ARGIA lekuz aldatua Durangoko Azokan

Erruki Jauna

2018ko abenduaren 02a

Erruki gutxi izan baitu gurekin bateren batek 2018ko Durangoko Azoka antolatzerakoan. Leku banaketan. Ez gara azken hiru urteetan egon garen lekuan izango, ARGIA ez duzue aurreko sarrerako gune zabal hartan topatuko. Artekale 23, 24 eta 25 erakustokietan izango gara aurten, Areto Nagusiaren aurrean, Landakora sartzeko erdialdeko ateen inguru horretan. Arantzazuko Edizio Frantziskotarraren eta Kontseilu Ebanjelikoaren artean.

Bai bai, ondo irakurri duzu, frantziskotarren eta ebanjelikoen artean. ARGIAko fraide eta moja koadrilak ederki emango du leku horretan. Ez omen da jatorria ahaztu behar, ezta? Bada tori, eskuin zabaletik dejada kaputxinoek eta ezkerretik gantxoa Zeruko Argiak.

Behin leku aldaketaren albisteak emandako sustoa pasata, egokitu diguten tokirako moldaketa lanetan hasi da taldea. Mahoma eta mendiarena… ezagutzen duzue. Gure aurtengo lekua hori bada, gure egingo dugu. Azken urteetako ARGIAren dekorazioak joko handia eman du, eta oraingoa leku mugatuagoa bada ere, beren hosto eta guzti kanaberak handik, ureztaontzi eta lantresnak hemendik, eta jendeak letxua eskuan bukatzen duela, erraz identifikatuko duzu.

Baina zer egongo da aurten ARGIAren erakustokian? Ez da faltako yonkientzako 2019ko ARGIA egutegi takoa eta Zuloan liburua. Horrez gain, ARGIA komunitateko partaide egiteko aukera izango da, eta ARGIA Jendeak Gogor diskoa jasoko du opari, borroka antifrankistaren sinbolo izan zen disko hori bera.
Mbolo Bilboko kale-saltzaileen elkartearekin egindako elkarlanaren fruitu, Mbolo proiektua laguntzeko ekarpenak jasoko dira, eta trukean astekari bat, Mbolo proiektuaren azalpen bat eta “Inor ez da ilegala” kamiseta edo poltsa bat jaso ahal izango dira.

Herri mugimenduek kaleratutako Gasteizko gaztetxeak 30 urte liburua, bertsolaritzako ibilbide feministaren infografia eta Zumaiako Kalea Guztiona Da ekimenaren egutegia ere egongo dira ARGIAren mahaian.

Bizi Baratzearen aldean Jakoba Errekondok landarezaleen zalantzak argituko ditu eta sinadura eta guzti erosi ahal izango da Landareak Lantzen 2019ko gida-liburua. Erosgai egongo dira, baita ere, 2019ko ilargiaren egutegia, Altza Porru komiki-liburua eta Bizi Baratzea liburua (laugarren argitalpena).

Bi aurkezpen

Abenduaren 6an, 18:00etan Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak 2019ko Landarean Lantzen aurkeztuko dute, eta abenduaren 8an, 16:00etan Jakoba Errekondok eta Pello Zabalak 2019ko ilargiaren egutegia.

ARGIA lekuz aldatu izanaren gaira itzulita, Pello Zabalak mugitu ote du hariren bat bi postuetan batera egoteko?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Azoka  |  Baratzetik mundura  |  Durangoko Azoka 2018

Azoka kanaletik interesatuko zaizu...
2018-03-14 | ARGIA
ARGIA Jendearentzat musu-truk
Nafarroako taldekako bertso finalerako bi sarrera

Gure Azokako azken eskaintza eskuragai jarri berri dugu ARGIA Jendearentzat: Nafarroako Bardoak Taldekako Bertso Ekimeneko finalerako bi lagunentzako sarrera musu-truk lortzeko aukera, lehenengo eskatzen dituenarentzat. Martxoaren 24an da finala, Lekunberriko Toki-Alai sagardotegian, 17:30ean.


ASTEKARIA
Azkenak
Eguneraketa berriak daude