"78ko Erregimenaren beste makulu bat izaten amai dezake Podemosek"

  • Hiru urte pasatu dira Laura Perezi (Iruñea, 1980) Iruñeko Calisto tabernan elkarrizketa egin genionetik. Orduan ez zen artean Nafarroako Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi, orain ere ez. Baina bi urtez izan da Nafarroako buru, iragan otsailean kanporatu zuten arte. Energia handiko emakumea da Nafarroako foru parlamentaria. Zazpi parlamentariotik lau dira soka berekoak, gehiengoa; alabaina, alderdi oso batekiko lehiaren nekea antzematen zaio bere jardunean.

"Nafarroan eman zen aldaketan sakondu ahal izateko, fronte zabal bat beharko genuke, helburu programatikoetan oinarrituta, gure berezitasunak eta hemengo erabakitzeko eskubidea errespetatuz". (Argazkiak: Josu Santesteban)

Gauza asko gertatu zaizkizu azken urtebetean. Nola sentitzen zara?
Oso hilabete gogorrak izan dira eta ukitua iritsi naiz oporren atarira. Badut zer hausnartu eta pentsatu. Gertaeren abiadak sarri ez digu ondo pentsatzen uzten eta espero dut orain oporren lasaitasunean hori egin ahal izatea. Baikorra naiz eta espero dut gai izango garela aldaketarako beharrezkoa izan zen Ahal Duguk okupatu zuen espazio politikoa elkarrekin aurrera ateratzeko eta handitzeko, horretarako siglak edo alderdi-formulak gainditu behar badira ere.

Pasatu zara alderdiko idazkari nagusitik alderditik kanporatua izatera.
Idazkari nagusia nintzenean ez nuen sinetsi inoren gainetik nengoenik eta gero ni txikitzera etorri direnean ez dut onartu izan haiek eraikitako errelatoa. Ni oso lasai nago nire kontzientziarekin, beti egin izan dut zegokidana eta, hainbatetan, gehiago ere bai.

Hasieratik Nafarroako iritziak Madrilgo Podemosekoen gainetik izan ziren. Madrilen ez zuten nahi hemen Podemos izenarekin aurkeztea, baina guk bai, eta gurea atera genuen. Hasiera batean nik ez nuen parlamentaria izan nahi, baina azkenean Madrilgo jokaera ikusirik, behartu nuen nire burua hor egotera, talde parlamentario sendo bat antolatzeko, behar izanez gero Madrilgo Podemos desobedituko zuena, honek EH Bildurekin ez egiteko itunik agintzen bazigun. Orain, bai Madrilen bai hemen PSN eta Geroa Baira gerturatzen ari dira.

Hurrengo hauteskundeei begira ere bai?
Gure susmoa da Podemosek bultzatu nahi duela akordio berri bat PSNrekin eta Geroa Bairekin. Beti lor daitezke akordioak, baina defendatzen dugun Ahal Duguk ez luke gobernu itunik egingo PSNrekin. Eta hurrengo gobernua EAJk kontrolatzen duen –adibidez giltzarri den alor ekonomikotik– indar baten esku izatea ere zalantzan jartzen dugu.

"Gobernuarekiko desadostasunean sarri erabili izan da xantaia –“aldaketa edo kaosa”– Geroa Bairen ikuspuntua aurrera ateratzeko, beste hiru alderdiak kontra izanda ere"

Geroa Baik ez du esaten publikoki, baina gehiengo berri hori nahi du. 2017ko aurrekontuetan oso argi ikusi genuen hori. Funtzionarioen aparteko lan-saria onartu zenean, Geroa Baik nahi izan zuen bi zuzenkearen truke PSNren sinadura ere akordio hartan sartzea, eta honek aurrekontuak onartzea. Guk ez genuen onartu.

Gobernua sostengatu dugun lau alderdiok kontraesan asko irentsi behar izan ditugu. Desadostasunean sarri erabili izan da xantaia –“aldaketa edo kaosa”– Geroa Bairen ikuspuntua aurrera ateratzeko, beste hiru alderdiak kontra izanda ere; eta hori zalantzan jarri izan dugunok deserosoak izan gara. Politikan esan behar da noraino irits zaitezkeen, eta aurrerago egin ezin bada, azaldu behar da zergatik.

Madrilgo bultzada aipatzen duzu. Nola kokatzen da hor Nafarroako Ahal Duguko zuzendaritza berria?
Ez da Madril bakarrik, hemengoak ere buru-belarri ari dira saio horretan. Adibidez, Eduardo Santosek Nafarroako Legebiltzarreko eserlekua utzi zuen Madrilera parlamentari joateko, bera hemen egoteko hautatua izan zenean. Hemengo komunitatearekin hartu zuen konpromisoa, baina Madrilera joan zen. Hemen geratu behar zen. Hori guztia nik ezer jakin gabe egin zuten. Nik beti defendatu izan dut Nafarroan prozesu konstituziogilea bultzatu behar dela eta horretarako oso gehiengo sozial handien aliantza behar dela, baina Madrilen, esaterako, beti egin izan diote uko EH Bildurekin akordioak egiteari. Nafarroako Ahal Duguren oinarriek, ordea, Geroa Bairi egiten zioten uko.

"Pablok eta Irenek iparra galdu dute, baina larriena da beren kongruentzia eza alderdiko oinarrietara eraman dutela, hauei xantaia eginez: “edo bozkatzen nauzu edo banoa”.  (Argazkia: Josu Santesteban)

Legealdi honetan egindakoetatik, zu zerekin zaude gustura?
Batez ere guk bultzatutako lorpen ekonomikoekin nago gustura. Adibidez, Santander Bankuarekin Nafarroako Gobernuak zuen zorra berriz negoziatu zenean, altxor publikoak diru asko aurreztu zuen. Hasieran Ogasun sailburuak ez zuen negoziatu nahi, baina azkenean lortu genuen eta hamar milioi euro gutxiago ordaindu ziren. Zerga iruzurraren jarraipena egiteko diru gehiago gastatzea lortu dugu, baina horren ondorioz zortzi milioi euro ere berreskuratu dira.

Zor publikoaren auditoriaren gaian egindako lanaren ondorioz informazio kopuru handia eskuratu dugu eta ikusi dugu zor publikoaren 191 milioi euro bidegabeak direla. Bere garaian Nafarroako Gobernuko funtzionarioei lan sari gehigarria emateko gure presioa giltzarri izan zen. Hainbat zirrikitu izan dira, batez ere legealdiaren hasieran, presio ahalmen handiagoa genuenean. Gero, Ahal Duguko gure barne desadostasunek presio ahalmen hori nabarmen txikitu dute.

Zer da egia, zer gezurra alderdian egin dizkizuten akusazioetatik.
Podemoseko Berme batzordeak forma eta sakoneko akats asko ditu. Formazkoak: nire aurkako auziak aurrera egin ahala akusazio mordoa gehitu dituzte, baina nire burua defendatzeko frogak aurkezteko aukerarik eman gabe. Nire duintasunarekin eta ohorearekin jolastu dute haien helburuak lortzeko eta alderdiko sektore bat alboratzeko.

Legebiltzarreko bozeramaile karguaren aldaketa ez onartzea, Legebiltzarreko hezkuntzako lan-batzordean zure alde egitea eta beste hainbat gauza leporatu dizkizute. Damutu zara egindako zerbaitekin edo gertatutakoa ikusita bestela egingo zenukeen orain?
Egindako guztia berriz ere egingo nukeen. Bozeramaile aldaketa eztabaidatu nuen Legebiltzarreko araudiaren aurka egin zelako –bere lehendakaria buru gainera– eta gure talde parlamentarioari adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa ukatu zitzaizkigulako. Beste gauza askorengatik ere zigortu naute, besteak beste, parlamentario gisa urriaren 1ean Kataluniako Erreferendumaren aldeko idazki bat sinatzeagatik edo zerga erreforma alderdiaren bizkar bideratzea leporatuta… jazarpena egin didate.

"CAPari buruz Legebiltzarrean hartutako erabakiek ez zidaten niri eragiten, baina bai zerrendetatik kanpo geratu ziren beste 2.400 irakasleri, eta horiei begira ari nintzen"

Gaitasun Pedagogikorako Agiriaren kurtsoa (CAP gaztelaniazko siglan) izan zen eztabaidatuenetakoa, zure onurarako baliatu zenuela leporatu zizuten.
Leporatu zidaten UPNrekin bat egitea. Hauek urtebeteko moratoria eskatzen zuten eta nik bikoa, eta unibertsitate publikoan behar beste plaza eskaintzea kurtso hau egin ahal izateko. Zergatik? Niri gertatutakoa ez gertatzeko, ni jadanik CAP egiten ari bainintzen, baina 5.700 euro ordainduz. Hartutako erabakiek ez zidaten niri eragiten, baina bai zerrendetatik kanpo geratu ziren beste 2.400 irakasleri, eta horiei begira ari nintzen ni, ez delako justua baldintza horiek eskatzea eta dirutza horiek ordainaraztea.

Niri irekitako zigor espedientea zentzugabea eta erabat konplexua da, eta erakusten du denbora itzela erabili dutela frogen muntaia erraldoi bat eraikitzen; nire burua defendatzeko frogak erakutsi ditudanean, aldiz, ez zaizkit kontuan hartu.

Azkenean Patent Box auziarengatik kanporatu ninduten. Geroa Baiko Manu Ayerdik azken orduko bi proposamen sartu nahi izan zizkigun Patent Box hauei buruz, enpresa handien mesederako zirenak. Ezetz esan genion Ahal Duguko talde ekonomikotik, gure hauteskunde programaren aurkakoak zirela; baina azken unean, Eduardo Santosek baiezkoa eman zuen Geroa Bairekin bere kabuz egindako bileran. Osoko bilkuraren egunean, Eduardo Santosek eskatu zidan nik ere sinatzea zuzenketa horiek eta nik ezetz esan nuen. Azkenean Geroa Baik aurrera atera zituen zuzenketak, baina UPN, PP eta PSNren sostenguarekin.

Iglesias-Montero eta beren txaleta izan da azken kapitulu korapilatsua Espainian.
Iglesiasek zioen Moncloara helduta ere, handik ateratzean Vallecasera itzuliko zela, eta gero ikusten duzu txaletaren auziarekin… Errealitatetik asko urrutiratu direla uste dut, besteak beste halako hipoteka batean sartuz, askatasun ekonomikoa oso garrantzitsua baita askatasun ideologikorako. Bera urrundu egin da berak eraldatu nahi duen mundu horretatik eta, beraz, gero oso zaila da mundu hori ulertzea eta ordezkatzea. Politika gatazka da, eta botereari aurre egiten badiozu honek ere zure aurka egingo du. Pablok eta Irenek iparra galdu dute, baina larriena da beren kongruentzia eza alderdiko oinarrietara eraman dutela, hauei xantaia eginez: “edo bozkatzen nauzu edo banoa”, “edo onartzen duzu egindakoa edo eskuin muturreko medioekin zaude”.

"Egiturazko arazoetan gobernu honek ez du sakoneko aldaketarik egin eta, Ayerdiren bidez, EAJk esparru ekonomikoa bere kontrolpean izan du"

Oro har, nola jokatu du Nafarroako Gobernuak akordio programatikoa betetzerakoan?
Egiturazko arazoetan gobernu honek ez du sakoneko aldaketarik egin eta, Ayerdiren bidez, EAJk esparru ekonomikoa bere kontrolpean izan du. Hezkuntza kontzertatuarekiko harremana berdin mantendu da, azpiegitura politikak ere antzekoak izan dira eta Enpresa Publikoen Korporazioan ere berdintsu aritu dira. Zerga politikan lortu ditugu aurrerapausoak ordainketa mailakatuan, baina sozietate zergan ez, batez ere enpresa handietan; jarraitzen dugu biltzen bost aldiz gehiago pertsonen zergetatik enpresen zergetatik baino. Zor bidegabearen gaia ere ez dute ezer ukitu nahi izan. Zertarako balio du botere demokratikoa izateak gero ez bazara ausartzen xantaia egiten dizuten botere ekonomiko horiei aurre egiten?

Ia esaten ari zara ez dela aldaketarik egon, baina egon da, eta herritarrek argi antzeman dute.
Bai noski, egon da aldaketa. Aldaketa handiena izan da UPN gobernutik kanporatzea. Erakutsi dugu, halaber, desberdinen artean posible dela gobernu akordioetara iristea. Hemen hainbeste madarikatu izan den abertzaletasuna gobernuan izan daitekeela eta ez dela ezer gertatzen. Baina batzuek uste dugu askoz harago joan zitekeela eta batzuetan aldaketa lasaiak aldaketa izoztu dezakeela. Orain Geroa Baik dio PSN integratu behar dela aldaketan, baina orain arte PSNk guztiz egiten du bat gai garrantzitsuenetan UPNrekin, izan alor identitarioan edo ekonomikoan.

"Madrilen ez zuten nahi hemen Podemos izenarekin aurkeztea, baina guk bai, eta gurea atera genuen". (Argazkia: Josu Santesteban)

Zuen liskarrak asko kezkatzen du aldaketaren aldeko gizartea, indarrak oso parekatuak izanik orain ea zer gertatuko den galdetzen da kalean.
Gure barne gatazka osoan horrek kezkatu nau bereziki. Ahal Dugu indartsu eta batua giltzarri izan zen aldaketan, eta orain alderdiak sektore handi bat baztertu du. Nora joango gara gu? Zeini emango diogu botoa?

"Ahal Dugu indartsu eta batua giltzarri izan zen aldaketan, eta orain alderdiak sektore handi bat baztertu du. Nora joango gara gu? Zeini emango diogu botoa?"

Baduzue buruan alderdi berri bat sortzea?
Ez. Egungo zuzendaritzaren beste gezur bat da hori, gu kakazteko. Ahora Navarra-Orain Mugituz taldean Ahal Dugukoak direnak eta ez direnak bildu daitezke; hori zen hasieran Ahal Duguren funtzioa. Alderdi bat gehiago bilakatu da Podemos-Ahal Dugu: 78ko Erregimenari amaiera eman nahi zion, baina egun, haren beste makulu bat bilakatzeko arriskua du. Asko gara honen kontrakoak eta lehenago edo beranduago hasierako Podemos berrasmatu beharko da.

Baina ez zu, ez beste asko, ezin izango zarete Ahal Dugun aurkeztu.
Hala da bai. Ezker Batua, Batzarre eta Equorekin ari dira josten akordioa; oinarrietatik egindako hautagaitza bat baino, goitik behera egindako saioa. Nafarroan eman zen aldaketan sakondu ahal izateko, fronte zabal bat beharko genuke, helburu programatikoetan oinarrituta, gure berezitasunak eta hemengo erabakitzeko eskubidea errespetatuz.


ASTEKARIA
2018ko uztailaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Podemos
Ahal Dugu eta Sumar bananduta aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara

Lander Martínez Sumarreko bozeramaileak egintzat eman du banaketa eta Alba García alderdi horretako lehendakarigaiak ere ez du gaur gaurkoz posible ikusten koaliziorik.


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Sumar koalizioa Madrilen bai, baina Gasteizen ez

Euskadiko Podemosen koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua izan zena Espainiako hauteskundeetan, koaliziotik kanpo aurkeztearen alde mintzatu da Eusko Legebiltzarreko datozen bozketei begira. “Euskadiko jendea mobilizatzeko balio du... [+]


Inbestidura prozesua ezusteko gabe igarota, Chivitek Nafarroako lehendakari kargua hartu du

11:30ean izan da kargua hartzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuan, eta gonbidatu gisa joan dira hainbat ordezkari politiko, tartean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Kontseilari berriak ere izendatu dituzte: lau Geroa Baik gidatuko ditu eta bat Zurekin Nafarroak;... [+]


2023-05-29 | ARGIA
EH Bilduk eta abstentzioak EAJren nagusitasuna apaldu dute

Abstentzio handiko hauteskundeak izan dira, eta lehia handiena EAJ eta EH Bilduren artean izan da: lehenengoak behera egin du eta bigarrenak gora. Nafarroako Legebiltzarrean UPNk mantendu du 2019ko garaipena, eta PSNk bigarren postua. Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJk... [+]


Eguneraketa berriak daude