Kubaren etsai berri eta inoizko gaiztoena: klimaren aldaketa

  • Beraiek erantzukizun txikia eduki arren Lurrak jasaten duen klimaren erotzearen sorreran, Kubako jendeak izango dira beroketa globalak ekarriko dituen hondamendiek gehien kaltetuetakoak. Urakanak, uholdeak, lehorteak, itsas mailaren igotzea, uharteak bere azaleraren parte bat galtzea... Agintariek Tarea Vida izeneko plan estrategikoa abiarazi dute, Sobiet Batasuna hondoratu osteko Periodo Especial-eko larrialdia baino kudeatzen zailagoa izan litekeenari aurre egiteko.

Jorge Luis Bañosen argazkian, baserriko produktuen sal-erosketa Habanako Amistad azokan. Kubatarrek beren elikadura burujabetza jokoan daukate klima aldaketaren eraginekin: gero eta maizago gertatzen diren ekaitz eta uholdeak, lehorteak, lurpeko uren gazi
Jorge Luis Bañosen argazkian, baserriko produktuen sal-erosketa Habanako Amistad azokan. Kubatarrek beren elikadura burujabetza jokoan daukate klima aldaketaren eraginekin: gero eta maizago gertatzen diren ekaitz eta uholdeak, lehorteak, lurpeko uren gazitzea, lurzoruaren higadura... ‘Tarea Vida’ estrategiaren ardatzetako bat da ingurumen aldatu batean herritarren elikadura segurtasuna bermatzea.

Itsasoa zakarra den egunetan Habanako espektalukuetako bat izan ohi da ikustea uhinak nola lehertzen diren malekoian. Baina edozein habanerok kontatuko dizu itsasoak olatuek gero eta usuago gainditzen dituztela El Malecón dikeko harkaitzak.

Joan den irailean Irma hurakanaren eraginez ozeanoa sartu zen El Vedado auzoan barrena bertako biztanle zaharrenek ere sekulako ikusi gabeko abiadan. “Kuban ez daukagu jendea konbentzitu beharrik klimaren aldaketaz”, esan die kazetariei natura eta komunitate programak koordinatzen dituen Roberto Perez Riverok: “Jendeak dagoenekoz larruazalean bizi du, bere eraginak sufrituz”.

'Irma' gertatu eta zortzi  hilabetera, maiatzaren 28an 'Alberto' ekaitz tropikalak txikizio handiak eragin ditu Kuban.

3.000 kilometro baino luzeagoko kostalde baten jabe izaki, Kubari bereziki erasango dio planetaren berotzeak itsas mailaren igotzearekin eta ekaitzen gaiztotzearekin. Bere biztanleen laurdena itsas hegian bizi ditu eta alferrik argudiatuko dute ez dagoela eskubiderik karbono isurketa apalena daukaten herrialdeetako jendeak izateko haren kalteak gogorren nozituko dituztenak.

2013an Kubako biztanle bakoitzak batez beste 2,5 metro kubo karbono dioxido isuri zuen, oso gutxi AEBetako bakoitzak aireratutako 16,4 tonen aldean. Munduko karbono dioxido isurketa guztien %0,08 baizik ez dagokie kubatarrei. Eta hala ere, uharte honetan itsasoaren maila gehiago igo da planetako batez bestekoa baino.

Aspalditik zeuden arazoaz ohartuak uharteko agintari eta zientzialari asko. Hedabideek sarritan aipatu diete herritarrei urteroko batez besteko tenperatura 0,9 ºC igo dela Kuban azken mende erdian, itsas maila 1966tik 6,77 zentimetrotan goratu dela, fenomenoa bizkortzen ari dela azken urteotan eta lehen ikerketa batean aztertutako 499 hondartzetatik dagoenekoz %82k higadura nozitzen dutela.

“Aurreikuspenen arabera –zioen Cubadebaten Ingurumen Agentziako Arrisku arduradunak– itsasoa 2050. urterako 27 zentimetro gorago edukiko dugula eta 2100erako 86 zentimetro gorago. (...) Gaur gure klima beroagoa eta muturragokoa da, hala erakusten digute datuek. Klimaren aldaketa ultimatuma ari zaigu ematen: edo aurrea hartzen diogu gaur edo bihar beranduegi izanen da”.

Oharrei entzungor inor lotan baldin bazegoen, Irma hurakanak kendu zizkion begietako makarrak joan den irailean batik bat Kubako ipar kostan etxe eta azpiegiturak suntsitu eta laboreak bezala zuhaitzak errotik erauzi zituenean. Habanan 10 metroko baga ikaragarriek El Malecón famatua gaindituta txikizioak eragin zituzten lehendik zaharkitutako eraikin historikoetan,  alde zahar osoa urperatuz.

Irmak eragindako hondamendiak behartu ditu agintariak presa sartzera azken hamar urteotan landu eta 2017ko udaberrian ministroen kontseiluak lege bihurtu zuen Tarea Vida plan estrategikoari. Epe labur, ertain, luze eta oso luzeak ere kontutan hartzen dituen planak klimaren krisiari aurrea hartu eta Kubako ekonomia bezala gizartea egokitu nahi ditu larrialdi egoera berrirako: urak harrapatzeko arriskuan diren eremuetan etxe berrien eraikuntza debekatu, itsasoak mehatxatutako herrietako jendeak lekuz aldatu, nekazaritza prestatu lehorte eta uren gazitze gero eta handiagoetarako, kostaldea babestu harresiz bezala ur bazterreko basoak ugarituz, uharteko oihanak berritu...

Kuba klima zoratuaren laborategi

Itsasoaren igoerak uhartearen 24.000 kilometro koadrori eragingo die, horietatik %20 urpean geratuz, hau da, gaur egun Kubak dituen soro onenetatik asko. Uhartea bera txikiagotu egingo da: adituek kalkulatu dute 2050erako Isla de la Juventud adinako azalera galduko duela Kubak eta 2100erako Santiago probintzia osoa adinakoa... lurralde osoaren %6 inguru.

Itsas hegiari tinko eusteko, Tarea Vidak markatu bezala, hasita daude ur bazterreko mangladiak biziberritzeko lanetan. Mundu osoan bezala Kuban ere oso hondatuta baitaude orain artean ezertarako balio ez zutelakoan zaintzen ez ziren mangle basoak.

Koralezko arrezifeek ere garrantzia berezia dute lehorra itsasoaren eraso bortitzenetik babesteko. Kuba inguratzen duten gehienak sasoi onean daudela dirudi eta orain hasi dira arreta berezia eskaintzen kutsadurak hondatu dituenei.

Kubak ingeniaritza ere beharko du babestu nahi baditu kostako etxe eta azpiegiturak, turistak erakartzen dituzten cayoak, hondartzak, hiri osoak ere bai. Habanako agintariak Holandako espezialistei deitu diete, itsasoarekiko borrokan munduko onenak direlakoan.

Itsasoa, ordea, errio eta ibaietan gora eta lurpeko akuiferoetan barrena ere barneratuko da, gaur gezak diren asko gazituz. Dagoenekoz salinizazioa fenomeno oso zabaldua da. Ur gezari bidea errazteko kanalak hobetu eta berritzeaz gain, Tarea Vidaren barruan hasiak dira gatz artean biziraungo duten laboreetan ikertzen, esaterako salinitateari egokitutako arroz barietateetan.

Ur falta izango da Kubak aurrerantzean gero eta larriago sentituko duen gabezia. 2100erako %37 gutxiago edukiko omen dute eskuragai, tenperaturen igoeraz gain euriak ere gutxituko zaizkielakoan. Lehorteak, suteak, haize ekaitzak... klimaren zoratzearen agertoki guztiak aztertu dituzte orain lege bihurtu duten planean.

Uhartea izanagatik, Kubaren arazoetako bat ur falta da: T3 hedabidearen argazkian, herritarrak kamioitik hornitzen 2017ko idortean.Argazki oina

Tarea Vidaren osagai delikatuenetako bat da lekuz aldatu beharko diren familia, auzo eta herriena. Itsasoak aurrera egin ahala, behartuta aurkituko baitira. Gobernuak dagoenekoz 40 familia atera ditu luzaz arrantzatik bizi izan diren Palmarito herritik eta lehorrean barrurago kokatu. Gatazka gutxi ez dute ekarriko neurriok.

Nondik aterako du Kubak dirua AEBen mehatxua baino errukigabeagoa izango den eraso berriari aurre egiteko? Habanako agintariek aipatzen dute aurten 40 milioi dolar gastatzea Tarea Vidan. Italiak 3,4 milioi aurreratu dizkie. Klimarentzako Munduko Funtsari 100 milioi gehiago eskatu dizkiote. Broma bat dirudi, Europan edo AEBetan edozein tunel alferrikakotan xahutzen direnak ikusita. Beste askotan bezala, kubatarrek beren kasa konpondu beharko dute: “Hay que resolver, compañero”.

Sobietar Batasuna uzkaldu osteko Periodo Especialeko estutasunak gogoan dauzkate oraindik kubatar askok, munduan bakarrik geratzearen itolarria. Hura ahaztu eta kontsumitzeari justu usaina hartzen hasiak direnean, Habanako lider politikoei ez zaie erraza gertatuko herritarrei berriro larrialdiak iragarri eta sakrifizioak aipatzea. Baina Pérez Riverok dioenez, “Irmak zerbaitetan lagundu digu: jendeak ulertu du klima aldaketa jada gertatzen ari dela”.


ASTEKARIA
2018ko ekainaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude