Bermeoko Jose Done ikastetxe erlijiosoko sexu erasoen biktimak erreparazioa lortzen hasi dira

  • Sexu erasoak 1979tik 1981era egin zituen ikastetxeko zuzendaria zen elizgizonak. 2022an hainbat salaketen ondorioz argitara atera zen kasua eta ikertzeko eta biktimei erreparazioa emateko prozesua abiatu zuen Bilboko Elizbarrutiak. Orain, lehen kalte ordainak iristen ari dira. Salatzaileek adierazi dute prozesua “gorabeheratsua” izan dela, baina “egia argitara irten” dela azkenean. Esker ona adierazi diete prozesu honetan alboan izan dituzten guztiei. 


2025eko azaroaren 12an - 11:03
Azken eguneraketa: 12:05
Jose Done Ikastetxea
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Orain.eus atariak jakitera eman duenez, Bermeoko Jose Done ikastetxeko sexu erasoen biktimek erreparazio prozesua amaitutzat ematen dute hiru urte eta zortzi hilabete igaro ondoren, eta kalte ordainak jasotzen hasi dira. Sexu eraso horien kasuak 2022ko otsailean ezagutarazi zituzten, EITBko Asier Sanchez kazetariak, ikerketa baten ondoren, Bilboko Elizbarrutian zenbait emakumek jarritako salaketen berri eman zuenean. Jakitera eman zutenez, 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadaren hasieran, Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendaria zenak sexu erasoak egin zizkien adin txikikoei: 8 eta 10 urte inguru zituzten biktimei musuak eman eta ukituak egiten zizkien. Erasoak ingurune pribatuan zein publikoan gauzatzen zituen, eta biktimek EITBri baieztatu zioten ikastetxean eraso horien "konplizeak" ere bazeudela.

2022an, jarritako salaketen berri izan zenean, pertsona gehiagok egin zuten bat salaketa horiekin: Bermeon, denera, hamasei izan ziren. Salaketa horiek, baina, bide motza izan zuten, delituak preskribatuta zeudelako. Hilabete batzuen ostean, elizgizon horrek Santutxuko (Bilbo) Berrio-Otxoa kristau eskolan ere abusuak egin zituela jakinarazi zuen EITBk, hiriburuko biktima batzuen testigantzaren bidez. 

Salaketa guztien ondorioz, Bilboko Elizbarrutiak salaketa horiek ikertzeko eta biktimei erreparazioa emateko prozesua hasi zuen. Are, 2022ko abenduan gaia Vatikanora iritsi zen. Orain, prozesu hori amaierara iritsi dela jakinarazi dute Bermeoko Jose Done ikastetxeko salatzaileek. Hiru urte eta zortzi hilabete iraun du prozesuak, eta erreparazioa lortzen hasi dira. Ikerketa eta erreparazio prozesu luze baten ondoren, barkamen-eskaera, kalte-ordaina eta, behar izanez gero, tratamendu psikologikorako finantzaketa jaso dituzte. Prozesua “gorabehera askokoa” izan dela adierazi dute, baina “egia argitara atera” dela ospatu dute. Gainera, prozesuan alboan  sostengua ematen egon diren orori eskerrak eman dizkiete.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Eguneraketa berriak daude