Emakumeak borrokan

Justiziaren arrakalak elkartasunez beteta

  • Ekainaren 13a, asteazkena, Altsasu. “Utzi Altsasu bakean” dioten banderek herriko balkoiak atontzen dituzte. Samina antzematen da, ez ordea dolurik ezta etsipenik ere. Aitzitik, herriaren batasuna eta indarra sumatzen dira. Koxka tabernan hiruzpalau altsasuar daude arratsaldeko kafea hartzen. 606 egun igaro dira bertan herriko gazte batzuen eta bi Guardia Zibilen eta beraien bikotekideen artean liskarra sortu zenetik. Bertan hasi zen dena 2016ko ferietako ostiralean, Nafarroako herri txiki bateko taberna batean. Eta lerrook idatzi artean, Madrilen da auzia, Auzitegi Nazionalean. 

Miren Osa Galdona @Mirentx_U  |  Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta
2018ko ekainaren 24a
80.000 lagunetik gora bildu ziren Iruñean antolatzaileen arabera, Altsasuko gazteen alde. (Argazkia: Dani Blanco)
80.000 lagunetik gora bildu ziren Iruñean antolatzaileen arabera, Altsasuko gazteen alde. (Argazkia: Dani Blanco)

577 egun igaro dira Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak liskarra “terrorismoarekin” lotu eta Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz espetxeratu zituenetik. “Aske geldituz gero ezin da ziurtatu biktimen ondasun juridikoen kontra atentatu edo bestelako delituak egingo ez dutenik”, argudiatu zuen Lamelak.

60 egun bete dira atxilotuak askatzeko eskatuz Iruñean 50.000 pertsona elkartu zirenetik.

Hamabi egun igaro dira Altsasun epaiaren berri izan zutenetik. Madrilgo Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioko epaimahaiak ez zuen terrorismo deliturik atzeman liskarrean, ezta akusatuek “ETArekin lotura” edo bertan partaidetza dutenik ere. Alta, terrorismo delituak baztertu izanagatik ere, guztira 79 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten zortzi gazteei; “kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” eta “agintearen aurkako atentatu” delituak leporatuta. Zazpi egun besterik ez dira pasatu ekainaren 5eko goizean Guardia Zibilak herria hartu eta Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea atxilo eraman zituenetik.

Kolpea latza izan zen, beste behin. Epaiketaren ostean indarrak hartu eta aurrera jarraitzeko nahiko kemen izango zutelakoan ziren gazteen senideak eta lagunak. Akusazioak, baina, ez du gaur-gaurkoz barealdirik onartzen, eta ekaitza leherrarazi zuen manifestazioaren bezperetan: “terrorismo delituengatik” epaitzeko Fiskaltza helegitea jartzeko asmotan zela jakin zen prentsaren bidez. José Perals Auzitegi Nazionaleko fiskalak 12 eta 62 urte arteko kartzela eskatu zuen, “lesio eta mehatxu terroristak” egotzita. Kolpeak kolpe, orduan inork ez zekien hiru egun beranduago Iruñea elkartasunaren arnas-gune bilakatuko zela.

Gurasoak bihotz-buru, herria gorputz

“Sekula manifestazio batera joan ez den jendea dago hemen. Denok gaude. Hau izugarrizko bidegabekeria da”, dio Iruñeko Sadar futbol zelai inguruko jende-saldoan barrena ia ibili-ezin dabilen gazte batek. “Hau ez da justizia” pankarta eta seme-alaben irudiak helduta abiatu dira manifestazioaren buruan Altsasuko Gurasoak, eta atzetik Euskal Herri osotik, Kataluniatik eta Espainiako Estatuko hainbat lekutatik etorritako jendetza. 80.000 pertsona baino gehiago zenbatu dituzte antolatzaileek, sekula Nafarroak jaso duen manifestazio jendetsuenetako bat.

Estu geratu da Zaragoza etorbide zabala, motz manifestazioko 2,5 kilometroak, txiki Iruñea. Ibilbide osoan zehar “Altsasukoak aske”, “Hau ez da justizia” oihuak eta txalo zaparradak entzun dira. “Altsasu Aurrera” kantua abestu dute Mikel Markezek, Estik, “El Drogas”-ek eta Jon Maiak, eta “txarrenari onena” entzun dute bozgorailuetatik Askatasunaren Plazako ekitaldira iritsi ez diren manifestariak, “zaurietan muxu” abestu du Jon Maiak segidillan ondoren. Gazteen senideak oholtza gainean “eskerrik asko” mezu erraldoiari tinko eutsiz amaitu da ekitaldia, herriaren maitasuna eta babesa sentituz. Pankarta hori, hiru makilekin hartu eta manifestazioaren kontrako norabidean atera da, jendetzaren buru gainetik pasaz, amaiera ekitaldira heldu ez diren milaka lagunen txalo zaparrada hunkitua eraginez.

Manifestazioaren biharamunean, egunkari askok azalean jaso dute Iruñeko argazkia. Sare sozialetan ere milaka mezuk ospatu dute larunbateko garaipena, eta itzulerako autobusetan ere antzeman da antolatzaileek hauspotutako indarra.

Lau hankako muntaia

“Berriro ere aldatu digute manifestazioaren ibilbidea”, esan dio Eneko Mendiluzek Aritz Leozi, mobilizaziorako hiru egun falta direnean. Altsasukoak Aske plataformako kideak eta atxilo duten Iñaki Abaden lagunak dira biak. Nekatuta daudela diote, azken urte eta erdian bezala. Hala ere, irribarretsu agurtu dira, eta indarrak soberan dituztela diote. “Niri bizitza goitik behera aldatu dit kontu honek –azaldu du Leozek–. Hasierako atxiloketak gertatu aurretik lanean hasi ginen herriko batzuk. Nire azken bi urtetako lehentasuna hau izan da. Aisialdia luxua bihurtu da”. Prozesu guztian zehar aldarrikatu bezala, auzia “mendeku hutsa” dela diote, eta muntaia poliziala mahai baten hanka bakarra dela: “Lau parametrotan kokatzen dugu muntaia: juridikoa, politikoa, poliziala eta mediatikoa”. Muntaia mediatikoa akusazioaren diskurtsoa sortzeko eta elikatzeko “ezinbestekoa” da, eta hainbat komunikabideek kontakizuna “eraiki eta hauspotu” dute bi lagunen hitzetan.

Aritz Leoz eta Eneko Mendiluze, Altsasukoak Aske plataformako kideak. (Miren Osa)
Aritz Leoz: "Lau parametrotan kokatzen dugu muntaia: juridikoa, politikoa, poliziala eta mediatikoa"

“Niretzat oso adierazgarria da sententzia, inflexio puntu bat markatzen baitu. Estatuko zenbait indarrek duela urte batzuetako dinamikarekin jarraitu nahi dutela ikusten da, egitura mantenduz.  Sententzia honek beste bide batzuk irekitzen ditu Estatuaren jokaerari begira: antzeko beste kasu bat gertatuz gero, Altsasukoa izango dute eredu gisa”, aipatu du Leozek. Baietz dio Mendiluzek, gaiak sorrarazten dion amorrua ezkutatu ezinik: “Sentitu dugu lagunak bahitu dizkigutela, indarraren poderioz”. Zientzia fikziozko film batean daudela iruditzen zaie, eta beren ustetan, hilabete hasierako atxiloketek berretsi egin zuten errealitatearen eta fikzioaren arteko talka.

“Mina ematea bilatu zuten. Oso-oso gaizki pasatu genuen, eta izugarria izan zen aurreko egunetik herrian pairatu genuena. Polizia herritik zebilen, edozein ertzetan, grabaketak egon ziren, eta antzematen zen zerbait arraroa gertatuko zela. Hala ere, ez genuen alarma sortu nahi, batzuetan hori bilatzen baitute, gatazka bilatzea. Hori saihesteko gaitasuna erakutsi dugu”, adierazi du Leozek. Iñaki Abaden kasua ekarri du gogora: “Ikustea nola ikaragarrizko duintasunarekin gerturatu zen Guardia Zibilarengana, beren aitzakia ihes egiteko arriskua zela bazen ere. Eta hara zer arrisku! Jakinda berak ez duela ezertxo ere egin, akusazioak gezur hutsak direla, eta akusatzaileak gezurtiak, duintasun osoarekin joan zen eta atxilotu zuten. Niretzako irudi hori goiz horretako sinbolo bihurtu da”.

Igone Goikoetxea eta Bel Pozueta, Altsasuko Gurasoak elkarteko kideak. (Argazkia: Miren Osa)
Bel Pozueta: "Altsasu herria inoiz baino batuago dago"

“90eko hamarkadako eszena bizi izan genuen atxiloketen unean”, dio Bel Pozuetak oraintsu arte aske zeuden lau gazteen inguruan. Bere semeak, Adur Ramirez de Aldak, hamazazpi hilabete daramatza Soto del Realgo espetxean, eta Altsasuko gazteen auzia bere bizitzaren erdigunea bilakatu da: “Jaikitzen naizenetik berriro ohean sartzen naizen arte, denbora guztian daukat buruan. Gainera, komunikatzeko, elkarbanatzeko eta borrokatzeko hartu dugun konpromisoa erabatekoa izan da”. Konplizitatez begiratu dio Igone Goikoetxeak, Pozueta zer ari den bizitzen jakinda: “Gure bizitzaren parte bilakatu da auzia. Gutxi bizi gara oraintxe bertan. Baina gauza txarrekin bezala, minbiziarekin kasu, zure bizitza da eta horrekin aurrera egin behar duzu. Etxean jada ez ditugu elkarrizketa arruntak izaten, guztia Jokini laguntzeko bideratuta pentsatzen dugu”. Estremerako kartzelan preso dagoen Jokin Unamunoren ama da bera. ARGIArekin egon direnean, 577 egun daramate preso Unamunok eta Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzekin batera, behin-behineko egoeran.

Txanponaren bi aurpegiak

Espainiako Auzitegi Nazionalak ekainaren 1ean eman zuen aditzera sententzia, epaiketa amaitu eta hilabete eta gutxira. Aritz Leoz eta Eneko Mendiluze altsasuarrek ez zituzten zigor eskaerok espero: “Itxaropentsu geunden, oso modu nabarmenean ikusi baikenuen epaiketak ez zuela zentzurik. Guztion sentsazioa zen beren muntaia hasieratik bukaerara gidoi batean idatzita zegoela. Sententziarekin agerian geratu zen kasu honetan justizia ez dela inondik inora atzeman. Egun horretan, jende askok negar egin zuen Altsasun”. Bestelakoa zen, ordea, Pozuetaren eta Goikoetxearen susmoa. Zigorrok espero zituzten. Areago, badakite “Auzitegi Nazionala zer den”, eta beren semeen kontrako sententziek ez dituzte harritu, beste akusatu batzuk baino “aldarri politikoagoak” dituztelako.

Igone Goikoetxea: "Gure bizitzaren parte bilakatu da auzia, gutxi bizi gara oraintxe bertan"

“Epaiketaren ondoren esaten genuen: judizialki irabazi dugu, baina gure abokatuek ohartarazi ziguten Auzitegi Nazionala judiziala ez ezik politikoa ere badela. Kontrola, mendekua eta Guardia Zibila ukiezina dela bermatzea du helburu”, adierazi du Bel Pozuetak. Gainontzeko gurasoek, agian, epaia ezustean jaso zutela aipatu du Goikoetxeak, izaera desberdinetako pertsonek osatzen baitute bai Altsasuko Gurasoen taldea eta baita akusatuena ere. Izaera ezberdina izanagatik ere, borrokatzeko arrazoiak eta helburua partekatzen dituzte: “Hau erabat traumatikoa da. Militantzia baten ondorioz espetxeratzen bazaituzte, jakitun zara gerta zitekeela. Hau, berriz, guztiz desberdina da: bahitu eta bizitza lapurtzen dizute, gazteei nahiz senideei”.

Txarrenari onena

Espero arren, semearen aurkako hamabi urteko kartzela zigorra burutik kendu ezinik igaro zuen epaia jakitera eman zen eguna Igone Goikoetxeak: “Beti min pixka bat gehiago ematen digute”. Bestelako mezua igorri zion, ordea, Jokin Unamunok telefonoz. Terrorismoaren kalifikazioa kenduta “pozik egon behar lukeela” esan zion amari, hortik aurrerakoak ezin zuela okerragoa izan. Semea kementsu dagoela dio, datorrenari heltzeko indarrez. Estremerako kartzelan bisitarik eta laguntzarik jasotzen ez duten presoak ezagutu ditu, inongo sostengurik gabe bizirauten dutenak. Hauek ez bezala, herri oso baten babesa sentitzen dutela kontatu zion Jokin Unamunok amari. “Berandu bada ere, manifestazioetako argazkiak eta elkartasun mezuak jasotzen dituzte kartzelan”, dio Goikoetxeak. Ekainaren 5ean atxilotutako lauek ere kalean bizitako elkartasuna eraman dute ziegetara eurekin, apirilaren 14ko manifestazioa kasu.

Eneko Mendiluze: "Sentitzen dugu indarraren poderioz lagunak bahitu dizkigutela"

Ariketa praktiko bat jarri zion Goikoetxeari semeak: “Egizu taula bat guzti honek ekarri dituen gauza on eta txarrekin”. Semea preso izateak “ezerk baino samin gehiago” eragiten dion arren, Goikoetxeak jasotako babesa, elkartasuna eta borrokarako indarrak nabarmendu ditu: “Herritar zoragarriz inguratuta gaude”. Hedabide sentsazionalistek Altsasu bitan banatuta dagoela saldu nahi duten arren, errealitatea bestelako da. “Herria inoiz baino batuago dago”, dio Bel Pozuetak, egindako bidea zein nekeza izan den jakitun. Manifestazioetara, elkarretaratzeetara eta antolatzen dituzten hainbat ekimenetara ideologia askotariko bizilagunak joaten direla azpimarratu dute, babes emozionala ez ezik, ekonomikoa ere etengabea ari dela izaten diote. Honen aurrean, esker oneko hitzak baino ez dituzte, eta aldarri garbi bat: “Utzi Altsasu bakean!”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Altsasuko gazteak  |  Iruñea  |  Altsasu

Altsasuko gazteak kanaletik interesatuko zaizu...
Altsasu kasuan ez zela terrorismorik izan onartu du Fiskaltzak orain

Estatuko fiskaltzak ontzat eman du Auzitegi Nazionalaren sententzia eta ez du helegiterik aurkeztu Epaitegi Gorenean. Ontzat ematen du beraz, 2016ko urrian Altsasun gertatutakoa ez zela terrorismoa izan, hau da, ezerezean uzten du auzia Auzitegi Nazionalean epaitzeko tesia.


55.000 lagunek babesa eskaini diete berriz Altsasuko gazteei

Euskal Herritik eta Espainiako Estatutik etorritako dozenaka milaka pertsonak Altsasu kolapsatu zuten igandean, Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsitako gazteen epaiari arbuioa erakutsi eta Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko. Altsasuk inoiz bizi izandako manifestaziorik handienean, gazteen askatasuna ere eskatu zen.


2019-03-20 | Guaixe .eus
Altsasuko gazteen gurasoak Bruselara joango dira auziaren berri ematera

Altsasuko Auzia nazioartekotzeko bidean, Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak, atzera ere, Bruselarako bidea hartuko dute asteazken honetan eta ostiralera arte han izanen dira.


2019-03-17 | Santi Leoné
GAIZKI ERRANKA
Txiki Park Navarra

Txiki Parketan, erraz ezagutzekoak diren koloreek osatzen dute mundua: horia hori da eta berdea berde, tarteko ñabardurarik gabe. Formak ere aise atzematen dira: leunak dira izaten, haurrei min ematen ahalko liekeen ertz edo puntarik gabeak. Azalera suabe eta beratz horien artean, umeek abenturak bizitzearen zirrara sentitzeko aukera dute, baina sekulan arriskuan egon gabe; gero gurasoei harro kontatzen ahal diete zeinen ausartak izan diren.


2019-03-13 | ARGIA
Bel Pozueta Altsasuko gurasoa, Espainiako Kongresurako hautagai EH Bildutik

Nafarroako zerrenda-burua izango da Bel Pozueta, Espainiako Kongresuko hauteskundeetan. Behin baino gehiagotan salatu izan dute Altsasuko gazteen afera Espainiako Kongresuan.


2019-03-11 | Hala Bedi
Guardia Zibilaren kuartelaren pareraino eraman dute Altsasuko gazteen aldeko aldarria Gasteizen

Elkarretaratzea egin dute Laudion. Altsasuko gazteen aurkako espetxe zigorren berrestea salatzea izan da ekimenaren xedea. Gauzak hala, Guardia Zibilak herrian duen kuartelaren pareraino joan dira protesta gauzatzera.


2019-03-11
Martxoaren 24rako manifestazioa deitu du Altsasu Gurasoak Plataformak

  Bi eta hamairu urte arteko zigorrak berretsi dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak Adur Ramírez de Alda, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Ainara Urkijo, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Oihan Arnaz gazteei.


Altsasuko Koxka tabernan izan dira Casado, Inda eta Beltran

UPN eta PP alderdien arteko ituna sinatzera etorri da PPko presidentea Nafarroara.


2019-03-07 | ARGIA
Altsasuko gazteen kontrako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Nazionalak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio-Salak berretsi egin ditu Altsasuko gazteen kontrako 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak, salbu eta Iñaki Abadena (hiru urte murriztu dizkiote), SER irratiak aurreratu duenez. Gazteen abokatuek oraindik ez dute epaiaren notifikaziorik jaso.


Martxoaren hasieran ezagutaraziko dute Altsasuko auziko behin betiko epaia

Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoko magistratuek erabakia hartu dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude