"Liburu hau aterata atseden handi bat hartu banu bezala sentitzen dut, hainbat gai transmititu izanagatik"

  • Azaroaren 2an Donostiako udal liburutegi zaharrean aurkeztu du Garbiñe Larreak ARGIArekin kaleratu duen Sendabelarrek dakitena liburua. Hona hemen aurkezpenean Estitxu Eizagirre kazetariaren galderei erantzunez egin dituen adierazpenen laburpena.


2021eko azaroaren 03an - 05:37
Azken eguneraketa: 07:02
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA.

45 sendabelarrei buruzko jakintza biltzen du liburu honek, baina erabiltzeko dago pentsatua. Zer forma eman diozu? Zein helbururekin?

Ahalik forma orekatuena ematen saiatu naiz. Jakintza teoriko bat behar da, ezinbestean, landarea ezagutzeko, identifikatzeko... Ezagutzea garrantzitsua da, segurtasunagatik ere bai, ez nahastea landarea.

Baina nire asmoa da ezagutza hutsean ez geratzea. Hau da, landarea ezagutzea baina zerbait egiteko. Eta zerbait hori bermearekin eta kalitatez egitea, eta praktikotasunera bideratzea.

Poz hartuko nuke liburu hau urte batzuk barru edozein etxetan ikusiko banu zikindua, doblatua, gastatua. Ez nuke nahi irakurketarako soilik izaterik. Ez dut nahi jakite hutserako izatea, baizik, egitearen poderioz ikastea.

Inguruan ditugun landareak ikusi ere ez ditugula egiten diote ikerketek. Sendabelarrei izena jartzen ere ez dakigu gehien-gehienok. Zer irabaz dezake liburu hau lagun hartuta ingurura begira hasten denak, eta bere gorputzari entzuten saiatzen denak?

Behin ikastaroa egin genuen Donostiako irlan eta han parte hartu zuen lagun batek handik hilabetera esan zidan: “Donostia sendabelarrez beteta dago!” eta sei-zazpi sendabelar izendatu zizkidan, ordura arte “berde” hitzarekin definitzen zituenak. Identifikatze horrekin bere sentsazioa zen begirada zabaldu eta aberastu egin zitzaiola.

Inguruaren ezagutza irabazten dugu horrela. Ezagutzen ez duguna ez dugu estimatzen. Ez dugu sendabelar pila bat ezagutu beharrik, bi-hiru ezagutzea nahiko izan daiteke, eta bitxia da, askotan norberarengandik gertuen dauden landareak dira norberak behar dituenak. Horrekin autonomia irabaz dezakegu, guretzat adina botika egitea.

Eta gure ondarea ere bada. Ondare inmateriala, hainbeste dokumentatu ez dena, ahoz aho eta herri jakintzan gorde dena. Eta hori jasotzeak badu balio bat, bada aberastasuna eta bada gure kultur identitatearen parte bat. Eta hori modu testimonialean jaso beharrean, bizitzaren parte egitea niretzat balio handikoa da.

Arreta deitzen dute 45 sendabelar horien fitxa bakoitzean badela "Kontuz!" atal bat, eta aldi berean, emakumeen gorputzaren erreferentzia askotan azaltzen dela. Zergatik?

Sendabelarra den bezala begiratzea, bere toxizitatea ere ikustea da, baita txarrerako eduki ditzakeen albo-ondorioak ere. Hitzaurrean azaldu dudanez, lilura oso txarra da: lilurarekin ez da ongi ikusten. Eta liburu honetan badira sendabelar batzuk potentzial toxiko oso handia dutenak. Bere neurrian erabilita, bere dosi zehatzean, segurua da. Beraz, praxi on bat ezartzea nahiko nuke.

Gainera, ez gara gure aiton-amonen garaian bizi, orduan ez zegoen hainbeste pertsona poli-medikatu. Egun medikazio asko hartzen duen jendea dago edo gehigarriak hartzen dituena ere bai, eta horiek askotan ez dira sendabelarrekin uztartzen. Informazio hori ez dago inon eta funtsezkoa da.

Emakumeen gorputzarekiko lausotasuna ere badago askotan. Ziklo hormonal baten pean gaude edo bizitzako ziklo ezberdinak ditugu eta hori ikusezina da, ez balego bezala argitaratzen dira ikerketak. Ikerketa asko gizonekin egiten dira eta badirudi berdin diola sendabelar bat gizonezko batentzat edo emakumezkoarentzat izan. Eta askotan ez da hala eta zuzenean kalte egiten ari gara. Hori ezagutzea oso garrantzitsua da.

Zehaztasuna eta zorroztasuna oso beharrezko dira.

Liburuko informazio honetan, bada bitxikeriarik?

Pentsatu izan da sendabelarrak ez direla ikertu. Eta pasmobelarraren adibidea jarriko dut: “Oso arriskutsua da”, “kontuz”, “ez dago ikertua” uste dugu. Kontzientziaz denbora eman nion libururako dokumentatzeari eta oso ikertua dagoela jabetu naiz. 2020an Pakistanen ikerlari emakume batek, Zarmeena Yasmeen-ek, bertako ospitaleko ikerketa taldean egin du ikerlana eta berak aipatzen du zertan den eraginkorra, zein dositan... Benetan irakurtzekoa da. Eta Silvia Akerretak egindako ikerketa ere benetan interesgarria da.

Ikerketa asko dago atzean. Fitoterapian eta botanikan oraindik ere asko ari da ikertzen eta gauza berriak aurkitzen. Umiltasunez hartu behar da, asko dakienak ere asko du oraindik ikasteko. Urte batzuk barru berriz sendabelar hauei buruz idatzi beharko banu, segur aski gauza berriak jakingo nituzke.

Hainbat hitzaldi emateko deitu dizute dagoeneko herrietatik. Ahoz ahoko transmisioa eta ezagutza partekatzeko leku izan daitezke hitzaldi hauek?

Niretzat ederra da jendeari entzutea. Liburua aurkeztu orduko sare sozialetatik hasi zaizkit “nik hori ez dut horrela egiten”... Nik arreta handiarekin entzuten dut. Beti dugu ikasteko. Jendeak bere inguruan ezagutu eta erabili duenean, etxeko zerbait denean, hor hartu-emana zuzenean sortzen da. Nik ez dut ezkutuan ibiltzeko ezer, jendeak ere jarrera du informazio trukea egitekoa.

Liburua oso egokia da zerotik hasten denarentzat, baina urteak daramatzanak ere aurkituko du zerbait. Denentzat interesa piztea nahi izan dut eta ekarpena egitea. Adibidez, askok kamamila hartzeko ohitura izango du, baina ez zaie bururatu izango oliotan beratzea. Beraz, lehendik erabiltzen duen horri erabilera berri bat ematea interesgarria iruditu zait.

Josu Zabalak Ertzainak taldeaz liburua egin zuenean esan zuen oso deskantsatuta geratu zela. Eta nik ere sentsazio hori daukat, liburu hau atera eta gero. Atseden handi bat hartu izan banu bezala, hainbat gai transmititzearekin. Adibidez, Hernani-Arano-Goizueta inguruan badago “milagritos” deitzen zaion ukendu oso tradiziozko bat, eta liburuan hori ikusten dudanean, poz handia ematen dit jendeak ukendu hori egin ahal izango baitu. Edo nire herria den Urnietako kurandero bat ezaguna izan zena, Joxe Intxausti “Allapur”: berak pixa-belarraren inguruan esan zituen hainbat gauza jasotzea, hau da, ahozko mailan zegoen jakintza liburuan ipintzeak atseden handia sentiarazten dit.

[Publikoari galderen tartea irekita, hauxe azaldu du batek] "Hau beti hartu izan da emakumeen gauza moduan. Belarrei begira 10etik 8 emakumeak dabiltza. Niri atzo gizon jakintsu-usteko batek, guru batek, esan zidan: 'Sendabelarrik onena, hartzen ez dena'. Eta gauza guztien erantzuna edo sendabidea zuhaitzetan zegoela. Entzun izan dut emakumeen gehiengoa belarrei begira bizi den bezala, gizonen gehiengoa zuhaitzei begira bizi dela".

Nik opa dizuet botikin bat egitea, ukenduak eta gainerakoak potetan txukun bilduta edukitzea... Baina sekula beharrik ez izatea. Eta horiek Sanjuan sutara botatzea eta zuek ongi egotea. Hau dena balizko bat da, ez da jatea bezala. Hori bai, beharra baldin baduzu, eduki dezazula bertan.

Aspalditik esaten den gauza da, nonbait, emakumea behera begira dabilela. Eta sendabelarrak ikusteko behera eta alboetara begiratu behar da eta horrek askotan umiltasun jarrera bat ematen du. Askok dio zuhaitzei begira gizona dagoela. Liburu honetan zuhaitzak ere ipini ditut, izeia adibidez. Baina gehiengoa ez da zuhaitza.

Orokortzen denean beti hanka sartzen dugu. Mariano Ostolaizek Oiartzunen idazten du zuhaitzei buruz eta lurrean aurkitzen dituen sendabelarrez ere bai. Nire herriko Joxe “Allapur”ek berdin. Ez genuke sexu batera edo bestera mugatu behar. Baina bai, aspalditik entzun dudan gauza da gizonek lan gehiago egin dutela zuhaitzekin eta emakumeek lurraren pare dauden gauzekin. Izan liteke baina ez naiz horren oso aldekoa, nahiko nuke hori puskatzea eta nahastea berdin zuhaitzak eta loreak; nahiko zatiketa daude lehen ere.

Garbiñe Larreari liburuaz, osasunaz eta sendabelarrez egin genion elkarrizketa irakurtzeko, sakatu hemen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
"40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko"

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


2024-04-14 | Jakoba Errekondo
Odolezko laranjak

Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis). Denetatik entzun izan da bere sorkuraz: laranjaren (Citrus x sinensis) eta mingranaren (Punica... [+]


Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


Eguneraketa berriak daude