‘Tretatxu’, lapurren gobernadorea

  • Batxi Landa, Tretatxu, espetxean hildako beste gaizkile bat baino ez litzateke izango, ahozko tradizioan haren oihartzunak iraun izan ez balu. Baina kopla labur batzuen arrastoari segika, XVIII. mendeko errebelde baten biografia osatu du Hektor Ortega kazetariak. Historia honek erakusten digu jite soziala zuten bidelapurrak uste baino gehiago zirela Euskal Herrian, eta menpeko klaseen babesa zutela handikien aurrean. 

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Andratxu hori, ez beldurrik izan, Tretatxu lapurra naiz eta”, lasaitu zuen ahots batek Bermeoko Francisca Agirre, gauez bere etxeko atea kox-kox jo zutenean. Beldurrik izan behar ez zaion lapurra? Artxibo bateko agiri-sorta mardulen artean ezkutaturik geratu den esaldi kontraesankor horrek, bere baitan darama bandolero sozialen esentzia: justiziarentzat gaizkile, herritar xehearentzat heroi.

Hektor Ortega kazetari deustuarrak Valladolideko Kantzelaritzaren Artxibotik berreskuratu ditu bermeotar emakumearen deklarazio hori eta beste asko. Euskal Herriko agiritegietan ere arakatu ditu auzi-atal lodiak, eta hala, XVIII. mendearen erdialdean Bizkaian izandako lapur sonatu baten ibilerak deskubritu dizkigu Tretatxu, lapurren gobernadorea (Txertoa, 2018) liburuan. Baina biografia ez ezik, harekin identifikatzen zen gizarte sail zabal baten erradiografia ere egin du egileak, ez alferrik geratu zaizkigu iruditerian gaizkilea harro laudatzen duten herri-kopla zaharrak:

    Tretatxu Larrauriko
    Landako semie
    Bizkaiko lapur danen
    Gobernadorie

Batxi (Bautista) Landa Tretatxu Larraurin jaio zen 1716an Landa oinetxean, eta 1751ko irailaren 9an hasi zuen bere legenda, beste hiru lagunekin Bilbotik irten zenean lapurgintzari ekiteko asmoz. Karrera laburra, 1753an atxilotu baitzuten –zortzi urte geroago hil zen Valladolideko espetxean, nola ez dakigula–. Bi urtez ia etengabe hamaika lapurreta, segada hilgarri eta ihesalditan ikusiko dugu, batez ere Bizkaia eta Araba arteko mendateetan mandazainei bidera irtenda, eta baita abadeen etxeak asaltatzen eta agian kontrabando jardunean ere, Baionan, Ataunen, Bermeon, Iruñean, Urkiolan, Azpeitian... Fiskalak zazpi ekintza leporatu zizkion, baina askoz gehiagotan parte hartu zuela aditzera eman zuen; Bizkaiko korrejidoreak heriotza zigorrera kondenatu zuen horiengatik.

Diligentzia Gasteiz eta Bilbo arteko bidean XIX. mende hasieran (arg: albumsiglo19mendea.net)

Gaizkile beldurgarria agiri judizialen argitan, edo “herriko gorotza” agintarien ahotan –Orozkoko alkateak hala deskribatu zuen–. Baina hango koipea eta hemengo salda bananduta, Tretatxu-ren  oso bestelako irudia osatu du Ortegak, bere garaian Eric Hobsbawnek proposaturiko bandolero sozialen ereduarekin zerikusi gehiago duena; historialari ingelesak ikusi zuen mundu osoan zabalduta zegoen lapur eskuzabalaren mitoak bazuela asko protesta “prepolitikotik”.

Euskal historiografiak, ordea, orain arte ez die bertoko bidelapurrei halako izaerarik eman, salbu eta Manuel Antonio Madariaga Patakon, “dekonari kendu eta ez dekonari emon” esaldi famatua haragiztatzen zuenari; honek ere “aberatsen kontrako instintuak” eraginda jardun ei zuen, Joseba Agirreazkuenaga EHUko historia irakasleak iradoki duenez. “Euskal Herrian orain arte Patakon izan dugu kasu bakartzat –azaldu digu Ortegak–, Tretatxu-rekin bigarren kasu bat frogatu dugu, eta kasu gehiago daudela seguru nago”.

Zergatik dio hori kazetariak? Bere ustez gakoa bidelapurrak ikertzeko erabilitako iturrien irakurketan dago: ahozko tradizio ez-ofizialari ere erreparatu behar zaio, eta agiri ofizialei berriz, galdera egokiak egin. Zorionez, Tretatxu-ren inguruan orain arte aztertu gabeko dokumentazio samalda aurkitu du: “Sekulako pagotxa da, aukera daukazu pertsona honen bizitzan murgiltzeko eta ikusteko berben atzean zer dagoen, jendeak benetan nola ikusten zuen”.

Hektor Ortega, liburuaren egilea: Historian atzera egiten dugunean askotan ematen du goikoek erabaki eta behekoek amen esaten zutela. Bada ikusi dugu ezetz, eguneroko erresistentzia bat bazegoen, Tretatxu-ri buruzko koplak irakurrita argi dago

Auzi-kriminalak osatzen dituzten orrialde luzeetan, herritarraren deklarazioek dekodifikatze bikoitza behar dute: hizkuntzarena batetik –euskaraz bizi ziren bizkaitar haien hitzei itzultzaileak zer esanahi eman zien jakin behar da– eta klaseen artekoa bestetik, menpeko baserritar xehearen mundu ikuskera oso bestelakoa baitzen: “Euren justiziaren kontzeptua ez zen inondik inora jauntxoek zabaltzen zutenaren berdina, oso urrun zeuden”, dio Ortegak. Tretatxu-ren bizitza mitifikatua borroka eremu bihurtzen da horrela: “Oso inpaktantea da ikustea korrejidoreen bandoetan gaiztoetan gaiztoena zen lapur hori bera izatea herritarrek kantatzen zuten heroia”.

Herritarrek “ez zuten saltzeko”

Tretatxu-k eta bere lagunek lehenengo lapurretak egin eta egun gutxira, 1751ko irailaren 13an, Manuel Lorra eskribaua Mungialdera bidali zuten isilpean, haiek harrapatzera. Haren txinelak zelatan ibili ziren, eta denera bost benta edo etxe miatu zituzten Mungian, Urdulizen, Larraurin eta Gatikan –Tretatxu-ren taldekide Batxi Zalduaren herrian–, beste horrenbeste lagun eraman zituzten atxilo Bilbora, baina haietako inor ez zen bidelapurra, haiek lagundu zituzten auzo eta senideak baizik. Ez zen aldi bakarra izango, orduz geroztik Tretatxu-k behin eta berriro egingo die ihes agintariei azeria moduan, “ez zuten saltzeko” irakur daiteke birritan bere biografian.

Bandolero sozialek herritarren ulermena eta babesa zuten, Tretatxu-k izan zuen bezala, eta estereotipo horrek biltzen dituen beste hainbat ezaugarri ere bai: bortxa tentuz eta gehiegikeriarik gabe erabiltzea, lapurretak komunitatetik urrun egitea, ospea, adorea… Landako semeak maiz erakutsi zuen kuraia hori. Behin, Bermeoko alkateari aurpegia ukan zion trabukoa eskuan, honek kalean erronda egiten ezagutu zuenean: “Batxi, geldirik zagoz!” oihukatu zuen emakume batek, eta alkatea bizirik atera zen atakatik.

Emakume hura Francisca Barandika Zarra zen, Bermeoko arrain-saltzailea eta Tretatxu-ren laguntzaile fidela. Emakumeak bidelapurren ondoan ikusiko ditugu maiz, batzuetan laguntza ematen, bestetan haien ekintzak estaltzen, beti sareak ehuntzen: “Oso independenteak dira, garai haietan normalak ez ziren gauzak egiten dituzte, ausardiaz”, dio Ortegak. Gure bermeotarrak adibidez, ez zuen erreparorik izan Bilbora arma eta arropa batzuen bila joateko, arriskuan zela jakinik ere, eta ondorioz denbora batez preso egon zen Zarra.

Tretatxu-ren bizitza, gatazka sozialen eszenatoki

Tretatxu-ren bizitzan bada historia nobelesko bat bere izaera eta jokabideak ulertzen lagunduko diguna. Landa oinetxeko ugazaba zen Batxi Landa, etxeari loturiko jaun ondradua, “hori asko zen Bizkaiko lege zaharrean”, baina ez nahikoa agidanez. Zer gertatu zitzaion lapurgintzari ekiteko?

Nekazaritza kapitalismoaren zerbitzura jarri zen XVIII. mende hartan, handiki gutxi batzuk aberastu eta etxagun asko erabat zorpetu ziren espekulazioaren ondorioz. Egoerak bete-betean jo zuen Uribe ingurua –Gatikan, esaterako, baserritar etxejabeen erdia maizter izatera pasa zen– eta Tretatxu-k ere korrituak ordaintzeari utzi zion, areago, etxeak su hartu zuen 1738an. Askorentzako irtenbidea “auto-zapalkuntza” zen, Ortegaren esanetan. Hori, edo matxinatu. Bistan da gure lapurrak zer bide hartu zuen.

1744ko gertaera batek hankaz gora jarriko du Landaren bizitza: emakume alargun batekin ohean harrapatuko dute. Emakume hori baina Butroeko mesokraziako kide zen, Tellaetxe familiakoa, eta handiki horiek ez diote baserritar apalari barkatuko egindakoa. Andreari ere ez noski, berriz ezkonaraziko baitute beste pertsona batekin, Elizaren orduko kode misoginoak baliatuz. Inolako epaiketarik egin gabe, Tretatxu hamar urterako bidaliko dute Erregearen Armadan zerbitzatzera, Oran urrunera eta Cartagenara.

Ondarroako arrain saltzaileak. Kostaldeko emakumeek bazuten harremanik bidelapurrekin, euren kabuz atera behar baitzuten bizimodua (arg: albumsiglo19mendea.net)

Ez-bidezko zigor horrek betirako kolpatuko du Landako heroia, legez kanpo uzteraino. Armadatik lizentziatu eta 1748an herriratzen denean, Tretatxu eta handikien arteko talkak jarraituko du, tellaetxetarrak saiatuko baitira hura jazartzen: itzuleran emaztea haurdun aurkituko du –berriz ere emakumearen gorputza botereak erabilia–, eta bera jipoitu egingo dute plaza publikoan, soka-dantzaren erdian, Antonio Tellaetxe Mungiako alkateak aginduta, herritarren harridura eta kexa eraginez. Iraina eta zigorra. Zer dela eta horrelako gorrotoa? Kazetariak argitu digu: “Muturreko kasu bat da, eta izan zitekeen kasu pertsonal bat, baina herritarrak alde batean jartzen direnean, kasu honetan legez kanpo geratzen denaren aldean, orduan Tretatxu-ren bizitza bihurtzen da gatazka sozialaren eszenatoki”.

Ortegaren esanetan bidelapur honen kasuak erakusten du lehen ere menpeko klaseek bazutela nolabaiteko independentzia bat, euren justizia nahi bat: “Historian atzera egiten dugunean askotan ematen du goikoek erabaki eta behekoek amen esaten zutela. Bada ikusi dugu ezetz, eguneroko erresistentzia bat bazegoen, Tretatxu-ri buruzko koplak irakurrita argi dago”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
GALek Monbar hotelean hildakoek aitortza zabala jaso dute Baionan

1985eko irailaren 25ean Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra, Sabin Etxaide zestoarra, Agustin Irazustabarrena astigarragarra eta Jose Mari Etxaniz urretxuarra hil zituen GALek Baionan. 40 urte geroago omenaldia egin diete Monbar Hotelaren aurrean, hil zituzten lekuan.


Erorien monumentuaren eraisketa eskatuko dute berriz ere elkarte memorialistek

Azaroaren 15ean kalera irtetera dei egin dute, PSN, EH Bildu eta Geroa Baik “ezarritako arrabolari erantzuteko”. Frankismoaren biktimak gutxietsiak sentitzen dira Iruñeko Udal Gobernuaren partetik.


2025-09-25 | ARGIA
Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenean Guardia Zibilak Bilbon erakustaldi militarra egingo du

Guardia Zibilak "jardunaldi irekiak" antolatu ditu irailaren 27an Bilboko Ramon de la Sota moilan, Karola garabi ezagunaren ondoan, eta armak eta ibilgailuak erakutsiko dituzte, besteak beste. Naiz-ek argitaratu duenez, erakustaldia egiteko Bilboko Udalaren baimena dauka... [+]


Alexandrorik krudelena Gazan

Gaza hiria, K.a. 332. Alexandro III.a Mazedoniakoa (K.a. 356-323) eta bere armada hiriko harresietara iritsi ziren. Bi urte ziren Alexandro Handiak bere konkistak Asia aldera bideratu zituela, eta hilabete gutxi batzuk Tiron pertsiarren kontra garaipen handia lortu zuela... [+]


Ondare historikoen suntsiketa planifikatua, Israelen izana justifikatzeko

Monumentu historikoak, aztarnategi arkeologikoak, artxiboak, liburuak, artefaktuak... Gazako ondarea bonben pean galtzen ari da. 5.000 urtetako iraganaren aztarnak betirako galduak. Hori ez da "gerra-istripu" bat edo genozidioaren "albo-kaltea". Aspaldian... [+]


Filipe Bidart, Iparretarrak-eko militante ohia
"Frantziak ez du jokamoldez aldatu: segitzen du gu ito nahian"

Izpegiko besten karietarat Baztango eta Baigorriko gazteek mahai-ingurua antolatua dute arrats honetan Iparretarrak talde armatuaren memoria kolektiboa eraikitzeko  beharrez. IKko sortzaileetan izan den Pilipe Bidartekin mintzatu gira, jakiteko nola bizi izan dituen 40 urte... [+]


IruƱeko Erorien Monumentua birgaitzeko baimena eman du Vianako Printzea erakundeak

Nafarroako Gobernuan ondare historikoaz arduratzen den erakundea da Vianako Printzea, eta Iruñeko Udala haren zain zegoen birgaitze prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Datozen asteetan, beraz, obrarako lehiaketa irekiko da.


2025-09-18 | Elhuyar
Oraintsuko Historiaurreko aztarnategi bat aurkitu dute Gamiz-Fikan, labar-artea duena

Bizkaiko Aldundiak jakitera eman duenez, Gamiz-Fikan aztarnategi bat aurkitu dute, Atxispeko San Pedro ermitaren ingurunea berreskuratzeko interbentzio-programa baten esparruan. Azaldu dutenez, eremu kantauriarrean dokumentatutako lehen hipogeo mistoa da; hau da, ez da kobazulo... [+]


2025-09-18 | ARGIA
Txiki eta Otaegiren omenezko pankartak eskegi ditu Sortuk "Erorien Haranean"

"Oraindik korapiloa askatzeko" dagoela gogoratzeko eta Txiki eta Otaegiren fusilatzeen 50. urteurrena kari, Sortuk bi pankarta handi eskegi ditu Cuelgamuroseko monumentuko arku batetik. 1975ean bertan lurperatu zuten Francisco Franco diktadorearen gorpua, 1936ko gerran... [+]


Herrixka baskoi baten harresia atzeman dute Eslabako Santakriz aztarnategian

Ikerlariek ez dute erromanizazio zantzurik atzeman Burdin Aroko kokaleku horretan. Adituen arabera gunea suntsitu gabe abandonatu zutela erakusten dute arrastoek.


Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketa areto publikoan jartzea debekatu du Zarauzko Udalak

Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek antolatu duten erakusketa ibiltaria ezin izango da Zarauzko areto publikoetan ikusi. Udalak argudiatu du errelato "partziala" eta "ideologizatua" eskaintzen duela. EH Bilduren lokalean paratuko dute azkenean. 


Nagyreveko emakume pozoitzaileak

Nagyrev (Austro-hungariar Inperioa), 1911. Zsuzsanna Fazekas emagina hungariar herrixkara iritsi zen. Bere egitekoaz gain, medikuntza, kimika eta beste alor askotako oinarrizko ezagutzak zituenez, eta Nagyreven ez medikurik eta ez apaizik ez zegoenez, berehala eragin handia... [+]


Juan Luis Larraza
"Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, eta dagokion lekua behar du gure memorian"

Idatzi duen eleberriko pertsonaia mirestera heldu da Juan Luis Larraza Lakuntza (Etxarri Aranatz, 1950), eta, beharbada, mitifikatu ere egin du. Han eta hemen, eta, oroz gain, Nafarroako Artxibategiko agirietan Luis L(e)izarraga kapitainari buruzko datu bakanak bildu, Pello... [+]


Txiki eta Otaegi, 50 urte
Irailak 27 zituen, frankismoak hamaika bala besterik ez

Duela mende erdi frankismo gotorrenak bere aurkako ahotsak isilarazi nahi izan zituen ETAko eta FRAPeko bost militante hiltzen. 1975a zen, eta irailak 27 zituen. Baina alderantzizkoa lortu zuen, eta zenbaitek nahi luketenaren kontrara, askatasunaren aldeko borrokalari gisa... [+]


Endogmia Ebroren bailaran

Zaragozako unibertsitateko ikerlari talde batek Castellets (Mequinensa, Zaragoza) aztarnategian ehortzitako 25 indibiduoren DNA aztertu dute, eta emaitzak Communications Biology aldizkarian argitaratu dituzte.

Brontze Aro amaierako komunitate horren familia egiturei buruzko... [+]


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.