Umeak eta bularrak. Zenbat emakume, hainbat kontakizun. Guk garai batekoak bildu ditugu, eta hiru testigantza jaso. Bularrik hartu ezinik zebilen umeari beste emakumeek eman ziotenekoak. “Mamadoreak” edo “mamoiak” ere hor ziren: emakumeei bularreko gaitzak sendatzeko edoskitzen zutenak. Galtzen doazen, aldatzen doazen hazkuntza komunitarioaren lekukotzak denak. Inguruan galdetuz gero, aurkituko dugu zer kontatua duenik.
“Hil arropak ere prestatu omen zituzten niretzat jaio nintzenean!” esan digu Emilio Iridoy-k (1946, Hondarribia). Bere amak ez omen zuen esne nahikorik bularrean semea aurrera ateratzeko. Eta ahuleziaren ahuleziaz, larri izan zen Iridoy: “Hilzorian izan omen nintzen. Horrela kontatu izan didate beti etxean. Nik bularra hartzen nuen baina… hil-arropak josten ari zenak esan omen zion gure amari: ume hau gose da! eta horrela eraman ninduten bizilagunen etxera”.
Inguruko bi emakumek ume jaioberriak zituzten, eta haiengana eramaten zuten bularra hartzera. Oraindik ere badu harremana bere bularreko anai-arrebekin. Arreba eta biak erdi-txantxetan ibiltzen omen dira kontu hori dela eta.
1945ean izan zuen umea Angela Garinek (1916, Lazkao). Bere ahizpa Lorentxak ere ez zuen askoz beranduago izan. Baina Lorentxari semeak ez zion ondo heltzen bularra, eta esnea hartzeko zailtasunak zituen. Ane Larrañagak gogoan ditu bere ama Angelak kontaturikoak. “Gure amak ez zuen dudarik egin. Ume jaioberria hartu eta Lazkaotik Usurbilera arteko bidea egin zuen, ahizpa Usurbilen bizi baitzuen. Behin iritsita, haren haurra besotan hartu eta bere bularrean jarri zuen. Gure amaren bularra hobeto heltzen zuen umeak. Ondo helduta zuela ikusten zuenean, gure amak bere bularretik ahizparenera pasatzen zuen umea, eta horrela behin eta berriz, harik eta haurrak bere amaren titia ondo hartu zuen arte”. Umeak ikasi zuela ikusita Angelak Lazkaorako bidea hartu zuen berriro, ahizparen haurrak esnea ondo hartzen zuen lasaitasunarekin.
Donostiako Gurutze Gorrian erditu zen haurraz Marixa Mitxelena (1941, Donostia), 25 urte zituela. Elixabete Muñoz, alaba, espero baino hilabete lehenago jaio izanak eragina izan zuen antza, eta segituan ohartu ziren jaioberria ez zegoela ondo. Odol jario handia zuen ahotik eta birikak ondo garatu gabe zituen; Donostiako ospitalera eraman zuten txikia.
Jaio eta bi egunera egin zion lehendabiziko bisita amak alabari. Mitxelena ospitalera igo zenean haurra gaizki zegoen: “hodiak zituen gorputz osoan, eta oraindik esnerik ez emateko agindu zidaten medikuek. Larri zegoen”. Egun gutxian, ordea, amak bularra eskaintzeko aukera izan zuen, eta oso pixkanaka bada ere, Muñoz indartzen joan zen. Mitxelenak atzo izan balitz bezala kontatu dizkigu egun haietan gertaturikoak. 52 urte pasa badira ere, Elixabeteren jaiotzarekin bizi izan zituenak betiko gorde zaizkio memorian. Sentimendu askorekin kontatu digu gertaturikoa: “Goizetan baino ezin genuen joan alaba ikustera. Batzuetan bular pixka bat ematen nion, eta beste askotan kristalaren beste aldetik ikusten nuen. Muñoz esnea hartzen hasi zenean, ordea, medikuak kristalezko botila lodi bat eman zidan. Bularreko esnearekin hura bete, hotzean gorde eta egunero-egunero ospitalera eraman behar nuela agindu zidan. Senideek etxea zuten Donostian eta euren etxean geratu ginen bizitzen. Gurasoak, gure familia eta 13 anai-arreba ginen etxe berean! Haiek komeriak, haiek!”.
Amak hutsik egin gabe igotzen zuen esne-botila egunero. “Apirila hasieran, Alustiza medikua gerturatu zitzaidan, gure alaba osatu zela eta etxera joan gintezkeela esanez. Bazekien Oñatin bizi ginela, baina mesede handi bat eskatu behar zidala aipatu zidan. Itxuraz nire alabarentzat egunero betea eramaten nuen esne-botilaren zati handi bat leku berean ingresatuak ziren anai hirukietako biri jaten emateko erabiltzen zuten. Haien amak bost seme zituen, eta bat-batean hirukiak etorri zitzaizkion! Amak ez zuen esne nahikorik denak asetzeko, eta ume horiek ez zuten nire esnea besterik. Alustizak garbi esan zidan, nire esnea zela ume horien medizina bakarra”. Mitxelenak ez zuen dudarik egin: “Beste amaren lekuan jarri nintzen. Alustiza medikuari esan nion lasai egoteko. Egunero atera behar banuen, aterako nuela. Eta horrela egin nuen”.
Mitxelena Donostian geratu zen hilabete batzuetarako eta ekaina bitartean goizero igo zuen botila-esne ospitalera. Ander urtebeteko semea alboan zuen eta Elixabete jaioberria bular eskean, baina era batera edo bestera egunero esnea atera eta iristen zen ingresatuak ziren anaiengana. “Gehienetan nik eramaten nuen, baina ezin nuenean senideren bati eskatzen nion. Ezin genuen hutsik egin!”.
Ekainetik aurrera esne gehiagorik ez zuela eraman behar esan zioten Mitxelenari ospitalean. Ordutik aurrera ez du ezer gehiago jakin anai haiei buruz; gaur arte. Izan ere, lagun batzuen bitartez hirukiekin harremanetan jartzea lortu dute, eta egin dute zita. “52 urte igaro dira, baina beti izan dut gogoan kontu hau. Aterako ote ziren anai horiek galdetzen nion nire buruari… baina ez dut ausardiarik eduki hirukiak bilatzeko, eta orain poz-pozik nago. Pena bakarra dut, ordea, ama duela bi urte hil zitzaiela esan baitidate”. Denbora gutxian elkartuko dira denak mahaiaren inguruan, Hondarribian. Marixa Mitxelena eta sendiarekin batera izango dira bularreko anai-arrebak: Elixabete Muñoz eta hirukiak. Inoiz ez da berandu bularreko anai-arrebak elkar ezagutzeko!
"MAMADOREAK": BULARREKO MINAK SENDATZEKO TIRATZEN ESPEZIALISTAK
Urte honen hasieran zendu zen Usurbilen Jesus Arruti Gonzalez-Etxabarri, 1940an Asteasuko Azkonita baserrian jaiotakoa. Gaztetan mamadore aritu zela esaten zuen, naturaltasunez. Azkenengo aldiz, grabagailuaren aurrean kontatu zuen:
“Emakumeak familia izan eta umeak tiratzen ez bazuen, faborez eskatzen zidaten joango al nintzen tiratzera. Nik 16-18 urte izango nituen. Hots-egiten zidaten garaian joaten nintzen, egunez bezala gauez. Gure arreba zaharrena ere asko ibili zen mamadore”. Ontzia jartzen zuen aldamenean, eta edoskitutako esnea txartua bazegoen, ahoratu orduko ontzira botatzen zuen. Emakume batzuengana hiru-lau aldiz joan behar izaten zuen segidan, beste batzuek behin aterata nahikoa izaten zuten. “Gero esnea ateratzeko erremintak ugaritu ziren eta mamadoreak bukatu ziren”.
Arrutiren ume garaian oso arrunta zen esne nahikorik hartzen ez zuen umea beste emakume baten bularrean jartzea: “Inguruan bost-sei baserri baziren, eta umea egindako hiru-lau emakume, batek esne gutxi zuela eta besteak asko, umea auzoko etxera eramaten zuten. Igual ematen zituzten auzoko etxean hiru-lau egun, amari esnea etorri edo bularra sendatu arte”.
Estitxu Eizagirre Kerejeta
Ludotekan, gazte txokoan, udalekuetan... batzuk musukatzen ari direla, beste hark zakila erakutsi duela eta honakoak gorputzarekiko irainak jaso dituela, hori guztia kudeatzea ez dute erraza hezitzaileek. Adibide praktikoz lagunduta, 'Nola landu sexualitatea hezitzaileon... [+]
Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.
Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Eneko Mendiluze Plaza psikologoak gaueko beldurren inguruko zenbait gako eman ditu. Nabarmendu du guraso bakoitzak ikusi behar duela zer datorkion hobeto umeari.
Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]
Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]
Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]
2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur liburutegian egotea, eta 2-6 urtekoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute egon. Hogei urtez horrela funtzionatu duen ageriko diskriminazioa buka dadila eskatzeko ama talde bat elkartu denean, ezetz erantzun die udal gobernuak... [+]
Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei:... [+]
Haurreskolara beharrean, 0-3 urte bitarteko umea zuzenean ikastetxera bidaltzea, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa (12 urtera arte) hartzen dituen zentro berera. Hori da Nafarroako Hezkuntza Sailak Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean martxan jarriko duen proiektu pilotua eta... [+]