Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

  • Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


2025eko irailaren 05ean - 08:10
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Teknologiaren erabilera “kontzientea”, “segurua” eta “osasungarria” bultzatzea, mundu digitalean adingabeen babesa sustatzea eta bizikidetza eta tolerantzia indartzea dira Macsonrisas proiektuaren helburuetako batzuk. 2024-2025 ikasturtean 76 ikastetxetan izan dira heziketa digitala lantzen. Guztira 1.856 saio egin dituzte Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin eta 94 helduekin. Heziketa digitala LH eta DBH izeneko txostenean jaso dituzte emaitzak. Besteak beste, pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu dituzte haur eta gazteen artean. Ondorioztatu dute ere askotan helduak ez direla jarrera horien jakitun.

LHko ikasleei dagokionez, Vital Fundazioak Araban egindako inkesta baten arabera, ikasleen laurdenak bi ordu baino gehiago ematen ditu pantailekin aste barruko aisialdian. %8ak bost ordu baino gehiago igarotzen ditu. Asteburuetan erabilera handitu egiten da: %37k esaten dute egunean zero eta bi ordu bitartean erabiltzen dituztela, %36k egunean bi eta bost ordu bitartean, %11k egunean bost eta zortzi ordu bitartean eta % 6k egunean zortzi ordu baino gehiago. Macsonrisas-eko kideek erabileran eragiten duten hiru faktore identifikatu dituzte: etxeetan geroz eta pantaila gehiago egotea, aisialdirako alternatiba falta, eta bizitza sedentariorako joera.

Maiztasunaz gain, erabileran zenbait praktika arriskutsu identifikatu dituzte. Adibidez, mutilen artean, indarkeria gehien duten bideojokoekiko interesa “handia” da. Halaber, larritu egin dira haurrek bideojokoetan gastatzen duten diruagatik. Izan ere, oso erraza da bideojokoen benetako dirua gastatzeko opari-txartelak erostea: “Dendetako arduradun gehienek ez dute inolako eragozpenik opari-txartel horiek haurrei saltzeko, helduekin ez badoaz ere. Produktu horiek haur txikiei saltzea ez da legez kanpokoa, baina denda horietako arduradunei eskatzen diegu txartel horiek helduekin ez doazen haurrei ez saltzeko”.

LHko maila guztietako ikasleen bizipenak jaso dituzte, eta adibidez, seigarren mailako zenbait ikaslek esan diete WhatsApp taldeetan borrokei eta pornografiari lotutako edukiak zabaltzen direla. Horrez gain, neska batek kontatu du beste neska batek kontu faltsu asko zituela Tiktoken bere aurpegiarekin. Beste neska batek aitortu du Tiktoken bere telefono zenbakia zabaldu zutela eta jendea deika aritu zitzaiola. Kasu batzuk baino ez dira, baina beste asko daude. Horietako gehienetan, familiek ez zuten gertatutakoaren berririk.

DBHko ikasleen kasuan ere erabilera “gehiegizkoa” da, eta komunitate zientifikoak gomendatzen duena baino gehiago. Beste urteekin alderatuta ez dute aldaketa nabarmenik ikusi. Soilik, DBHko 1. mailan smartphonerik ez duten ikasleen ehunekoa “pixka bat” handitu dela. Vital Fundazioak egindako inkesta bat hartu dute oinarri: “Gehienek badakite denbora luzez erabiltzen dituztela pantailak, baina ez dute uste hori arazoa denik. Askok erabilera denbora justifikatzen dute etxean beren familiek antzeko erabilera denbora egiten dutela esanez”.

Kezka ere adierazi dute, ikasle askok menpekotasun zantzuak dituztelako. “Aurten harritu egin gaitu zenbat mutilek esaten duten online apustu egiten dutela, normalean kirol-apustuetan”, esan dute. Horretaz ikasleekin hitz egitea, bide izan da ere gazteak sentsibilizatu eta aferaz konturatzeko. Ikasturte guztietan ziberjazarpena jasaten ari diren ikasleen testigantzak jaso dituzte. Oro har, irakasleek bazekiten eta neurriak hartu dituzte.

Familientzako gomendioak

Adingabeek pantailak egoki erabiltzeko, txikitatik oinarrizko erabilera arauak ezartzea komeni dela uste dute. Horregatik, zenbait gomendio eman dizkiete familiei. Adibidez, zehaztea adinaren arabera zein programa, aplikazio edota bideojoko erabili dezaketen. Horrez gain, denbora “ahalik eta gehien” mugatzea eta asteburuetara bideratzea gomendatzen dute. Horretarako, esaten dute garrantzitsua dela aisialdirako alternatibak eskaintzea. Pantailak non erabili daitezkeen adostea ere lagungarria dela diote: “Etxeko leku amankomunetan erabiltzea eta kargatzea gomendatzen da, adingabeen gelak saihestuta. Egiaztatuta dago etxean zenbat eta pantaila gehiago egon, orduan eta gehiago erabiltzen direla, eta etxean ahalik eta pantaila gutxien izatea gomendatzen da”. Haurrek ikasteko, helduak ere “eredugarri” izan behar direla uste dute. 

Sare sozialak eta smartphoneak erabiltzeko baimena ematen dietenean, lehenengo urteetan elkarrekin erabiltzeko familia kontu bat sortzea gomendatzen dute. Horren bidez, zer ikusten duten eta zenbat denboraz aritzen diren neurtu dezakete. Adingabeei sare sozialak kontzienteki erabiltzen eta arriskuak prebenitzen irakasteko “modu bakarra” dela diote: “Hurbilketa desegokiak detektatzen eta blokeatzen irakatsi behar diegu, desinformazioa eta eduki kaltegarriak bereizten, modu positiboan komunikatzen, ekintza batzuk delitu direla eta ondorio penalak zeintzuk diren jabetzen, pornografiak harreman sexualei nola eragiten dien, pribatutasunaren garrantziaz jabetzen, ezezagunekin ez hitz egiteak dituen arriskuak antzematen eta ikusten dugunarekin eta jarraitzen dugun pertsonekin kritiko izatea zein garrantzitsua den irakatsi behar diegu”.

Geroz eta kanpaina gehiago sortzen ari dira nerabeei beranduago emateko eskuko telefonoak. Horren adibide da Macsonrisas proiektuak sustaturiko Smartphoneak eta sareak 16 urtetik aurrera egitasmoa. Asmoa da familiak elkartzea eta helduen artean adostea sakelako telefonoa emateko adina. Izan ere, nerabe asko sozializazio planetatik kanpo sentitzen dira sakelako telefonorik gabe, eta horrek familiengan lehenago emateko presioa eragiten du. Halere, adostasun batera iristea “zaila” dela diote.


Eguneraketa berriak daude