Prozesu judizialaren argi-ilunak

  • Indarkeria matxista kasuak denuntziatzeko joera indartzeko asmoz, salaketak jartzearen garrantzia azpimarratzen duten mezuak han eta hemen aurkitu daitezke. Era berean, baina, oso gutxi jakin ohi da behin salaketa jarritakoan martxan jartzen den prozesu judizialari buruz, eta ezjakintasun horrek salatzaileari albo kalteak eragin diezazkioke. Erasoak salatzeak bezainbeste garrantzi baitauka honen gaineko ikerketa eta prozesua bideratzeko moduak. Salaketa bat jartzeari begira, indarkeria matxistari dagokionez sistema judizialak gordetzen dituen argi-ilunei erreparatzeak ezinbestekoa behar luke.

Ez da eraso matxistak salatzearen garrantziaz bezainbeste hitz egiten salaketa batek abiarazten duen prozesuaz, eta baliteke askok horren ondorioz barneratu izana salaketa jartzearekin erasoa jasan duen norbanakoa babestuta dagoenaren ideia. Errealitatea oso bestelakoa da ordea, eta indarkeria matxista salatu duten emakumeek* prozesu judizialean izaten dituzten emozio eta sentipenak babes sentsaziotik oso urruti egon ohi dira gehienetan: berbiktimizazioa, kuestionamendu etengabekoa edota gertakariaren gaineko erantzukizunaren kargu egitea kasu. Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak 2013an plazaratutako txostenak jasotzen dituen testigantzen gehiengoak “tratu desegokia, informazio falta edo enpatia eskasa” jaso izana adierazten dute. Datu eta estatistikak emozio eta sentipenok errealitatearen isla fidagarria direla adieraztera datoz.

Feminicidio.net behatokiak Espainiako Estatuko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak genero indarkeriaren gainean emandako 2016ko datu estatistikoekin egindako analisietan erreparatu dezakegunez, Hego Euskal Herrian badago lana genero indarkeria jasan duten emakumeei eskaintzen zaien atentzio eta babes judiziala hobetzeari dagokionez. Are gehiago, indarkeria jasan duten emakumeak okerren artatzen dituen lurraldeen artean dago Bizkaia, eta horrek esan nahi du emakumeen babesgabetasun eta berbiktimizazio arriskua areagotu egiten dela bertan. Jarritako salaketen ukazioei dagokienez ere nabarmentzen da lurraldea –%16,91k botatzen du atzera salaketa, Gipuzkoan (%5,74), Araban (%1,36) eta Nafarroan (%9,32) baino dezente gehiagok–, eta litekeena da justiziaren ezarpen okerrak eta berbiktimizazioak eragindako joera izatea. Bizkaiaz gaindi, ordea, salaketekin atzera egiteko joerak beheranzko norabidea hartuta dauka orokorrean, nahiz eta kontrara, salaketak artxibatzeko joerak gora egin duen. EAEn salaketen %38,58 artxibatu ziren, eta %41,28 Nafarroan. Delitua eman izana ez justifikatzea, horixe izan ohi da gehienetan kasuak artxibatzeko arrazoia. Erasotzaileari zigorra ezartzera heltzen diren salaketei dagokienez, %30,63 izan ziren EAEn eta %20,77 Nafarroan.

Urruntze-agindu eta babes neurriei dagokienez ere okerrerako nabarmentzen da EAE, salaketen %8ari eta eskaeren %49,54ari soilik esleitzen baitzaizkio ordena eta aginduak, eta hemen ere Bizkaia nagusitzen da Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabaren gainetik: %19,12, %0,28, %0,69 eta %0,00 dira, hurrenez hurren, bateko eta besteko urruntze-agindu eta ordena onartu gabeen kopuruak.

Datuetan atentzioa ematen duen beste aspektu bat emakume atzerritarren gainordezkaritza da: salaketa jartzen dutenen %39,58 dira Bizkaian, %24,41 Gipuzkoan, %50,84 Araban eta %32,55 Nafarroan. Zenbakiotan erreparatuz, Araba eta Bizkaia genero indarkeria pairatzen duten emakume atzerritarrak nabarmenki aintzat hartzen ez dituzten lurraldeen artean kokatzen ditu analisiak. Horren adierazle gordina da Maguette Mbeugou, indarkeria matxistak Euskal Herrian eraildako azken aurreko  emakumea –lerrook idatzi bitartean indarkeria matxistak beste emakume bat erail du Iruñean–.  Mbeugouk, hil zuen bikotekidearen kontra salaketa jarri zuen, eta eskatu zituen babes neurriak ez zizkioten onartu. “Maguettek aurre egin behar izan zien bai sistema patriarkalaren indarkeria matxistari, bai sistema kolonial eta arrazista honen indarkeria instituzionalari”, salatu zuen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak.

Euskal Herrian aurten eraildako zazpi emakumeetatik hiruk –Mbeugouk, Roxanek eta Yolandak– jarri zituzten beraien bikotekide eta hiltzaileen kontrako salaketak

Euskal Herrian aurten eraildako zazpi emakumeetatik hiruk –Mbeugouk, Roxanek eta Yolandak– jarri zituzten beraien bikotekide eta hiltzaileen kontrako salaketak. Castejonen (Espainia) alaba biak hil zituen gizonaren kontra ere jarria zeukan salaketa honen bikotekide ohi bizkaitarrak, zeinari urruntze agindua ukatu zitzaion. Salaketak tartean egonik, emakume eta neskato hauen bizitza babestu eta bermatzeko eginkizunean zerk huts egin duen hausnartzeko beharra agerian jartzen dute hilketok.

Eneko las Heras ilustratzailearen bineta

 

Salaketa: tresna bat besterik ez

 

Zuzenbide Penalean Doktore eta EHUko irakasle den Miren Ortubay Fuentesen arabera, salaketa helburu bezala xedatzea kaltegarria suerta daiteke, hau indarkeria jasan duten emakumeen eskura dagoen tresna bat gehiago besterik ez baita. Pensamiento Críticorako 2015ean idatzitako monografiko batean dioenez, “hur-hurreko arriskurik ezean, kaltetua arduraz ‘prestatu’ behar da salaketa jartzeko, heldulekuak eta bere burua babesteko bitartekoak bilatuz, erasotzailea ez delako berehalakoan kartzelaratzen beti, ezta emakumea harrera zentro batera joaten ere”. Salaketak erasotzailearen ofentsiba indartu eta emakumearen arriskua areagotu dezake, eta kasurik muturrenekoetan feminizidio bati bide eman. Komeni da beraz, egoerak horretarako tarterik ematen badu, aurrelanketari tarte bat eskaintzea. “Ezin daitezke emakumeak informaziorik gabe salaketak jartzera bultzatu”, dio.

Miren Ortubay Fuentes (Zuzenbide Penalean Doktorea): “Ezin daitezke emakumeak informaziorik gabe salaketak jartzera bultzatu”

Ortubayrekin bat dator Ana Lopez abokatua: “Guk, Donostiako Emakumeen Etxeko Erasoen Kontrako Batzordetik –zeinaren parte den– emakumeak komisaldegira sartu aurretik zer biziko duten jakitea oso beharrezkoa ikusten dugu”. Azaltzen duenez, hedatuta dago komisaldegira jo eta salaketa jartzearekin dena eginda dagoenaren uste faltsua, eta hori horrela ez dela jakitera emateko bitartekoak bilatu beharra azpimarratu du. “Ez da batere komenigarria zer nahi duzun argi izan gabe komisaldegian sartzea. Behin bertan sartuta, ez dakizu nola aterako zaren”, dio. Salaketa jartzera heldu gabe ere prozesuan katramilatzea posible dela ohartarazten du: “Emakumeak Ertzaintzari zenbait gertakariren berri eman diezaioke, agenteak hauek delitu posible bezala hauteman, eta auzitegia jakinaren gainean jartzeko derrigortasuna izan. Une horretan emakumea  prozesuaren labirintoan aurkitzen da”, dio.

Aurrelanketaren garrantzia

Albo kalteak ekiditea xede, komenigarriena salaketa lanketa baten ostean burutzea da. Ortubayren iritziz, salaketa jartzera doanak “non sartzen den, ez dela erraza izango eta babes psikologikoa beharko duela” jakin beharko luke. Emakundek 2007an publiko egindako Baliabide Judizialei eta Abokatu-laguntzari buruzko ebaluazioa txostenak argi dio: “Prozesu judizialaren aurretik, iraun bitartean eta ostean informatuta egotea” beharrezkoa da. Prozesu judiziala arrakastatsua izateko aukerak areagotu egin daitezke bi aspekturi erreparatuz gero: 1) prozesuak zertan datzan eta 2) zer eskaini diezaiokeen salatzaileari.

Prozesu judiziala komisaldegian jarritako salaketak abiarazten du, eta pauso hau emateko ofiziozko abokatu batek artatua izateko aukera dago. Salaketa jarri eta biharamunean, auzitegian deklaratu behar izaten da. Salatu den gertakaria sexu erasoa bada, instrukzio auzitegi batera bideratuko da kasua. Erasoa bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoa bada, Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko da hiriburuetan, eta tokiko instrukzio epaitegira herrietan. Ulertu daitekeenez, kasua auzitegi espezializatuak edo instrukziokoak eraman, nabarmen baldintzatu dezake prozesua. Emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako auzitegiek instrukziokoek baino lan karga txikiagoa izateaz gain, hauetan “epaileak indarkeria pairatu duenarekin izan dezakeen enpatia eta interrogatzeko modua ezberdina da”, dio Lopezek.

Auzitegiko egonaldiek denboran luzatzeko joera dute, eta gerta daiteke emakumeak gela batean itxita itxaron behar izatea deklarazioa egiteko momentua heldu arte. “Zeren salatua izan dena atxilotua izan ez bada, epaitegiko korridorean egon daiteke” azaldu du Lopezek, halako kasuetarako auzitegiek emakumeentzat egokitutako espaziorik ez daukatela nabarmenduz. “Emakumea gelatxo batean sartzen da eta gizona itxaron gela handian geratu”, salatu du.

Behin epailearen aurrean, salatzaileak zein salatuak –identifikatua izan den kasuetan– deklarazioak egin behar izaten dituzte, eta magistratuak kasua artxibatu edo prozedura penalari bide ematea erabaki, baita urruntze-agindua ezarri ala ez. Urruntze-agindua eman ez eta salaketarekin aurrera egitea ere gerta daitekeela azaldu du Lopezek, emakumeak indarkeria psikologikoa salatu eta egiaztatzeko frogak falta direnean kasu. Hala ere, probableena prozesua egun horretan bertan ixtea dela ohartarazi du, prozedura azkarraren bidez. “Jo zaituela salatu eta medikuaren partea badaramazu, nahiz eta kolpearen atzean indarkeria gehiago ezkutatu, prozesua egunean bertan bukatu daiteke erasotzaileak gertakariak eta dagokion zigorra onartzen baditu”, azaldu du. Bide honek prozesua arintzen du, baina “eraso larriagoen inpunitateari mesede” egin diezaioke Ortubayren hitzetan.

Elkoko ilustratzailearen bineta, justiziaren izaera patriarkala irudikatuz.
“Justiziak ez du generoagatiko ezberdinketarik egiten, epaileek
bai”, dio irudiarekin batera publiko egindako
twitter mezuan.

Sistema penala zer den eta salaketa jarri duenari zer eskaini diezaiokeen argi izatearen garrantziaz ere mintzatu da Ortubay. Salaketak jartzearen beharra ezbaian jartzeko asmorik gabe, sistema penala “zigorrak ezartzeko makinaria” besterik ez dela dio. Hala bada, “askotan ez datoz bat emakumeen interesak eta justiziak eskaintzen duena. Emakume askok salaketarekin bilatzen dutena indarkeriazko harremanetik ateratzea baita, ez erasotzailea zigortzea”. Sistema penalaren izaera zigortzaileak ustekabean harrapatu dezake bat, eta panorama horren aurrean prozesua bertan behera uztea planteatzera eraman. Momentu horretan, “sistema emakumearekin ‘haserretzen’ da, gaur salaketa jarri eta bihar deklaratu nahi ez izateagatik”, ohartarazi du. Horrek, dudarik ez da, negatiboki eragiten du prozesuan.

Prozesuaren gune ilunak

Prozesuak zertan datzan eta zer eskaini dezakeen argituta, ibilbide judizialaren gune ilunak argitara ekartzea komeni. Batetik, indarkeria matxistaren adierazpide asko frogatzeko zailtasunak daude, marka fisikorik ez dagoenean batik bat. “Sistema penalak gertakari konkretuak epaitu behar ditu zigortu ahal izateko (…) eta frogen ekarpenak egin ditzaketen neurrian interesatzen zaizkio emakumeak”, dio Ortubayk. Intimitatean gertatzen diren erasoak egiaztatzeko frogak batzea zaila izanik, kasu asko zigorrik gabe artxibatzen direla azaldu du. Bestetik, indarkeria instituzionala dago, 1993an NBEren Asanblada Orokorrak “Estatu batek burutu eta onartutako indarkeria fisiko, sexual eta psikologiko” bezala jaso zuena. Indarkeria hori, besteak beste, hurrengo modu sotiletan ematen da eta prozesu judiziala gogorra bilakatu dezake:

Justiziaren izaera matxista. Ortubayk itzulingururik barik dio azkenaldian kalean hainbatetan errepikatu dena: “Justizia patriarkala da, jendartea bezala”. Orain gutxi Galde aldizkarian argitaratutako artikulu batean zera dio honen gainean: “Kolektibo horretan – epailetzaz dihardu– ekarpen eta teoria feministenganako ezjakintasunaren gainean daukaten kontzientzia falta larria ziurra da. Ezjakintasuna, eta baita mespretxua ere. Beste alor batzuetan epaileek ez dakitela badakite, eta adituen aholkularitza onartzen dute”. Feminismoarekin, baina, ez dela berdina gertatzen dio.

Estereotipo misoginoak. Aipatu izaera matxistaren eraginez, epaileek emakumeen zenbait estereotipo izaten dituzte sarri, eta gailentzen dena “emakume gezurtiarena” da Ortubayren arabera. Horren ondorioz, “epailea emakumea egia esaten ez dabilela susmatzen hasten da, edo zuzenean berau epaitzen”. Estereotipook kalte nabarmenak eragiten dizkie salaketa jarri duten emakumeei: beraien hitza zalantzan jartzean berbiktimizatu egiten dituzte, eta horrek –beste hainbat konturen artean– prozesuarekin aurrera ez jarraitzera bultzatu ditzake. Hori gutxi ez, eta bertan behera utzitako salaketa horiek “salaketa faltsu” bezala hautemateko joera dago. Horretaz gain, estereotipook epailetzan emakumeenganako mesfidantza hedatu dutela dio Ortubayk, eta horri egozten dizkio urruntze-aginduen ukapeneak ugaritzea, bai eta babesa eskatu eta onartu ez zitzaien emakumeen hilketak.

2016ko Sanferminetako talde bortxaketaren gaineko epaiak haserrea eragin zuen jendartean, sexu delitutzat ordez sexu abusutzat jo baitzuen emakumeari egindako erasoa. Argazkian, Nafarroako epaitegi aurrean mobilizatutako jendearen sumindura, epaia publiko egiterakoan (Argazkia: Ekinklik Argazkiak)

Indarkeria instituzionalaz gain, bada geroz eta sarriago ematen den fenomeno bat ere: erasotzaileek emakumeen aurka jarritako salaketa gurutzatuak. Bikotekidea menderatu asmoz erabilitako indarkeriaren eta erresistentzia modura erabilitakoaren artean ezberdintzeko joeraren faltan, kontrasalaketei bide ematen zaie auzitegietan. Hala bada, emakumeak indarkeria sexistatik babestu asmoz pentsatutako neurriak hauen kontra jarri ditzake erasotzaileek darabilten estrategia honek.

Alternatiben beharra

Egoera hau izanik, Ortubayren iritziz “sistema penaletik at emakumeari babesa eskaini diezaioketen alternatibak behar dira, emakumeak ahaldunduko dituztenak eta hauen eskura benetako baliabideak jarri ditzaketenak. Sistema penala ez dadin izan ez erantzun bakarra ezta nagusia ere”. Bere aburuz, sistema penalari hainbeste garrantzi ematean baitago akatsa. Berarekin ados dago Lopez, zeinari garrantzitsuak iruditzen zaizkion Emakumeen Etxeak. “Berebizikoak dira horrelako espazioak, eta mugimendu feminista horietan egotea”, dio.

Eibarko Andretxea Emakumeen Etxean bada alternatiba bat, zortzi urtez lanean diharduena: Indarkeria matxista pairatzen ari diren edo pairatu duten emakumeei laguntza, konpainia, orientazioa eta enpatia eskaintzen dien Mujeres al Cuadrado (Emakumeak Ber Bi euskaraz) elkartea, bere garaian indarkeria jasandako emakumeez osatua. Euren esperientzietan oinarrituta, beharrezkoa ikusten dute indarkeriaren zirkulutik ateratzeko prozesuan dagoen emakumeak prozesu berbera igaro duten beste batzuren babesa izatea. Azaltzen dutenez, beraiek instituzioetatik hainbestetan errepikatzen zitzaien “hemendik aterako zara” esaldia ziurtatu beharra sentitu baitzuten bere garaian.

Emakumeren batek behar izatera, artatu egiten dute eta aurrera begira jarraitu beharreko prozedura azaltzen diote. Hala ere, elkartearen eginkizun nagusiak ekonomikoki larri dabiltzan emakumeak jabekuntza eskolako formakuntzak egiteko diruz laguntzean datza, hauen ahalduntzean laguntzeko asmoz. Horretaz gain, elkartera gerturatzen diren emakumeak asteburuko terapia bat egitera ere gonbidatzen dituzte noiz edo noiz. Beraiei oso mesedegarri suertatu zitzaien: “Han ikusarazi ziguten norbere bizitzaren ardura norberak daukala, eta erabakia norbere eskuetan dagoela”, dio beraietako batek. Horretaz ohartzeak bizi zuten egoera eraldatzeko gai bilakatu zituela baieztatu dute.

Mujeres Al Cuadrado Elkarteko kideak: “DSBEarekin bizi behar dugu, ezin gaitezke EAEtik atera, dirua zertan gastatzen dugun erakutsi behar dugu eta elikagai bankura joan behar gara. Baldintzapeko askatasunean bizi gara, eta ez dugu hori merezi”

Atzera begiratuz, prozesu judizialean oso gaizki pasatu zutela gogorarazi dute, baita epaitegietatik at ere. Kideetako batek dioenez, “batez ere jendartean” sentitu zen kuestionatua. Hori gutxi ez eta “gizon batekiko dependentzia emozional, ekonomiko eta absolututik estatuaren dependentzia erabatekora”  edo “gurasoenera” igarotzearen lazgarritasuna mahaigaineratu dute: “DSBEarekin (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) bizi behar dugu, ezin gaitezke EAEtik atera, dirua zertan gastatzen dugun erakutsi behar dugu eta elikagai bankura joan behar gara. Baldintzapeko askatasunean bizi gara, eta ez dugu hori merezi”, salatu du batek.

Trabak traba, denborak eman dien perspektibatik zera diote: “Emakume batek tratu txarrei eta menderatuta bizitzeari eutsi badio, hortik ateratzeko behar beste indar dauka”. Ez da bide erraza, baina bai zertxobait eramangarriagoa halako elkarteen jardunari esker.

*’Emakume’ izendapenak genero sistema bitarraz gaindiko gorputz eta identitate askotarikoak barne hartzeko orduan mugak jartzen dituen arren, artikulu honetan aniztasun hori barne hartzen du
(Argazkia: Nuria Varela)

 

Madrileko (Espainia) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiaren inguruetan, auzitegiaren noranzkoa markatuz, seinale matxistak agertu ziren 2016an. “Epaitegi feminazia”, “Salaketa faltsuak”, “Auschwitz feminazia: gizonezkoen birrintzailea” edo “Kriminal prebarikatzaileak” gisako mezuak irakur zitezkeen horietan. Epaitegiko langileek adierazi zutenez, halako ekintzak maiz egiten dituzte, eta bere pribilegioak arriskuan ikusten dituen jendarteko sektore baten izaera matxista adieraztera datoz. Emakumeen gaineko estereotipo misoginoak, baina, biztanleriaren zati baten kontua izatetik urruti, gizartean erroturik daude. Eta era sotilagootan bada ere, epaitegietan ere presente egoten dira, emakumeen babeserako izan beharko luketen legeak hauen kaltetan aplikatzea eraginez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude