Azkenaldian, alderdiek eta gobernuak hauteskunde egoeran murgildu dituzte herritarrak, eta haien botoaren bila, promesaz beteriko hauteskunde programak haizatu dituzte. Ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik begiratuta, gauza asko eta oso anitzak hitzeman dituzte, zenbait alderdiren kasuan bat egiten dute gainera neurriak proposatzerakoan.
Labur esateko, besteak beste hauek aipa daitezke: 900 euro baina gehiagoko gutxieneko soldata; emakume eta gizonezkoen artean soldata berdintasuna; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren araberako urteroko igoera; behin betiko lan-kontratu finkoak, orain arteko prekarietate eta behin-behinekotasuna albo batera utziaz; gehiengo sozialari mesede egingo dion zerga-erreforma, tasak igoz aberatsei, sozietateei, bankuei, multinazionalei eta finantza eragiketei; menpekotasunean, osasungintzan eta hezkuntzan inbertitu; euskal enpresak babestea deslokalizazio eta deuseztatzea saihestuz (La Naval, Euskaltel…); migratzaileei harrera egiteko politikak bultzatu…
Hauteskundeetako promesen fasea igaro da eta hemendik aurrera hitz emandakoa bete behar da. Horretarako, ardura ez da soilik botoa eman diogun alderdi politikoarengan jarri behar: botoa eman duen pertsona bakoitzak ere badu ardurarik. Batzuek, alderdi zein gobernuek, promesak bete beharko dituzte, baina herritarron esku dago horiek betearaztea. Modu asko daude, salaketatik hasi eta mobilizazioek eragiten duten presioraino. Hitza jaten duten ala ez zaindu beharko genuke, eta hala gertatuz gero, hurrengo hauteskundeetan ordainarazi. Horrela behar luke, hitz emandakoa bete bai, baina betearazi ere bai, gaurtik hasita.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.