'Zaldi urdina' antzezlana

Heroinak eragindako sarraskia taula gainean

  • Droga, baina ez substantzia bere baitan. Droga Euskal Herrian: utzi duen aztarna, memorian gorde dena, familietan eragin duena, isilik mantendu dena eta bizirik dirauena. Hori da nondik norakoa. Axutek, Dejabuk eta Artedramak elkarrekin sortu duten Zaldi urdina antzezlanaz ari gara. Luhuson da estreinatzekoa urriaren 11n.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2019ko urriaren 13a

Laugarren aldia da Axut, Dejabu eta Artedrama antzerki konpainiek batera lan egiten dutena. Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna dira aurreko obren izenburuak. Iraganari heldu eta orainaldira ekarri ohi dituzte lantzen dituzten gai guztiak, Euskal Herriko errealitatea kontatu eta ikuslegoa bertan kokatu nahian. Azken lan hau ere oinarri berberetan dago eraikia.

Familia bat da protagonista, euskal gizartearen “metafora txikiena”. Astakeria bat egin duen familiako gazteena jarraitzen ari dira. “Duela hamarkada batzuk hainbat pertsonak, taldean eta haratago, ikusi, entzun edo ezagutu genuena kontatu nahi dugu. Euskal Herrian nahitara sartu zela molde ugaritako droga eta horrek sarraski handia sortu zuela”, laburtu du Ximun Fuchs zuzendariak. Antzezlana “gogorra eta latza” izango dela gaineratu du, Euskal Herriko historia aurkituko baitugu, estigma eta lotsa handia utzi duena familia askotan: “Milaka hildako izan dira, jende asko eraman du hiesak eta ez da kontatzen. Gauza batzuk berriz datozela entzuten da ezker eta eskuin: heroina berriz etortzen dela, batez ere hiriburuetan, baina ez bakarrik. Hau gertatu da, gertatzen da oraindik. Oso erraza da droga mota guztietatik hartzea Euskal Herrian. Ni ibili naiz Frantzian eta ez da hain erraza”.

Euskal Herriko azken sarraskia izan daitekeela gaineratu du antzerkigileak eta baduela euskal gizarteaz eta izaeraz kontatzeko zerbait: “Sarraski hori dugu gure baitan. Ez da zaharra, huts egite pertsonal bat bezala kontsidera daiteke, baina bada zerbait kolektiboki aztertzekoa”. Ez dute, baina, drogaren epaiketarik egingo, errealitatearen alde gordinena eta, era berean, ederrena kontatuko dute, alde humanoa landuz: “Lan zailena da gure kontraesanak onartzea, hauek oso agerian uztea debatea sortu ahal izateko. Hala, galderak pausatzea da asmoa, ez erratea ‘hau ongi da eta hau gaizki da’. Espero dugu plazeraz gain gizartean debatea sortzea, mugitzea ikuslegoaren barneak, hunkitzea. Norberak esan ahal izatea ‘ni hortik noa’ edo ‘nire lehengusua edo nire amona ikusten dut eta nahi dut elkar ulertzeko aukera ukan’”.

Urrats asko eman dituzte gaur dauden puntura iristeko, baina estreinaldiko egunera arte antzerkiaren poetika eta eszenaratzearen bila jarraituko dutela azaldu du Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzaileak.

Ximun Fuchs: "Alderdi abertzaleak falta dira, hots, herria maite dutenak eta elikatu behar dela pentsatzen dutenak. Horretarako behar da euskal arte bat"

Memoria herrikoia lantzen

“Intuizio batetik hasten da dena”, dio Fuchsek, “Gure pretentsioa da kontatzea airearen zaporea. Zer da kezka eragiten duena, zer isilean dagoena, zer atera litekeen ongi gaur”. Hari horretatik tiraka hemendik eta handik dokumentatzen hasi ziren. Inguruko arteak asko inspiratu dituela kontatu du Gurrutxagak. Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburua eta Ekaitz Goienetxearen Zaldi mamarroa aipatu ditu, garai horretan gertatzen diren istorioak baitira, drogen inguruko gogoetaren beharra adierazten dutenak. Estetikari dagokionez, Orson Wellesen The Lady from Shanghai filma eta Harkaitz Canoren Twist nobela aipatu ditu. Musika elektronikoak ere asko inspiratu dituela gehitu du, The Blaze talde frantsesarenak, besteak beste. Eta antzezlanaren oinarrietako bat Justo Arriolaren A los pies del caballo liburua izan dela, hortik hasi baitute dokumentazio lan guztia. “Gure artean komentatu eta denok izan genuen jarraitzeko gogoa. Gero hasi ginen literaturan bilatzen, gure ezagunekin eta familiakoekin hizketan; Ai Laket taldekoekin ere hitz egin dugu eta sare bat eginez memoria herrikoia lantzen saiatu gara. Ez memoria historikoa, baizik eta herrikoia”, dio Fuchsek.

Gure historia ahoz transmititu izan dela azpimarratu dute: “Antzerkiak transmititzen segitzen du, memoria herrikoia bizirik mantentzen. Bada material asko horren inguruan kontatzeko”. Hori dela eta, Francoren bilobari gutuna antzezlanarekin egin zuten bezala, material guztia webgunean bilduko dutela azaldu dute, atal bat irekiko dutela jendeak gaian sakontzen jarraitu ahal izateko.

Antzerkiaren misterioa

Hori guztia transmititzeko fikzioa egin dute antzerkiaren tresnak erabiliz: “Istorioak kontatzen ditugu, horrek eramaten baikaitu metaforara, sinboloetara. Antzerki dokumentatua egiten dugu, baina ez dokumentala”, azaldu du Fuchsek. “Antzerkiaren alde ederrenetarikoa niretzat misterioa da. Teknika asko dago, noski: antzezleena, idazleena, musikarena; baina beti dago zerbait oso misteriotsua. Oholtzara ekartzen duguna da kasik hitzez esan ezin daitekeena”, gehitu du Gurrutxagak.

Heroinak Euskal Herrian utzitako arrastoetan bila aritu dira antzezlanaren egileak.

Adierazi nahi denak zein forma hartuko duen jakin gabe hasten dira sortzen, intuiziotik. Antzerki konbentzionalean edo klasikoan ez bezala, gidoia entseguetan bertan sortzen dute. Obraren idazle diren Igor Elortza eta Unai Iturriaga prozesuan haiekin batera aritu direla nabarmendu du Gurrutxagak: “Beti egiten dugu horrela, paraleloki. Inprobisazioetatik testuak sortu, berriro begiratu eta berriro eraiki. Prozesu horren alboan egoten dira idazleak, ez dute berehala obra guztia idazten. Eszena batzuk idatzi, guk oholtzan probatu eta iritziak trukatzen ditugu”.

Aipatu bezala, laugarren aldia da hiru konpainiak batera sortzen jartzen direna. Sortzaile bakoitzak bere identitatea duen arren, helburu antzekoak dituzte eta lotzen dituen hainbat ezaugarri. Hala, bestearen lana miresten dutela esan diote elkarri: “Artedrama, Dejabu eta Axuten sortzeko modua ez da zerbait estrategikoa. Ez dugu pentsatzen antzerki politikoa egingo dugunik. Dejabun, adibidez, testuinguru politiko-historikoak sekulako garrantzia hartzen du beti. Ziurrenik, indibiduo bezala, oso garrantzitsua zaigulako. Era berean, oso poesia zaleak gara eta hegan egiteak betetzen gaitu ikaragarri. Misterio horren bila goaz”, aipatu du Gurrutxagak. Kasualitateetan asko sinetsi gabe, “hala behar zuelako” elkartu zirela gaineratu du.

Existitzeko aukeraren bila

Euskal Herria txikia izateak elkar ezagutzeko aukera eman zien duela zenbait urte. Fuchsek dio garai hartan antzerkian bazela krisi momentu txiki bat. Elkarrekin aritzeak moldeak zertxobait apurtzeko aukera ekarriko ziela ere sinesten zuten eta horretan hasi ziren lanean; ez bakarrik artistikoki, baita ekonomikoki ere. Euskal Herri mailako proiektu batean pentsatzea izan zen bat egite horren ondorioetako bat.

“Antzerkia herriari eskaintzen zaion foro bat da, non kolektibo bat, herri osoa, elkartzen garen; haur, gazte eta heldu, kultura, eta ofizio desberdinetakoak”. Eta konpartitzeaz gain existitzeko biltzen direla erantsi du Fuchsek: “Euskal herritar bezala ez dugu espaziorik existitzeko eta antzerkiak ematen du aukera. Gure historia ari gara ikusten, bizitzen, sentitzen, konpartitzen; ez baita kontatua, ez gara existitzen herri bezala”. Euskal artea beti hori izan dela erantsi dute, biltzeko, askatzeko, dantzatzeko eta elkarrekin egiteko momentuak: libertimenduak, toberak, kabalkadak. Belaunaldiz belaunaldi, gorputzaren eta ahozkotasunaren bitartez transmititu dira. “Bizi gara euskaldun bezala pentsatu gabe ere euskaldunak garela. Hizkuntza fisikoa, mintzatua eta imajinario kolektiboa elikatzen da eta hori da egiten duguna”.

Askotan, ordea, korrontearen kontra joan behar plazara atera ahal izateko ere: euskararekiko eta euskal kulturarekiko –eta orokorrean kulturarekiko– dagoen utzikeria salatu dute. Fuchsek honakoa dio: “Pentsaera politiko bat falta da kulturarentzat. Zer egin nahi dugun pentsatzea, ez zer lortu dezakegun. Zer nahi dugun izan. Ezker, eskuin edo zentroan ez da pentsaera politikorik euskal kulturarentzat ez bada ongizatea edo aisialdia, baina hori ez da eraginkorra. Horrek ez du sortzen ekonomia bat, ez du sortzen herri bat. Niretzat alderdi abertzaleak falta dira, hots, herria maite dutenak eta elikatu behar dela pentsatzen dutenak. Horretarako behar da euskal arte bat”. 60ko hamarkadan eztabaida hori jada eman zela gogorarazi du Gurrutxagak, euskal arte eskola propioen beharraren ingurukoa: “Azken 20 urteetan geldirik dago”. 

“Falta dira 50 bat euskal antzerki konpainia profesional eta 40 sorkuntza-lan ikusi ahal izatea edozein herritan. Jendeak egin ahalko lituzke hautu kritikoak eta herri estetika sortuko litzateke. Herri txikiek badute nortasun bat, baina hura elikatzen badute”. Boterea dutenen eta ez dutenen eginbeharraz ari dira, gaztelaniaz eta euskaraz egindako lanei diru berdina eman behar zaienaren debatea oso faltsua eta burgesa dela argudiatuz. “Egin behar dena da gure herria elikatu. Antzerkia, zinema. Badugu aski indar eta diru. Euskal Herria ez da pobrea. Aski da ikustea Bilbotik Iparraldera doan autobidea. Hau gurea da eta galtzen badugu baskoak izango gara, ez euskaldunak. Behar da erabakitzea nahi dugun baskoak izan. Edo hil, sinpleki, eta gure ondare immateriala lurperatu, hots, gure egiazko aberastasuna”. Guzti hori ez elikatzeak kontsumitzaile huts bihurtzen gaituela adierazi dute, nortasuna galarazten duela: “Guk eta amerikar batek nortasun berdina izango dugu; jantzi berdina, jateko molde berdina, maitatzekoa, pentsatzekoa. Hots, deus ez”.

Era berean, antzerki konpainia gazteak loratzen ari direla positiboki baloratu du Gurrutxagak. Egin beharrekoez eta biktimaren ikuspuntutik gaindi, artea, euskara eta bizitza maite dutelako egiten dutela antzerkia dio.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Antzerkia  |  Drogak  |  Luhuso

Antzerkia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude