Paris, 1572ko ekainaren 9a. Joana Albretekoa hil zen eta bere seme Henrike Borboikoa izendatu zuten Nafarroako errege.
Handik 17 urtera, 1589an Frantziako koroa ere jantzi zuen eta, hala, Borboi etxeko Frantziako lehen erregea izan zen. Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa izango zen 1610ean hil zen arte.
Garaikideek le Bon Roi esan zioten, errege ona, alegia. Baina haren bi emazteek, Margarita Valoisekoak (1572-1599) eta Maria Medicik (1600-1610) ez zuten hain senar ontzat; ezaguna zen erregeak besteren logelak bisitatzeko zeukan ohitura. Eta, itxuraz, desleialkeriarako joera hura tradizio modukoa bihurtu zen borboitarren artean, Frantziako tronutik Espainiakora ere jauzi eginez. Bi erresumetan sasikoen zerrenda luzea utziko zuten borboiek.
XIX. mendearen erdialdean, Elisabet II.a Espainiakoa eta Frantzisko Asiskoa senarrari buruzko zurrumurru ugari zabaldu ziren gortean zein prentsan. Los Borbones en pelota (Borboiak larrugorritan) izeneko 89 irudi satirikoz osatutako sorta bat ere egin zuten; Elisabet, Frantzisko eta gorteko beste pertsona batzuk ageri ziren irudiotan sexu esplizitua izaten eta, adituen ustez, marrazkien nahiz testuen egileak Valeriano eta Gustavo Adolfo Bécquer anaiak izan ziren.
Kritika umoretsua jaso zuen dinastiako erregina bakarrak, baina aurreko nahiz ondorengo erregeei pekatuak arintzeko joera izan dute kronikari zahar eta berriek, eufemismoak erabiliz –Juan Karlos I.aren “lagun bereziez” hitz egiten da oraindik– edota joera hori genetikari egotziz –2012ko artikulu batek “borboien desleialtasunaren genea” aipatzen zuen literalki–. Eta ez dute auzitan jarri monarken “konkista” horietan emakumezkoak gogoz, presiopean ala bortxaz aritu ziren.
Eta Henrike III.ari dagokionez, erregearen ustezko ateraldi hau erabili izan da izandako labainkeriak zuritzeko: Henrikeren aitorleak, haren jokabideak asaldatuta, mehatxu egin omen zion erregeari handik aurrera ez ziola hain erraz absoluziorik emango, ontzeko benetako asmorik erakusten ez bazuen. Damututa, erregeak egunero harekin bazkaltzeko gonbitea egin zion, bazkaldu bitartean haren aholkuek bere jarrera bideratzen lagunduko ziotelakoan. Baina Henrikek apaizarentzat egunero eperra prestatzeko agindua eman zuen. Handik egun batzuetara, beti berdina jateaz nazkatuta, aitorleak zera aitortu zion: “Ohorea da egunero mahai honetan jateko gonbitea jasotzea, baina egunero eperra…”. Eta erregeak honela erantzun omen zion: “Bada, niri berdin gertatzen zait erreginarekin”.
Bada, askori berdin gertatzen zaio borboiekin.