Nafarroako aldaketaren gobernua legealdiaren azken txanpan sartu den honetan, euskalgintzako hamaika ahots urgentziazko oihua zabaltzen ari dira: denbora amaitzen ari da. Nafarroa eta nafarrak hiru mailatan zatitzen eta sailkatzen dituen Euskararen Lege baztertzailea bertan behera uzteko eta lege berria idazteko azken aukera du gobernu honek. Zonifikazioa gainditzeko “orain da momentua”, diote. Urriaren 27an manifestazioa deitu dute Iruñean.
Ilusioa eta aukera. Horixe sentitu zuten milaka nafarrek 2015ean foru hauteskundeen emaitzak ezagutu zituztenean. Ilusioa, hizkuntza eskubideen alorrean eta euskararen normalizaziora bidean pausoak emateko aukera ireki zela ikusi zutelako. Garai ilunetatik zetorren Nafarroa: UPNren agintaldiak iraundako urte luzeetan euskara eta euskaldunak baztertzea nagusi izan zen herrialdean. “Corpus juridikoan, abian jartzen ziren plangintzetan nahiz euskarari eskainitako baliabideetan agerikoa zen gobernuak urtetan hizkuntza zaharrari egindako bazterketa”, azaldu du Paul Bilbao Sarria euskararen gizarte erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak.
Aldaketaren gobernuaren garaipenarekin, aldiz, agertoki berria ireki zen Nafarroan, eta ordu arte euskalgintzan zihardutenen lanketa egoera berrira egokitzeko aldatu zen. “Euskalgintzak momentu horretan erabakitzen du gobernu aldaketa hori benetazkoa izanen dela soilik hizkuntza politikan ere aldaketa erreala ematen bada”, azaldu dute Kontseiluko kideek. Eta zein da euskarari begira sakoneko aldaketa eman ahal izateko oinarrizko urratsa? Bada, Euskararen Legea –2017 arte gazteleraz Ley del Vascuence famatua– bertan behera utzi eta lege berria idaztea.
30 urte baino gehiago daramatzate nafarrek 1986an parlamentuak onartutako Euskararen Legearen ondorioak pairatzen. Lege horretan biltzen den zonifikazioak Nafarroa hiru zatitan banatu eta herritarrak euskararekiko dituzten eskubideen arabera sailkatzen ditu. “Zergatik izan behar ditugu eskubide ezberdinak euskaldun bezala beste alorretako eskubide guztiak denontzat berdinak badira?”, galdetzen du Susana Bidarte Andueza Lizarraldeko herritarrak.
Askoren iritziz denboraz oso justu baldin badabiltza ere, Kontseiluan uste dute benetako borondatea baldin badago legea aldatzeko aukera erreala egon badagoela
Herrialde beraren barruan herritarrek eskubide ezberdinak izate hori Nafarroan soilik eta euskararekin soilik gertatzen dela salatzen dute Kontseiluan. Haien arabera, parekidetasuna alor guztietara eraman beharreko gauza da, eta horregatik nafar guztiei eskubide berak aitortzea justiziazko eskakizuna da. Baztango Elurre Iriarte Bañezek, eremu euskalduneko biztanleak, gogoeta interesgarria egiten du zonifikazioaren eta eskubideen inguruan: “Ni eremu euskaldunean bizi naiz, baina eskubidea ez dut nik, nire eremuak baizik. Orduan, ni herritar bezala nire lurralde honetatik mugitzen banaiz, Iruñera edo Tuterara adibidez, eskubideak galtzen ditut. Hori, bada, ez da eskubide bat”.
Azken hiru urteotan gobernuak euskararekiko jarreran aldaketak izan dituela ukaezina da Kontseiluko kideen ustez. “Orain Nafarroako lehendakaria euskaraz entzuten dugu, berriz ere hasi da euskararen bisualizazioa gobernuko elementuetan, laguntzak berreskuratu dira… badago jarrera bat”, dio Bilbaok. Marko juridikoan, berriz, emandako aldaketa nagusietakoa da Nafarroako Parlamentuak 2017ko maiatzean 43 herri eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasatzeko hartu zuen erabakia. Eremu mistotik eremu euskaldunera, berriz, herri bakarra pasatu da: Atetz. “Mugimendu horiek guztiak positibotzat hartu genituen, zalantzarik gabe, baina ez dira nahikoak. Azkenean, eremu mistoan euskara ez da ofiziala. Egia da eskubide batzuk aitortzen direla, baina ez Baztango edo Etxarriko bati onartzen zaizkionak”, dio Bilbaok.
Batez ere jarreran eta hitzetan egon da aldaketa Kontseiluaren eta elkarrizketatutako herritarren ustez, baina Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko ezarri beharreko oinarrietatik oso urrun daude oraindik. “Gobernu berria sartu zenetik hainbat pauso txiki eman dira, baina legea ez bada aldatzen berdin du zer pauso ematen diren, lege horren arabera ez dugulako ezertarako eskubiderik”, dio Alizia Iribarren Andueza ‘eremu ez-euskaldun’ deitzen den horretako tuterarrak. Gainontzeko herritarren aldetik ere antzeko erantzunak jaso ditugu: Lizarraldean, Iruñerrian, Baztanen… eguneroko bizitzan, praktikan, aldaketa handiegirik ez dute nabaritu, ez behintzat gobernuak emandako pausoengatik.
Euskararen ‘sabaiaren’ ideia darabil Kontseiluko Paul Bilbao Sarriak azken urteetan aurrera egiteko egon den oztopo nagusia azaltzeko: “Gobernuak abian jarri du urteotan euskalgintzarekin partekatua izan den plangintza estrategikoa, baina kontua da plangintza hori martxan jartzerakoan etengabe topatzen garela sabai batekin: legea da sabaia”.
Pasa zen otsailean zabaldu zen Euskararen Legea aldatzeko aukera berria Nafarroako Parlamentuan: EH Bilduk 2017ko urrian egindako eskaerari jarraituz, batzorde berezia sortzea erabaki zuen orduan parlamentuak. Zein izan da batzorde horren lana? Bada, euskararen lege berri baten proposamena egitea hiru irizpide oinarritzat hartuta: herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea.
UPNk eta PPk batzordean ez parte hartzeko erabakia hartu zuten lehen saioa eta gero; PSNk, berriz, jarraitzea erabaki arren hasieratik garbi utzi zuen ez dagoela egungo legea aldatzearen alde. Badirudi, beraz, gobernua osatzen duen laukoteak duela legea aldatzeko giltza.
Hiru zutabetatik abiatuko da urriaren 27ko manifestazioa, Nafarroako euskararen hiru eremuen sinbolo. Hiru zutabeak elkartu eginen dira gero, zonifikazioaren amaiera eta Nafarroa osorako ofizialtasuna irudikatuz
Hilabeteotan euskalgintzako hainbat eragile eta adituk parte hartu ostean, urriaren 3an eman zaio batzordearen ibilbideari amaiera Kontseiluaren ekarpenarekin: herritarrek zonifikazioaren ondorioak nola bizi dituzten jaso dute, eta euskararen lege berrirako proposamena ere aurkeztu dute. Orain, Batzordeak bere proposamena adostu, aurkeztu, eta parlamentuari egokituko litzaioke proposamen hori martxan jartzea edo zer egin erabakitzea. Askoren iritziz denbora aldetik oso justu baldin badabiltza ere, Kontseiluan uste dute benetako borondatea baldin badago legea aldatzeko aukera erreala egon badagoela.
Urrian zehar mobilizazioak antolatu ditu Kontseiluak Nafarroan, erabakigarria den une honetan parlamentuari eta gobernuari ausardiaz eta erantzunkizunez joka dezaten eskatzeko. Urriaren 27an manifestazio handia izanen da Iruñean: “Pertsona guztien arteko berdintasuna aldarrikatuko dugu, justizia eta ofizialtasuna”, diote Kontseilutik.
Hiru zutabetatik abiatuko da manifestazioa, Nafarroako euskararen hiru eremuen sinbolo. Hiru zutabeak elkartu eginen dira gero, zonifikazioaren amaiera eta Nafarroa osorako ofizialtasuna irudikatuz. “Ofizialtasuna estatusa da. Gero, jakin badakigu ofizialtasunaren garapenak progresibotasuna beharko duela, malgutasuna. Baina oinarrizko legeak nafar guztiei eskubide berdinak aitortu behar dizkie”, dio Bilbaok.
“Beti ari gara gobernuari eta administrazioko agintariei esaten hau edo hura egin dezaten, baina azkenean herri honetan lorpen handienak herritarrengandik etorri dira”, dio Iriartek, Baztango herritarrak. Ildo berean hitz egin du Kontseiluko idazkari nagusiak ere. “Aldaketa etorri da Nafarroara, besteak beste, euskaratik ere aldaketa beharra zegoelako. Alegia, euskaldunok eta euskaltzaleok subjektu izan gara aldaketa horretan, guk ere ahalbidetu dugu. Baina guk aldaketa euskaratik eta euskaraz egin nahi dugu”.
“Zonifikazioa, nire ustez, muga jartze bat da, eskubideen aldetik muga jartze bat, zentzugabekeria hutsa. Zergak berdin ordaindu behar ditugu, eskubide gehienak berdinak ditugu… baina bat-batean, hizkutza eskubideen alorrean dena aldatzen da.
Eguneroko bizitzan, bereziki administrazioan, ez duzu inongo eskubiderik. Eremu mistoan egonda ere, ni joaten naiz eskaeraren bat egitera eta papera euskaraz eskatzen dut, eta hori ere lortzea askotan ezinezkoa da. Zortea baduzu euskaldunen bat topa dezakezu, baina zorte kontua da, ez da eskubide kontua.
Lizarrako Udalean ere Nafarroako aldaketa bera eman da, eta sumatu da herrian euskararen presentzia areagotu dela, bisibilizazioa eman zaio. Baina aldaketa ez doa guk nahiko genukeen abiaduran. Gobernutik jarrera dena da “bai bai bai, egingo dugu”, baina legealdia bukatzera doa eta egin egin… Ikusiko dugu, orain dute aukera benetan.
Gobernuari eta parlamentuari eskatuko nieke berdintasuna eremu guztietara eraman dezatela, berdintasunez trata gaitzatela euskaldun ala ez-euskaldun. Nik ez-euskaldunak dituzten eskubide berak izan nahi ditut. Askok inposizioaz hitz egiten dute. Inposizioa nori? Niri bai, niri inposatzen didate gaztelania bulego batera noan aldi oro. Nik ez dut inor behartuko euskaraz egitera, baina utz diezadatela euskaraz egiten askatasun osoz”.
“Zonifikazioa gure lurraldea hiru eremutan banatzen duen zentzurik gabeko zeozer da. Oker ez banago munduan dagoen toki bakarra da Nafarroa horrelako zerbait gertatzen dena. Ez da logikoa, nahiko surrealista da lurralde bateko biztanleak horrela sailkatzea hizkuntzari dagokionez.
Ni zonalde ez-euskaldun deitutako horretan bizi naiz, eta egunerokotasunean denean eragiten dit zonifikazioak. Zonifikazioak dio eremu honetan euskaraz ez dugula eskubiderik, zero eskubide dugula. Beraz, udalak ez du euskararen eskaintzarik egiten, eta gainera, guk ez daukagu eskatzeko eskubiderik ere.
Berdin du zenbat dekretu egin, zenbat aldaketatxo, zonalde batetik bestera herriak pasatzea… berdin du ez bada benetan lege hori bertan behera uzten edo aldatzen. Zonifikazioa desagerraraztea izango litzateke benetako aldaketa, hori egiten ez den bitartean gainontzekoa hankamotz gelditzen da.
Guk jarri ditugu toki horretan politikariak, printzipioz guretzat egin behar lukete lan, eta Iruñeko kaleetan urriaren 27an milaka lagun biltzen bagara, gure ahotsa entzun beharko dute.
“30 urtez iraun duen eta oraindik hor dirauen akatsa da zonifikazioa. Akatsa izan zen bere garaian lege hori sortu izana, baina ez aldatu izana ere akatsa da. Aukera izan zen lehenbiziko momentutik hartu behar zen kontu hau esku artean, nire ustez.
Eremu euskaldunean bizi naiz, baina Euskararen Legeak ez du kontratuen gainetik egiten. Mediku bati kontratu berri bat egiten diotenean, esaterako, ez zaio euskarazko profilik eskatzen. Nik bizitza osoan izan dut mediku erdalduna, eta hura jubilatu zenean etorri zen medikua kasualitatez zen euskalduna. Beraz, administrazioan euskaraz bizi baldin bazara kasualitatez da.
Errepideetako errotulazioak asko erdaraz daude, eta beraz, gure paisaia linguistikoa erdalduna da hein handi batean. Hezkuntzari begira ere, adibidez, semea Gipuzkoara joan behar izan da ikastera hemen euskaraz ez zeukalako eskaintzarik. Behin batxilergoa bukatuta Nafarroan arras eskaintza gutxi dago euskaraz, erkidegora joan behar duzu euskaraz ikasi nahi baduzu.
Lehendakaria euskalduna izatea ez da gutxi, orain arte Nafarroan izan ditugunekin alderatuta. Baina egia da gobernuaren aldetik ausardia falta sumatu dudala. Ausardia behar duzu izan sinesten duzun horretan aitzinera egiteko. Hori da kontua, ea benetan sinesten ote duten edo ez”.
“Zonifikazioaren ondorioz Iruñerrian etengabeko borrokan bizi behar dugu hainbat egoeratan: Osasunbidean, hezkuntzan… Sarrigurenen, adibidez, urteetan borrokatu behar izan dugu D ereduko eskola lortzeko, eta lehenago haur eskolan ere nik ezin izan nuen alaba euskaraz matrikulatu aukerarik ez zegoelako. Urtetan etengabeko borroka izan da hezkuntzaren ikuspegitik.
Medikuarenera joatea ez da egoera erosoa izaten askotan, eta mediku edo pediatra euskaldun bat ere ez izatea oso bortitza egiten zait. Alabarekin medikura joan, bera etxean euskaraz bizita, eta medikuarenean erdaraz egin behar izatea...
30 urte baino gehiago dira lege hau egin zenetik eta asko aldatu da egoera ordutik: askoz ere haur gehiago ari dira D ereduan ikasten eta askoz jende gehiagok bizi nahi du euskaraz. Beti egongo dira kontrako jarrerak, baina ziur lehen jarri ditudan adibideetan gaur egun euskararena inposizioa dela dioten horiek ez dutela arazorik izan. Beraiek eskubide horiek bermatuak izan dituzte beti eta gu izan gara gutxietsiak. Beraz, bada garaia euskaraz bizi nahia betetzeko. Horrek ez du esan nahi besteek beraiena egiten jarraitzeko aukerarik izango ez dutenik”.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argudiatu du kontraesanean daudela jardunaldien helburua, hau da, gaztelania bultzatzea, eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea. Observatorio Global del Español erakunde antolatzaileari gutunez eman dio erabakiaren berri, eta 2024an... [+]
Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek... [+]
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]
Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays... [+]
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]