ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 28a
Justo Arriola, 'A los pies del caballo' liburuaren egilea

"Erantzukizun politiko eta poliziala argitu behar da; ez zuten heroina-trafikoa gelditu nahi"

  • Justo Arriola elgoibartarra da, hain justu heroinaren kontsumoaren ondorioz gazte asko galdu zituen herrikoa. Bere jatorriak, bere bizipenek eta drogen guruei polizia eta heroinaren zabalkundearen arteko harremanak “konspiranoideak” zirela behin eta berriro entzuteak A los pies del caballo, narcotráfico, heroina y contrainsurgencia en Euskal Herria (Txalaparta) lan mardula egitera bultzatu zuten. Heroinari emandako erabilera horren gaineko gertaeren hemeroteka lan izugarria egin eta hori guztia gurera ekarri du. Askorentzat ziurtzat ematen dena egiaztatzeko egarriz liburua harrera ezinhobea izaten ari da eta urte erdian hirugarren edizioa du jada.

Iker Barandiaran @IkerBarandiara
2017ko ekainaren 18a
"La Salve eta Intxaurrondotik irteten ziren auto kamuflatuek heroina banatzen zuten Arrasaten eta beste herri batzuetan" / Iker Barandiaran

Tarte laburrean egon ziren bi belaunaldi: heroina ezjakintasun eta erakargarritasunez ikusi zuena, eta arriskutzat hartu zuena. Non kokatzen zara?

Lehenengoan. Drogak probatzeko nahia genuen eta protestatzeko modua ere bazen. Gainera, Franco hil eta gero kanpoko kontrakultura heltzen hasi zen: musika, rocka, liburuak... Horrez gain krisia bizi genuen: industriaren birmoldaketa, langabezia handia... Horrek guztiak eta trantsizio eskasak frustrazioa eragin zuten gizartean eta batez ere gazteen artean. Drogei buruzko ezjakintasun itzela zegoen, abestietan entzuten genuena besterik ez genekien. Eta ofizialki esaten zutena, guztia zela txarra, ez genuen sinisten.

Liburuari dagokionez, Elgoibarri buruz harilkatu duzun kontakizuna du ardatz.

1985 inguruan hasi nintzen jasotzen Elgoibarren gertatzen zena, guk antolatzen genituenak: kontzertuak, kale agerraldiak, pintadak, norbait hiltzen zela... Hamabost urtetan horiek guztiak jaso nituen, eta hainbat pasartek liburu honetan ikusi dute argia.

Eta nolakoa izan da herrian izen-abizenekin jasotakoa argitara ematea?

Pentsatu nuen batzuentzat gogorra izango zela senitartekoak hor ikustea, baina nik ere lagun asko galdu ditut, orain arte iluntasunean egon direnak, lotsatzeko moduko zerbait egin izan balute bezala. Pentsa, garai hartan Elgoibarren droga kontsumoarekin lotuta gazte bat hiltzen zen bakoitzean elkarretaratzea egiten zen, eta zenbait familiak ez zuen uzten. Batzuek oraindik ez dute onartzen seme-alabak horretan ibili zirenik eta haren eraginez hil zirela. Hiesak izugarrizko estigma zeukan, heriotzarekin lotzen zen zuzenean. Horregatik pentsatu nuen on egingo ziola jendeari, nahiz eta hasieran izenak ikustea gogorra egin. Eta hala izan da, etorri zaizkit hildako batzuen amak, ahizpak... besarkadak eta eskerrak ematera. Aldiz, hildako enpresarien senideek agian ez dute hain ondo ikusi, baina ondorioztatu nuen historia kontatzekotan hori ere jaso beharra zegoela.

Drogen kontsumoaren eta Hies gaixoen kudeaketa eskasa izan zen...

Elgoibarko EAJk udaltzainburuaren eskuetan utzi zuen drogen kontsumoaren kudeaketa, eta hark pentsatu zuen xiringak gazteei saltzea debekatze hutsarekin arazoa konponduko zutela. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak itxita zegoen gimnasio bat hartu eta legez kanpoko atxilotze-gune bilakatu zuten. Gazteak hara eramaten zituzten katxeatzera eta mehatxatzera. Heroinazale batek kontatu zidan pistola jarri ziotela buruan; eta neska batek esan zuen alua miatu ziotela. Edozer egiteko inpunitate osoa zuten. Drogen gaineko debekua eta legez kanpoko egoera baliatu izan dute nornahi atxilotzeko, kontrolatzeko... Hain zuzen ere, AEBetan orain gutxi onartu dute Nixonen garaian droga batzuen kontra egin zutela beltzen eta ezkertiarren mugimenduak kontrolatzeko.

Zein urtetan hasi ziren EAEn xiringak banatzen?

Hiesaren kontrako batzordeek 1988an hasi zuten banaketa, geroago botiketan kita (kondoia eta xiringa) saltzen hasi ziren. Instituzioak beranduegi, lehenengo Hies kasuak eman eta bost urtera, jende ugari hil eta gero. Espetxeetan oso berandu, 90eko hamarkada bukaera arte ez zuten xiringa trukea martxan jarri. Osasun arazoa zena, ordena publikokoa balitz bezala artatu zuten. Hiesa zutenei osasun arreta eskasa eskaintzen zitzaien eta orduan hilabeteetako heriotza zigorra zen.

Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?

Drogen gainean asko idatzi duen Juan Carlos Usók foro batean zioen poliziak ez zuela Euskal Herrian heroinarik sartu helburu politikoekin. Nik erantzun nion esanez bazirela hainbat zantzu kontrakoa erakusten dutenak. Eztabaidak luze jo zuen, eta erabaki nuen dokumentazioa batzen hastea, dokumentaletan, liburuetan, interneten, prentsan... Atzerrian gertatutakoa jasotzeari ere ekin nion, eta Elgoibarko historiaren zatia ere idatzi nuen. Iaz herriko Gaztetxean pasarte batzuk irakurri nituen. Gazteak zur eta lur gelditu ziren ez zutelako iragana ezagutzen, eta idatzitakoa argitara emateko eskatu zidaten. Horrek asko animatu ninduen. Garai hartan Antonio Escohotado pentsalariak Donostian eman zuen hitzaldi batera jo nuen eta polizia eta heroinaren arteko loturaz galdetzean, “konspiranoikoak” ginela erantzun zidan. Eztabaida itxi nahi dutenen aurrean argudioak jarri nahi nituen.

Arrasateko udaltzain-burua zenak salatutakoa izugarria da...

Bai, 2015eko irailean Berriak Jose Luis Etxeberria Porruren esanak argitaratu zituenean harrituta gelditu nintzen ez zelako erantzun politikorik izan. Porruk egiaztatu zuen La Salve eta Intxaurrondotik irteten ziren auto kamuflatuek heroina banatzen zutela Arrasaten eta beste herri batzuetan. Horrez gain, beste batek kontatu zuen Intxaurrondoko guardia zibilei heroina erosi ziela; eta Iruñeko tabernari batek patruila-autoetatik heroina banatzen ikusi zituela. Bestalde, Deban bizi izandako batek kontatu zuen ezezagun batzuek heroina doan eman zietela larunbat gau baten, eta zenbait astera ezezagun horiek uniformez jantzita ikusi zituela. Liburua argitaratu ostean testigantza gehiago jasotzen nabil; hemen soraluzetar batek kontatutakoa: 80ko hamarkada hasieran taberna bat zuen non ezker abertzalekoak, sindikalistak eta gazteak biltzen ziren. Sarekada batean atxilotu zuten eta hamar egunez izan zuten Madrilgo DGS Segurtasun Zuzendaritza Nagusian jipoiak jasotzen; artean egunero komisario batek eskaintza bera egiten zion: tabernan hitz egindakoa kontatuz gero heroina banatu eta tabernan saltzeko erraztasunak emango zizkiotela. Tabernariak ez zuen amore eman.

Ondarroako yonkien esperientziak harritu nau: trafikanteei heroina herrira sartzen galeraztea.

Saiatu ziren beraien artean antolatzen, eta herritarren sostengu handia lortu zuten. Heroinaren arazoa beraiek ekarri zutela eta kanporatzea beraien ardura zela ondorioztatu zuten. Ez dut halako beste esperientziarik ezagutu.

'Navajas auzia' oso argigarria zen...

Trafikatzaile, tabako kontrabandista eta proxeneta batzuek beraien negozioak inpunitate osoz egiteko tasa ordaintzen zieten indar polizialei. Garai hartan Intxaurrondoko buruetako batek barne ikerketa batean aitortu zuen diru beltz itzel hori gerra zikinerako erabiltzen zutela. Navajas hasi zen ikertzen, baina badirudi beldurtu egin zela. Are gehiago, Conde Pumpidok 1987an esan zuen babestutako heroinaren mafia bat zegoela.

Liburu hau bada, baita ere, Pepe Rei, Adore eta Errotatxoren lanari aitortza?

Bai, bakoitzak bere esparruan –ikerketan, salaketan eta prebentzioan– lan handia egin zuten. Pepe Reiren ikerketa-lana ezinbestekoa izan da, dena arriskatu zuen. Berak argitaratu zuen heroina eskala handian banatzen ari zen Guardia Zibilaren mafia batean ziharduen narko turkiar baten testigantza.

Garai hartan heroina barra-barra sartu ziguten. Orain zer sartzen dute gazteak geldiarazteko?

Beti bezala, borrokaren eta momentuaren arabera, baretze eta tontotzeko tresna guztiak erabiliko dituzte.

Egia, justizia eta erreparaziotik asko du zure lanak.

Bai, hildako milaka gazteei omenaldia egin nahi nien. Erantzukizun politiko eta poliziala argitu behar da. Urtero atzematen zuten heroina kopuru barregarria ikusita argi dago ez zutela trafikoa gelditu nahi. Aldiz, iritzi publikoari begira eta gazteak kontrolatzeko “drogaren” –batez ere haxixaren– kontrako sarekadak egiten zituzten.

Zer dago gure esku?

Zerbait dakienak kontatu dezala. Komunikabideen bidez Ardanzari honako mezua zuzentzen ari natzaio: Zergatik isilarazi zenuen, 35 urte pasa direnean, Arrasateko udaltzainburu izandako Porru? Ez al daukagu eskubiderik zer gertatu zen jakiteko?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Drogak  |  Osasuna  |  Polizia

Drogak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko ekainaren 18a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude