Zer: 'Itzulera' antzezlana
Ideia eta zuzendaritza: Dejabu konpainia
Gidoia eta testuak: Ainara Gurrutxaga
Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Urko Rekondo eta David Aguilar
Zinegintza zuzenean: David Aguilar (Zazpi t’erdi)
Non eta noiz: Azpeitian, 43. antzerki topaketetan, azaroaren 16an.
---------------------------
Gogotik barre egiteko eta aldi berean perfekzioarekin zur eta lur uzteko moduko antzezlana da Dejabu konpainiaren lan berria, Itzulera antzezlana. Urtearen hasieran estreinatu zuten Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona fabrikan, eta gutxi gorabehera 30 alditan eman dute herriz herri, denak ere Hego Euskal Herrian. Azaroaren 28an gurutzatuko du Bidasoa, eta helduko da Donapaleura (Nafarroa Beherea). Oiartzunen (Gipuzkoa) amaituko dute ibilbidea, datorren urteko maiatzean. Bitartean, agian gangarik topatuko du konpainiaren webgunean sartu eta agenda begiratzen duenak.
Profesionaltasun maila handia erakutsita, Dejabu konpainiaren barne bidaia bat da Itzulera-n kontatzen dena. Zinez hala da, urte batzuetan ez baitute eszenarako lanik sortu. Itzultzeko beta dute, eta asmo horiek gauzatzeko, Etxepare institutuaren beka bat jasota, Mirenek Mexikora bidaian bidaliko ditu Ainara eta Urko. Han bizi den euskal diasporako adineko gizon bat elkarrizketatu beharko dute, bideoz, eta lana Etxepare institutuari bidali beharko diote, dirulaguntza konfirmatzeko. Buruhausteak sortuko zaizkie; hortik aurrerakoak hobe ez kontatzea. Road movie bat da antzezlana.
Azpeitiko antzerki topaketetako emanaldian, barreari ezin eutsita sumatu da publikoa hainbat alditan, ez alferrik, benetan umore irtenaldi mundialak dituelako obrak. Badira elementuak horretarako, eta oso dira elementu lurtarrak, baitezpada lortzen dutenak publiko guztiarekin konektatzea. Gero, zoratzen eta korapilatzen da istorioa, gehiegitxo beharbada; eztabaidagarria.
Istorioaren muinetik harago doa kontua, baina. Kontatzeko modua bada bereizgarria, ez agian oso originala: kamerarekin dokumentatzen du oholtza gainekoa David Aguilarrek, kamerakoa zuzenean erreproduzitzen da atzeko planoan, eta, graziosoa da oso, publikoan egonda, zinema nola egiten duten ikustea bezalakoxea delako, plano bakoitza zer nola sortzen duten eta zer nola engainatzen gaituzten. Behatxulo batetik begiratzea bezalakoxea da. Flipanteena hori da, gustuak gustu jakina; zer nolako perfekzioa lortzen duten plano bakoitzaren sorkuntzan, ez baita soilik ohiko antzezpena egitea.
Kontakizuna, hortaz, bi lengoaia horietan garatzen da. Izan daitezke elkarren paralelo, edo elkarren osagarri, baina batak ez luke zentzurik bestea gabe, eta horretan datza grazia. Antzezle denek hartzen dute parte kamerako lengoaiaren sorkuntzan, ez bada ere kamera eusten, bai behintzat mini-plano horren argiztapenean, fokalizazioan. Ematen du gaiak gogoetarako: zer argiztatu eta nondik begiratu, hura sinetsi. Hautuak dira denak, sarri hala dela ikusten zail bada ere. Distantzia hartu, eta hautuak existitzen direla (ere) begiz ikus daiteke Itzulera-n.