Etxeko langileak

XXI. mendeko esklabotza

  • “Euskal Herriko atari guztietan egiten du lan esklaboren batek, eta ez zaigu inporta”. Hala dio Silvia Carrizok. Malen Etxea elkartean egiten du lan; emakume atzerritarren eskubideak bermatzea du helburu elkarteak. Maiz hitz egiten da etxeko lanetan eta zaintzan lan egiten duten emakumeen lan baldintza txarrez, baina ez dira asko Carrizoren gisan aho bilorik gabe hitz egiten dutenak: “Emakume atzerritarrak menpekotasun eta esklabotza egoeran behar ditugu, Euskal Herriko gure zaintza sareak hornitzeko”.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur
2018ko uztailaren 22a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen (ELE) estatistiken arabera, lana egiten duten etxeetan bizi diren emakume atzerritar gehienek 60 ordutik gora egiten dute lan astean eta hamar ordu baino gutxiago hartzen dute atseden. Soldatak dagozkienak baino txikiagoak dira, ia kasu guztietan. Izan ere, kontuan izanda etxe barruko langileen %71,56k 60 ordutik gora egiten dutela lan astean, soldata, gutxienez, 1.267,46 eurokoa behar luke izan eta %82,11k hortik behera irabazten du.

Erreportaje honetarako Euskal Herrian etxeko langile diharduten bi emakume atzerritar elkarrizketatu ditugu, Gloria Martínez da bata, Honduraskoa, eta Natalia Castro bestea, Nikaraguakoa. Asmatutako izen-abizenak dira biak, haien intimitatea babeste aldera, ez dute benetako izen-abizenak azaltzerik nahi izan. Egunean bi orduko atsedena edukitzen du Martínezek, eta larunbatetan baino ez du hartzen atseden Castrok, bi orduz.

Arrakalarik gabeko zurrunbiloan daude zaintza eta etxeko lanetan 24 orduz lanean ari direnak, emakume migratzaileen eskubideen alde lan egiten duen Bidez Bide elkarteko Katia Reimberg eta Soraya Ronquilloren ustez: “Ezin dira lan sektore horretatik irten gure gizarteak hor behar dituelako eta sistema honen arkitekturak hori ahalbidetzen duelako”. Azaldu dute zailtasun handiak dituztela jatorrizko herrialdeetako ikasketak homologatzeko, eta beraz, zaintzan egin behar izaten dutela lan: “Hego Amerikako emakumeak dira zaintza lanetan gehien aritzen direnak; gaztelaniaz hitz egiten dute, goxoak izateko fama daukate, eta gainera, katolikoak dira. Perfektua da; dena bat dator”.  

Hala ari dira Martínez eta Castro. Urte mordoa daramatzate dagoeneko gure zaharrak zaintzen, gaur egun kontratuarekin egiten dute lan biek baina bidea ez da erraza izan. Jatorrizko herrialdean merkataritza aditua zen bata eta irakaslea eta soziologoa bestea: “Euskal Herrira etorri ginenean bagenekien ez genuela zaintza lanetan aritzea beste aukerarik edukiko”.

Gure gizarte egiturak emakume horiek neskametza egoeran edukitzea behar duela uste du Ronquillok: “Horregatik onartzen dituzte gobernuek abusu horiek guztiak eta emakume horiekiko konplizitatea eta ardura guztiona da”. Uste du beste aldera begiratzeak neskametzaren egitura zikliko bat sortzen duela. “Jendeak uste du emakume horien bizitza eta denboraren gaineko botere guztia duela, eta emakume atzerritar horiek neskametza egoeran daudela ohartzen ez garen arte ezingo dugu estatu demokratiko bat sortu”.

Ecuador Etxeak ateratako argazkian etxeko langile migratzaileak lan baldintzez protestan.

Arazoari alternatibak aurkitzeko sektorea balioan jartzea ezinbestekoa dela uste dute Bidez Bide elkarteko kideek: “Ospitaleetan, esaterako, 24 orduko zaintza behar duen jendea dago, baina behar hori bermatzeko zortzi orduko txandetan egiten du lan jendeak. Etxeetan lan egiten dutenekin ere hala behar luke”. Haien lana ez dela balioan jartzen uste du Martínezek ere: “Urte mordoa daramatzat familia berberarekin, nire lana egiten ahalik eta ondoen ahalegintzen naiz eta iruditzen zait ez dutela egiten dudana balioan jartzen”. Martínezek aurten aldarrikatu ditu lehenengoz dagozkion oporrak eta hartzen ez zituen jaiegunak kobratzen ere oraintxe hasi da: “Hasieran beldur handia izaten duzu dagozkizun eskubideak eskatzeko, bota egin zaitzaketelako eta paperik gabe dagoen jendea hartu, izan ere, egoera horretan zaudenean edozein lan kontratu onartzen duzu”. Martínezek gogoratzen du lehen aldiz zaintza lanetan hasi zenean kontratatzaileek gauzak apuntatzen zituztela eta gehiago kontrolatzen zutela, lapurreta egin zezakeelakoan edo: “Orain ezagutzen naute eta badakite emakume ona naizela”. Hala ere, faltan botatzen du bere lana baloratzea: “Ez dut asko eskatzen, nire eskubideak errespetatzea baino ez”.

Egunean bi orduz soilik hartzen du atseden Martínezek eta horrek asko zailtzen dio harreman sareak sortzea: “Bi orduan ez dit ezertarako denborarik ematen. Nire ahizpak Donostian bizi dira eta haiek ikustea ere ezinezkoa zait”.

Castrok baserri batean egiten du lan, bi gizonezko zaintzen. Hori hitzartu zuten bere lan baldintzetan baina familiaren eta beraren arteko botere harremanak tarteko, zaintza lanez gain, egunero baserrian bizi den jende guztiarentzako janaria egin eta jasotzera behartzen dutela dio: “Oso garai txarrak pasatzen ari naiz, oso bakarrik sentitzen naiz”. 2007. urtetik bizi da Castro Euskal Herrian eta lehenago inoiz halako esperientziarik ez duela eduki dio: “Urteak daramatzat etxe barruko lanean, astean bi ordu soilik atseden hartzen eta oso gaixo zailak zaintzen, baina inoiz ez dut hain gaizki pasa”. Baztertua sentitzen da etxean: “Denek euskaraz hitz egiten dute euren artean, noski ulertzen dut hala egitea, eta ni ere ahalegintzen naiz ulertzen, baina nire euskara maila oraindik ez da oso ona”. Gaineratu du inorekin ezin duela elkarrizketa bat izan eta edozergatik haserretzen zaizkiola nagusiak: “Baserriko ganbaran bizi naiz, txabola moduko bat da. Aurreko batean, edari pixka bat jausi zitzaidan lurrera eta nagusien gelako sabaia pasa zuen. Itzeleko errieta egin zidaten”. Lanez aldatu nahi du Castrok, baina astean bi orduz baino ez duenez hartzen atseden, zaila zaio beste zerbait aurkitzea: “Gainera, nire herrialdean lagun askok behar dute nire soldata bizirauteko, ez da hain erraza”.

Malen Etxeako kideek afixean diote gauez atsedena hartzeko eta norbere logela izateko eskubidea dutela.
Esklabotzaren ondorena

Neokolonialismo modernoa da XXI. mendean daukaguna Carrizoren ustez. Ronquillo ere bat dator horretan: “Neskametzaren inguruko begirada koloniala daukagu oraindik”. Botere harremanak nabarmenak direla dio. Horren adibide gisa, Martínezek kontatu du ez diotela bere izenez deitzen, “neska” deitzen diote. Carrizok argi du Europako erakundeek oraindik bere erraietan dituztela kolonialismoa, kapitalismoa eta arrazismoa, eta gauza bera gertatzen dela Euskal Herriko erakundeetan ere, nahiz eta ez garen bakarrak: “Badira herrialde gehiago zaintza eta etxeko lanetan emakume esklaboak dituztenak: Italia, Filipinak, Saudi Arabia, Portugal maila txikiagoan, eta Hego Amerikan ere bai klase altuetan”. Ronquillok ere neokolonialismo kutsua hartzen dio gaur egungo egoerari: “Urtetako menpekotasunaren begirada koloniala dago. Gure herrialdeetan Espainiaren konkistaren garaitik ezagutzen dugu neskametza eta oraindik erraiak hor daude”. Hego Amerikatik Europara etortzen dira neskame eta europarren begietara balio gutxiagoko pertsonak dira: “Ez da kasualitatea batzuek uniformea eramatea edo kontratatzaileek langileei euren izenez ez deitzea”.

“XXI. mendeko etxe barruko langileen beharra esklabotza da”, hala dio Ronquillok. “Hori baieztatzean batzuek esaten dute ezin dela esklabotza izan ordaindu egiten zaielako. Ados, orduan neskametza da, Espainiako eta Euskal Herriko emakumeek orain dela mende erdi baino gehiago bizi izan zuten neskametzaren modukoa”. Bidez Bide elkarteak dokumentala egin zuen gaur egun etxeko langile diren eta garai batean neskame izan zirenen testigantzak bilduz, eta antzekotasun ugari aurkitu zituzten: “Garai batean asko baserrietatik hirietara joan ziren neskame. Emakume horiek oso baldintza txarrak zituzten, 24 orduz egiten zuten lan eta askotan barre egiten zieten, adibidez, gaztelaniaz ez zekitelako”. Gaineratu dute, antzeko zerbait gertatzen zela, adibidez, Extremaduratik hona etorritakoekin, baina kasu horietan barre egiteko arrazoia euskaraz ez jakitea edo euren jatorria zela. Orain emakume atzerritarrak garai batean neskame izandakoak zaintzen ari dira, 24 orduz: “Orain dela gutxi dokumentalaren emanaldia egin genuen zaharren egoitza batean eta hango emakumeek behin eta berriz esaten zuten beraiek okerrago egon zirela”.

Reimbergek gogorarazi du hemengo emakumeek erruz zaindu dituztela etxekoak: “Ezkontzen ez bazinen gurasoak zaintzea egokitzen zitzaizun. Orain emakumeak lan esparrura sartu dira eta beraiek zaintzen zituzten familiako kideak orain emakume atzerritarrek zaintzen dituzte. Bertako emakumeak gaizki sentitzen dira etxekoak ezin dituztelako zaindu eta emakume atzerritarrek euren familiak zaintzeari uzten diote beste batzuenak zaintzeko, eta horregatik, beraiek ere gaizki sentitzen dira”.

Argazkia 1955ekoa da, Kutxa Fototekak eskura jarritakoa, Paco Marí argazkilariarena. Artxiboko informazioaren arabera erdiko emakumea Joxepa da, etxeko langile erretiratua. Alboan ditu Lastagarai Usandizaga etxeko zerbitzariak. Alegia, bi neskame-belaunaldi. Hara paradoxa, gaur egun ere etxeetan bi neskame-belaunaldik topo egin dutela diote etxeko langileen eskubideak defendatzen dituztenek: garai bateko neskameak zahartu dira eta emakume migratzaileak dituzte etxean haiek zaintzen. Zaharrek goizetik gauerako lan gogorra dute gogoan, eta orain etxeetan ari diren emakume atzerritarrek esklabo egoeran lanean ari direla salatzen dute.
Aukerak bai, interesik ez

Esklabotza edo neskametza egoeratik irteteko alternatibak egon badaudela uste dute Bidez Bide elkarteko kideek: “Dirua badago, borondate politikoa eta gizartearen konpromisoa falta dira”. Eusko Jaurlaritza sektorea erregularizatu nahian dabil, hau da, “etxeko langileen baldintzak hobetu eta lan mota hori serioago hartu nahian”. Lanbideari balioa eman nahian langileak formatzea derrigortu nahi du eta ikastaroak egin beharko dituzte. Mendekotasun Legearen ondorena da neurria, 2008an onartu zutena. Lege horren arabera, zaintzaileari gutxieneko formakuntza ziurtatzea eskatzen zaio. Ronquillok eta Carrizok gogor kritikatu dute neurria: “Egun osoa lanean ari direnek ez dute denborarik formakuntza egiteko eta formakuntzarik egin ezin dutenak are egoera hauskorragoan geratuko dira”. Gogor borrokatu dute Malen Etxeako kideek etxeko langileek formakuntza egin behar izatearen aurka, eta badirudi, momentuz, ez dela beharrezkoa izango: “Asko kosta zaigu ulertaraztea zein den langileon egoera eta zergatik ezin duten formakuntza egin”. Hala ere, legeak hainbat salbuespen aurreikusten ditu formakuntza ez egiteko: 55 urtetik gora dituztenak eta gaitasun agiria eskatzeko beste urteko esperientzia daukatenak. Litekeena da 50 urtetik gorakoak ere talde horretan sartzea.

Martínezek aipatu du ezusteko ederra hartu zuela formakuntza egin behar zuela esan ziotenean: “Hala ere, familiak erraztasunak eman nahi zizkidan ikasketak egiteko, nik formakuntza eginda haien diru-laguntzak justifikatzea errazagoa delako”. Ronquillok ere hori gogorarazi du: “Formakuntza egitearen arrazoia ez da eskubideak bermatzea, familiek diru-laguntzak jaso ahal izateko ziurtagiriak lortzea baizik”. Hala ere, azkenean ez dute halakorik egin behar izango, haien esperientzia formakuntzarekin parekatuko dute. Espainiako Estatuko legeekin ere borroka bat baino gehiago dituzte. Alderdi Popularrak, azken orduan, etxeko langileen sistema bereziaren “normalizazioa” egiteko prozesua 2024ra arte atzeratzeko zuzenketa sartzea lortu zuen. Prozesua 2012ko urtarrilaren 2an hasi zen eta erregimen orokorreko kotizazio baseak eta etxeko lanen arlokoak parekatzea zuen helburu nagusi. Aldaketok ez direla politikarien interesekoak uste du Reimbergek. Oso kritiko hitz egin du Carrizok ere: “Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Estatuak egiten duen bezala, esklabo armada bere menera jartzen du”.

Baina zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak egoera hobetzeko? Carrizok uste du aukera mordoa dagoela. Hala ere, garbi du ardura osoa ez dela erakundeena: “Zaintzarekiko konpromiso komunitarioa behar dugu”. Carrizok azpimarratu du Euskal Herrian zaintza-krisi sakona ez badaukagu, neurri handi batean emakume atzerritarrek egiten duten lanagatik dela: “Nola liteke 30 urteko biloba bere amonarekin gau bat pasatzeko prest ez egotea? Hori da hemen gertatzen ari dena”. Martínezek ere uste du hemen gutxi zaintzen dugula elkar: “Niri ordaintzen didate zaintzeko eta seme-alabek eta bilobek nire esku uzten dute haren zaintza guzti-guztia”.

Denok behar dugu zaintza gure bizitzako aro guztietan Carrizoren hitzetan: “Amonak ziur fardelak behin baino gehiagotan aldatu dizkiola eta orain 20, 25 edo 30 urteko gaztea ez dago gau bat bera ere amona edo aitona zaintzen geratzeko prest”. Horrek eragina duela uste du Carrizok: “Zaintza lanez gain, gertukoen maitasuna jasotzea ere beharrezkoa da”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Adinekoen zaintza kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude