Amaia Gonzalez de Gamarra. lekuko bizia Gasteizen

"Orduko sasoia banu, buru-belarri sartuko nintzateke saltsan"

  • 2016ko azaroaren 10ean hartu zuen zerurako bidea Izaskun Arruek, Arabako lehen andereñotzat jotzen denak. 1963ko abenduaren 4an, zenbait gurasok Arrueren etxera eraman zituzten beren seme-alabak. Besteak beste, Amaia Gonzalez de Gamarrak. Oraingo eguneko ikastolen hazia erein zuten.

Miel Anjel Elustondo
2019ko azaroaren 10a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Amaia Gonzalez de Gamarra Sagastegi (Gasteiz, 1936)

Abertzaleak izan zituen gurasoak Gasteizen, eta abertzale hazi zen bera ere. Abertzalea izan zuen senarra, eta zaletasun berean ditu seme-alabak. Irakasle ikasketak egina 1954an, Espainia hegoaldera destinatu zuten, baina ez zuen hara nahi izan. Etxeko tabernan lan egin zuen, eta hiriko giroa bizi izan zuen han: frankismoa, errepresioa, politika... 1963an, Izaskun Arrueren ikastolara bidali zuen lehen umea. Eta, lehenengoaren pausoan, ikastolara bidea egin zuten Amaiaren gainerako bost seme-alabek ere.

Izaskun Arruek ARGIAn (1970. zbkia, 2009ko abenduak 12) aspaldi esan zigunez, gurasoek jaso behar zuten, eta ez berak, Gasteizko lehen ikastola haren merezimendu osoa. Zuk zeuk, eta zure modukoek, alegia. 1936an Gasteizko Pintore kalean jaioa, eta Amaia izena?

Amaia Mertzedes Gregoria ditut izenak, baina Amaia izan naiz beti, nahiz euskarazko izenik garai hartan ez zen onartzen. Gerra hasi berria zen jaio nintzenean. Giroa, pentsatuko duzu. Gozoa ez beste guztia. Ni jaio eta nire izena ematera joan zen aita erregistrora. Han, jaiotza-agiriez arduratzen zen gizona gure aitaren lagun handia zen, Maison, baina ez zen modurik: “Kepa, ezinezkoa duk zuen alabari Amaia izena jartzea!”. Eta, orduan, aitak esan omen zion zelako Maison hari: “Batere izenik ez jarri orduan!”. Eta alde egin zuen.

Eta zure izena?

Berehalaxe esango dizut... Aitak alde, eta egunkarian, jaiotzen berri ematen zuten ataltxoan, “Pedro Elena” eman zuten nire izena, Andre Dena Helenaren egunarekin etorri bainintzen mundura. Aitaren Pedro, eta izendegiko Helena jarri zizkidaten, eta luzaro, irakasle ikasketak egiten hasi nintzen arte, horretan iraun zuen nire izenak erregistroan. Nahiko ezustean jabetu nintzen, beraz, urte asko igaro eta gero. Irakasle ikasketak egiten hasterako, jaiotza-agiria eskatu zidaten. Erregistrora joan, eta hantxe nire izena, “Pedro”! Etxera joan eta aitari esan nionean, berak: “Maisoni esatera noa oraintxe bertan, zuzen dezan!”. Baina, segituan: “Ez alferrik. Maisonek aspaldi utzi zion erregistroko lanari”. Amak ez zuen barkatzeko asmorik, ordea: “Egin ezazu nahi duzuna, baina, nortara edo hartara, hobeko duzu zure alabaren izena zuzendu”. Eta aitak: “Baina ez didate Amaia izena jartzen utziko”. Eta amak: “Jarri orduan Amaia Mertzedes. Zure amaren izena ere jarri”. Eta amamak, azkenean: “Horretaraz gero, jarri gure ama zenaren izena ere”. Eta horrelaxe, Amaia Mertzedes Gregoria nauzu.

Aitaren izena ere ez da debaldetan emana: Kepa esan duzu. Izen sabindarra.

Aita Arabako Euzko Alderdi Jeltzalearen fundatzailea izan zuen: Pedro Gonzalez de Gamarra Alava. Etxean ere Alderdikoak izan ziren, eta hortik, aitaren izena Kepa. Gasteizko Aurrezki Kutxan egin zuen lan, eta Kepa esan izan zioten denek beti. Erregistroan, berriz, Pedro Gonzalez de Gamarra Grazianteparaluzeta zen. Abertzale sutsua. Bakea kaleko kartzelan eduki zuten urtebetez, 1951tik 52ra, langileek greba egin zutelako. Nik ez dakit noraino zabaldu zen greba hura, baina badakit ez zela Gasteizko edo Arabako kontua bakarrik izan, hemengoak ez ezik, bizkaitarrak eta giputzak ere eduki zituztelako hemengo kartzelan. Gogoan ditut haien izenak: Guillermo Acosta, Alberto Ruiz, Koldo Goikoetxea, Antonio Perez Cuadrado, Manolo Garcia Andoin... Bilbo aldetik ekarri zituztenak, berriz, Sarasketa eta Urrutia. Eta Donostiatik, Larrea, Garaikoetxea, Miner eta besteren bat.

Arraioa! Nolatan dakizkizu izenok?

Egunero joaten nintzelako kartzelara aitari jatekoa ematera. Egunean hiru aldiz joaten nintzen: gosaria, bazkaria eta afaria eramaten nizkion. 1951ko maiatzaren 19tik 1952ko maiatzaren 13ra eduki zuten aita preso. Gero, aita kartzelatik irten bazen ere, hantxe iraun zuten batzuek, barruan. Guk jatetxea genuen, eta artean preso zeudenei jatekoa emateko agindu ziguten. 14 urte nituen, eta goizez irakasle ikasketak egiten hasi nintzen. Arratsaldez, etxeko tabernan egiten nuen lan. 1954an bukatu nituen ikasketak, Gasteizen bertan, Parte Zaharrean, orain gaztetxea eta Euskararen Etxea dauden inguruan, udalaren hezkuntza zerbitzuak dauden eraikinean.

Nolakoa zenuen orduko Gasteizko giroa?

Errepresioa. Ez da beste hitzik orduko hura deskribatzeko. Hara, aita Kataluniako frontera eraman zuten nik 2 urte eta zerbait nituela. Arestian esan dudanez, aitaita-amamek taberna zuten, eta hantxe zen gure ama lanean, eta hantxe neu ere. Gerratik itzuli zelarik, aita zigortuta eduki zuten, lanik eta soldatarik gabe. Gipuzkoako soldaduak Gasteiza bidaltzen zituzten lehenengo, eta gero, hemendik, batera eta bestera destinatu zituzten. Haietako gehienek euskaraz hitz egiten zuten, eta izebak ni hartu eta tabernako barran jartzen ninduen, esanez: “Esan gazte hauei ikasi duzun bekatu hori”. Nik ezetz, aitak errieta emango zidala. Baina izebak baietz eta baietz, esateko. Eta, azkenean, nik, isil xamar, esaten nuen: “Gora Euskadi Askatuta!”.  

"Egia da Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritako euskaldun askok ikastolara bideratu zituztela umeak, baina ordurako abian zen hemengo ikastola"

Horretaz oroitzen zara...

Bai, eta baita irakasle ikasten hasi nintzenean besoa gora Cara al sol kantatu behar izaten genuela ere. Ni, berriz, inoiz ez nintzen hura kantatzera garaiz heltzen. Jakina, atean gelditzen nintzen, barrukoek Cara al sol kantatzen bukatu arte zain. Berandu heltzen nintzenez, oker eginaren oharra jartzen zidaten, baina bost axola niri. Urte latzak izan ziren, oso latzak ere! Eta aita barruan. Zertan eduki behar zuten gure aita kartzelan urtebete? Ez zuen odol deliturik, ez armarik, eta ez zuen txikiziorik eragin. Badakit greba prestatzen parte hartu zuela, Isaias eta Juan Grajalesekin batera, adibidez, baina, era berean, badakit greba egun hartan aurrezki kutxen batzarra izan zuela aitak. Badakit, ni berarekin joan nintzelako. Eta ilunduta itzuli ginen batzar hartatik etxera. Berdin da: biharamunean, polizia jendea atxilotzen hasi zen, gazte sasoikoak hebain-hebain egiten hitz egin zezaten, eta gure aita kartzelara, beste hainbatekin batera. Urtebete! Irakasle ikasketak bukatu nituelarik, titulua eskuratu ahal izateko nahitaezkoa zen falangeko instruktore ere izatea, eta hogeita bi egun eduki ninduten Sobronen, zigortuta, aita kartzelan nuelako.

Esan duzunez, 1954an bukatu zenituen irakasle ikasketak.

Baina ez nuen askorik erakutsi. Ez zegoen erraz. Hemengo irakasleak Espainia hegoaldera bidaltzen gintuzten destinatuta. Niri, adibidez, Extremaduran eman zidaten irakasle destinoa. Eta etxean galdetu nuen, zer iruditzen ote zitzaien. Eta gurasoek ere nik bezainbat duda zuten. Bai, irakasle izateko ikasi nuen, baina hain urruti joan beharra ere. Tarte horretan, Gasteiz ondoko Eharin maistra ari zenak esan zidan ordezkapenak egin ahal izango nituela haren eskolan. Baita egin ere. Eskolak eman nituen bi hilabetez, haren ordez. Baina inork ez zidan batere ordaindu. Horrela ezin, bada, aurrera egin. Aldi berean, etxeko taberna ere hor zen, eta han ere dena beharrean izaten ziren.

Garaitsu hartan ireki zuen Pedro Anitua abadeak Ikastun Eskola, ikasketak bukatu eta lanera bidean ziren mutilentzat. Eta neskentzakoa ere zabaldu zuten, Villa Nieves izenekoan. Ramon Narbaiza abadea ere han zen, Anituarekin batera.

Senarrak kontatuta jakin nituen hango kontuak, Narbaizak erlijio eskolak ematen zituela Ikastunen Eskola hartan, baina honetaz eta hartaz hitz egiten zutela, “aberria egiten” zutela, mendi ibilaldiak egiten zituztela igandeetan, eta hau eta hura. Gauza klandestinoak. Tira, orduan dena zen klandestinoa. Esaten dizut, senarrak kontatuta jakin nituen horiek denak, zeren eta nik ez bainuen mugimendu hori bizi izan, beti tabernan sartuta lanean ari nintzelako. Esaterako, senarra izango nuena ere gure tabernan ezagutu nuen, 1952an. Lagun Onak koruko kantaria zen, eta askotan etortzen ziren gurera. Txirinbil dantza taldekoa ere bazen, eta ez da asko esatea gure tabernan zutela egoitza. Batzarrak, behintzat, hantxe egiten zituzten. Pentsatzen hasiz gero, gauza asko egosi ziren gure taberna hartan. Eta poliziak ere bazekin zer edo zer, eta behin edo behin pertsiana jaitsi behar izan genuen, grisek aginduta. Oroitzen naiz behin, Franco katedral berria inauguratzera zetorrelako, nonbait, jende mordoa hartu zutela preso, eta sukaldeko armairua lozakuz eta tapakiz betea izan genuela; preso hartu zituzten haientzat, alegia.

Argazkia: Zaldi Ero.

Giroa hori zuen inguruan, zer dela-eta bidali zenuten 1963an seme zaharrena Izaskun Arrueren etxera euskaraz ikastera?

Egun batean, etxeko laguna, Kepa Grajales, tabernara sartu zitzaigun, eta honetaz eta hartaz ari ginela, galdera egin zigun: “Zein eskolatara eramaten duzue umea?”. Gure lehenengo semeari buruz ari zen. “Eskolara? 3 urte besterik ez ditu-eta!”. Garai hartan 5 urte beteta hasten baitziren neska-mutikoak eskolara. Eta Kepak: “Gurea Izaskun Arrueren etxera eramaten hasi gara”. Izaskunen izena aditu eta piztu egin nintzen. Izaskun askotan izan genuen tabernan, bere senarrarekin, eta ezagutzen nuen. Horrela, Kepari Izaskunen etxeko helbidea galdetu eta haraxe gure lehenengo ume hura, Pedro. Izaskun euskaraz hasi zitzaidan, nik batere ez nekiela esan nion, baina, hala ere, gure semeak euskaraz jakitea nahi nuela. Berak baietz, eta horrelaxe.

Zer zioten zuen etxekoek?

Zer esango zuten, bada. Haiek pozik. Gure aita, esate baterako, Arkupe plazako batzokian ibili zen gerra aurretik. Euskaraz ere ikasten zuten han, eta zer edo zer bazekien. Ahal zuena euskaraz esaten zion bilobari. Lehenengo semearen ondoren, bigarrena ere, Patxi, Izaskunen etxera hasi zen. Hirugarrena, Amaia, Estibaliz hiribideko ikastolan ibili zen, gero jaiotako Jon eta Mikelekin batera. Azkenak, Asierrek, Lasarten ikasi zuen, oraingo Olabide Ikastolan.

Izaskunen etxean hasi ziren lehen ikasleak, eta gero, hura txiki eta, esan duzunez, etxea hartu zenuten Estibaliz hiribidean. Garai hartan, zure irakasle titulua utzi zenion ikastolari.

Ikastola legeztatzeko garaian erabil zezaten. Baina nik ez ezik, beste batzuek ere utzi zioten irakasle titulua ikastolari. Maria Teresa Fernandez de Pinedok, adibidez. Baziren beste bi ere, Jone eta Miren Arbulu ahizpak, gurekin batera ikasi zutenak irakasle. Titulua uzteari dagokionez, orduan ere Peli Martin Latorre etorri zitzaidan, nire senarrarekin batera ari baitzen lanean. Nik eragozpenik ez nuen izan titulua uzteko. Gehiago ere esan zidan Pelik: “Eta egun jakinen batean ere ikastolara etorri beharko zara, ikuskatzailea etortzen denerako”. Eta, horrela, oroitzen naiz Estibalizko ikastolan eman nituela zenbait arratsalde irakasle lanetan, benetako andereñoa ondoan nuela.

Diotenez, iragan mendeko 60ko hamarkadaren hasieran Gipuzkoatik eta Bizkaitik Gasteizera industriarekin batera etorritako jendeak hiriburuko giroa aldarazi zuen, euskara ekarri zuen.

Ez dakit, bada. Gipuzkoatik eta Bizkaitik euskaldun asko etorriagatik ere, askoz gehiago etorri ziren Espainia hegoaldeko herrietatik. Egia da ondoko lurraldeetatik etorritako euskaldun askok ikastolara bideratu zituztela umeak, baina ordurako abian zen hemengo ikastola. Izaskunen ikastola abiarazi zutenak, denak, hemengoak ziren. Arriola, Lopez de Lacalle, Arantzabal, Grajales, gu geu... Kanpotik etorritako bakarra, izatekotan, andereñoa bera genuen, Izaskun, nafarra.

Eta oraingo giroa ikusi, oraingo haur, gazte eta helduak, ikusi euskara... Zer dio zure barruak?

Esango dizut hori ere. Orduko adina banu, eta orduko sasoia, buru-belarri sartuko nintzateke saltsan. Seme nagusiak ez lidake utziko, baina, hala ere, saltsan sartuko nintzateke. Berak bai, sartu behar izaten du, baina niri ez dit uzten. Gurean beti izan gara abertzale peto-petoak. Betidanik. Gure arteko zatiketa guztiak gorabehera, beti abertzaleak. Oroitzen naiz, behin, gure ama zena Luis Maria Sanchez Iñigorekin hizketan zela. Bero-bero, su eta gar ari zen Luis Mari, eta gure amak esan ziola: “Bai, zuzen zaude, arrazoi duzu, Luis Mari, baina ezin da dena egun batetik bestera lortu, kolpetik. Poliki-poliki egin behar dugu aurrera. Independentzia? Bai, dudarik gabe, baina goazen pausoz pauso”. Uste berekoa naiz ni, zer esango dizut, bada.

Aitaita

“Aitaita Arabako EAJren fundatzailea, aita eta izeba Margarita ere Alderdikoak. Amak ere nahi izan zuen Alderdian sartu, baina ez zioten utzi, Kubako naziotasuna zuelako. Gurasoak hantxe izan ziren lanean, eta hantxe jaio zen nire ama. Hargatik ez zioten Alderdian izena ematen utzi, Franco hil ondoko egoera politiko berria heldu arte”.
 

Izaskun

“Bera izan zen Gasteizko ikastola hartako lehen andereñoa, baina, azkenean, baztertu egin zuten, edo bere burua baztertu zuen, euskara batuarekin ados ez zegoelako. Elkar ezagutzen genuen, eta batak bestea estimatzen genuen. Oroitzen naiz nola esaten zidan munduan korrika gehien egiten zuen emakumea nintzela. Izan ere, bateko etxea, besteko taberna, eta seme-alabak batetik bestera beti... ez nintzen gelditzen”.
 

Azken hitza: Saria, azkenean

“Bizimodu zaila izan dut, oso zaila ere, baina, gaitz erdi, saria jaso dut azkenean. Inoizko seme-alabarik onenak ditut, errainik onenak, suhirik onena, eta munduan izan litezkeen bederatzi bilobarik zoragarrienak. Horixe dut sari!”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ikastolak  |  Gasteiz

Ikastolak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude