Erroldarik ez, eskubiderik ez

  • Iragan asteazkenean aurkeztu zuten Gasteizen “Padrón y derechos humanos 2022-2023” txostena hainbat elkartek: Argituz, Enarak kooperatiba, Forum de Síndics, eta Arabako Eskubide Sozial, Ekonomiko eta Kulturalen Behatokiak. Txostena Gasteizko errealitateari badagokio ere, agerian uzten dituen arazoak herri eta hiri gehienetan errepikatzen dira.

Argazkia: Ruben Sánchez

2023ko azaroaren 20an - 07:31

Errolda, edo erroldatuta egotea, herritarrok ditugun eskubide ekonomiko, sozial, hezkuntzazko eta kulturalak eskuratzeko lehen baldintza da. Herritar askorentzat errolda izatea gauza “normala” edo “jaiotzetikoa” bada ere, pertsona askorentzat udalerri batean bizitzeko lehen traba handia da, eta, ondorioz, beste batzuentzat negozioak egiteko tresna.

Lege aldetik, erroldatzea tramite burokratiko arin bat beharko luke izan. Udalek udalerrian bizi diren pertsonen errolda egiteko betebeharra dute, bizitokia edozein dela ere: “Jabetzan duzun etxea, alokatzen duzuna, txabola, okupatutako etxea edo zubipea”. Hala berretsi zuen Leire Zugazua Gasteizko sindikoak (herritarren defendatzailea) Ignacio Aldekoa kultur etxean eginiko aurkezpenean. Arartekoak ere halaxe adierazi du bere txostenetan.

Osasun txartela da erroldatuta egotea eskatzen duen lehen premiazko eskubidea. Gehiago ere badira: umeak eskolatzeko eskubidea, edo larrialdi egoeran dauden pertsonentzako laguntza sozialak

Errolda zertarako?

Osasun txartela da erroldatuta egotea eskatzen duen lehen premiazko eskubidea. Gehiago ere badira: umeak eskolatzeko eskubidea, edo larrialdi egoeran dauden pertsonentzako laguntza sozialak eta ekonomikoak jasotzeko eskubidea (azken kasu horretan, erroldaren antzinakotasuna ere eskatzen dute: sei hilabetetik hiru urtera).

Horregatik, Argituz-eko Josu Oskozek nabarmendu du administrazioen lana bere biztanleak zaintzea beharko lukeela izan, “pertsonengan arreta jarri eta laguntzea, dagokien arau/lege aldekoena aplikatzea, bere eskubideak gutxien urratzen dituena”. Zergatik orduan gertatzen da kontrakoa? Adin txikikoen laguntza juridikoan diharduen lagun batek erantzun du publikotik: “Norbait egongo da administrazioan legea hola edo hala aplikatu dadila agintzen duena, aurpegia eman dezala!”.

Hamaika oztopo eta negozio

Administrazioak, ordea, traba ugari jartzen dizkie egoera zaurgarrienean dauden pertsonei. Nola? Batetik, heldu berri-berriek, esaterako, Larrialdietarako Udal Zerbitzura jotzen dute. Bertan, langilearen arabera, daturik ere ez diete hartzen, Gasteizen erroldatuta ez daudela aitzakia jarrita. Alabaina, bertan erregistratzea, alegia, “X Y Z izen-abizenak dituen pertsona, halako egunez bulego honetan egon da” dioen papera bera da udalerrian bizitzen ari zaren lehen seinalea, udalerrian noiztik zauden frogatzen duen agiria, ondoren errolda lortu edo laguntzak jasotzeko. Beraz, zure izena jasoko duen langile batekin topatu arte jo behar duzu bulegora: “Egunero joan daitezela eskatzen diegu”, dio Ateak Ireki elkarteko kide batek publikotik.

Enarak kooperatibak txostenean lagundu du, etxeetan lan egiten duten emakumeekin lanean ari dira, eta euren izenean Katerine Astudillo etorri da. Badira emakume langileak zazpi egunez 24 orduz etxeetan lan egiten dutenak eta bertan erroldatu ezin direnak; beste batzuei, berriz, lan eta bizi diren etxe horretako errolda kobratzen diete.

Badira emakume langileak zazpi egunez 24 orduz etxeetan lan egiten dutenak eta bertan erroldatu ezin direnak; beste batzuei, berriz, lan eta bizi diren etxe horretako errolda kobratzen diete

Txostenean jasotzen dira egoera gehiago ere: etxeko jabeek erroldatzen uzten ez dieten pertsonak, eta alderantziz: etxe batean erroldatzeagatik ordaindu, eta bertan bizi ez diren pertsonak. Zugazua sindikoaren arabera administrazioak, erroldatzeko trabak ipintzeaz gain, batzuetan “pertsona askorentzat ulergaitzak diren gutunak” bidaltzen ditu. “Finean, errolda berritzeko eskakizunak dira, herritar batzuek galdu egin dute errolda eta harekin lotutako eskubideak gutun horien ondorioz”. Horrez gain, errolda soziala oztopatu edota ezkutatzen dute: “Ez dago haren gaineko informaziorik inon”.

Administrazioaren oztopo gehiago: pertsona bat kalean bizi ahal da, baina esaten diote errolda etxebizitza bati atxikitu behar zaiola, etxe bat behar duela jakinarazpenak eta komunikazioak helbideratzeko, gaur egun telematikoki egin badaiteke ere. Sindikoak eman du Errekaleor auzo okupatuan erroldatu nahi zuen pertsona baten adibidea, zeinari epaile batek baliogabetu zion. Eta, kontrara, epaile eta epai garantistagoen adibideak ere eman ditu.

 

Argazkia: Ruben Sánchez

 

Egoera hobetu ahal da?

Francesc Mateu i Hosta Catalunyako Forum de Síndics-etik etorri da. Elkartean 40 udalerri katalanez gain, Mallorka, Menorka, Bilbao eta Gasteizko sindikoek hartzen dute parte. Bartzelonako adibidea eman du: udal webean eta edozein bulegotan errolda egiteko argibideak eta laguntza ematen da. Esku orri bat ere ekarri du, non Generalitateko Osasun Sailak hamabi hizkuntzatan ematen dituen errolda egin eta osasun laguntza jaso ahal izateko argibideak. Formakuntzak ere egin izan dituzte. Publikotik, nork bere etxean pertsonak erroldatzeko, baita errolda soziala bultzatzeko aldarriak ere entzun dira.

Azken batean, erroldarekin dauden arazoak etxebizitzarekin dauden arazoen ondorio dira. Bestetik, gizartean dagoen aporofobiaren eta arrazakeriaren sintoma da, eta udalerriek gaiari eskaini dieten baliabide eskasiarena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskubide sozialak
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Erroldatzeko eskubidea gauzatzeko “autodefentsarako” gida aurkeztu dute Gasteizen

Hainbat herri mugimenduk osatu dute elkarlanean Autodefentsa Juridikorako Gida: errolda eskaera Gasteizen dokumentua. Salatu dute udalak ez duela errolda eskubidea bermatzeko neurririk hartzen, gainontzeko eskubideak lortzeko oinarrizko sarbidea den arren. Gidaren helburua da... [+]


Funtzionario gurasobakarren amatasun baimena bikoteena bezain luzea izateari uko egin dio Nafarroako Legebiltzarrak

Eskubide honek hainbat epairen bermea daukan arren, langile publikoek salaketak jartzen jarraitu beharko dute zaintzarako baimen osoa lortu ahal izateko. Proposamena EH Bilduk egin du Izquierda Ezkerraren sozietateen gaineko zergak igotzearen inguruko mozio batean, baina ez da... [+]


2022-04-25 | ARGIA
Alargunek pentsioa jasotzeko izatezko bikote bezala erregistratuta egon beharko dute berriz ere Hego Euskal Herrian

Alarguntza-pentsioak lortzeko izatezko bikote bezala erregistratuta egotea ez dela beharrezkoa zioen doktrina zuzendu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Udal edo autonomia erkidegoko erregistroan izatezko bikote bezala izena emanda dagoela egiaztatu beharko du alargunak berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude