Francok aukeratutako erregeak erbestera egin du ihes

  • Juan Carlos I Dominikar Errepublikara joan dela diote Espainiako hainbat hedabidek. Espainiako errege ohiaren inguruan argitara ateratzen ari diren ustelkeria kasu ugariek presionatuta, atzerrira ihes egitea ahalbidetu du Espainiako Gobernuak


2020ko abuztuaren 04an - 10:08

Bere aitona Alfontso XIII.ak eta aitak egindakoari jarraiki, Juan Carlos I.ak Espainiako Estatutik ospa egin du. Hala, 40 urtez Espainiako errege izandakoa, borboitarren bideari eutsi dio: herrialdetik irten da itzultzeko itxaropenik gabe. Errege ohiaren komunikatuaren arabera, Felipe VI.a semeari azaldu dionez, azken asteetako gertakariek eta bere “iraganeko zenbait kontu pribatuk eragin duten oihartzun publikoak" zehazteke dagoen lekuren batera eraman dute, "Espainiatik kanpo”.

Errege ohiak "bizitza pribatuko auzitzat" jotzen dituenak paradisu fiskaletan izan ditzakeen dirutzak dira, Suitza eta Espainiako epaitegiak ikertzen ari direnak. Izatez, gaur egun, Espainiako Estatuko Fiskaltza hiru komisio ikertzen ari da, bat 100 milioi dolarrekoa, beste bat 120 milioi eurokoa eta beste bat 98 milioi eurokoa, denak errege familiako kideren batekin lotutakoak. Ekainaren 8an, Fiskaltzak Juan Carlos Borboikoa abdikazioaren ostean egindako jarduerengatik epaitzeko aukera adierazi zuen: komisioak kobratzea, Fiskaltzaren arabera, ezin da ikertu, baina bai kargua utzi ostean egindako komisio horien zuriketa. Teorian behintzat, errege emerituak inmunitatea izaten jarraitzen baitu, 2014an adostutako oinordetza-hitzarmenari esker.

Joan Carlos I.aren egoerak, abdikazioaren eta bizitza publikotik erretiratzearen ondoren, inflexio-puntua izan zuen iragan martxoaren 15ean. Egun horretan, Felipe VI.ak aitaren herentziari uko egingo ziola iragarri zuen, eta ordura arte estatuaren aurrekontuetatik jasotzen zuen diru-kopurua kenduko ziola, ia 200.000 euro urtean. Panaman kokatutako Lucum fundazioan Suitzan sartutako 65 milioi euroen jatorriari buruzko ikerketaz argitaratutako informazioen aurrean egin zuen hori, Saudi Arabian Mekarako abiadura handiko trena eraikitzeagatik Juan Carlos I.ari ordaindutako komisioak ote ziren zehazteko izapideak hasi zirenean.

Ikerketak

Ia bi urte lehenago, 2018ko uztailean, Diego de Egea Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Villarejo Poliziaren komisario ohia deklaratzera deitu zuen, 2015ean Londresen izandako elkarrizketa baten grabazio batzuk ezagutu ostean. Elkarrizketa horretan, Corinna Larsenek, errege ohiaren bikotekide izan zenak, Suitzan kontuak zituela eta Saudi Arabiatik etorritako komisio horiek kobratu zituela jakinarazi zuen.

Hilabete batzuk geroago, ustelkeriaren aurkako fiskaltzak eginbideak ireki zituen, eta aurtengo martxoan, Larsenen abokatuak Yves Bertossa fiskal suitzarraren aurrean eginiko deklarazioak argitaratu dira. Horietan, bezeroari 65 milioi euroko "oparia" egin zioten eta Lucumeko kontuaren kudeatzaileek, Arturo Fasanak eta Dante Canonicak, erreguzko komisio bat bidali zuten Suitzara, ustezko dohaintza horri buruzko datuak eskuratzeko.

Iskanbila errege etxean

Prentsan agertutako informazio horren ondorioz, Felipe VI.ak uko egin behar izan zion aitaren herentziari eta aurrekontu-esleipena kendu behar izan zion, bestela, egungo erregea Panamako fundazioaren bigarren onuraduna izango litzateke. Espainiako Gobernuak errespetua adierazi dio Juan Carlos I.aren erabakiari, eta egungo estatuburuaren, Felipe VI.a erregearen, "eredugarritasunaren eta gardentasunaren zentzua" azpimarratu du.

Uztailaren 8an, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek ohartarazi zuen errege emerituari buruzko informazioak "kezkagarriak" zirela. Duela astebete, Errege Etxeak "gardentasuna eta eredugarritasuna" indartzeko pausoak eman behar zituela defendatu zuen ordea. Dena den, Juan Carlos I.aren erbesteratzeak oztopatu baino ez du egiten ikerketa prozesua, eta ez dago inongo exigentziarik horren inguruan, ez Espainiako Gobernuaren partetik, ezta Justiziari dagokionez ere. Izatez, 2014ko ekainetik jazotako gertakarien “garrantzi penala mugatzea edo baztertzea” da fiskaltzaren helburua, hau da, erregearen errugabetasuna aurretiaz defendatzen du.

Oporraldia

Espainiako eta Kataluniako prentsan zabaldu den informazioaren arabera, litekeena da Juan Carlos I.a Dominikar Errepublikan egotea. La Vanguardia hedabideak aditzera eman duenez, “errege ohiak Zarzuela utzi zuen igandean, semeari gutuna idatzi ondoren, eta Galizako Sanxenxon eman zuen gaua, azken urteetan belaontzian ibiltzeko erabili duen herrian. Astelehen goizean Oportoraino joan zen autoz, eta handik Dominikar Errepublikarako bidea hartu zuen”. Hedabideak baieztatu duenaren arabera, Juan Carlos I.aren asmoa La Romanako Casa de Campo egoitzan “aste batzuetan” ostatu hartzea da, eta egonaldia “aldi baterakoa” izango omen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako monarkia ezbaian
Carlos Fonseca kazetaria
“O-23ko estatu kolpean, erregeak jeneral bati baimena eman zion kontzentrazio gobernua osatzeko”

Espainiako armadak antolatu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea, baina helburua omen zen Alfonso Armada jeneralak gidatuko zuen zibilez osatutako kontzentrazio gobernu bat eratzea, eta Juan Carlos I.ak baimendu egin zuen gobernu hori. Hori dio Carlos Fonseca kazetariak... [+]


Hego Euskal Herriko biztanleen gehiengo zabalak nahiago du errepublika monarkia baino

Elektomaniak egin du galdeketa. Gipuzkoa da estatu guztian lehenengo postuan geratu dena, Bizkaia bigarrena eta Nafarroa eta Araba, berriz, laugarren eta bosgarren.


2022-05-24 | ARGIA
Monarkiaren kontrako adierazpenak despenalizatzeko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk

Espainiako monarkia iraintzeagatik se hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra aurreikusten du zigor kodeak. Lege hori bertan behera uzteko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk.


Galiza non ten rei

Itzuli da Juan Carlos eta Galizia aukeratu behar izan du erakusteko berak jarraituko duela egiten borboiaren puntan jartzen zaiona. Diotenez, diskrezioa eskatua zion Espainiako Errege Etxeak, ez zaiolako show handirik komeni, monarkia krisi existentzial bat bizitzen ari baita... [+]


Eskandaluak eta balizko maniobrak

Goiko esferetan mugitzen diren gizaseme zoriontsu guztiak antzekoak dira, eta egin behar ez luketen zerbait egiten atzematen dituzten guztiak berriz, bakoitza bere modukoa. Boris Johnson eta Iñaki Urdangarin, BoJo eta Besoluze –horrela deitzen omen dio Juan Karlos... [+]


Eguneraketa berriak daude