Atzoko borroka, gaurko eskubide

  • Ordaindutako opor egunak izatea ez da aspaldikoa, XX. mendean langile borroken ondorioz lorturiko eskubidea da. 1936ko Frantziako Estatuko greba handiak mugarri izan ziren langilearen atseden eta bizi pozerako, baina egungo muturreko merkantilizazioak desitxuratu egin du oporren zentzua bera, eta kontraesanean jarri du beste arazo larri batzuekin, lan-prekarietatea edo klima aldaketa kasu. Joango gara hasierara?

1936ko maiatza eta ekaineko Frantziako Estatuko greba handiak hartu ohi dira opor ordainduen borrokan mugarri nagusietako bat. Langileek irudimena, umorea eta festa giroa baliatu zituzten euren aldarrikapenak lortzeko.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Badaude zazpi edo zortzi hitzarmen, batzuk enpresakoak eta besteak kolektiboak, baina ez da bat bera ere ezartzen. Oporrak edukitzeko eskubidea, ordu estrak, bajak... hori amets bat da Murtzian”. Mustafá Zidaniren hitzak dira, Alafa nekazal temporero-en sindikatuko ordezkariarenak. El Salto egunkariari azaldu dio espainiar lurralde hartako baratzetan lan egitea zer den atzerritarrentzat. Letxuga bandeja bakoitzeko ordaintzen dieten eta mota guztietako gehiegikeriak jasaten dituzten migratzaileok –asko emakumeak–, oporra, jai eguna edo atsedena zer den ez dakite.

Zenbaitek alderatuko du XXI. mendeko esklabo hauen egoera Antzinaroko erromatar inperioak beretzat zituenarekin, baina ez, haiek sikiera bazuten opor egunik. Tarkino Harroak Lazioko herriak elkartzeko “feria latindarrak” aitortu zituenean, esklaboei jai egun bat ematen zieten Jupiterri opariak egin ziezaieten Albaniako Cavo mendiaren magalean: vacare hitzetik datoz bakantzak, “jabe gabe” edo libre egotetik. Orain ere lanetik aske egiten gaituzte oporrek, baina kontrara kontsumoaren zurrunbilora kateatu, ustezko aurrerabidearen izenean pagatu beharreko dislokazio soziala da hori.

Hasieran, lo ordurik ere ez

Oporretara edo atsedena hartzera bidaiatzea aberatsen bizimoduaren sinonimo zen XIX. mendean –eta gaur ez akaso?–. Aristokraten eta goi burgesiaren turismo klase hori oso azkar ezagutu genuen Kantauriko bazterrotan. Hasieran Miarritzeko Villa Eugénien biltzen ziren politikari eta enperadoreak bertako giro epelaz gozatzera, eta geroago Donostiako kasinoetan ere ikusiko ditugu antzeko pertsonalitateak.

Aldiz, jende xehearen gaztan ez zen kabitzen halako ideiarik, laneko azken izerdi tanta bizirauteko isurtzen baitzen. Alemanian baina, obreroak osasunari loturiko atsedena aldarrikatzen hasi ziren, industrializazio betean aste osoan hamalau orduko lanaldiak jasaten zituztelako –konfesatzeko igandea barne–. Gerora fordismoak popularizatutako fabriketako kate-sistemak ez omen zuen beste aukerarik uzten, erantzuten zuen nagusiak.

Tarkino Harroak "feria latindarrak" aitortu zituenean, esklaboei jai egun bat ematen zieten Jupiterri opariak egiteko: 'vacare' hitzetik datoz bakantzak, "jabe gabe" edo libre egotetik

Hala ere, langile mugimenduaren hastapen horietan deskantsurako egunak oraindik ez ziren lehentasun haien eskakizunen plantxan. 1890eko Bizkaiko meatzarien greba handian, esaterako, oso oinarrizko kontuez hitz egiten zen: hamar orduko lanegunak edukitzea, langileek barrakoietan lo egin behar ez izatea… “Korneta kolpez, goizeko lauetatik arratsaldeko zortzietara lan eginarazten diete, eta artaldeen antzera aterpetzen dituzte, higienea, atsedena eta lo orduak kenduz”, diote egunkari burgesetako kronikek eskandalizatuta.

Lehen “opor ordainduak” mende hasierako iraultzen eskutik etorri ziren. Mexikon 1917ko konstituzio berriak urtero hamaika atseden egun aitortu zituen –igande eta larunbatak, beti ere–, iraultza garaiko dekretu militarrei jarraiki; eta boltxebikeek ere ezarri zituzten opor egun batzuk, baina gutxi batzuen sari gisara. 1920ko hamarkadan Italian, Austrian, Finlandian edo Suedian zenbait araudi onartu ziren funtzionarioei jai emateko, eta opor ordainduen aldarrikapena pixkanaka zabaltzen hasi zen, bai trenbideko langileen bai tipografoen artean.

1931ko azaroaren 21eko Lan Kontratuaren Legeak zazpi jai egun ezarri zituen Espainiako Estatuan –Hego Euskal Herriko lurraldeak barne–. II. Errepublikaren aurrerapen anitzetako bat izan zen hura. Egun horiek enpresak ordaindu behar izaten zituen, hau da, langileari urteko lanaldia murriztu zitzaion, baina soldatari koskadarik egin gabe, Francoren diktadurak geroago “uztailaren 18ko pagarekin” egin ez bezala –kasu honetan langileek ordaintzen zuten euren poltsikotik, enpresei komeni zitzaielako–. Hala ere, lege errepublikar berritzailearen eragina oso mugatua izan zen.

1936ko greba handiak

Egun dugun bakantzetarako eskubidearen gertaera fundazionalik baldin badago, seguruenik hori izango da 1936ko maiatzaren 14ko gauean Pariseko periferiako Courbevoie herrian langileek Bloch fabrika okupatu izana. Pariseko Komunaz geroztik Frantzian inoiz ikusi gabeko greba garai baten hasiera izan zen ekintza hura.

Giro politiko eta soziala oso nahasia zen. 1929ko burtsen kraxak ondorio larriak ekarri zituen langileentzat: Frantziako Estatuan langabetuak pasa ziren 350.000 izatetik 826.000ra. Ezkerra bananduta zegoen bitartean –sozialisten eta komunisten artean–, faxismoa gorantz zetorren, Mussolinik Italian eta Hitlerrek Alemanian boterea bereganaturik. 1934ko otsailaren 6an herritarrak ikaratuta geratu ziren, liga faxistek berealdiko erakustaldia egin baitzuten Paris erdian Asanblea Nazionala eraisteko asmotan. Horren kontrako langileen erreakzioa Fronte Popularraren ernamuina izango zen: “Batasuna! Batasuna!” oihukatuz hartu zituzten kaleak.

1936ko maiatzean Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean, berehala nabaritu zen koalizioren ahultasuna, SFIOko buruzagi sozialistek eta PCFko komunistek Alderdi Erradikalaren –familia kapitalista handien ordezkari– eskaera askori men egin zieten, gobernuak iraute aldera. Baina obrero xumeak ez zeuden prest kanpainako promesak haizeak nola eramaten zituen ikusteko. Lehenik Blochen, gero Renaulten, Citroënen eta azkenik estatu osoko industrian, greba orokorra lehertu zen, aldarrikapen laboral zehatzekin. Besteak beste eskatzen zuten astean 40 orduko lanaldia –48 ordukoa beharrean–, eta ordu estrak eta oporrak ordaintzea.

Baiona eta Miarritzeko jostunak garaile

Euskal Herrian borroka hark Bokaleko Forges de l’Adour usinan –2.000 langile– izan zuen oihartzunik; baina batez ere ehungintzako biltegi handietan eragin zuen. Baiona eta Miarritzeko moda saltokietan, Dames de France edo Printafix kateetan kasu, langileak kalera atera eta herriko etxeen parean bildu ziren. Baionako A la Ville de Madrid etxeko beharginei soldata igoera eskaini zien nagusiak, “baina grebalariek uste dute 40 orduak direla lortu beharreko lehen gauza, eta batez ere opor ordainduak”, zioen Gazette de Bayonne-k. Egunkari errepublikar moderatuaren hitzetan, Miarritzen, saltoki bateko hemeretzi jostunek akordioa lortu zuten nagusiarekin eta Marseillesa kantatuz joan ziren grebalariak hango lorategi publikora garaipena ospatzera.

Euskal Herrian,
40 orduen eta oporren aldeko 1936ko greba handiek Forges de l’Adour Bokaleko usinan eta, batez ere, Baiona nahiz Miarritzeko ehungintzako saltoki handietan eragin zuten

Langileek enpresa eta sektoreetan hitzarmen kolektiboak lortu ahala, are gehiago zabaldu zen lanuztea; fabrikak euren esku zeuden eta ekonomia erabat kolapsatzeko gaitasuna zuten. “Frantziar iraultza hasi da!” aldarrikatu zuen Leon Trotskik usinetako greba komiteei begira. Errusiar sobieten traza hartu zien lider komunistak batzar horiei: “Klase iraultzailearen gobernu zuzena dira”.

Fronte Popularra osatzen zuten alderdietako buruzagiak, izan ezkerreko zein burges, ikaratzen hasiak zeuden egoerarekin. Ekainaren 7an, Léon Blum gobernuburuak Pariseko Matignon hotelean sindikatu nagusietako ordezkariak bildu zituen, eta hantxe sinatu zuen Matignongo Akordioa, askoren aburuz eskubide laboralen arloan eta soldatetan aurrerapen historikoa ekarri zuena. Itunaren lehen artikuluan, esaldi bakarrean, garbi adierazten zen patronalak onartzen zuela hitzarmen kolektiboak berehala ezartzea. Horrek esan nahi zuen, 40 orduko lanaldia lortzeaz gain, milaka langilek lehen aldiz “benetako” oporrak izango zituztela.

Baina mugimendua ez zen inolaz ere itzali. Akordioa sinatu eta lau egun geroago, ekainaren 11n, Bordelen 9.000 grebalari zenbatu zituzten, eta Frantzia osoan 1,2 milioi lagun zeuden geldirik, Blumen gobernuaren arabera, kasu askotan festa giroan. Okupazio “alaien” garaia hasi zen. Egun horretakoak dira Maurice Thorez meatzari ohi, Frantziako Alderdi Komunistako idazkari nagusi, eta Funtzio Publikorako ministroaren hitz ezagunak, metalurgiako langileei zuzenduta: “Beharrezkoa da jakitea noiz amaitu greba batekin, eskaerak asebete direnean”.

Hortik aurrera, sindikatuetako eta ezkerreko alderdietako makinaria osoa martxan jarri zen fabriketako okupazioak bertan behera gelditu zitezen. Egungo korronte antikapitalisten ustez “aukera galdua” izan zen, Europaren bihotzean iraultza abiarazi eta faxismoari ateak ixteko.

1936tik aurrera Frantziako gobernuak “oporretarako billete popularra” atera zuen, tarifa murriztuarekin. Irudian, herritarrak Bretainiako hondartzan bainuan

Euskal kostaldean, “turista saldoen” beldur

Faxismoaren eta nazien alde behin eta berriz idatzi zuen Eskualduna egunkari katolikoa, aitarenka aritu zen egun horietan: “Sekulan orai artean ikhusi ez dena, langileak jabetu dire nausien lantegi eta chantierrez. Eta Gobernuak ez du deusik egin nahi izan fuera kanporat igortzeko (…) Lana, astean berrogei oren, zazpi ore egunean, jornalak goratuak eta urthean, bi hiru aste bakantza, nagusiek pagatuak. Eta horra haste! Mundu berri espantu handiak balu aski argi bazterrerat so egiteko, zer ikus lio?”, irakur zitekeen bere orrietan.

Uda hartan ez ziren gutxi izan bizikletak hartuta edo oinez, egun pasak egin zituzten familia xumeak, “oporraldiari” zuku pixka bat ateratzeko aukera bakarra hori zen, besterik ezean.  Hala ere, Frantziako Gobernuaren datuen arabera, 580.000 langilek erosi zuten “oporretarako billete popularra”: trenean tarifa murriztua zuten 200 kilometrorainoko bidaietarako –%40ko deskontuarekin–. Askok lehen aldiz ikusi ahal izan zuten itsasoa Normandiako edo Bretainiako kostaldean, baita Ipar Euskal Herrian ere.

Goi burgesia frantziarrak mespretxuz hartu zuen 1936an ‘conges payes’ edo opor ordainduekin herritar xumeek ere bidaiatzeko aukera eduki izana. René Dubosc ilustratzaileak umorez kritikatu zuen jarrera hori bere karikaturetan. Irudian, aberaskumeek diote: “Oh! Izugarria! Ezinezkoa da hemen geratzea! Gure ozeanoan ari dira bainuan, gure airea ari dira arnasten eta gure eguzkiaz doratzen!”

Goi burgesiaren turismora ohitutako sektore klasistek mespretxuz ikusten zituzten opor ordaindu edo conges payes delakoak. René Dubosck ilustratzaileak argitaraturiko karikatura kritikoak dira horren isla.  Miarritzen udal dekretu batek debekatu egin zuen “hondartzan erantzi eta janzteko portaera higuingarria”. Iparraldetik iritsitako Fronte Popularraren bagoietan bigarren mailako turista saldoak espero zituzten Miarritzen, Donibane Lohitzunen edo Hendaian.

Baina benetako jende saldoa hegoaldetik heldu zen ustekabean: milaka errefuxiatuk Bidasoako muga igaro zuen abuztu eta iraila artean, Espainian altxatu ziren militar faxistengandik ihesi. Bi errealitate oso desberdin, hondartza bakarrean.

1948: ongizatearen sinbolo eta eskubide unibertsal

Frantzian opor egunak lortzeko hasitako bideak segida izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren: 1956an hiru aste, 1968an lau… Mitterranden garaian bost astera iritsi ziren, baina hor eten zen makina. Oporraldia edukitzea ongizate estatuaren sinbolo bihurtu zen. Hala, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak aisia, deskantsua eta “opor ordainduak” izateko eskubidea aitortu zuen.

Baionako Herriko Etxeak emandako billetea.

Hego Euskal Herrian nola Espainiako Estatuan, ordea, eskubide hori atzerapen handiz heldu zen, Francoren erregimen autarkikoak kateaturik baitzegoen sistema ekonomiko osoa. 1960ko hamarkadan gizarte aseguru mota ezberdinak bateratzearekin, pixkanaka joan zen zabaltzen atsedena hartzeko aukera, baina langileek oraindik urte askoan borrokatu behar izan zuten hitzarmen kolektiboetan oporraldi duinak edukitzeko, zenbaitetan odola isurita ere bai.

1970eko langileen aldarrikapen plataformetan

Ferrol, Galizia, 1972ko martxoaren 10a. Bazan ontziolaren inguruan Amador Rey eta Daniel Niebla obreroen hilotzak daude lurrean. Minutu batzuk lehenago, hitzarmen kolektibo hobea galdegiten ari ziren manifestazioan: 400 pezetako jornala eta hilabeteko oporraldia eskatzen zuten, sindikatu bertikalean infiltraturiko CCOOko sindikalisten bidez. Baina poliziak gupidagabe tirokatu ditu, eta liskar odoltsuan, hildakoez gain zaurituak ere dozenaka dira. Hurrengo egunetan zenbatezinak dira atxilotuak, kartzelaratuak, prozesatuak… Frankismoa berriz ere eskarmentua eman nahian langileei. Geroztik, Galiziar Langile Klasearen Eguna ospatu ohi da martxoaren 10ean.

Lan baldintza hobeak lortzeko borroka horretan, ezinbesteko izan zen emakumeen papera. 2018an ¡Esto se cae! dokumentala estreinatu zuten –interneten ikusgai, galegoz–, 1972ko Ferrolgo gertaeren inguruan muller horien testigantzak jasoaz: “Frankismoaren amaieran zer zen emakume izatea? Nola hartzen zituzten aintzat sozialki? Ferrolen oso garrantzitsuak izan ziren. Berrehun gizonezko auzipetu zituzten, baina horien atzean berrehun familia zeuden, amak eta emazteak. Beraiek amore eman izan balute dena behera eroriko zen, baina ez zuten halakorik egin”, dio Rosa Cal idazleak dokumentalean.    

70eko hamarkadan enpresetako lan gatazketan hilabeteko oporraldia ere sarritan izaten zen, beste eskaera batzuen artean, langileen aldarrikapen plataformetan. Irudian, garbiketa sektoreko emakumeak Donostiako mobilizazio batean 1978an. (Arg. ARGIA artxiboa)

70eko hamarkadan, enpresetan gero eta sarriago gertatzen ziren gatazketan urteko 30 eguneko bakantzen eskaerak indar handia izan zuen, batez ere langile mugimendu sendoa zegoen tokietan, Nafarroan kasu. 1973ko urtarrilean, esaterako, Iruñeko Arrotxapeko Salvador elizan itxialdia abiatu zuten Torfinasako langileek, tartean hilabeteko oporrak eskatzeko. Eta hori bera izan zen 1974ko abenduaren 11ko greba orokor indartsua piztu zuen txinpartetako bat.

Gasteizko metalgintzako asanbladetan, Nafarroako esne eta haragi sektoreko enpresetan, Bizkaiko kudeaketa bulegoetan, Azpeitiko altzari eta egur lantegietan… Denetan, soldata igoerak ez ezik, 30 egunak ere zeuden jokoan urte horietan.

Gasteizko asanbladetan, Nafarroako esne eta haragi sektorean, Bizkaiko bulegoetan, Azpeitiko altzari lantegietan... denetan, soldatak ez ezik, 30 opor egunak ere zeuden jokoan 70eko hamarkadan

Bizikleta baten gainean jaberik gabe?

80ko hamarkadan, behin Tatcher eta Reaganen errezeta neoliberalak zabalduta, industria birmoldaketa eta langabeziaren mamuarekin, oporrak edukitzeko eskubidearen aldarrikapena zokoan geratzen hasi zen, beste lan borroka garrantzitsu batzuen aldean. Eta ahazten dena, galtzeko arriskuan dela esan ohi da.

2000. urtean, Lisboako gailurrean ahoan bilorik gabe hitz egin zuen Robert Kagan AEBetako aholkulari neocon eta estratega militarrak: “AEBak bere segurtasunerako nahi adina diru bideratzeko prest dauden bitartean, Europan nahiago dute eurena bideratu gizarte segurantzako programetara edo opor garai luzeetara”.

Hemeretzi urte geroago, Europar Batasuneko gastu militarra inoiz baino handiagoa da –284.000 milioi dolar–, eta aldiz, inoiz baino jende gehiago dago lan prekarioaren neskame eta morroi, berdin Murtziako soroetan nola Bilboko kaleetan bizikleta baten gainean. Galde egiezu haiei oporretan edo “jabe gabe” egotea zer den. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskubide sozialak
Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Erroldatzeko eskubidea gauzatzeko “autodefentsarako” gida aurkeztu dute Gasteizen

Hainbat herri mugimenduk osatu dute elkarlanean Autodefentsa Juridikorako Gida: errolda eskaera Gasteizen dokumentua. Salatu dute udalak ez duela errolda eskubidea bermatzeko neurririk hartzen, gainontzeko eskubideak lortzeko oinarrizko sarbidea den arren. Gidaren helburua da... [+]


Erroldarik ez, eskubiderik ez

Iragan asteazkenean aurkeztu zuten Gasteizen “Padrón y derechos humanos 2022-2023” txostena hainbat elkartek: Argituz, Enarak kooperatiba, Forum de Síndics, eta Arabako Eskubide Sozial, Ekonomiko eta Kulturalen Behatokiak. Txostena Gasteizko... [+]


Funtzionario gurasobakarren amatasun baimena bikoteena bezain luzea izateari uko egin dio Nafarroako Legebiltzarrak

Eskubide honek hainbat epairen bermea daukan arren, langile publikoek salaketak jartzen jarraitu beharko dute zaintzarako baimen osoa lortu ahal izateko. Proposamena EH Bilduk egin du Izquierda Ezkerraren sozietateen gaineko zergak igotzearen inguruko mozio batean, baina ez da... [+]


2022-04-25 | ARGIA
Alargunek pentsioa jasotzeko izatezko bikote bezala erregistratuta egon beharko dute berriz ere Hego Euskal Herrian

Alarguntza-pentsioak lortzeko izatezko bikote bezala erregistratuta egotea ez dela beharrezkoa zioen doktrina zuzendu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Udal edo autonomia erkidegoko erregistroan izatezko bikote bezala izena emanda dagoela egiaztatu beharko du alargunak berriz... [+]


Verter Recyclingeko arduradunak mutu, epailearen galderen aurrean

Zaldibarko zabortegia kudeatzen zuen Verter Reyclingeko arduradunek astelehen honetan deklaratu dute Durangon, auzia daraman epailearen aurrean. Haietako bik uko egin diote epailearen galderei erantzuteari eta hirugarren batek ezin izan du auzitegira joan, koronabirusarekin... [+]


AEBetako lehen emakumezko alkatea

Argonia (Kansas, AEB), 1887ko apirilaren 4a. Susanna M. Salter-ek (1860-1961) herri txiki horretako hauteskundeak irabazi zituen, botoen %60tik gora eskuratuta, eta, hala, AEBetako lehen emakumezko alkatea izan zen.


2021-10-19 | ARGIA
Osasun pasearen derrigortasunaren aurkako ekimenak emendatzen ari dira

Baigorri eta Garazi aldeko Bagabiltza biltzarreko hamar kidek Donibane Garaziko mediateka okupatu zuten, paserik aurkeztu gabe, urriaren 16an. Lauren Inchauspe auzapezarekin hitzordua lortu zuten: urriaren 19an dira biltzekoak. Bestalde, Ipar Euskal Herrian Ezpass! Nora Goaz?... [+]


2020-09-22 | ARGIA
Etxerik gabeko pertsona bat hilik aurkitu dute Baionan

Baionako Euskaldunen plazan hilik aurkitu dute igande goizaldean etxerik ez zuen eta turismo bulegoaren ondoan lo egiten zuen pertsona bat. Berriak eman du albistea, Polizia iturriek "heriotza naturala" izan dela esan dietela. Zenbait eragilek Jean Rene Etxegaraik... [+]


2020-06-25 | Aiaraldea
Batu Elkarlaguntza Sarea sortu dute, gizarte arazoei “erantzun integrala” emateko

Arrankudiagan ez ezik, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Miguel, Zaratamo, Ugao eta Zeberion ere funtzionatuko du sareak. Etxebizitza eta elikadura izango dira egitasmoaren ildo nagusiak.


Nafarroa suspertzeko plan sozial baten aldeko bizi martxa egingo dute bihar

Eskubide Sozialen Kartak deitu du mobilizaziora. Kartan bildutako eragile eta sindikatuek dokumentu bat osatu dute, “pertsona guztiak eta haien eskubideak erakundeen politiken helburu izan daitezen ezinbestekoak diren hainbat neurrirekin”.


2020-05-28 | ARGIA
EAEko Arartekoak jasotako kexen erdia baino gehiagok eskubide sozialekin du lotura

Nafarroako Arartekoak ere aurkeztu du 2019ko txostena. Jasotako kexa gehienak lotuta daude funtzio publikoarekin eta hezkuntzarekin.


Eguneraketa berriak daude