"Kulturak laguntzen digu unibertsitatean kritikoak izaten, baita autokritikoak izaten ere"

  • Duela bi urte, Antonio Casado da Rocha filosofo, idazle eta EHUko irakasleak Gipuzkoako campuseko kultura-jardueren ardura hartu zuen. Geroztik, hainbat aldaketa izan dira eta ikasturte honetan “jauzi handia” egingo dutela azaldu du. “Sorkuntza eta jakintza-eremuak harremanetan jarri nahi ditugu”, adierazi digu.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Duela bi urte izendatu zintuzten EHUren Gipuzkoako Campuseko Hedakuntza zuzendari. Zein dira ardura horren funtzioak unibertsitate barruan?

Unibertsitatea irudikatzen denean, irakaskuntza eta ikerketa aipatzen dira ia beti. Baina unibertsitateek badute hirugarren funtzio bat, batzuetan ahazten dena: sortzen eta transmititzen den ezagutza hori gizarteratzea, laborategitik edo gelatik kanpo zabaltzea. “Eman ta zabal zazu” gure leloan agertzen den zabaltze hori, hain zuzen. Ez diot utzi irakaskuntzan eta ikerkuntzan lan egiteari, baina gelaz eta laborategiaz harago doan unibertsitate kultura hori gizarte osoarekin uztartzea da nire helburua. EHUkultura programa diseinatu eta aurrera eramaten dugu, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko lankideekin batera. Horrez gain, Agustin Erkizia errektoreordearen taldean dihardut, campuseko jarduera eta baliabide batzuk kudeatuz: adibidez, Ignacio María Barriola zentroa eta Txillardegi erakusketa aretoa.

Iritsi zinenean, zer panorama aurkitu zenuen?

Anitza zen eta da: 10.000 lagun gara campus honetan lan egin, ikertu eta ikasten dugunak. Gizartearen ispilua gara eta denetik dugu, baina gaitasun handiak daude, askotan oharkabean. Talentu kontzentraziorik handienetakoa Gipuzkoa osoan, baina oso sakabanatuta eta atomizatuta, nor bere txokoan. Hiru ikasletik, bik euskaraz ikasten dute, baina duela gutxi arte, tradizioz edo inertziaz, kultura jarduera gehienak gaztelaniaz egiten ziren. Hori aldatzen ari gara, apurka-apurka.

"Hiru ikasletik bik euskaraz ikasten dute, baina duela gutxi arte kultura jarduera gehienak gaztelaniaz egiten ziren"

Zein dira berritasunak?

Aurten jauzi handia egingo dugu, edonori irekiak diren kultur ikastaro bereziak antolatuz: Andoni Tolosa, Gari Garaialde, Pep Ribadeneyra eta Pello Otxoteko fitxatu ditugu kantugintza, argazkilaritza, konpostagintza eta poesia tailerrak euskaraz emateko, astean behin, arratsaldez. Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, Pettiren eta MICEren emanaldiak eta solasaldiak izango ditugu euskal musikaren inguruan; Mintzola Fundazioaren eskutik, bertso saioak eta ahozko sorkuntzan laguntzeko elkarketak; euskal pentsamenduaren eta Joxe Azurmendiren lanaren inguruko kongresu bat abenduan...

Horrez gain, Carlos Santamaria Zentroan dagoen erakusketa aretoari berebiziko garrantzia eman diogu: unibertsitateko artistei eta ingurukoei, batez ere amateurrak direnei, dohainik lagatzen diegu. Bi urteotan hogei erakusketa baino gehiago egin eta gero, aurreikusten ez genuen arrakasta bihurtu zaigula uste dut. Beste gauza batzuk, funtzionatzen ez zutenak, kendu ditugu; adibidez, zinema ziklo orokorrak antolatzeak ez du zentzu askorik zinemaz beterik dagoen hiri honetan. Baina Kresalarekin eta Tabakalerarekin hitzarmenak sinatu ditugu, beren emanaldietan gure ikasleek deskontuak izan ditzaten. Beste aldaketa bat dugu estrategian: lankidetzak egin nahi ditugu lurraldean dauden kultura eta hizkuntza komunitate eta agente ezberdinekin. Aurten elkarlana abiatu dugu Alliance Française-rekin eta datorren urtean Italia Txiki elkartearekin jarraituko dugu. Gainera, Elias Querejeta Zine Eskola atxikitu zaio campusari, nazioarteko maila duen ikastegi berritzaile hori unibertsitate publikoan txertatuz.

“Praktika komunitatea” kontzeptua erabili duzu campuseko zenbait esperientzia deskribatzeko. Azalduko zenuke zer den hori?

Ideia oso sinplea da: praktika komunitatea talde bat da, non kideek zaletasun, ofizio edo jardun bat partekatzen duten; taldekideak aldiro elkartzen dira modu informalean jardun horretan elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko. Arazo edo grina zehatz bati erantzuna emateko auzolanak dira, eta gurean kultura horrelako zerbait delakoan nago: auzolana.

Prozesuei eman diezue garrantzia unibertsitateko kultur-bizitza dinamizatzeko. Zein da diferentzia ikuspegi horren eta ohiko kultur taldeen artean?

Helburua da osoko formakuntza, hezkuntza integrala bultzatzea, eta berau hiritar guztien esku jartzea. Unibertsitatea ez dago kultura-industriaren menpe, baina kultura-industriak unibertsitatea behar du: Tolkien Oxfordek sortu zuen, ez Hollywoodek. Gure jarduera gehienak doan dira, nahiko xumeak, ez ditugu ekitaldi jendetsuak antolatzen. Helburua da elkarrekin ondo pasatzea eta kulturaz gozatzea; unibertsitatean ez dadin dena e-maila eta pantaila izan. Campusean garena eta egiten duguna ezagutzea, eta gure arteko harremanak piztea da helburua. Izan ere, unibertsitate garaian egiten diren harremanak eta esperientziak bizitza osorako altxorra izaten dira.

Zer dute mota horretako harremanek ikasgeletan edo mintegietan ematen direnek ez dutena?

Filosofoa naiz, beraz galdera eginez erantzungo dizut: zenbat ideia, zenbat enpresa jaio dira campuseko kafetegietan? Zenbat komiki, banda eta fanzine? Irlandan ikasi nuen unibertsitatean, Cork-en: han ez zegoen pub batean bukatzen ez zen mintegirik. Baina gaur egun gero eta denbora gutxiago pasatzen dugu campuseko kafetegietan; sozializatzeko esparruak aldatu dira. Bada, bestelakoak badira, bilatu eta abordatu beharko ditugu.

Ikasleek unibertsitatearekiko senti dezaketen duten lotura-faltarentzat antidotoa izan daiteke kultura?

Lotura-falta hori egon badago, baina ez da ikasleen errua. Neurri batean, “ametsen eraiste neurtua” izatea naturala da edozein ikasleren hezkuntza prozesuan. Hau ez da armada edo futbol talde bat, ikasle zein irakasleen elkargunea baizik. Unibertsitatearena da metafora geografiko bat: etxe multzo bat, hiri txiki bat, eta gureak auzo asko ditu; gatazka edo etsipen puntu bat ekidin ezina da. Baina, agian horregatik, ziur aski ez dago gure inguruan unibertsitate publikoa baino demokratikoagoa den erakunderik. Kargu guztiak guk geuk hautatzen ditugu, eta agente guztiekin adostu behar da guztia. Horretan datza bere autonomia, baita bere moteltasuna ere. Unibertsitate handi bat ez da inoiz perfektua izango, baina kulturarik ez badauka ez da funtsezko kritika egiteko gai. Kulturak laguntzen digu unibertsitatean kritikoak izaten, baina unibertsitatea guk egiten dugu; beraz, autokritikoak ere izan behar dugu.

"Unibertsitate handi bat ez da inoiz perfektua izango, baina kulturarik ez badauka ez da funtsezko kritika egiteko gai"

Gipuzkoako Campuseko jarduerei dagokienez, kultura zentzu zabalean ulertzen duzuela dirudi: jarduera artistikoak bai, baina eguneroko bizitzarekin lotuagoak dauden tailerrak ere badaude, konpostatzearen ingurukoa adibidez.

Ez dut goiko eta beheko kultura bereizketan sinesten. Nire ustez graduko eskaintzan sartzen ez diren jakintza baliagarriak, zeharkakoak direnak, babestu behar ditugu. Esate baterako, giza eskubideetan oinarritutako kultura demokratikoa, eztabaidetan parte hartzeko gaitasuna, kultura da. Zientzia kultura, gure mundua ulertzeko gakoa izateaz gain, kultura da. Ekologia eta jasangarritasunaren kontuak ere bai; campus guztietan baratzea ikusiko dugulakoan nago; azken finean, nekazaritza ere gure kultura da.

Ohiko festibalen aldean, jendea parte hartzera animatu nahi duten ekitaldiak indartu dituzuela dirudi.

Iruditzen zait festibaletan badagoela zerbait garrantzitsua: kultura ospakizuna da, festarekin lotuta dago, errituala eta errepikapena maite ditu. Baina festa batean lagunak ez badituzu egiten, akabo! Horregatik festibal txikien kultura interesatzen zait gehien, eta guk geuk antolatzen ditugu batzuk, Donostia Kulturarekin lankidetzan. Saiatzen gara festibal horien bitartez campusean eta bere inguruan dagoen jendea taularatzen. 

Unibertsitateko ikasleek badute gauzak beren kasa egiteko grina, nahiz eta kontrako joera ere badagoen: kultura kontsumitzea, ez sortzea. Oreka bat erdietsi behar dugu: baliabideak eskura jarri, izaera publikoa mantenduz; lagundu bai, baina denei berdin, eta dena eginda eman gabe.

Errektoreordetzak sortu berri den antzerki elkartearen esku utzi du campuseko antzerkiaren martxa.

Kultur jarduerak dinamizatzeko kolaboratzaile berdinekin lan egin izan ohi dugu, urtez urte errepikatzen zirenak, eta aurten berritu behar izan ditugu, eredua aldatuz. Orain arte goitik-beherakoa zen: errektoreordetzak zuzendari artistikoa hautatzen zuen, eta horrek gainontzeko guztia erabakitzen zuen, zerbitzua nolabait kanpora ateraz. Baina campus barruan badago antzerkian eskarmentua eta proposamenak dituen jendea: gure ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta langileak. Zergatik ez eman haiei erabakitze eskumena? Hori egin dugu, unibertsitate onenen ereduari jarraituz, non elkarteen bitartez unibertsitate bizitza kudeatzen duten. EHUn orkestra, abesbatza, danborrada, eta eztabaidarako elkarteak bazeuden, eta orain beste bat dago: Unibertsitate Eszena Arteen (UNEA) elkartea, Gipuzkoako campusean sortu berri duguna.

Beste ezaugarri esanguratsu bat: errotazioa bultzatuko duzue programa bakoitzaren gidaritzan. Irakasle berriek jende berria erakartzen dute?

Hala izaten da, irakasleak gure traktoreak izan dira beti. Kulturan ere, mentoreak behar ditugu, beren eskarmentua eta pasioa partekatzen dituen jendea. Baina paisaia ahalik eta zabalena izan dadin, sormen lurra agortu ez dadin, ikastaro bakoitza behin bakarrik errepikatzen da, eta kito. Aukera aprobetxatu behar! Errotazioaren bitartez aniztasuna babestu eta inertzia ekiditen dugu, ideia berriei tokia eginez. Bide batez, horrek ere lagunduko digu genero eta estiloen arteko oreka bilatzen. Emakume sortzaileak gehiago ikusarazi behar ditugu.

Ikastaro guztiei dimentsio praktikoa ematea ere bada ardatzetako bat.

Hori izan da beste buruhauste bat: zer da kultur ikastaro bat? Nola bereizten da unibertsitatean egiten diren besteekiko? Atera dugun konklusioa da dimentsio praktiko hori ezinbestekoa dela eta horregatik ikastaro bakoitzean komunitatearekin partekatu dezakegun emaitza bat elkarrekin sortu nahiko genuke: dela erakusketa bat, konpostagune bat, bideo edo testu laburren bilduma bat, musika edo antzerki emanaldi bat...

Kultura zer den ez dugu aldez aurretik erabaki nahi, eta bestalde ez dugu izan nahi baliabideak banatzeko makinaria bat, non programa edo kartel bat osatzen den eskatzaileen artean finantziazioa esleituz. Bultzatu nahi duguna da harreman horizontalago bat, non protagonistak diren praktika komunitateak: kultura eta zaletasunak bizi eta partekatzen dituzten pertsonak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude