Euskara bizi da Trebiñu sagardotegian

  • Markinez-Amozarrain sendikoak euskaraz aritzen dira etxean eta lantokian. Euskaldun asko hartzen dute haien ogibide den sagardotegian. Trebiñun daude, eta izen bereko sagardotegian euskara lehen lerroan izan dadin saiatzen dira. Lazarraga Saria ere irabazi dute, eta xumetasunez jaso:  “Egongo da, hor nonbait, euskararen erabileraren alde gu baino askoz gehiago egiten duen jendea”.

Markineztarrak. Ezkerretik eskuinera: Jon, Koldo eta Julen Markinez. Aitak duela 30 urte landatu zituen lehen sagarrondoak Trebiñun eta duela hamabi urte jarri zuen abian sagardotegia bi semeen laguntzaz eta emaztearen babesaz. Argazkia: Zaldi Ero.
Markineztarrak. Ezkerretik eskuinera: Jon, Koldo eta Julen Markinez. Aitak duela 30 urte landatu zituen lehen sagarrondoak Trebiñun eta duela hamabi urte jarri zuen abian sagardotegia bi semeen laguntzaz eta emaztearen babesaz. Argazkia: Zaldi Ero.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Trebiñu Konderria du izena, 260 kilometro koadro, 1.460 biztanle 40 herri txikitan banatuak: Agilu, Albaita, Añastro, Araiko, Arana, Argote, Armentia, Arrieta, Askartza… Hain zuzen, Askartza dugu helburu, hantxe baitugu Trebiñu sagardotegia. Bertan jaiotako Koldo Markinezek (Askartza, 1958) hartu gaitu, administrazioz Burgos den baina Arabaren bihotzean den euskararen lurrean: “Errotalde, Torreondo, Rititurri, Rutiaran, Uranzo, Turraran, Portaleta, Garaia, Sarria… horiexek hemengo leku izenetako batzuk. Hemengo toponimia euskararena da”. Araban Trebiñu, Arabaren parte izan nahi bertakoek behin eta berriz adierazi dutenez. Haatik, Burgos, Trebiñu, eta barrendegiko Askartzan, Trebiñu sagardotegia, Bai Euskarari Elkartearen Lazarraga Sariaren jabe egina.

30 urte dira Koldo Markinez sagarrondoak aldatzen hasi zela bertako soroetan. Hamabi urte daramatza, berriz, bi semeekin batera sagardotegian lanean, emaztearen babesarekin. Nekazaritza-ingeniaritza ikasketak egina, Markinezek bazekien zertan ari zen. Hala ere, Askartzan sagarrak bazuen eragozpenik franko: altuera, 650 metrotan baitago Askartza. “Teknikari naizen aldetik, galdera horixe ibili nuen buruan, nolako sagarra izango ote genuen garaiera honetan –baina ikusi dugu kalitate onekoa dugula hemengo sagarra–, eta nolako sagardoa egingo ote genuen, eta horri dagokionez ere sagardo ona egiten dugula jabetu gara”. Hala ere, kezka, 650 metroko garaiera Askartzak. Hotza eta izotza. “Udaberriko izotza dugu arazorik handiena. Gaur egun, hala ere, teknikaren bidez konpontzen dira eragozpen horiek”. 2.500 sagarrondo inguru dituzte, “eta gehiago landatzeko prest gaituzu”, diote, sagardotarakoak denak; sagar-zukua barne.

Asturiasko (Espainiako Estatua) eta Gipuzkoako barietatea aldatuak dituzte Askartzan, nahiz bertara hobeto egokitu Asturiaskoa, Markinezek dioenez. “Gipuzkoan, adibidez, sagarrik gehienak itsaso ondoan daude. Asturiasen, berriz, itsaso ondoan ez ezik, baita mendialdean ere”. Eta, inondik ere, hango mendialdeko barietatea ezin egokiago dator Trebiñu Konderriko Askartzara.

Koldo Markinez: "Ohiko ostatu batean egiten ez dituenak egiten ditu jendeak sagardotegian: kantatzen du, jaikitzen da, txotxetik edaten du, ondoan duenarekin hitz egiten du. Trikitiarekin etortzen dira batzuk, kantari hasten dira beste batzuk… Kantutegiak ere baditugu, jendeak eskatzen ditu eta kantatzen du”
Mugarriak

Koldoren seme Jon Markinez Amozarrainek (Gasteiz, 1993), jaso zuen, anaia zaharrago Julenekin batera (Gasteiz, 1988), Lazarraga Saria. Berak eman ohi du, askotan, sagardotegiaren berri. “Gure gurasoek hasi zuten proiektua, aitaren jaiotetxean. Orain jangela dagoen honetan, ukuilua zegoen. Hasieran, lau mahai besterik ez zeuden jangelan, 40 laguni ematen ahal genien jaten. Nahikoa genuen horrekin. Orain baino prekarioagoa zen dena”. Harrera ona izan zuen sagardotegiak, eta gero eta jende gehiago etortzen hasi zen. “Eta etorri ezinik ere gelditu izan zen jendea, lekurik ez eta. Jatetxea handitu behar izan genuen gero”. Orain 120 lagun sartzen dira sagardotegian. “Sukaldea ere handiagoa da orain. Sei metro koadro zituen hasieran, eta 35 ditu orain. Upelak ere gehiago eta hobeto banatuak ditugu orain”, esan du Julen sukaldariak.

Sagardotegia esan eta Hernani, Usurbil, Astigarraga dira inork emango lituzkeen izenak. Han dago ohitura, tradizioa, kultura… Eta Jonek: “Bai, han da kultura handiena, baina hemen ere  ikasten hasita dago jendea. Gure sagardotegira etorri baino lehen, adibidez, askok inoiz ez zuten sagardotegirik ikusi. Upelak hortxe daudela esan, altxatu eta bertatik hartu behar dutela esan, eta batzuek: ‘Eta ez daukazu sagardoa txarroan ateratzerik? Ez daukazu botilan?’, galdetzen zuten. Julenek anaia gaztearen esaneratik jo du: “Jendeak txotxetik edaten ikasi du”. Aitaren txanda da: “Zera izan zen geure buruari egin genion lehenbiziko galdera: Jarrita, ala zutik jango dute gure sagardotegiko bezeroek?”. Eta bertako ohituraren arabera jotzea erabaki zuten, jarrita jatearen alde egin zuten. “Baina buruan ibili genuen galdera”, dio Koldo Markinezek.

Argazkia: Zaldi Ero.
Gasteiztik bertara

Urtean behin sagardotegira joateko ohitura aski zabaldua da bazterretan. Askartzakora, berriz, urtean behin baino gehiagotan jo ohi du zenbaitek, Gasteiztik hogei minutura baitago Trebiñu. “Gipuzkoa aldera joatea, autoa edo autobusa hartuta, bazkaldu edo afaldu eta itzultzea, ez dago astebururo egiterik. Hona, berriz, Gasteiztik hogei minutura gaudenez, hilean behin ere etorri ohi dira batzuk”, esan du Jon Markinezek. Eta Koldok: “Mendiz ere etorri ohi da jendea Gasteiztik, bi orduko bidean”. Mendi txangoa eta gero, freskatu eta jan, eta gero, autobusa hartu eta etxera egiten du bezeroak.

Menua bat eta bera da beti sagardotegian. Askartzan ere, jendeak duen sagardotegi ohitura txikia gorabehera, betiko menua nahi du jatunak. “Horixe nahi du jendeak, txuleta! Bestelako menu bat ere eskaini ohi dugu denboraldia igaro eta gero, baina jendeak ez du dudarik: ‘Ez, ez, nik sagardotegiko menua nahi dut: txuleta!’. Horrela da”, esan digu etxeko aitak.

Sagardotegiak, bestalde, ezohiko giroa eskaintzen dio bertaratzen denari, Julenek dioenez: “Sagardotegia bestelako lekua da, ohiko ostatu batean egiten ez dituenak egiten ditu jendeak hemen: kantatzen du, jaikitzen da, txotxetik edaten du, ondoan duenarekin hitz egiten du… Giro berezia eskaintzen du sagardotegiak. Nabarmena da. Trikitiarekin etortzen dira batzuk, kantari hasten dira beste batzuk… Kantutegiak ere baditugu, jendeak eskatzen ditu eta kantatzen du”. Bertan nahasten dira batzuk eta besteak. Gasteiz hogei minutura, eta hurrago dago Miranda Ebro. “Jende asko etortzen zaigu handik. Bestelako mundu bat da hori. Atetik sartu orduko nabarmentzen dira Mirandakoak”. Bestelako eitea, nonbait, Jonek oharrarazi duenez. “Grazia egiten die sagardotegiko giroak”, esan digu Julenek, eta iltzea buruan jotzen asmatu du Koldok: “Exotikoa zaie sagardotegia. ‘Sagardoa hartzera jaiki egin behar dugula?’, edo haiek menuaz galdetu eta guk: ‘Ez, menu bakarra dugu hemen, sagardotegiko menua, hau sagardotegia da’. Hala ere, urteak igaro dira, eta jendeak ikasi egin du, sagardotegiko kulturaz jabetu da”.

Bai Euskarari, Lazarraga Saria

Euskaldunak dira Markinez Amozarrain familiako kideak. Eta euskaraz ari ohi dira sagardotegian, hala beraiek, nola bezeroetako asko, Jonek dioenez. “Bai, euskara asko entzuten da hemen. Uste duguna baino gehiago”. Beraiek ere saiatzen dira giro hori pizten. Bertso afariak egin izan dituzte, mintzalagun taldeak hartu dituzte, bateko eta besteko euskaltegietako ikasleak –Mirandakoak barne–, kantua ere noiznahi da sagardotegian. Hortik etorri da Bai Euskarari Elkartearen Lazarraga Saria. “Ezustea izan genuen. Aurreko batean ere joanak ginen sari banaketaren ekitaldira, ikustera, eta joan den azaroan ere halaxe joan ginen, ikustera. ‘Egongo da, hor nonbait, euskararen erabileraren alde gu baino askoz gehiago egiten duen jendea’, pentsatzen genuen. Eta, orduan,  gure izena esan zutenean, hura ezustea”, azaldu du Jon Markinezek: “Pentsatzen jarrita, guk uste duguna baino garrantzizkoago gara euskaldunentzat, Trebiñun gaudela kontuan hartuz”.  Uste dutena baino laguntzaile hobeak dira euskararentzat, arnasgune ere bai baitira. Etxetik dakarte euskara semeek, heldutan ikasia du, berriz, aitak. “Hogeitaka urterekin ikasi nuen, Iruñean, ikasle nintzen garaian”. Bidean, AEK, IKA eta bitarteko hainbat ezagutu zituen nekazaritza-ingeniari honek.

Trebiñu. Askartza. Araba. Burgos. Euskaraz bertako sagardotegian, baina Euskadiko sagardoaren jatorrizko izendapenetik kanpo bertako sagardoa eta sagar-zukua. “Trebiñun gaudelako! Sagarrondoak ditugu, sagarrak, sagardoa… Gutxik egiten dute zirkulu osoa. Baina administrazioari dagokionez ez gaude Euskadin! Arabaren bihotzean, eta Euskaditik kanpo!”. Politikariek egundaino konpondu ez duten auzia.

Txotx egin aurretik, azken gogoeta egin digu Koldo Markinezek. Sagardoaz ari da, jakina: “Sagardo tradizionala egiten ari gara Euskal Herrian. Etorkizunerako sagardorik, ez. Sagardo tradizionala, jende modu jakin batentzat, sagardotegi kultura duenarentzako sagardoa, beti-betiko sagardoa. Kontserbadoreak gara horretan. Jendearekin hitz egin, baita sagardogileekin ere, eta horixe defendatzen dute, betikoa, ‘Hauxe da onena’, diote. Baina bada beste jende asko bestelako sagardoa nahi duena, errazago edango dena. Horretan ari gara lanean, sagardo berezia egiten, etorkizuna besterik izango da-eta. Etorkizunak sagardotegia, eta sagardoa, guztiei irekitzea ekarriko du, nire ustez, denentzako sagardoa egitea, AEBetan, Argentinan, Errusian… edango dutena. Horretan ari gara lanean, sagardo berri bat egiten, komunitate guztiarentzat”, egin nahi izan du ohar Koldo Markinezek sagardo berezi horretatik guri edaten eman aurretik. Txotxetik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Euskarafobia ari du beste behin Lizarrako Udalean

Lizarrako Udalak udarako antolatu dituen bost musika ikuskizunetan eta beste horrenbeste film emanaldietan bat bera ere ez da euskaraz izanen; datorren astean hasiko diren festen egitarauan haurrentzako ekitaldi bat dago euskaraz programatua, justu, erraldoi eta buruhandien... [+]


Desobedientzia praktikatzen

Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]


2025-07-23 | Patxi Saez Beloki
Euskara gara

Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.

Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]


Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


Euskara, katalana eta galiziera ez dira momentuz hizkuntza ofizialak izango Europar Batasunean

Europar Batasuneko estatu kideen gehiengoak atzera bota du euskara, katalana eta galiziera EBn hizkuntza ofizialak izateko eskaera. Finantzazio eta arlo legalean hainbat "zalantza" dituztela plazaratu dute. 


2025-07-21 | ARGIA
Euskararen aldeko ‘jauzi’ baten alde mobilizatu dira Maulen, Donapaleun eta Baionan

Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.


2025-07-21 | ARGIA
Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia aldarrikatu dute milaka herritarrek udaletxeen aurrean

UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Eguneraketa berriak daude