Gaur, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Genevako egoitzan, Euskalgintzaren Kontseiluak, Galiziako A Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Plataforma per la Llengua eta Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarea – ELEN erakundeekin batera, Espainiako Estatuan hizkuntza-eskubideen egoeraren inguruko txostenaren aurkezpenean parte hartu du. Txostena hemen eskuratu daiteke.
Biharamunean Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak Espainiako Estatuan giza eskubideen arloaren inguruko ebaluazioa egingo duela baliatuz, Kontseilu horri aurkezturiko txostena eta euskararen, galizieraren eta katalanaren egoeraren azalpenak eman dituzte, gabeziak eta eskubide-urraketak gainditzeko proposamenak eginez.
Eragileak bat etorri dira hizkuntza-eskubideen alorrean inboluzio bat ematen ari dela baieztatzerakoan. Globalizazioa bezalako faktoreek eragina izan badezakete ere, Espainiako Estatuaren baitan azken urteetan hizkuntza-politiketan emandako atzera urratsak eta murrizketak nabarmendu dituzte kezka iturri nagusi gisa.
Hizkuntza bakoitzaren normalizazio bidean hainbat atzerapauso eta oztopo esanguratsu zerrendatu dituzte eragileek. Galizieraren kasuan, besteak beste, Galiziako hizkuntza nagusi izateari utzi izana edota orain arte galiziera hutsean izan den telebista publikoan gaztelaniazko saioak txertatzen hasteko asmoa iragarri izana ohartarazi dute. Valentziaren kasuan, PP eta VOX alderdiek hezkuntza sisteman valentziera murrizteko asmoz onartutako Rovira Legea aipatu dute, bestelako erabaki politikoen artean. Nafarroaren kasuan, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen zonifikazioarekin amaitzeko beharra nabarmendu du, Europako Kontseiluak ere behin baino gehiagotan diskriminazio egoera hori gainditzeko agindu izan duela gogoraraziz.
Horrez gain, Euskalgintzaren Kontseilua, A Mesa eta Plataforma bat etorri dira Espainiako Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua lehenbailehen aldatzeko beharraz. Funtsean, epaiketak eta jardunbide juridikoak gaztelania ez den beste edozein hizkuntzetan egitea eragozten baitu.
Ildo beretik, bai Euskalgintzaren Kontseiluak, baita Plataformak ere, botere judizialetik heldutako azken erabakiak izan dituzte mintzagai. Katalanek bertako murgiltze ereduaren aurka Espainiako Konstituzio Auzitegiak ekindako bidea salatu dute. Era berean, Euskalgintzaren Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren datuak oinarri hartuta, euskal administrazioekin harremanetan egunerokoan ematen diren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoei konponbidea jarri asmoz, langile publikoek euskara ere ezagutu beharra jasotzen zuten lan deialdien aurkako oldarraldia, edota EAEko tokiko erakundeetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen zuen 2/2016 Udal Legea eta hau garatzen duen 179/2019 Dekretuaren aurka botere judizialetik ekindako eskuhartzea salatu ditu.
Amaitzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak bi aldarri nagusi mahaigaineratu ditu giza eskubideen eta hizkuntza-berdintasunaren ikuspegitik. Batetik, zonifikazio linguistikoarekin amaitzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Bestetik, euskararen normalizazio prozesua desblokeatu eta beharrezkoa den jauzia emateko euskararentzako arkitektura juridiko berri bat martxan jartzea. Besteak beste, Galiziako eta Kataluniako ereduen ildotik, bi hizkuntza ofizial dituen lurralde bateko langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eskatzea.
–
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
The post Espainiako Estatuko hizkuntza politiken inboluzioa salatu dugu Nazio Batuetan first appeared on Euskalgintzaren Kontseilua.