim finantzatzeko. Horregatik, Enrique Urbizu eta Alex de la Iglesia zuzendariek, besteak beste, Madrilera egin zuten alde, eta baita langile ginen askok ere. Garai horretan euskal zinemagintzak hutsune handia izan zuen.
Europar Batasunak lege bat ezarri zuen ondoren, administrazio publikoek euren Kulturako aurrekontuaren %6a ekoizpen propioko fikziozko lanetara bideratu behar zela zioena. Telebistara zihoan diru kopuru bat zinemara bideratu zen orduan, eta EITBk asko lagundu zuen gure harridurarako.
Zertan?
Beraiek eskatu ziguten euskarazko film luze bat ekoizteko. Ordurako Aupa Etxebeste! idatzia genuen Altunak eta biok, eta gure kasa-edo egiteko asmoa genuen EITBkoak azaldu ziren arte. Gidoia erakutsi genien eta gustatu zitzaien.
22.000 ikusle bildu ditu Agur Etxebeste! filmak lehen hamar egunetan. Ez dirudi zifra txarra.
Pozgarria zirudien albistea jaso genuenean, eta oraindik ere jarraitzen du izaten, baina produktoreekin hitz egin dut eta ez daude oso gustura. Egia esan, beti espero izaten da jasotakoa baino gehiago. Zehazki ez dakit zenbat jendek ikusi duen honezkero, baina filma aurkezten egon garen leku guztietan bete dira aretoak: Zumarragan, Bergaran eta Ondarroan, adibidez. Gipuzkoan orokorrean oso ondo joaten dira saioak; Arabak eta batez ere Gasteizek ere ondo erantzuten dute; eta Bizkaia da nabarmen ikusle gutxien mugitzen dituena. Baina beno, jendeak oso ondo pasa du pelikula ikusten eta asko eskertzen da, hori baitzen helburu nagusia.
Dena den, oro har diot, gaur egun asko kostatzen da euskal kontsumitzaileengana iristea. Oso konplikatua da: euskaraz izan arren ia beti azpidatziak daramatzate ulertzen ez dutenek ere uler dezaten, eta, horrez gain, komedia eta akzioa sartzen diogu filmak ikusteko errazak izateko. Hala ere, euskal zinemagileok urrun gaude Aupa Etxebeste!-ren garaian zegoen publiko kopurutik.
Dantza-k, bestalde, harrera eta audientzia ona izan du, ez?
Alderatu ezin diren bi film dira, baina bai, primeran doa. Bizitza luzea izaten dute pelikulek. Bat publikoarentzat egina da eta bestea aldiz pelikula historiko eta artistiko bat da. Beraz, ezin da biengatik berdina eskatu.
Artistikoki asko landu duzuela nabari da.
Apustu oso latza izan zen, oso handia, eta konplikazioak ekarri zizkigun finantzazioa lortzerakoan. Zaila izan da jendeari esplikatu behar izate hori, denek begiratzen baitzidaten ulertuko ez balidate bezala. Dialogorik gabe izatea ez zuten ulertzen, eta ahaztu egiten zaigu zinea mutua izaten hasi zela. Gaur egun zergatik ezin daiteke dialogorik gabeko zinea egin?
Asmo nagusia pelikula eder bat egitea zen. Lehenik edertasuna, gero argumentua. Asko landu dugu bisualki, baina baita soinu aldetik ere. Xanti Salvadorrek sekulako lana egin du.
"Oraindik eskas ikusten dut administrazioa. Iruditzen zait ez dela behar beste inbertitzen, inoiz baino jende eta proiektu gehiago egonda ere ofizioan"
Euskal dantzak filmatzea aspaldidanik buruan zenuen proiektu bat zela irakurri izan dizut. Dantzaria izanda, dantzari zor zenion zerbait zen?
Gaztetan, dantza sarri egiten nuen garaian, beti esaten omen nuen egunen batean pelikula bat egingo nuela euskal dantzen inguruan. Ni ez naiz gogoratzen horretaz, baina azken urteotan bai izan dudala ideia hori buruan. Koldobika Jauregirekin –produkzioaren diseinatzailea– hitz egin nuen, ea dantzarekin zerbait egiteko gogoa zeukan; eta Juan Antonio Urbeltzekin –koreografoa– elkartu ginen ondoren. Azkenean, film normal bat baino, pelikula asko biltzen dituen lana egin dugula iruditzen zait. Izan ere, 25 minutuko 7 kapitulu dokumentalez osatuta dago, eta bakoitzean zerbait ezberdina azaltzen da: dantza bakoitzaren atzean zer sinbologia dagoen, bakoitzak zer kontatzen duen, zer historia izan duten...
Euskal dantzen lekukotasun bat da niretzat Dantza. Historiaren parte den zerbaiten testigantza ematea. Bestalde, Jauregiren lana kristorena izan da. Nire ustez, eta biok bat etorri izan gara beti, pelikula hau ardatz tradizional batekin egingo bagenu ez zuen izango izan duen harrera.
Aurrez aipatu ditugu ikusle datuak. Zertan aldatu da euskal zinemagintza azken bi hamarkadetan?
Alde batetik, lehen baino dezente zine gehiago egiten da eta teknikan askoz lan gehiago dago. Ongi, baina gauzak asko aldatzen ari dira. Zinegileak ausartagoak gara erakunde publikoak baino, eta nik uste dut hori dela gakoa. Oraindik eskas ikusten dut administrazioa. Iruditzen zait ez dela behar beste inbertitzen, inoiz baino jende eta proiektu gehiago egonda ere ofizioan.
Izugarria da, adibidez, Zinemaldikoa: film luze ugari egiten dira Euskal Herrian, estilo eta genero guztietakoak, eta horietako asko eta asko diru gutxirekin eginda. Zinemaldian ikusten dira denak, eta batzuk kanpoan geratzen dira denentzako lekurik ez dagoelako. Dena den, Moriarti eta gutxi batzuk mantentzen gara maila gorenean nolabait esanda, betiko industriako pelikulak garelako. Horregatik diot, produkzioa oso handia dela baina babestu egin behar dela, izan ere, horietatik gutxi sartuko dira telebistan eta are gutxiago plataforma digitaletan.
Eta plataforma digitalekin zer? Norantz doa merkatua?
Normala den bezala, produktoreak oso gustura daude. Horietara iristea lortzen duenak izugarrizko dirutza eramaten du, izugarri ordaintzen dute. Azken finean diru asko dute eta merkatua irabazten doaz pixkanaka, izan ere, behin monopolioarekin geratuta, beraiek baino ez dute erabakiko zein pelikula egin eta zein ez. Errezelo hori daukat aspaldidanik, eta jada gertatzen ari da. Jendea Telecinco eta Antena 3 telebista kanalek publizitatutako filmetara joaten da, sekulako boterea baitute, eta, horrela, beti komedia eta thriller moduko pelikulak ekoitziko dira. Betiere beraien eskukoak, ez edozein.
La Trinchera Infinita sartu berri da Netflixen, Errementari eta Handia filmekin batera.
Produktoreen kontuak izaten dira horiek gehienbat. Dena den, dena ez da hain polita: La Trinchera Infinita adibidez, Netlixen sartu delako, ezingo da festibal gehiagotan egon, multinazionalak hala aginduta. Alfonso Cuarón mexikarra ere ez omen dago batere gustura produktoreen erabakiarengatik, Roma filma plataformari saltzeagatik. Baina beno, saltzea ere zentzuzkoa da, txarteldegietan irabaziko duzuna baino dezente gehiago ordaintzen dutelako.
Zuzendari bezala zalantza asko pizten dizkidan kontua da, norantz ote doaz gure kontsumo ohiturak. Ez da berdina mugikorrean, ordenagailuan edo zinean ikustea pelikula, berez pantaila handirako pentsatuta daudelako. Gainera, gaur egun ez ditugu bi orduko pelikulak ikusten luzeegiak iruditzen zaizkigulako. Gaur egun mugikorrean ikusi nahi ditugu pelikulak, baina ezin dira bi ordu pantaila txiki horri begira pasa. Ezin du horrela izan, lana ez da apreziatzen.
José Alayónen La Lucha besarkadaz beteriko eszena batekin hasi da, indartsu, ohartu garen arte besarkada horiek kanariar borroka deritzon kirol bateko heltze teknika bat zirela. Fuerteventuran, Miguel aita (Tomasín Padrón) eta Mariana alaba (Yazmina... [+]
Zaila izan ohi da, Zinemaldian horrenbeste pelikula ikusteko garaian, egutegia ondo antolatzea. Sail ugaritako filmak aukeratu, gustukoak izango zaizkizunak bilatzen saiatu, egunak eta orduak ondo itxi... Tartean, ordu galduren bat betetzeko, atentzioa eman ez dizun lanen bat... [+]
Juzgurik ez dut egingo ea “okupa onak” edo “okupa txarrak” existitzen diren, baina bateren batek ziur desberdinduko dituela telebistan ikusten dituen “okupak” eta film honetakoak. Ze, funtsean, premia batek eraginda, bere jabetzakoa ez... [+]
Film honek irekiko du gaur, ofizialki, Donostiako Zinemaldia, baita Sail Ofiziala ere. Daniel Hendlerrek zuzendu du 27 noches pelikula, hein handi batean errealitatetik asko duena. Baina ziur ez zela istorioa errealki hain arin iragan.
Martha Hoffmanek 80taka urte ditu,... [+]
Total Refusal izena du bere buruari “gerrilla mediatiko” deitzen dion talde austriarrak: bideo-joko ezagunen irudiak lapurtzen ditu, eta akats minimoak egiten ditu irudien diseinuan, legearen aurrean eskuak ez harrapatzeko. Zinea egiten dute irudiekin. Filmin... [+]
The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]
Euskal Aktoreen Batasunak emandako saria aktore irundarrak jasoko du aurten, Euskal Zinemaren Galan egingo den ekitaldian, irailaren 23an.
Beste urte batez, ARGIA komunikabidea bertatik bertara ibiliko da munduko zine jaialdirik ezagunenetakoan, Donostiako Zinemaldian, ostiral honetan hasi eta hurrengo larunbatera arte. Fokuen azpian ibiliko diren filmei ez ezik, apalago igaroko direnei begira ere ipiniko gara, eta... [+]
Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]
17. edizio honetan hamar proiekzio antolatu ditu Donostiako Zinemaldi Alternatiboak, beste horrenbeste eragilerekin elkarlanean. Helburua, urterokoa: "Zinemaren bidez hausnarketa kritikoa sustatzea, hainbat gizarte-gai eta -gatazkari buruzko lanak proiektatuta eta... [+]
Vicentek 76 urte ditu eta azken mende laurdena Kanaria uharteetan darama, Maspalomas herrian, 50 urteko bizialdian ezkutatu duen izatea haizatzen: homosexuala da. Ezbehar baten eraginez, Donostiara itzularaziko dute, eta zahar etxe batean sartuko. Atzera ere, armairuko ateak... [+]
Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.
Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]
Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.
Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]
Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.